lunes, 4 de noviembre de 2024

Istinga toponimoa

 Istinga da Azpeitiko baserri bat. Gipuzkoako beste hiru herritan badira Istinga duten toponimoak, Istingaerreka Arrasaten, Istingagorri aurkintza Antzuolan eta Istingagorrieta aurkintza Legazpin. Aurkitutako lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Azpeitiko Istinga (1857). Interesgarria da nabarmentzea Istingagorrieta toponimoaren lekuko batzuetan Istingorrieta aldaera agertzen dela, ziurrenik haplologia gertatu da.
Toponimo hauetan istinga izena dago:

1 istinga.
1. (V-ple-arr-oroz-gip, G; vEys, H), istingia (vEys, H), istingi (V-gip), iztinga (V-gip, G-azp; T-L), iztingia (V-gip), estinga (V-gip), eztinga (V-gip). Ref.: A; EI 127; Iz ArOñ (iztinga), UrrAnz; Elexp Berg (istingi); ZestErret .
Pantano, cenagal; charca. "Lac" T-L.
Aurrera biarrian / iztingan listuak. Ud 120. Istinga edo ur putzu txiki baten eta itsaso neurtezgarriaren artean dagon banaita. Etxeg EE 1883b, 552. Eguzkiak zingira, iztinga, iztoki, oxin eta ur geldietatik edoski ta zurrut egiten dauzan kutsu guztiak. Larrak EG 1959 (3-6), 204. Istingak idortu eta eguzkiak lurra pitzatzen duenean. Ibiñ Virgil 103. Istinga iritsi-ezinekora daramaten hutsune maltzurrak. MEIG IX 129. (en colab. con NEtx)
Interesgarria da Istinga toponimoaren balizko lotura Gipuzkoako beste leku izen batekin, Estanga toponimoarekin. Istingaren kasuan toponimoak badu euskal hitz bat ederki egokitzen zaiona, bestean ez, baina bi toponimoek antzeko adiera izango lukete, "ur bildua". Hala ere, bi hitzen antzak ezberdintasun batzuk baditu, larriena erdiko bokala litzateke, batek /a/ du eta besteak /i/, batzeko zaila. Hasierako bokalak nahiko hurbilak dira, istingaren aldaera batzuek /e/ bokala badute eta, azkenik, kontsonanteak berdinak dira. Beraz, litekena da lotura izatea bi hitz hauetan, gainera, Istingaren lekukotza nahiko berria da, hitzarena XIX. mendearen bigarren erdialdekoa baina Estangarenak askoz zaharragoak dira, hala ere, azken toponimo honek ez du euskal hitz egokirik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario