viernes, 11 de junio de 2021

Berasko-Belasko antroponimoez, laburpena

 Bi antroponimo dira, biak Euskal Herrian erabiliak, baina Berasko da Belaskoren euskal bilakaera jasoa duena, bokalarteko l > r aldaketa gertatu delako. Hala ere, Belasko ere euskal toponimoetan ere agertu ohi da.

1. Baraskaldo toponimoa, Mendatakoa. Beharbada Berasko antroponimoa eta *aldo izena, beste toponimo gutxi batzuetan omen dagoena.

2. Beraskaburu toponimoa, Larraungoa. Lekuko zaharretan Beraskoburua da, beraz, Berasko antroponimoa eta buru izena.

3. Beraskarro toponimoa, Kontrastakoa (A). Berasko antroponimoa izan liteke edo Belasko, bigarrena arro izena. Toponimoan bi dardarkari daudenez, disimilazioa gerta liteke: *Belaskarro > Beraskarro, baina aurreko egoera horren lekukorik ez dago.

4. Beraskola toponimoa, Gordexolakoa. Berasko antroponimoa izan liteke, baita Belasko ere, Belasko + ola > *Belaskola > Beraskola, baina Beraskarro toponimoan bezala, ez dago aurreko urrats ustezko honen lekukorik.

5. Belaskoperraia toponimoa, Jungitukoa (A). Belasko antroponimoa eta perra izena, oso ohikoa Araban. Oinarrian Berasko ere egon zitekeen, eta ondoren dardarkari disimilazioa gertatu, baina horren lekukorik ez dago.

6. Belaskozabal toponimoa, Zanbranakoa. Belasko antroponimoa eta zabal. Ez da ezinezkoa oinarrian Berasko izatea eta ondoren asimilazioa izatea, r-l > l-l. Lekukorik ez dago, baina.

7. Belasquillo toponimoa, Arabako Pobes herrikoa. Erdaraz sortutako hipokoristikoa genuke, toponimo bihurtua. Belasko antroponimoa eta -illo atzizkiaz osatua.

8. Berazkita toponimoa, Arabakoa. Beraskita antroponimo hipokoristikoa litzateke, Berasko antroponimoaz eta -ita atzizkiaz osaturik.

martes, 8 de junio de 2021

Martinsantzenea toponimoa

Martinsantzenea baserria Elduain izeneko herrian dago, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

MARTINSANZENEA (MASANZENE) (col.)
Lekuko honek ahozko aldaera ere eskaintzen du, Masanzene, oso aldatua, eta izenaren lehenengo zatia neurri handi batean desagertu da.
Toponimoak bi zati nagusi ditu, Martin eta Santz, bat antroponimoa eta bestea patronimikoa izan liteke, Santxo antroponimo ezagunagoarena. Bukaera aldean -(r)en + -a atzizkiak, jabetza erakustekoak.
Horrelako toponimoak, PI + patronimikoa osatuaz ez dira ugariak, baina ale batzuk badira eta blog honetan bi dira Santz bigarren elementua dutenak, Domikusantz eta Mantxosanze toponimoak.

Txontxor toponimoa

 Txontxor toponimoa Aizarnazabalgo baserri bat da, eta bada Txontxormendi toponimoa, Aia eta Zestoa arteko aurkintza bat.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago
Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

TXONTXOR (desh.), Aizarnazabal
Toponimoak hitz batez osatua dirudi, *txontxor, Orotariko Euskal Hiztegian ez dago, baina jatorria aurkitzea ez du arazorik, jakinik tontor izena badela, 'gailur' esanahiarekin. Euskaraz txikitasuna adierazteko bi era daude, atzizki txikigarrien bitartez eta palatalizazio adierazkorra erabiliz. Blog honetan bietako adibide ugariak daude, esaterako, Juantxunena toponimoan atzizkia eta Txasparrena toponimoan palatalizazioa.
Beraz, tontor > *txontxor. Aipagarria da bi herskarietan aldaketa gertatu dela.

sábado, 5 de junio de 2021

Zelandi eta Zelandieta toponimoak

 Zelandi Elgoibarko baserria da. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan: ZELANDI (prop.).
Zelandieta Idiazabalgo toponimoa da. Auzo baten izena da, baita ere baserri batena. Baditu toponimo eratorri batzuk, Zelandietako gaina eta Zelandietatxikia, hau ere baserria.
Toponimo hauetan aldaketa larririk gertatu ez bada, erraz analizatzekoak dira, aldaketa txiki batek izenak nahikoa aldatu dituen arren. Aldaketa guztiak eragin zituena izan zen /i/ baten galera, beraz, zelai + handi > *Zelaiandi > Zelandi eta zelai + handi + -eta > *Zelaiandieta > Zelandieta.

Iberondo toponimoa

 Iberondo Ataungo toponimoa da, toponimo eratorrien bitartez ezaguna; Iberondoaundi eta Iberondobarrena baserriak, eta Iberondosoroetako erreka.
XX. mendeko bigarren erdikoaren lekukoak badira Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Aia ballaran:

IBERONDO AUNDI (2 viv.) (col.)
Eta San Gregorio ballaran:
IBERONDO BARRENA (prop.)
Lekuko zaharragorik eskuratu ez badira ere, toponimoa nahiko argia da, aldaketa larririk gertatu ez bada izenean.
Toponimoak bi zati lituzke, ibero- eta ondo, azken hau oso postposizio ezaguna. Baina oinarria interesgarria da. Nafarroan bada herri bat Ibero izenekoa. Mikel Belaskoren iritzian, Ibero litzateke "ur bero":
Significado. "Agua caliente". De i- (variante de ur 'agua') y bero 'caliente'.
Comentario lingüístico. Avala esta hipótesis la existencia de dos manantiales de agua caliente en la localidad. Existe una fuente de urberoa ('aguacaliente) o de los regadíos y otra fuente del mismo nombre junto a la casa de los baños y donde han sido recogidas monedas romanas.
Traducciones curiosas y explicaciones populares. Traducciones de este género son: 'río movido, turbulento', 'helechal', 'ribera, vega'. Es común la relación con el nombre del río Ebro.
Documentación antigua. Hiuero, Hyuero (1197, NEN), Iuero, Yuero (1275-1279, NEN), Ybero (1542, NEN).
(Mikel Belasko; 1999: pp. 232).

Ataungo toponimoetan bilakaera bera gertatuko zen? Jatorrian ur-bero izatea eta gero *ibero sortu? Toponimo eratorrietako bat Iberondosoroetako erreka, beharbada erreka horren ura beroa izango zen eta hortik toponimoa sortu?

Eguneraketa (2021-08-13):
Toponimo honen lekuko oso zahar bat dago, XV. mendearen hasierakoa, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuko 12. agirian, 1404. urtean:

E otrosy, (en seis seles prinçipales), nonbradamente e sennaladamente en los seles de Sarriarte e Hurcullaga e de Yberondo e de Amurseta e Erroyondo e de Sansacorta...

martes, 1 de junio de 2021

Armuru, Armurua eta Armurubarri toponimoak

 Armuru izeneko baserria Laudion dago, Araban. Armurua Bakioko baserria da eta Armurubarri, Sopelakoa.
Lekuko zaharrik ez dago baina hirurek egitura nahiko gardena dute. Aipagarria da hirurak baserriak direla eta hiruren artean osatutako lur-eremua txikia dela, jakinik Laudio Bizkaiko mugan dagoela.
Toponimo hauen oinarria harmuru hitz elkartua litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian izan ez arren. Har- 'harri' + muru izenek osaturko zuten aipatutako harmuru.
Toponimian batzuetan aurkitzen dira harri hitzarekin sorturiko toponimoak, Arruriaga esaterako. Garai zahar batean, etxeetan harria erabiltzea ez zen ohikoa izango, eta horregatik izen horiek.

Pantxun toponimoa

 Pasaiako toponimo honetaz bi aipu baino ez dira heldu, XVIII. mendekoak, biak jasorik daude
Pasaiako toponimia liburuko 149. orrialdean:


 Etxea zenez, logikoa da antroponimo bat bilatzea, hau ohikoa delako, blog honetan adibideak oso ugariak dira. Pantxun antroponimoaren lekukorik ez dago, baina Pantxo bada P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuko 54-55 orrrialdeetan:
François, Françoise -> Frantxoa, Frantxua, Pantxoa, Pantxua, Pantxo, Frantxa: Pantxoa (Treku, 1982: 15), Pantxo (Larzabal, 1991: 91), Pantxo (Minaberri, 1998: 175), Pantxoa Etchegoin (Bes., Duhau, 2003: 407), Frantxa Errandonea (Sara, He., 2003-XI-13, 4), Pantxua Bimboire (Ip., He., 2004-VI-10, 1), Frantxua Garicoits (Irisarri, He., 2004-X-28, 5), Pantxo Oronos, Pantxo Cedarry (Bi., He., 2004-XI-25, 5), Frantxoa Iribarren (Aih., He., 2005-I-6, 5), Frantxa Halzuet (Urruña, He., 2005-X-6, 3). Frantzua ere bada (oseba Frantzua, Larre, 2001: 115), jende azkarren izenek-eta izaten duten soinu bizkarkari horrekin. Ikus Frantxo, Pantxo / Pantzo kontrajarpenaz Lafittek dioena, beherago. Barbierrek ere (1987: 231) Frantxoa darabil eta Larrek (2001: 279, 281) Frantxua Barbier, Frantxua Haristoy biltzen ditu. Espartza Galarren Pancho Beriain izeneko etxea zegoen 1838an (Jimeno, 1987: 198).
Pantxo izenetik abiatuz, -on atzizki hipokoristikoa gehiturik, *Pantxon sortuko zen, beharbada erdaran bertan. Ondoren on > un bilakaera gertatu zen, Pasaian bertan Felipun toponimoan gertatutako aldaketa bera.