viernes, 14 de abril de 2023

Probestu plaza toponimoa

 Probestu plaza da Donostiako toponimo bat.
Donostiako toponimia lanean oso toponimo antzekoa dago, Prostuetxe:

*PROSTUETXE: Provestu-eche o Forillo (3) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Prostuetxe (U.T.); Prostuetxe, Prostutxe, Portuetxe, Torillekoa (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m.
Lehenengo lekukoa argigarria da, besteetan aldaketa nabarmenak gertatu direlako toponimoa ilunduz. Probestuetxe izenean bi elementu daude, azkena etxe ezaguna dago eta hasierakoa probestu hitza da:
probestu.
Etim. De rom. preboste, con metátesis de vocales.
(G-bet), preboste, prebosta (Urt), probesto (Añ), proestu (AN-gip), prostu (G-azp), prosto (Añ (G)). Ref.: A (probestu, prostu); Lek AEF 1924, 41.
Preboste; alguacil. "Comites iudicum, lotiñentak, prebostak" Urt V 397. "Ministro" Añ.
Prebostak [...] eta serjentak eta berziak sobera egiteko lukete. Volt 146s...
Toponimoan hitzaren bi aldaera daude, probestu osoa eta prostu laburtua, tartekoa proestu litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian ere jasoa.
Probestu plaza gardena da, beharbada berreraikia izan zitekeelako.

martes, 11 de abril de 2023

Mingolasa toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, 1800. urtekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

MINGOLASA, 1800, labrantío de Busto.
Toponimoak hiru elementu ditu, bukaerakoa -a artikulua da, aurrean lats izena dago eta oinarrian Mingo antroponimoa, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.
Aipagarria da, blog honetan aztertutako Mingoerreka toponimoa sinonimoa litzateke, batean lats erabilia izan da eta bestean erreka, berriagoa. Horrek esan nahiko luke toponimoa sortu zenean oraindik Arabako inguru horretan lats hitza bizirik zegoela.

Azkonabi eta Azkonabieta toponimoak

 Azkonabi da Bizkaiko Ea herriko baso bat. Azkonabieta toponimoa Bizkaian eta Gipuzkoan dago. Markina-Xemeinen baserri bat da eta Elgetan, Gipuzkoan, mendi bat.
XVIII. mende bukaerako lekuko bat dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Azconabieta [N, TO]
Azconabieta (la casa de) [Barinaga (cofradia de)], Marquina, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Azkonabieta deitura agertzen da, baina oso lekuko gutxirekin:

Azkonobieta, aldiz, askoz lehenagokoa da, eta lekukoak ere askoz ugariagoak dira:

Dirudienez, bokal disimilazio bat gertatu da, o-o > o-a eta gainera, aldaketa erraztuko zen toponimo berria ere hiztunentzat ulergarria zelako.
Toponimoak hiru elementu lituzke, azkon, hobi eta, azkenik, -eta atzizkia. Interesgarria da azkon izena, Bizkaian zein Gipuzkoan azkonar aldaera ohikoa delako. Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ikusi eta azkon hitzaren banaketa geografikoa hauxe da:

Beraz, toponimo hauek arkaismoak dira eta egoera zaharrari eusten diote, garai batean orokorra izango zen azkon hitza baina gero sartaldean azkonar sortu zen eta lurralde horretan nagusitu zen.

miércoles, 5 de abril de 2023

Erriartadutxikerra toponimoa

 Erriartadutxikerra da Galdakao eta Bedia herrien artean dagoen tontor baten izena, beraz, toponimo bizkaitarra da.
Toponimo honek bi zati ditu artikulua zenbatu gabe, Erriartadu eta txiker 'txiki' izenondoa. Lehenengoaren lekuko zaharrak eta aldaerak daude Relación toponímica general de Galdácano izenburuko lanean:

Erriertadua: (ver Errialtadua, Errealtadua y Rialtadua), 1607, término y ejido en Lecubaso, confinante con Ceberio.
Rialtadua: (ver Erriertadua). Punto donde nace el arroyo Lecubaso; monte proindiviso con Ceberio y Bedia en la zona de Upo.
Rialtadua Mayor: (ver Errialtadua Mayor), 1944, pinar de Arteta.
Erriartadu toponimoa euskarazkoa da baina dituen elementuak ez dira argiak. Bukaeragatik ematen du partizipio bat dela, ezezaguna. Baina hitz batek aztarrena ematen du, errieta izenak. Toponimoa mugakoa izateak ere berretsiko luke hemen aurkeztutako etimologia, bi herriren arteko leku hori auzi iturri izango zen eta horregatik izena. Antzeko kasu bat Ostraidua toponimoarena izan zitekeen, hau ere partizipio bat, aspaldiko liskarren ispilu.

