viernes, 10 de octubre de 2025

Lumane toponimoa

 Lumane da Irurako baserri bat. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Anoetako Beko ballarakoa:

LUMANE (prop.)
Toponimoa nahiko iluna da eta, gainera, dauden lekukoak nahiko berriak dira baina aldaketa bat ikusirik, toponimoari dagokion etimologia eskuratzea erraza da. Gure ustez, sudurkari asimilazioa gertatu da eta aurreko egoerara itzuliz, *Lubane berreskuratuko gehuke, luban hitzaren oso antzekoa. Azken bokala leku deklinazioan gehituko zen: Luban-e-ra, Luban-en > Lubane-ra, Lubane-n.
Luban izenaren aldaerak ugariak dira:
luban.
(V-m), lubagan (V-och), lubegan (V-ger-och), lugan (V-arr; -aan V-gip), lueban (V; Lar in Aq 1455), luaban (Lar in Aq 1455), lugaban (H (V)) Ref.: A (lubagan, lubegan, lueban, lugan); AEF 1926, 74; Iz ArOñ (lugaana).
Trinchera; muro de tierra. "Vallado" , "trinchera", "trinchera rodeada de zanja" A. 
Luban hitz elkartua da, oinarrian dago lu-, lur hitzaren eratorpen aldaera zaharra eta ondoren, *eban, ebaki aditzaren erroa. Aldaera guztiak lueban aldaera zaharrenetik sortuko ziren, luban-en /ue/ bokal bilkura soilduko zen.
Hitz elkartu antzekoa da gareban, hasierako elementua garo 'ira' dela, Garaban toponimoetan dagoena.

miércoles, 8 de octubre de 2025

Txikipoto toponimoa

 Txikipoto da Oñatiko sakonunea. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XX. mende bukaerakoak eta izena apur bat ezberdina da, Txikopoto (1992). Horrek zalantza uzten du, txiko hitza euskaraz bazen:

1 txiko.
1. (V; Lar, Izt 21r, Dv (V), Zam Voc). Ref.: A; Etxba Eib .
Potro. "Potro, caballo nuevo" Lar. "Caballito montés" Izt 21r. "Poulain" Dv. "Potro, caballito" A, que cita a fray Bartolomé. " Txikua lezkotxe saltakarixa eta egon ezindakua, saltarín e inquieto como un potro" Etxba Eib. 
Neskiaren, edo andriaren aurrian saltoka, txiko ezi bagako, edo baso asto batzuk dirurijeela. fB Olg 65. Gero beor, beoka, txiko, zaldiakaz, / mula, mando, mandako ta asto ostuakaz. AB AmaE 235. Au ikusirik belarrimotza, abiau zan bera be arrapaladan erbiaren atzian, "arrautzeak" barruan eukiriko txikua edo zaldikumia zalakuan. Kk Ab II 118.
2. "(V-m), voz con que se llama al burro pequeño" A.
[...]
Txikoena eta Txikoleta toponimoen sarreran adiera hori aipatu genuen baina hobesteko hartua izan zen gaztelaniazko chico 'mutil; txiki'. Oñatiko toponimoan txiko euskal hitza ere izan zitekeen, mendiko toponimoa delako, baina gaztelaniazko hitza ahaztu gabe.
Baina Txikipoto hobetsi da eta aldaera hori jatorrena bada, hasierakoa txiki hitza izan liteke, izengoiti erabileran.
Beste elementua ere berezia da, poto hitzaren adieren artean egokiena bosgarrena izan daitekeelako:
5. "La hondonada (entre montes); potoskara bat, poto bat (V-gip)" Iz To 188.
Potoren adiera nagusitik sortuko zen toponimian izateko egokia, areago Oñatikoan, lehenago adierazi den bezala, sakonunea delako.
Toponimo honetan zalantza geratzen da hasierako elementua zehazteko orduan, biak izan daitezkeelako, txiki eta txiko, eta hobekien egokitzen zaizkion adierak aurkeztu ditugu.

Urtinea toponimoa

 Urtinea da Usurbilgo baserri bat. Izendegi ofizialeko lekukoak XX. mende bukaerakoak dira eta egungoa bezalakoa da. XX. mendeko lehenagoko beste lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

URTINEA (prop.) San Esteban de Urdaiaga, Usurbil 
Azkenik, beste lekuko bat askoz zaharragoa bada, XVII. mende hasierakoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan jasoa, 1625. urte ingurukoa: Urtia, Usurbil.
Hirurehun urte baino gehiagoko tartea dago eta litekeena da toponimo beraren aldaerak izatea, baina hala ez bada ere, bietako oinarria antroponimo bat da, Urti, Orti hedatuagoaren aldaera eta toponimian ere lekua utzi zuen, Urtisagasti toponimoa bezala.
Antroponimoaz gain, XVII. mendeko lekukoan artikulua izan liteke eta egungo izenean, genitiboa eta artikulua.

lunes, 6 de octubre de 2025

Umabaso toponimoa

 Erdi Aroko toponimo honetaz, beharbada Bizkaikoa, lekuko bakarra dago, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 20. agirian, 1464. urtean: Juan Lopez de Umabaso.
Agiria kontuan harturik, gerta liteke Orozko ingurukoa izatea aztergai den toponimoa. Bi elementu izango zituen, bukaerakoa argia da, baso izena egun ere ohikoa da, baina oinarrikoa ez da hain argia. Izan daiteke ume izenaren eratorpen aldaera bat: ume > uma-, baina hemen hobetsiko dugu hipotesi antroponimikoa, Uma antroponimo emakumezkoa Erdi Aroan izan zen eta blog honetan aztertutako toponimo batzuen oinarria izan daiteke, Umabe eta Umagortazarra toponimoak bezala, azken hau Galdakaokoa zen, Orozkotik hurbil.

Untxalonekoa toponimoa

 Untxalonekoa zen Errenteriako etxe baten izena, lekuko bakarra dago, XIX. mendearen hasierakoa:

1828     Unchalonecoa           ASE
Lekuko bakarra bada ere, analisi etimologiko errazekoa da, Errenteriako toponimiaren orrian ematen dute zein izan daitekeen erkatzeko izena, Gontzalonekoa. Toponimoak elementu batzuk baditu eta oinarrian Untzalu antroponimoa dago, gaztelaniaz Gonzalo dena. Dirudienez, *Untxalu aldaera erabiliz. Beharbada hipokoristikoa zen, hau da, izen txikigarria, baina hori ez da ziurra. Onsalua eta Unsalu toponimoetan antroponimo bera dago baina bietan <s> dago.

jueves, 2 de octubre de 2025

Oianume toponimoa

 Oianume da Urnietako baserri bat. XIX. mendekoa da lekuko zaharrena, Oyanume, 1857. urtekoa. XX. mende bukaerako lekukoetan Oianume (1992) eta Oyalume (1992) agertzen dira eta egoerak iraun du gure egunetaraino, Oianume (2007) eta Oialume (2007).
XX. mendeko beste lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Ergoien ballarakoa:

OIANUME (2 viv.) (pr.)
Horrela, bada oso antzeko toponimo bat, edo berdina Oialume aldaera harturik, Oialume, Hernaniko auzoa eta Astigarragako Oialumeberri eta Oialumezar izeneko baserrien oinarria. Hiru herriak elkarretatik oso hurbil daude eta gerta liteke toponimo guztiek jatorri bera izatea. Aipatutako sarreran adierazi bezala, bilakaera horrela izan zitekeen: oihan + (g)une > *Oianune > Oianume > Oialume.

Etzabal toponimoak

 Etzabal da Gipuzkoako hainbat herritako toponimoa. Berastegiko, Bergarako eta Donostiako aurkintza bat da, Deba ibaiaren eta Oriaren erreka da, Enirio-Aralarren zuloa da eta Usurbilen baserria da.
XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Usurbilgo Aginaga ballarakoa:

ETZABAL (col.)
Liburu berean Urnietako beste bi baserri aipatzen ditu, Urnietako Lategi ballarakoak:
ETZABALBERRI (prop.)
ETZABALZAR (prop.)
Toponimoaren lekuko zaharrik ez bada, analisia emateko aukera bada, jakinik aldaketa bat beharrezkoa dela. Toponimoak bi elementu izango lituzke, bukaeran zabal hitz ezaguna eta oinarrian et-, hegi hitzaren eratorpen aldaera, beste toponimo batzuetan ere dagoena, horrela, blog honetan aztertu diren Ekain eta Etume toponimoetan oinarri bera dago.
Beste aukera bat dago, agian Usurbilgo toponimorako egokiagoa, etxa- 'etxe' + zabal elkarketatik sortua. Baserria izanik, horrelako egitura egokia izan liteke, haplologia bat gertatuz. Beste toponimoetan ez da etxerik aipatzen eta, mendialdean bazeuden, lehenestekoa litzateke eman den lehen etimologia.