domingo, 30 de septiembre de 2018

Otxokoneko barrutia toponimoa

Toponimo hau nafarra da, Basaburukoa. Otxokoneko barrutia toponimoaren lekukoak ez dira ez asko ez oso zaharrak. Lehenengoa Ochoconea, 1908. urtekoa. Gero, 1993. urteko Ochokoneko barrótie.
Lekuko zaharrena hartu, Otxokonea, eta analisia eginez, Otxoko + -(r)en + -a izango genuke, Otsakane toponimoa bezala, baina toponimo nafarrak ez du bokaletan inolako aldaketarik jasan, eta horrek egiten du analisia argiagoa.
Otxoko antroponimoa zen, Otxoa antroponimo eta -ko atzizki txikigarriaz osatua. Barruti hitzak ez du zailtasunik, egun ere ezaguna eta erabilia delako.
Antroponimoaren erabilera batez ere nafarra izan zen, eta Basaburuko toponimo honek Erdi Aroko egoera horren ispulua bada.

Otsakane toponimoa

Otsakane Oiartzungo toponimoa da.
Oiartzungo toponimia liburuan informazio gehiago ematen dute, eta toponimoaren etimologiarako erabili beharreko datua:
"Otsokone. Parajea.
Otsakane ahoskatzen den arren, dokumentazioan -o- duten formak agertzen dira (Ochocone, 1827, OGPAR Lib H 594 Fol 69 Vto “Inmediato al paraje de Ochocone”). Karrikan dago, Artikutzako errepidearen gainean".
Beraz, Otxokone > Otsakane bilakaera gertatuko zen. Afrikatuaren grafia zaharra zalantzazkoa da, <ch> horrekin beharbada adierazi nahi zuten hor afrikatua bazela, ez nahi ta nahi ez egun <tx> bezala jarriko genukeena. Baina hori ez da ziurra. Aldaketa nabarmena bokaletan izan da, o-o-o-e > o-a-a-e, erdiko bi bokalak aldatu dira. Beharbada bat aldatu eta gero, asimilazioaz, bestea. Baina ez dago argi aldaketaren kausa. Lekuko zahar gehiago beharrezkoak lirateke.
Dena den, lehenengo lekukoak Otxokone/Otsokone bezala agertzen baziren, analisi errazekoak lirateke, euskal antroponimian bilaketa eginez gero. Otxoko antroponimo hipokoristikoa litzateke toponimoaren oinarria, eta -(r)en + -a. Blog honetako Otxoko toponimoaren oinarri bera, nahiz eta azken honek ez du ezer oinarriaz gain.
Hasieran etxea edo izango zen han, baina gero desagertuko zen eta gerora aurkintza bat izendatzeko erabiliko zen, gaur arte.

martes, 25 de septiembre de 2018

Otxoko toponimoa

Toponimo hau arabarra da eta bildu den lekuko bakarra G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan bada:
"OCHOCO, término en ayuntamiento de Aspárrena."
Dirudienez, antroponimo honetaz arduratu zen lehenengoa Alfonso Irigoien izan zen, bere Pertsona izenak euskaraz liburuko zati honetan bezala:
"3.265. OCHOCO: Ochoco, (1366, PN-XIV, F.Sang., 506 orr.), Racays de Suso-n; Rodrigo, yerrno de Ochoquo, (1350, PN-XIV, L.-Mon.Est., 366 orr.), Larrahona-n; Xemen Ochoquo, (1330, PN-XIV, F.Est., 273 orr.), Sesma-n; Xemen Ochoco, (1366, PN-XIV, F.Est., 628 orr.), Sesma-n, seguru asko pertsona berbera. Ikus OCHOA eta OCHANDO, eta baita-ere LOBO eta LOPE".
Berak eman zituen lekuko guztiak nafarrak ziren, baita Erdi Aroko beste agiri batzuetan agertzen direnak ere. Hala ere, antroponimoa Arabara ere hedatuko zen, Asparrenako toponimo hau lekukoa bada.
Egituraren aldetik ez du zailtasunik, Otxoa antroponimo eta -ko atzizki txikigarria lotuz Otxoko antroponimo hipokoristikoa genuke.

Otxoki toponimoa

Otxoki Donostiako etxe baten izena da.
Lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 393. eta 396. or.: Ochoqui.
Geroko informazioaren iturria Donostiako toponimia, 1995. urteko lana izan da, hauxe jarri zuten:
"OTXOKI: Ochoqui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Ochoqui (1864, Casa de labor, N.P.G., 39 orr.); Otxoki (1989, D.U.T.B.). 64-14-3, M. I-3.
Ochoqui Bonasategui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.).
*OTXOKI: Otxoki (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, M."
Beraz, ia 250 urteko lekukoak badira eta beti Otxoki agertzen da, bestelako aldaerarik gabe. Horrela, etxe izena izanik, egokia litzateke antroponimian egokiak izan daitezkeen kideak aurkitzea. Bada bat erabat egokitzen dena, Otxoki antroponimoa, Otxoa ezagunaren hipokoristikoa. Aipatzen lehenengo P. Salaberri da, bere Izen ttipiak euskaraz liburuan hauxe jarri zuelako, 139. orrrialdean:
"Otxoki (Otxo(a)). Errazkingo Ochoquirena (1594, Le.p. 1) eta Goizuetako Ochoquirena (XVII. m.), Ochoqui (XVIII. m.), Ochoquia (XIX. m.) oikonimoetan aurkitu dut. Urumearen ertzeko herrikoa Otxókì ahoskatzen da egun; Baraibarren Otxokinbórda dago orain (NTEM XLV, 104)".
Salaberrik eite bereko antroponimorik aurkitu ez bazituen, gutxienez badira bi lekuko, Erdi Arokoak. Lehenengoa Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo II (1480-1498) liburuan bada:
Ochoqui d’Iginiz, 1481. urtean, 5. agiria.
Hurrengoa urte gutxira agertu zen, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuan:
Ochoqui Belç, 1499. urtean, 1. agirian.
Erdi Aroko lekukoak gipuzkoarrak dira, eta toponimoa ere hangoa da, inguru berekoa. Badirudi antroponimo honek hedapen mugatua izan zuela, Gipuzkoako sortaldea eta honen Nafarroako eremua.
Antroponimoaren analisia, Salaberrik adierazi bezala Otxoa antroponimoa eta -ki atzizki txikigarria lirateke.
Beraz, Otxoki antroponimo hipokoristikotik Otxoki oikonimoa, etxe izena.

jueves, 20 de septiembre de 2018

Otsaita toponimoa

Otsaita Berrizko (B) toponimoa da.
Lekuko zaharrak baditu, Erdi Arokoak. Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo II liburuan bada bat, XVI. mende hasierakoa: Ochoa de Ochayta, 1504. urtean, 134. agirian.
Bilduma horretako hurrengo liburuan gehiago badira, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo III liburuan: Ochoa de Ochayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria. Beste grafia batekin ere badaude: Martin de Osayta, 1512. urtean, 166. agirian; Martin de Osayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria; Mari Ochoa de Osayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria.
Blog honetako Otzango toponimoa bezala, lekuko zahar batzuek <ch> erakusten duten bitartean, beste batzuetan <s> badago.
Hurrengo mendeetako lekukoetan <ch> bada, hala nola, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoak, XVIII. mendekoak:
"Ochaita [N, TO]
Ochaitta (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochayta (la casa de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochaita_Veytia (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.
Ochayta_Ueytia (la casa de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochayta_Veittia (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochaita_de_Suso (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs."
Beraz, toponimo honen lekukoek bost mende bete dituzte, baina ziurrenik toponimoa mende batzuk zaharragoa izan daiteke, ohi den bezala.
Analis etimologikoa egiteko, argi samar dago bi elementuz osaturik dagoela, otsa- eta -ita, lehenengoa otso izenaren edo Otxoa antroponimoaren eratorpeneko aldaera, bestea izan liteke -eta atzizki ezagunaren aldaera, eta gero aldaketa gertatu zen: *Otsaeta > Otsaita.
Beste aukera bat, atzizkia -ita izatea, adibidez gaztelaniaz ohiko txikigarria bada, casa > casita... Horrek ez luke eskatuko inolako aldaketarik: Otsa- 'otso/Otso' + -ita > *Otsaita antroponimo hipokoristiko emakumezkoa, Otxoeta bezala.
Beharbada *Otsaita bazen Otxoeta antroponimo ezagunaren aldaera, zaharragoa. Horrek azalduko luke otsa- erabiltzea, Otxando antroponimoan bezala, cf. blog honetako Otsandola eta Otsondoa toponimoak. Edo Otxango antroponimoa, Otxango eta Otzango toponimoen sortzailea izana.
Beste aldetik, aipagarria da <ch> eta <s> grafien agerpena, horrek adieraz lezake lehenagoko ahoskeraren afrikatua <ts> zela, hala bazen ere Otsoeta toponimo bizkaitarrean ere.
*Otsaeta edo *Otsaita ustezko antroponimoak galdu ziren eta ez da lekukorik geratzen Otsaita toponimoa baizik.
Hala izan bazen, Otsaita toponimoaren etimologia argitzeaz gain, antroponimo galdu baten aztarren bakarra izango genuke.

Otsoeta toponimoa

Otsoeta Zornotzako baserria da.
Lekuko zaharrik ez bada ere, Erdi Aroko antroponimo bat dago, guztiz egokitzen dena, Otxoeta. Alfonso Irigoienek Pertsona izenak euskaraz liburuan hauxe jarri zuen:
"3.267. [...] Bada OCHOETA / OCHETA ere, seguru asko emakume-izena, eta baita-ere O[T]SOTA: Ochoeta, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n; Ocheta de Saragueta, (1366, PN-XIV, F.Pamp.Mont., 550 orr.), (en la ciudat et Nauarreria de Pomplona); Osota, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n.
XIII menderako OCHOETA: Ochoeta, (1288 inguruan, El gran Pr. Nav., dok. 498)".
Irigoienek eman zituen lekuko guztiak nafarrak ziren, XIII-XIV. mendeetakoak; beraz, Zornotzako toponimo honek lekuko bat gehiago biltzen du, toponimikoa, beharbada lehenengoa, eta Bizkaikoa. Horrek adieraziko luke antroponimo honek agiri zaharretan bildutako hedapena baino handiagoa ezagutu zuela.
Antroponimoaren elementuak Otxoa antroponimoa eta -eta atzizki hipokoristikoa, erromantze batetik mailegatua, Irigoienek adierazten duen bezala beste lan batean, De re philologica linguae uasconicae V liburuan bildutako Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica, 19. orrialdean.
Nabarmentzekoa da toponimoaren afrikatua, Irigoienen lekuko ia guztiek <ch> dute, Osota izan ezik, eta hau ziurrenik egun <ts> digrafoz idatziko genuke, Otsoeta bezala. Beraz, toponimoak afrikatu zaharra gordeko luke.
Beste aukera etimologiko bat litzateke otso animalia izenari -eta atzizki multzogarria eranstea, baina toponimian ez da ohikoa horrelako egitura. Horri gaineratu behar zaio etxe izena dela eta horiek, blog honetan behin eta berriz ikusi bezala, normalean antroponimo batez osaturik daude.
Beraz, Otxoeta antroponimoaren lekuko toponimiko bat litzateke Zornotzako Otsoeta baserria.

martes, 18 de septiembre de 2018

Otzango toponimoa

Otzango Zumaiako toponimoa da, baserri baten izena.
Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan ere, Oikiako haranerako Otzango baserria bada.
Baina lekuko zaharragoak badira, Erdi Arokoak.
Documentación medieval del Archivo Municipal de Zumaia (1256-1520) liburuko lekukoak dira:
Iohan Martiniz d’Ochango, 1344. urtekoa, 6. agiria; don Beltrán Martiniz d’Ochango, 1344. urtekoa, 6. agiria; Iohan Martinis d’Ochango, 1344. urtekoa, 7. agiria; don Beltrán Martiniz de Ochango, 1344. urtekoa, 7. agiria.
Baina badira grafia diferentea duten lekukoak:
Pedro de Osango, 1495. urtekoa, 53. agiria; Catalina de Osango, 1503. urtekoa, 55. agiria; don Martín de Osango, 1520. urtekoa, 86. agiria.
Kontuan izanik herri bereko lekukoak direla eta toponimo berari buruz ari direla, gerta liteke grafien diferentzia ahoskerakoa islatzea? Ziurrenik kasu guztietan afrikatua ahoskatzen zen baina eskribauek grafietan diferentzia egin zutela batzuek <ch> idatzi zuten nabarmentzeko afrikatua zela eta besteek <s>, nabarmentzeko artikulazio modua, egungo Otsango idatziko genukeena.
Hala ere, azken urteetako lekukoak bat datoz toponimoa Otzango dela, beharbada txistukari neutralizazioa ere Zumaiaraino heldua da, eta horregatik afrikatuak batu dira, sartaldeko euskaran bezala, eta ondorioa ahoskera hori da.
Etimologiari buruz, Otsango antroponimoa toponimo bihurtu zen, Otxango toponimoa bezala. Oinarria Otxoa antroponimoa eta atzizkia -ngo lirateke.