martes, 29 de octubre de 2019

Emandasoro toponimoa

Ezkioko toponimo honen lekuko bakarra bada Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, beraz, lekukoa 1625. urte ingurukoa litzateke. Horrela agertzen da Ezkio herriko etxe izenen zerrendan:
... Izaguirre, Mendizabal, Igarzabal, Osinalde, Berroeta, Aeta, Hemandasoro, Zubiaurre.
Toponimoaren hasieran <h> badago ere, jakinik XVII. mendean, eta are askoz lehenago ere Gipuzkoako euskaran hasperena galdua zegoela, toponimoa idazterakoan ez da kontuan hartu. Lekuko bakarra denez, azterkekorik besterik ez dago eta blog honetan analizatutako toponimo gehienak bezala, bi elementuz osaturik litzateke, emanda- ezezaguna eta soro, hau oso hitz arrunta.
Zalantza bakarra, orduan, lehenengo elementuari dagokio. Hitz antzekorik bilatu eta egokiena gaztelaniazko demanda litzateke, euskarara mailegatu demanda bezala, hau da, aldaketarik gabe. Hitzak izan du erabilera, nahiz eta handia ez izan. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, bi esanahia izan ditu:
1. (Lcc, Urt).
Demanda.
2. (V-gip, G-azp). Ref.: Etxba Eib; Elexp Berg.
Disputa, discusión, jaleo.
Beharbada garai batean toponimoa *Demandasoro izan zen eta gero hasierako d- galdu zen, agian horzkari disimilazioagatik edo hasierako d- hitzen urritasunak, areago toponimian, erraztuko zuen bere galera. Demanda izena toponimian ez da ohikoa, bain badira ale batzuk, adibidez, Burgosko Demanda mendilerroa.

Ochando toponimoa

Toponimo hau nahiko urrun dago, izan ere, Ochando Segoviako herri izena da, Espainiako Gaztelan.
Lekuko zaharrik ez dago baina, hala ere, aldaketa larririk gertatu ez bada, euskal antroponimiaren ezagutza apur bat izanez, toponimoa erabat gardena da. Otxando antroponimoa litzateke, beste ezer erantsi gabe. Blog honetan behin baino gehiagotan aipatuak izan dira izen honekin sortutako toponimoak: Otsandola, Otsondoa, Otxandibar, Uxando, gutxienez. Otxando antroponimo hipokoristikoa litzateke, Otxo(a) antroponimoa eta -ndo atzizkia gehitua.
Otxando antroponimoak ez zuen oso lekukotza handirik utzi, lekuko antroponimikoak gutxi dira, hamar bat inguru, baina lekukotza toponimikoa kontuan hartuz, bere garaian inportantea izan zen.
Segoviako toponimoaz, nahiz eta euskal jatorrikoa izan, ezaguna da euskal antroponimia bere hizkuntzatik kanpora hedatu zela eta, beraz, Otxando ez zen izango ezezaguna inguruko lurraldeetan, batez ere Errioxan. Hori guztia jakinik, Ochando toponimoaren sortzailea, ez zen nahi ta nahi ez euskalduna izan beharko.

martes, 22 de octubre de 2019

Lapidatua toponimoa

Idiazabalgo baserri biren izena omen zen, eta ezagutzen diren lekuko bakarrak Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburutik jasoak dira, beraz, lekukoak 1625. urte ingurukoak dira. Lehenago jarri bezala, Idiazabal herriko etxe izenak aipatzean, badira:
... Iparraguirre, Obeguirecuna, Santa Tacan, Soraluce, Loidi azpicoa, Cabaran, Cabaran, Lapidatua, Lapidatua, Lopaztegui, Insausti, Aguirre chipi, Areisti, Celaya, Eguillor, Berrarain...
Ez dira gure egunetaraino heldu, baina nahiz eta lekuko bakarra izan, bi aldiz aipatua izateak nolabaiteko segurantza ematen dio, ahaztu gabe oso izen gardena dela. Toponimoan lapidatu aditza litzateke, -a artikulua ahaztu gabe. Ez da oso hitz ohikoa euskal testuetan, eta toponimoan, ziurrenik, ale bakarra litzateke. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa Leizarraga litzateke, toponimoa baino mende erdi aurrekoa. Leizarraga eta Voltoire dira Lapidatua toponimoaren lekukotza zaharragoak direnak, beraz, Idiazabalgo toponimo hau lapidatu hitzaren lehenego lekukoen artean sar liteke, arazorik gabe.

Lesandri toponimoa

Dimako Lesandri toponimoa bada baserri bat eta baita tontor bat ere. Lekuko zaharrik bildu gabe, nahi izatekoa da toponimoaren bizitza luzean aldaketa handirik ez jasotzea. Beraz, arriskuak badaude ere, Lesandri aztertuko dugu. Hasteko, elementu ezagunik ez dago, ez behintzat euskaraz. Hori dela eta kanpotiko izena izan liteke, hizkuntza ezezagun batean sortu eta, beharbada, beste hizkuntza batzuetako eremuak zeharkatu ondoren, euskal eremuan aztarrena utzi zuena. Mailegatzen diren elementuen artean, onomastikoak oso errazki igarotzen dira hizkuntza batetik bestera, eta horiek izaten dira antroponimiarenak. Lesandri izenaren bakartasuna euskal lurretan ulertzeko gako bat izan liteke antroponimo bat izatea, garai batean ezaguna eta erabilia eta gero ahaztua eta, zortea ianez gero, toponimo batean geratuko zen aspaldiko garaien mezu bezala.
Antroponimoa bazen, antzekotasuna kontuan hartuta, Alexandro izena egokiena izan liteke. Erdi Aroan Alexander bezala jasorik dago hainbat bilduma zaharretan, Iratxeko monasterioko eta Iruñeko katedraleko agiri zaharretan. Izen honen jatorriaz, J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval tesian badu sarrera bat antroponimo honetaz, 279-280. or.:
Alexander (m.)
[...] Origen: De una forma latina ALEXANDER (Forcellini 5, 85-86), con variante ALEXANDRUS, que procede a su vez del fondo antroponímico griego (Dauzat 1951: 6; Dauzat 1977: 110; De Felice 1992: 53-54; Tagliavini 1, 92-93).
Aunque este nombre aparece vinculado a la tradición cristiana a través de una cincuentena de santos desde época romana reconocidos por la Iglesia (BiblSanctorum 1, 766-813), parece ser que el principal factor de su difusión en la Baja Edad Media europea, según opinión expresada por la generalidad de los autores citados, habría sido la amplísima tradición literaria e histórico-legendaria en tomo a la figura del rey de Macedonia Alejandro Magno (siglo IV a. C.), popularizada a través de múltiples composiciones en lengua románica a lo largo de los siglos XII-XIII y posteriores...
Badago Lope Garcia de Salazar-en Istoria de las bienandanças e fortunas liburuan Alixandre  aldaera, behin eta behin agertzen dena, adibidez, lehenengo kapituluan:
E fue poblada esta çibudad de Babilonia, como dicho es, por el dicho rey Mino en el tienpo de Abrahán patriarca e después reinó en ella Nabucodonosor e después Baltasar, su fijo, e después lo mató e conquistó el rey Darío e después la conquistó el rey Alixandre quando señoreó el mundo.
Eta Alixandre izenaz gain, Erdi Aroko Alexandre ere ez da ezezaguna. Izen honek izandako aldaeretatik sortuko zen Lesandri toponimoa, mendeen higadura jasan duena. Beharbada *Alexandri, genitibokoa izan zen Lesandri toponimoaren sorburua, Petrus latina Petri bezala egokitua izan bazen, Alexandrus > *Alexandri? Aldaketa bakarra hasierakoa izango zen, aferesia gertatu eta lehenengo bokala galduko zen. Ziurrenik ondoko erromantzeetako aldaera batetik euskarara igaro zen Alexandro izenaren aldaeretako bat, eta toponimoa sortu ondoren Lesandri bezala heldu zen gaurko egunera arte, ia aldaketarik gabe.

martes, 15 de octubre de 2019

Tenuola toponimoa

Toponimo honen lekuko guztiak agiri bakar batean daude, 1483. urteko Amojonamiento (Segura y sus aldeas) deitutako agirian, guztira sei aldiz agertzen da:
E asy mismo, los de la parte de Tenuola quede e sea, conbiene a saber...

E por quanto la besindad de Gabiria solían desir que tenía parte en un sel en Tenuola, maliçiosamente, por llevar posesión en el dicho lugar de Tenuola, fallaron çiertos mojones puestos por la parte de la dicha besindad furtyblemente, non aviendo parte en los dichos términos ni aviendo tal sel la dicha besindad, por ende, luego el dicho alcalde mandó que los derrocasen los dichos mojones asy maliçiosamente puestos por la parte de la dicha besindad de Gaviria a Juan de Çaldibia, jurado de la dicha villa de Segura. E luego el dicho Juan de Çaldibia los quebró e derrocó los dichos mojones que en el dicho lugar de Tenuola falló.

E asy mismo, el dicho alcalde e ofiçiales e los otros buenos omes de las vesindades e parçoneros mandaron que el monte e lenna que estaban en el dicho lugar de Tenuola y el castannall del dicho sacón de Çabaleta, de los mojones arriba, asy mismo se bendiese con el dicho monte de Tenuola corrtando para carbón para las costas que el dicho alcalde e ofiçiales fasían en el dicho apeamiento.
Toponimoa Segura-Gabiria inguruan izango zen eta agerpen guztiak kontuan harturik, ziurtasun nabarmena izan daiteke Tenuola dela, idazteko akatsik ez dela.
Azterketa etimologikoa egiteko, beraz, Tenuola izenetik hasi behar da. Banaketa bitan egin beharko litzateke, tenu- eta ola, bigarrena ola ezaguna da, baina lehenengoa iluna da. Hala ere, irtenbide bat bada, ezagutzen dugun toponimoa aldaketa baten ondorioa dela, eta hasieran bestelakoa izango zela. Hori Arrasateko Teluola izan zitekeen, blog honetan aztertua. Azken honek bi elementu zituen, Telu antroponimoa (gaztelaniaz Tello bada) eta ola izena. Tenuola berdin izango zen, hasierako Telu + ola > *Teluola sortuko zen eta gero, albokoen disimilazioagatik, Tenuola bihurtuko zen. Disimilazioak aipatuak izan dira blog honetan, sudurkariena, adibidez, Amulategi toponimoan, m-n > m-l aldaketa izan zen. Tenuola izenean, aldiz, l-l > n-l aldaketa gertatuko zen.

martes, 8 de octubre de 2019

Gorliz toponimoa

Gorliz Bizkaiko herria da, itsasertzekoa. Informazio historikoa eta etimologikoa Gorlizko Toponimia izenburuko txostenetik hartuak dira.
Lekuko zaharrena Erdi Arokoa da, garai hartako bakarra: Gorliz (1299). Gerokoa da Goliz (1596), euskal testu batekoa, txostenean adierazten den bezala rl > l laburketa gertatu omen da. Geroagoko lekukoetan nagusitzen da Gorliz eta kontuan izanik lekuko zaharrena, horixe litzateke aztertzeko izena.
Azterketa etimologikoa dagokionez, txostenean argi geratzen da azken zatia -iz atzizkia dela, ziurrenik latin jatorrikoa, jabegoa adierazteko erabilia. Zalantza geratzen da hasierako elementuaz, antroponimoaz. J. Caro Barojaren arabera, Gorlicus litzateke nahiz eta lekukorik ez aurkitu. Gorlius ere izan zitekeen, baina Gorlicus izenak zuen arazo berbera dauka. Dena den, txosten egileen arabera, Corlius antroponimoa ezaguna zen Erromatar aroan, eta hori egokia izan zitekeen, aldaketa bakarra litzateke hasierako herskariaren ahostuntzea, k- > g-, arrunta latinetik jasotako hitzetan.
Patxi Galék badu beste hurbilpen etimologikoa, bere Gorlizko toponimia nagusia lanean, Corlius antroponimoa erabili beharrean, bere ustezko eratorria, *Corlinus izango zen toponimoaren oinarria:
Jatorrizko Corlius horren eratorria *Corlinus izango litzateke, ‘el Corlino’. Eratorri horiek ezagunak dira izen sortzaile gisa: Fausto > Faustino, Justo > Justino, Lucio > Luciano... eta berdin *Corlio > *Corlino, gure ustezko oinarria ekarriko lukeena. Azken eratorri horren deklinazioak *Gorlinis eman zezakeen eta hortik helduko zen gaur egungo Gorliz. *Gorliniz > Gorliz jausi hori ere zeharo normala da euskaraz ez ezik, beste zenbait hizkuntzatan ere, eta bokal arteko -n- ahula desagertzen dela ikus daiteke gure inguruko beste leku izen askotan ere: Fruniz > Fruiz, Lemoniz > Lemoiz, Sopelana > Sopela...
Etimologi saio honen oztopo bat litzateke ustezko *Gorliniz horren aztarrenik ez izatea. Normalean sudurkaridun aldaerak ezagunak zaizkigu toponimoen erdal aldaerek gorde dituztelako, horrela, horrelako bikoteak ditugu: Lemoa/Lemona, Galdakao/Galdácano, Fruiz/Frúniz eta beste asko. Baina Gorliz-en kasuan ez dago sudurkaridun aldaerarik. Egia da batzuetan erdaran ere galdu dela, baina dadirudi bikoiztasun hori duten toponimo gehienetan ez dela horrela gertatu.
Blog honetako etimologiak ez ditu kontuan hartuko Corlius edo bere eratorriak izan litezkeenak. Aldaketa bat gertatuko zen, toponimoa testu idatzietarako jauzia egin baino lehenago, disimilazio bat, eta zehatzago esanik, dardarkarien disimilazio bat, blog honetan aztertutako toponimo batzuei gertatutako aldakera bera, Agurlaeta eta Arlegi toponimoei bezala, hau da, rr > rl. Beraz, aurreko aldaera *Gorriz izango zen. Horrelako toponimoa ez da ezezaguna, Nafarroako Gorritz herria, Mikel Belaskok aztertua bere Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburuan, gerora blog batean ere jarria, eta horrela idatzi zuen Gorriz izenari emandako sarreran:
Significado. Dudoso.
Comentario lingüístico. Podría tratarse de un topónimo formado por un nombre de persona y el sufijo -iz (ver Gorraiz) pero también podría tratarse, y la documentación parece confirmarlo, de un topónimo compuesto por la voz vasca gorri, `rojo' , 'pelado' y el sufijo abundancial -tz(a): "tierras rojas o peladas". Favorables a la primera propuesta son Julio Caro Baroja, que supone un nombre antiguo Gorricus y Alfonso Irigoyen que piensa en un patronímico de Gorri(a).
Traducciones curiosas y explicaciones populares. Traducciones de este tipo son; 'de lo rojo, áspero, rudo', 'zarzal'.
Documentación antigua. Gorriç (1248, NEN); Gorriça (1268, NEN); Gorriz (1109, 1112, 1280, 1366, NEN); Gorrizco, Tota (S. XIII, NEN).
(Mikel Belasko; 1999: pp. 223).

Hipotesi antroponimikoa kotuan hartuz gero, egokiagoa ematen du Gorri(a), euskal antroponimo zahar bat izan zitekeena, Zuri(a) eta Beltz(a) bezala. Garai batean latin jatorriko antroponimoak izaten ziren -iz atzizkia zutenak, baina gero, euskal jatorriko antroponimoek ere aukera izan zuten erabilera hori izateko, jabearen lekua adierazteko, eta haietako bat Gorliz litzateke, *Gorriz > Gorliz bilakaera jaso zuena.
Laburtuz, Gorri(a) PI + -i(t)z > *Gorriz > Gorliz, aldaketa bakarra, dardarkarien disimilazioa, eta gainera, badago toponimo nafarraren bermea.

Eguneraketa (2024-11-29):
Beste etimologia batzuk daude V. Yarzaren Notas sobre toponimia de origen romano en Bizkaia
lanean, 367. or.:

Aurkeztutako hiru antroponimoek oztopo larriak dituzte, onartezintzat hartzeko. Guztietan fonema bat edo bi galdu behar dira ezin gal daitezkeen lekuetan. Horregatik, hirurak ez dira aintzat hartzekoak.

martes, 1 de octubre de 2019

Madurazar toponimoa

Egun, Madurazar Gernika-Lumoko baserria da. Aurreko mendeetan Madura izeneko etxea ere izan zen, baita Madurazar izenekoa ere. Aurreko mendeetako datuak Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik hartuak dira:
Madura [N, TO]
Madura (el molino de), Luno 18.1789, FogVizcayaMs., a.1796, FogVizcayaMs.
Madura (la casa de), Luno, a.1796, FogVizcayaMs.
Madura (la casa molino de), Luno, a.1745, FogVizcayaMs.
Madura (la caseria de), Luno, a.1745, FogVizcayaMs.
Madura (la cassa de), Luno, a.1704, FogVizcayaMs.
Madura (la otra cassa de), Luno, a.1704, FogVizcayaMs.
Madura_de_Suso (la casa de), Luno, a.1641, FogVizcayaMs.
Madura_de_Yusso (la casa de), Luno, a.1641, FogVizcayaMs.
Madura_Echebarria_Aurrecoa (la casa de), Luno, a.1798, FogVizcayaMs.
Madurazar (la casa de), Luno, a.1796, FogVizcayaMs.
Madurazar (la caseria de), Luno, a.1745, FogVizcayaMs.
Lekukoetan ez dago aldaerarik eta beraz, azterketak Madura hartu behar du abiaburu. Hitz hau padura ezagunagoaren aldaera da. Bitxia da madura Bizkaiko lurraldean aurkitzea, jaurerrian padura zein fadura aurkitzen direlako, eta madura hitza Arabako sortaldeko aldaera da. Bizkaiko toponimoetan Fradua ere bada, fadura izenaren aldaera, metatesia jasan duena. Fradua Bermeoko eta Kortezubiko toponimoak dira.
Madura toponimoaren esanahia argi geratuko litzateke baina bere kokapena bitxia da. Hala ere, ez dago arraziorik pentsatzeko Madura toponimoa ez dela padura hitzaren toponimo eratorrien artean sartzekoa.
Beharbada toponimo hori arkaismo bat da, eta aurreko mendeetan padura hitzaren aldaeren banaketa egun ezagutzen duguna baino ezberdina zen, madura ez zela bakarrik Arabako aldaeretako bat eta iparraldeagora ere heldu zela.

Landesa toponimoa

Mungiako etxea zen, eta dirudienez ez da gure egunetaraino heldu. Lekuko guztiak eskuratu dira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburutik:
Landesa [N, TO]
Landesa+ (la casa de), Fica, a.1796, FogVizcayaMs.
Landesa+ (la casa de) [Villela (cofradia de)], Munguia (anteiglesia de), a.1796,
FogVizcayaMs.
Landesa+ (la caseria de) [Villela (cofradia de)], Munguia (anteyglesia de), a.1745,
FogVizcayaMs.
Landesa+ (la cassa de) [Uillela (cofradia de)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Landessa+ (la casa de) [Villela (confradia de)], Munguia, a.1641, FogVizcayaMs.
Landesa_Echeuarria+ (la casa de), Fica, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharrena XVII. mende erdikoa da eta beste guztiak XVIII. mendekoak. Lekuko guztietan ez da aldaerarik jasotzen, lehenengo lekukoaren <ss> ohitura grafiko baten isla baino ez litzateke. Orduan analizatzeko hitza Landesa litzateke eta horrek egitura bitxia badu ere, ematen du oinarrian landa izena dagoela, baina zer da azkeneko elementua? Euskaratik ez genuke ezer lortuko baina bai, erdara kontuan hartuta. Izan ere, *landes(a) hitza gentilizio bat litzateke, Frantziako Landak eskualdekoa, hain zuzen, gizonezkoentzat *landés litzateke, eta emakumezkoentzat, *landesa. Hitzak ez dira agertzen RAEko hiztegian, baina hauen osaera erabat erregularra litzateke eta ulertzeko inolako zailtasunik ez lukete sortuko. Beraz, hiztegietarako sarrerako bidea nekez lortuko bazuten ere, uste izatekoa da lurralde honetan ezagunak zirela hemengo erdaran.
Aztertutako toponimoan biak izan zitezkeen oinarria, *landés ala *landesa, baina lehenengo kasuan izanez gero, -a artikulua erantsiko zioten. Ziurrenik izen eman zion pertsona hango jatorria zuen, edo, arrazoi ezezagun batengatik, halako izengoitia ezarriko zioten.
Etxea, gutxienez, mende bat baino gehiago izan zen Mungian, eta ezagutza handiagoa izateko, iturri gehiago beharko lirateke, baina, lehenago aipatu bezala, XXI. mendera ez omen zen iritsi.
Toponimo hau ez da iparraldeko jendearen etorreraz hitz egiten digun bakarra, blog honetan Kaskonategi toponimoa aztertua izan zen, oinarrian gaskoina hitza zegoela, beharbada jatorri adierazlea, Landesa bezala.