miércoles, 12 de junio de 2024

Zabaldo toponimoa

 Zabaldo da Gipuzkoako toponimoa, probintziaren lau herritan dagoena. Aia herrian ordokia da, Bergarako herrian Zabaldo baserria dago. Bi toponimo eratorri ere badira, Zabaldoaldea aurkintza Azkoitian eta Zabaldoerreketa basoa eta erreka Antzuolan.
Bergarako toponimoaren XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ZABALDO (2 viv.) (prop.) San Prudenzio auzoa
Herri bereko beste lekuko bat dago, zaharragoa, XVIII. mendeko Gipuzkoa en el siglo XVIII a la luz de la obra de Tomás López izeneko lanean, 277v.:
La Villa [Bergara] está en un Valle que se abre algun tanto hacia el Mediodia, y tambien hacia el Nordueste, situada entre altas montañas; la que tiene al Oriente se llama Zavaldo, que empieza á elevarse desde la misma Poblacion...
Zabaldo izen zaharra bada, bi bide dago azterketa egiteko, lehenagoko izen bat aldatu zen eta Zabaldo sortu zen edo, toponimoaren sorreratik Zabaldo izena izan da. Azken aukera landuko dugu sarrera honetan. Hala bada, toponimoak bi elementu lituzke, zabal izenondoa eta bukaeran -do atzizkia. Kontuan izanik aurrean albokoa dagoela, -to ere izan zitekeen, baina ezin ziurtasunik izan, bi atzizkiak ezagunak direlako baina egun lehena hila da eta bestea ez da ohikoa. Gorordo toponimoan -do atzizkia dago eta beharbada, Zabaldo toponimoan dagoen atzizki bera izan daiteke. Edonoloa ere, gerta liteke hipokoristiko bat izatea, pertsona batek zuena eta jasotako izen hori lurrari ematea, azken batean hori gertatzen da antroponimoetatik sortutako toponimoekin. Batzuetan antroponimoaz gain beste elementuren bat dago, Pertsebelerreka eta Urtsulategi toponimoetan bezala edo, besterik gabe, antroponimo huts bat dago, Matxiku eta Munita toponimoetan bezala. Hau ere gerta liteke Bergarako toponimoarekin edo, beharbada, lur eremu horrek izen hori jaso zuen zabala zelako. Hau izan bazen, lurrak berak jasoko zuen izen hori zuzenean. Zabaloenea eta Zabalonea toponimoak oso antzekoak dira baina kasu hauetan badakigu Zabalo izengoitia izan zela, lekuko idatziak daudelako. Zabaldo, aldiz, ez da beste inongo lekutan ageri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario