Txurdina da Araban eta Bizkaian dagoen toponimoa. Arabako Berantevillan gaina da eta Bizkaiko Abadiñon basoa. Izendegi Geografiko Ofizialeko lekukoak ez dira zaharrak, XX. mendekoak direlako. Arabako toponimoaren lekukoak dira, La Churdina (1992), Alto de las Churdinas (1992), Monte La Churdina (1993)... Beste lekukoak berdintsuak dira. Bizkaiko toponimoak lekuko gutxiago ditu, Churdina (1956), txurdiña (2002). Egun toponimoak berdinak dira, antza, baina lekukoek beste zerbait adierazten dute. Ezberdintasuna nabaria da, Arabako toponimoa ingurune erdaldunean dago eta gaztelaniazko artikulua jaso du. Susmatzekoa da gehiketa hori ez dela ezerezetik sortu; beharbada, tontorra izanik, haitz izena jasoko zuen: atx 'haitz' + urdin + -a > *Atxurdina > La Churdina. Azken urratsa toponimoaren berrinterpretazio bat izan zen, baina lekukorik ez dago azkenaurreko izenaz eta hemen adierazia hipotetikoa da, lekuko zaharragoak aurkitzen ez diren bitartean.
Bizkaiko toponimoaren azalbidea, aldiz, bestelakoa da. Beharbada Txurdin hipokoristikoa dago eta artikulua. Txurdin hori urdin izenondotik sortua da, hasierako tx- hori Txandre antroponimoan dagoen bera da, txikigarritasuna emateko. Horrela agertzen da Alfonso Irigoienen De re philologica linguae uasconicae V liburuko Formacion de hipocoristicos en la onomástica medieval de área vascónica lanean:
IB-22 Churdincho yerno de Johango a.1423 JiménezAberasturi PV160-161 (25) 393, frente a Churdin, forma hipocorística de Urdin, cfr. Urdin MichelenaApellidos (26) 586 “(Azcoitia, 1484)”, de urdin ‘cano, gris, azul’, véase también Urdinso en (+ -so), y Urdingo en (+ -ko).Beraz, egun toponimoak berdinak badira ere, litekeena da garai batean aski ezberdinak izatea, nahiz eta biek barruan urdin hitza izatea.
————
25 Juan Carlos Jiménez Aberasturi Corta, “Aproximación a la historia de la comarca del Bidasoa”. “Apéndice: Ordenanzas de la villa de Lesaca”, PV 160-161 (1980), pp. 263-410.
26 Luis Michelena, Apellidos vascos, San Sebastián l973 [1953].
No hay comentarios:
Publicar un comentario