martes, 19 de enero de 2021

Xapalonea toponimoa

 Baztango toponimo honetako informazio osoa Nafarroako Toponimia Ofiziala web-gunetik hartu zen, egun eskuragarri ez omen dena. Hala ere, hartutako irudi batek lekukoak eta datak eskaintzen ditu:


 Lekuko zaharrena 1726. urteko Chapalorena litzateke, egun Xapalonea dena. Toponimoaren egitura ikusi eta berehala antzematen da izenaren banaketa: Xapalo- + -(r)en + -a. Atzizkiak oso ohikoak dira etxe izenetan, baina hasierakoa, ez. Ez dago Txapalo izenaren aztarrenik, baina ez da oso iluna, Apalo antroponimoaren hipokoristikoa litzatekeelako. Horrela azaltzen dute Euskaltzaindiko EODAren orrian:
Apalo
Erdi Aroan maiz samar azaltzen da. Adibidez, Apalo de Zubelche aurkitzen dugu Iruñeko (Nafarroa) katedraleko dokumentazioan, 1119. urtean. XV. mendeko Peru Abendañokoren erostan honen aldaera zen Apala ageri zaigu, borrokan hildako Arratiako laguna aipatzean:
Mendiola hil deustak Gasto Apala,
bere laguntzat beste asko ditubala.
Apalo hori Apala antroponimoaren aldaera litzateke, blog honetan Apalasoloa eta Apalasagasti toponimoetan agertzen dena. Apaloren lekuko toponimiko bat ere aztertua izan zen, Apaloberro toponimoa hain zuzen.
Hipokoristikotasuna adierazteko fonema baten gehiketa jaso zuen, izenaren hasieran: Apalo > *Xapalo, Txantonsolo toponimoan bezala.
Xapalonea toponimoaren bitartez *Xapalo antroponimo hipokoristiko ezezaguna berreskuratu dugu, toponimoaren esanahia argitzearekin batera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario