Aranzasti da Gipuzkoako hainbat herritan dagoen toponimoa. Adunan eta Gaztelun aurkintza bat da, Bergaran tontorra, Amezketan Aranzasti zubia dago eta eraikinei dagokienez, Gaztelun etxea da eta Leaburun Aranzasti izeneko baserria dago.
Lekuko zaharrenak XVI. mende erdialdekoak dira, deitura bihurtu zen eta Dokuklik web-gunean lekukoak daude, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta, antza denez, Amezketan deitura izan zen luzaroan:
Toponimoaren hasierak arantza izena gogorarazten du, baina aran + -tza hitz elkartua izan daiteke. Bukaeran -di atzizkia izan daiteke, txistukari ondoren egoteagatik horzkaria ahoskabetu dela, baina azken txistukaria azaltzea geratzen da, bestela arantzadi hitza eta toponimoa izango genuke. Txistukari horrek erakutsiko luke etimologia konplexuagoa dela eta hori azaltzeko Okarizti toponimoak argia eman lezake. Azken honetan okaran + -tza + -di izango genuke, lehenengo bi elementuak baterakoan Okarantza sortuko zen eta -di atzizkia eranstean, Okarantzaren azken bokala galdu zen, hiru silaba edo gehiagoko hitzetan gertatzen den bezala, itsasgizon izenean itsas- dugu elkartzeko aldaera, itsaso osoa ez da erabili. Arantzasti toponimoaren egitura arantza + -tza + -di izan daiteke eta elkarketa egitean -tza atzizkiaren azken bokala galdu zen eta horrela toponimoa sortu zen, hasieran Arantzazti izango zen eta gero Arantzasti orokortu zen eta hala finkaturik geratu zen, gaur egunera arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario