lunes, 16 de mayo de 2022

Nazabal toponimoa

 Nazabal toponimoa Araban eta Gipuzkoan agertzen da. Arabako Kuartangoko herrian aurkintza baten izena da eta Gipuzkoako Usurbilen erribera bat.
Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan ere badaude toponimo honen lekukoak:

NAZABAL, 1694, labrantío de Luna.
NAZABALA, 1749, majada en Contrasta.
NAZABELA, igual que anterior.
Toponimoa Zaldibian ere ezaguna izan zen, XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:
NAZABAL BEKOA (prop.)
NAZABAL GOIKOA (prop.)
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVII. mendetik daude Zaldibiko hainbat bizilagunen deituraren lekukoak:

Lekuko zaharrenak, baina, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan aurki daitezke, 26. agirian 1451. urtean Martín de Naçabal, carpintero dago eta 47. agirian 1504. urtean Martín de Naçaual, Zaldibia herrikoa.
Lekuko hauek erakusten dute izena oso zaharra dela eta hasierako lekukoetatik aldaketarik jaso ez duena. Toponimoaren azken elementua argia da, zabal, izena zein izenondoa izan daitekeena. Hasierakoa ez da hain argia, silaba bakarrekoa omen da. Irtenbidea izan daiteke haplologiaren ondorengoa dela uste izatea, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jartzen direnean bat bakarra geratzen da. Horrela, hitz egokiena naza izan daiteke, hitz honen adieretan ezaugarri nabarmenena da uraren beharra izatea, eta horrek bat egiten du Usurbilgo toponimoarekin.
Azken elementua zabal litzateke, eta bi hitzak batzerakoan haplologia gertatu zen, horrela, naza + zabal > *Nazazabal > Nazabal.

No hay comentarios:

Publicar un comentario