miércoles, 13 de noviembre de 2024

Eztanda toponimoa

 Eztanda da Gabiriako baserri bat. Eztanda bada erreka baten izena, Gipuzkoako hainbat herri zeharkatzen dituena, Beasain, Gabiria, Mutiloa eta Ormaiztegi. Dirudienez, azken herri hauetan Eztandaerreka izena ere badu.
Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan agertzen da, Aztiria zozkerakoa:

*EZTANDA (prop.)
Toponimoaren lekuko zaharrena egungoa bezalakoa da, Eztanda (1857), Izendegi Geografiko Ofizialeko datuen arabera. Lekuko ugaritan Estanda aldaera dago, herskari aurreko txistukarien neutralizazioaren eraginez, ziurrenik.
Toponimoak hitz ezagun bat gogorarazten du, eztanda, hain zuzen. Baina zaila da hitz hori ulertzea testuinguru toponimiko batean. Baina badago beste azalbide bat, bestea baino apur bat konplexuagoa, herskari asimilazio bat gertatu zenaren ondorengoa izatea. Beraz, hasieran toponimoaren bi herskariak ez ziren horzkariak, baina berdindu ziren. Atzeranzko urratsa egin eta bukaerakoa belare bihurtuz, *Eztanga eskuratuko genuke, Estanga toponimoaren ia berdina. Gainera, azken toponimo honetarako eman genuen etimologia horretarako ere egokitu litzateke, baserri izateaz gain erreka ere badelako. Beharbada, hasierako toponimoa *Estanga zen eta eztanda izenaren eraginez, txistukaria ere aldatu zen.
Laburbilduz, garai batean *Eztanga > Eztanda bilakaera gertatu zen, eztanda hitzaren berdintasunak prozesuan lagunduko zuen. Ziurrenik askoz lehenago galduko zen *eztanga/*estanga hitz zahar galduaren oroimena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario