sábado, 27 de febrero de 2021

Xanto toponimoa

 Baztango toponimo honen informazio osoa Nafarroako Toponimia Ofiziala web-gunetik hartu zen, egun eskuragarri ez omen dena. Hala ere, hartutako irudi batek lekukoak eta datak eskaintzen ditu:

Toponimoa antroponimo bat baino ez litzateke izango, *Xanto. Hipokoristiko honen aldaera Txanto litzateke, eta hori badago, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuko 204. orrialdean:
Txanto (*Txoanto-tik?, Anto-tik?): Chanto Chipia (Les., 1366, LPN, 567). Elizondon Chanttorena etxea zegoen 1727an.
Bilakaera osoa hauxe litzateke: Joan > Txoan + -to > *Txoanto > Txanto. Hasierako frikariaren paralelo bat Xapalonea toponimoan aurki genezake.
Beraz, Txanto hipokoristikoaren lekuko gutxiei beste bat eranstekoa litzateke, Baztango Xanto toponimoa.

viernes, 26 de febrero de 2021

Beretxaga toponimoa

 Beretxaga Ugaoko baserria da.
Lekuko zaharrak badira, batzuk Erdi Arokoak, baina izena nahiko aldaturik dago.
Colección Documental del Archivo Histórico Municipal de Bilbao (1300-1473) liburuan bi lekuko daude, lehenengoa 36. agirian, 1385. urteko Martin habad de Beraxarichaga, Arrigorriagako monasteriokoa. Azkena, 40. agirian, 1389. urtean, Garçi Ortiz de Berasarechaga.
XVIII. mendeko lekuko ugari daude, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan bilduak:

Berasachaga [N, TO]
Berasachaga (la casa en) [Arrigorriaga (la casas abecindadas a)], Miraballes, a.1704,
FogVizcayaMs.
Berasachaga (uarrio de), Arrigorriaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Uerasaychaga (barrio de), Arrigorriaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Verasachaga (la caseria de) [Verasachaga (varrio de)], Arrigorriaga, a.1745, FogVizcayaMs. -/Miraballes, a.1745, FogVizcayaMs.
Verasachaga (varrio de), Arrigorriaga, a.1745, FogVizcayaMs. -/Miraballes, a.1745, FogVizcayaMs.

Beracha [N, TO]
Beracha (la casa de), Arrigorriaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Beracha (la casa en el paraje de), Arrigorriaga, a.1798, FogVizcayaMs.
Beracha (uarrio de), Arrigorriaga, a.1796, FogVizcayaMs.

Berecha [N, TO]
Verecha (la caseria de) [Verasachaga (varrio de)], Arrigorriaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Beretxaga egungo aldaera normalizatua da, baina badaude beste aldaera batzuk: Beraxaritxaga, Berasaretxaga, Berasatxaga, Beratxa eta Beretxa. Erdi Arokoetatik kanpo, guztietan laburketak izan dira, batean -re- silaba galdu da, ziurrenik lehenago dardarkaria eta ondoren bokala. Beratxa aldaeran ere silaba bat galdu da, azkena, lehenik bokalarteko /g/ galdu eta gero, bi bokal berdinak batuko ziren. Beretxa izenenan e-a > e-e bokal asimilazioa izango zen. Jatorrizkoa aurkitzeko, Erdi Aroko aldaerak funtsezkoak dira, hauetan toponimoaren elementuak erraz ikusten direlako, Beraxa antroponimoa, (h)aretx 'haritz' izena eta -aga atzizkia. Antroponimo bera Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoetan dago eta sarrera horretan informazio gehiago dago, Mitxelenaren eskutik.
Toponimoa Erdi Aroan sortuko zen eta horrexagatik garai hartako lekukoak jatorrizko toponimotik hurbilen daude. Gero, mendeak igaro eta toponimoa laburtzen hasi zen, izenaren luzeak lagundua.

martes, 23 de febrero de 2021

Belakotegi toponimoa

 Belakotegi da Gipuzkoako Soraluze herriko erreka.
Toponimoaren hiru lekuko zahar ezagunak dira, Erdi Arokoak, Archivo Municipal de Deba. I. (1181-1520) liburuan aurkituak. Lehenengo bi lekukoak 8. agirian, 1345. urtean daude:

Primeramente començando de Ançuriça en arriba fasta la puente de Ospas e dende commo va el agua por el valle de Lassalde en arriba fasta el sel de Leyçarrola e dende por el somo de la piedra blanca como va al somo de Orendayn e dende a Velacotegui e de Velacotegui a la piedra de Velaurybeyaga e dende al somo de Soderus e dende al somo de Hegaurrieta e dende al sel de Oleraso e dende a la casa e casseria de Echaue e dende a las nuebe fuentes.
Azken lekukoa, mende bat beranduagokoa da, 43. agirian, 1449. urtean:
[...] de Avnçuriça en arriba fasta la puente de Ospas e dende como va el agua por Lasalde fasta el sel de Leyçarrola e dende como va por el somo de piedra blanca como va al somo de Orendayn e dende a Velacotegui e dende e la piedra de Velaor e de Beuiasque e dende al somo de Soderus e dende al somo de Esnaurreta e dende al sel de Oleroso e dende a la casa e caseria de Echaue e dende a las nueue fuentes.
Toponimoak bi elementu lituzke, Belako antroponimoa eta -tegi atzizkia. Badira antroponimo honekin eratorritako toponimo batzuk, esaterako, blog honetan aztertutako Belakarro, Belakorta eta Belakostegi toponimoak.
Beste aukera bat dago, oinarrian *Belakot(e) izatea; Txomingotegi toponimoan bezala, antroponimoaren azkena -tegi atzizkiaren hasierako silabarekin batuko zen, aztarrenik utzi gabe. Hala ere, ez dago *Belakot(e) izenaren lekukorik, beraz, aukera bezala geratzen da, baina besterik ez.
Laburtuz, Belakotegi toponimoan, Belako + -tegi elementuak daude eta Belako antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat da.

sábado, 20 de febrero de 2021

Eskaregi toponimoa

Eibarko toponimoa da Eskaregi, baserri bat eta errota bat.
Toponimoaren aldaera zaharrago bat Ezkaraegi izan liteke, Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburuko 22. agirian, 1430. urtean jasoa:

Iohan Sanches de Ezcaraegui
Gogoratu beharra dago Eibar eta Elgeta herri mugakideak direla, beraz, antzekotasunaz gain, eremu geografiko hurbilekoa da aspaldiko lekuko hau.
Bi izenak loturik badaude, bilakaera gertatu da, bi fonematan eragina izan dena, lehenengoa, txistukaria aldatu da, beharbada sartaldeko euskaran gertatutako neutralizazio prozesuagatik. Azkena, ae > e bokal fusioa izan da.
Toponimoak hiru elementu lituzke: haitz + garai + hegi. Hauek batzerakoan, aldaketa gutxi batzuk gertatu ziren, ai > e, tz + g > zk eta ViV > VV. Lehenengoa ohikoa da haitz izenaren eratorri toponimikoetan, esaterako, Errioxako Ezcaray mendia, haitz + garai dena. Toponimo honek ere erakusten du bigarren aldaketa, hau ere normala dena. Azken aldaketa ez da hain ohikoa baina ez da zaila toponimoetan antzematea, horrela, blog honetako Askoena eta Doneakue toponimoetan gertatu da.

viernes, 19 de febrero de 2021

Saitua toponimoa

 Saitua Bermeoko hiri-auzoa da. Toponimo honen lekuko zaharrenek 400 urte baino gehiago dituzte, Bermeoko Toponimia webgunearen agertzen den bezala, Saitu izenpean bildurik:

1591    Saytua, término de    BEHA   A-62/44-2   231b
1610    Saitua, viña en    BEHA   A-62/44-2   269-269b
1618    Saytua    BUA   1161/6. Cancel. de censos   96
1659    Zaytua    BFA. K.   127/7   40
[...]
Toponimoa, laburra izanik, aldaera gutxikoa da, batetik artikulua, lekuko guztietan dagoena. Bestetik, txistukaria inoiz <z> bezala jasorik dago. Dena den, lekuko gehienetan <s> dago, zaharrenetik hasita.
Toponimoaren etimologia aurkitzeko, aldaketa baten beharra dago, bokal disimilazio bat, lehen *sautua izango zelako, beraz, u-u > i-u aldaketa gertatuko zen, toponimoa idatzi baino lehenago. Antzeko dismilazio bat Bizkaiko beste toponimo batean gertatuko zen, Jandustegi toponimoan, baina honetan i-i > u-i izan zen. Sautu zen soto hedatuagoaren sartaldeko aldaera, Mitxelenak Apellidos vascos liburuan azaltzen duen bezala:
151. Los apellidos occidentales Sauto, Sautu, Sautua, Sautuola atestiguan la forma intermedia entre el lat. saltus y rom. soto, souto [...]
Bi azalbide daude Saitua toponimorako, inoiz *saitu 'soto' aldaera izan da, baina testuetara ez zen inoiz igaro. Bestela, Toponimoan bertan aldaketa gertatu zen, *Sautua bezala jaioko zen eta ondoren Saitua bihurtu. Bietan sautu izena izango genuke, Sautu, Sautua eta Sautuola toponimoen oinarria izan zena.

Aiastia toponimoa

 Aiastia Elgoibarko toponimoa da, baserria eta biztanle-entitatea. Bi toponimo eratorri badira, herri berean, Aiastierreka eta Aiastitxiki baserria.
Toponimoak ez du lekuko zaharrik eskura baina, dagoen bezala, analizatu daiteke. Hiru elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe. Oinarrian aiher hitza, ondoren -tza eta -di atzizkiak izango lirateke, baina biak batu dira eta ondorioz, toponimoaren azken zatia ilundurik geratu da. Bilakaera berdintsua Intxausti toponimo ezagunagoak izan zuen: intxaur + -tza + -di > Intxausti. Batetik -tza atzizkiak bokala galduko zuen, horrek elkartuko zituen txistukaria eta herskari ahostuna: z-d > z-t. Ondoren rz > s gertatuko zen, bilakaera berdina hainbat hitzetan dago: uso/urzo, bost/bortz. Ziurrenik lehenago /e/ bokala aldatuko zen, /a/ bihurtuz. Beharbada bokal asimilazioaz: a-i-e > a-i-a, edo aiher hitzaren aldaera bat *aihar izan zen, ezezaguna baina izan zitekeena, eR > aR bilakaeragatik, ohikoa sartaldeko hainbat hitzetan: garri 'gerri', txarri 'txerri', e. a.
Dirudienez, garai batean aiher 'leku aldapatsu' bezala uler zitekeen, nahiz eta euskal testuetan esanahi hori ez izan.

martes, 16 de febrero de 2021

Auriategi toponimoa

 Auriategi izeneko baserria dago Gernika-Lumoko Ajangiz herrian.
XVII. eta XVIII. mendeko lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Auriategui [N, TO]
Auriategui (la caseria de), Ajanguiz 17.1641, FogVizcayaMs.
Auriategui (la cassa de), Ajanguiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Auriategui_Beascoa (la cassa de), Ajanguiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Auriategui_Veazcoa (la caseria de), Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Auriategui_Uecoa (la casa de), Ajanguiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Auriategui_Goicoa (la casa de), Ajanguiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Auriategui_Gojeazcoa (la caseria de), Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Auriategui_Goxeascoa (la caseria de), Ajanguiz 17.1641, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu baditu, Auria antroponimoa eta -tegi atzizki ezaguna.
Erdi Aroko emakumezko izenen artean Auria bada:
Auria
Erdi Aroan ohiko izena zen hau Europan. Euskal Herrian 1068an Zabaltzan (Nafarroa) ageri da, 1085ean Lizasoainen (Nafarroa) eta 1390ean Arrasaten (Gipuzkoa). Latineko aurea 'urrezkoa' hitzetik datorke. Auria izeneko hiru santa ditugu, bat Parisen (Frantzia), bestea Kordoban (Espainia) eta, azkena, Ostian (Italia). Jaieguna uztailaren 19an da (Kordobakoa). Aldaera: Oria. Baliokideak: Aurea (es) eta Aure (fr).
Toponimoak ez du aldaketarik jaso eta ziurrenik, lekukotuak diren 400 urte baino gehiago baditu.