Morron antroponimoa

 Morroi hitzari eskainitako sarreran Morroe Zuria izeneko gizona agertzen zen, morroi hitzetik sortutako antroponimoa. Sarrera honetan bere erdarazko kidea aurkeztuko dugu, Morron. Lekuko gutxi dauden arren, kidetasuna argia da, kontuan harturik erdarazko -on eta euskarazko -oi bukaera, horrela, león : lehoi, beste adibide askoren artean. Orotariko Euskal Hiztegiaren morroi hitzaren sarreran, jatorria horrela azaltzen dute:

Etim. Puede explicarse bien en forma y sentido a partir de rom. *borrone (cat. borró 'yema', etc.).
Aipatutako lekukoak Erdi Arokoak dira eta Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan daude. Bi dira jaso ditugun lekukoak, biak daude 61. agirian, 1500. urtean:
Morrón tenía vn mançanal cerca de la cruz. Linderos: de la vna parte la cruz e de la otra parte Adamecho d’Iparraguirre.
[...]
Domingo, cantero, tenía vn mançanal en Alçubide Legarra. Linderos: mançanal de Esteuan Morrón y de la otra parte Saubat de Guillemo.
Bilakaeraren urratsak beteagoak daude lekuko hauekin, lehenengoa izan ezik, *borrone berreraiki delako, baina bai ondorengoak, Morroe, Morroi, Morron, azken hau erdararen eragina duena.

lunes, 3 de abril de 2023

Amadin antroponimoa

 Antroponimo hipokoristiko hau behin baino gehiagotan agertzen da Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuko 65. agirian, 1513-1519. urte artean:

Yten veynte e quatro reales por faser çiertas deligençias (sic) en el pleito de Miguel de Amadin y de los vastimentos
[...]
Yten por otra çedula paresçe çiertas diligencias que fi zieron sobre el pleito de Miguel de Amadin, e por la venida del verdugo a esta villa, doze reales e quatro ardites
[...]
Yten por otra çedula paresçe que dieron sobre el pleito de Miguel de Amadin y sobre el requerimiento fecho al corregidor por los de Yrun sobre los çiento e diez mill maravedis e otras cosas, doze reales e ocho ardites
Dirudienez, antroponimoaren bukaeran -in atzizki txikigarria dago eta oinarrian, Amado antroponimoa. Jatorri berekoa da Amata antroponimoa,
Amata eta Amatea toponimoen sorburua. Azken hauetan jatorria latinean dago, bokalarteko horzkaria ahosdundu ez delako. Amadinen kasuan, aipatutako bilakaera gertatu da eta horregatik jatorria erromantze batean dago.

Zumaeta toponimoa

Zumaeta da Arabako alor bat, Barrundiakoa. Gainera, Gipuzkoako Antzuolan badira bi baserri, Zumaeta dutenak: Zumaetagañekoa eta Zumaetazpikoa.
XX. mendeko bigarren erdialdeko hiru baserri zerrendatuak dira Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Antzuolakoak bi dira, Lizarraga ballaran:
ZUMAETA AZPIKOA (prop.) 1499
ZUMAETA GAÑEKOA (prop.)
Toponimoek bi elementu lituzkete, bukaeran -eta atzizkia eta oinarrian zumai, zuhain hitzaren aldaera. Hala izan bazen, bilakaera txiki bat gertatu zen, zumai + -eta > *Zumaieta > Zumaeta gertatu zen eta bokalarteko /i/ galdu zen. Hau nahiko ohikoa da, ezaguna da Ibaeta toponimoa, jatorriz *Ibaieta izango zena.
Zumaetaren oso antzekoa da Zumeta, aipatutako liburuan dagoena, Azkoitiko baserri bat izendatzeko, Izarraitz ballaran:
ZUMETA (2 viv.) prop.
Hau izan liteke *Zumaeta > Zumeta bilakaeraren ondorengoa, edo zume + -eta > *Zumeeta > Zumeta. Azkoitiko toponimoaren etimologia zehazteko, lekuko zaharrak beharrezkoak lirateke.