martes, 13 de octubre de 2020

Aldaneta toponimoa

 Toponimo hau Arrasatekoa da, lekuko zaharrak baditu, XVII. mendetik hasita, Arrasateko toponimia liburutik jasotako lekukoak dira, 171. or.:

Aldanieta da lekuko zaharrenetan gehien agertzen den aldaera, eta beraz, gertatutako aldaketa bakarra litzateke ie > e bokalen soilketa. Egungo aldaera, Aldaneta, XIX. mende hasieran hasten da testuetan agertzen, gaur egunera arte.
Toponimoak euskal elementuak baditu baina ez da erabat gardena. Badago beste toponimo bat blog honetan aztertua, Aldaneta azaltzeko lagungarria dena, Aldani toponimoa. Azken honek alda- 'alde' + handi > *Aldandi > Aldani bezalako bilakaera izan bazuen, Arrasateko toponimoan berdina izan zen baina -eta atzizkia gehitua: alda- 'alde' + handi + -eta > *Aldandieta > Aldanieta > Aldaneta.
 

viernes, 9 de octubre de 2020

Irimo toponimoa

 Irimo Urretxun (Gipuzkoa) dagoen mendia da, Irukurutzetako mendilerroan.
Toponimo honen lekuko zaharrena Euskaltzaindiaren EODAren arabera irimo (1625) da. Gerora toponimoak ia guztietan ahoskera bera izango zuen, yrimo (1768-1862) bezala. Alde horretatik ez dago arazorik, Irimo da aztergai den hitza. Euskaratik begiratuta, ematen du azaltzeko zaila dela, lehenengo zatia hiri izan liteke, baina azken zatia azaldu gabe geratuko litzateke. Euskal hitzekin zaila bada, beharbada kanpoko hitzak egokiak izan litezke eta kontuan izanik toponimoaren bakartasuna, antroponimo bat.
Ustezko antroponimo hori Didimo izan liteke, V. mende inguruan Euskal Herriko lurraldetik ez urrun ezaguna, lotura hauetaz informazio gehiago Dima toponimoari eskainitako sarreran. Dima bezala, Didimo eta Irimo izenen artean badago antz nabarmena, baina ezberdintasuk ere, eta hauek azaldu beharra dago.
Dirudienez, Didimo antroponimoa Irimo toponimo bihurtu zen eta lehenengo aldaketa horzkari disimilazioa izango zen, eta hasierakoa galdu, Didimo > *Idimo, Emandasoro toponimoan gertatuko zen bezala, hasierako elementua demanda izan bazen. Eta azkenik, bokalarteko d > r bilakaera, Gipuzkoa aldean nahiko ezaguna Agaratxonea toponimoan ikus daitekeen bezala, jatorriak *Agedatxo edo izango zelako. Hizkera arruntean ere ezaguna dira aide 'aire' bezalakoak.
Goikoa zuzena bada, Didimo antroponimoak bi ondorengo toponimiko utzi zituen euskal lurretan, Dima eta Irimo.

Musastegieta toponimoa

 Musastegieta Altzoko aurkintza bat da, beraz, gipuzkoar toponimoa da.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoaren egitura nahiko argia da, aldaketa larririk gertatu ez bada.
Toponimoak hiru elementu lituzke, Musa antroponimoa, estegi izena eta, azkenik, -eta atzizkia.
Estegi izena badago blog honetan aztertutako Jandustegi toponimoan.
Musastegieta ez da, blog honetan, Musa antroponimoa duen aztertutako lehenengo toponimoa, aldez aurretik izan dira beste bi, Musategi eta Musasoro toponimoak.

martes, 6 de octubre de 2020

Doneakue toponimoa

 Toponimo hau arabarra zen, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipio de San Millán-Donemiliaga (1214-1520) liburuan jasoa. Guztira sei lekuko agertzen dira, guztiak 40. agirikoak, 1463. urtean.
Lehenengo bi lekukoak, 179. or.:

... los lugares despoblados de Doneaco y de Berezeca, deciendonos, la parte de las dichas aldeas de Vicuña y de Eguilaz, auer parte y perteneçernos derecho en los terminos y montes y yeruas y pastos y grana y çeuera y aguas estantes y corrientes de los dichos lugares de Doneaco y Bereçeca para ellos y en cada una parte de ellos...
Hurrengoa, 181. or.:
Con mas poder que les damos para que puedan apear y mojonear y señalar los dichos terminos, montes, pastos y eruajes y aguas de los dichos lugares despoblados de Doneacue y de Berezeca, asi ante de la sentencia y pronunciamiento y laudo...
Laugarren lekukoa, 185. or.:
... los dichos lugares despoblados de Doneacu y Berezeca.
Bosgarren lekukoa, 186. or.:
Y dende otro moxon deuajo de la llana de Doneacue.
Eta azken lekukoa, 187. or.:
Yten, fallamos que el agua que desçiende de la fuente de Doneacue que deue ir y correr a las dos aldeas de Vicuna y de Eguilaz por donde siempre corrio sin contradizion ni embargo de los vecinos de San Roman.
Toponimoak hiru aldaera baditu, Doneako, Doneakue eta Doneaku. Jatorrizko toponimotik hurbil dagoena Doneakue litzateke. Doneaku aldaeran azken /e/ galdu da eta Doneako izan liteke aurrekoaren erdalkuntzea jasoa duena, ezaguna da hainbat toponimotan -u > -o bilakaera izan dela, gaztelaniaren eraginez.
Toponimo hau hagionimo bat izango zen, santu izena. Hasieran done izango zen, Donikendi toponimoan bezala, eta bukaeran antroponimoa, kasu honetan Jakue ezaguna.
Mitxelena, bere Nombres vascos de persona lanean antroponimo honetaz aritu zen:
Jakobe, Jakue Jacobo, Santiago: «sanctum Iacobum uocant Jaona domne Jacue» Guía del peregrino de Santiago (s. XII), Jacue bichia, Jacue dorbaiz, etc. Rolde 1366, Iondone Iacue Apostolua Axular 252; Isasti 472 llama Jacue de Astigar a la misma persona a quien en 213 llama Jacobo (ms. Jacobe). Jacue apellido corriente en Nav. Iondoné Iakhubé Apostoliac (activo), Ioandoné iakhubek (id.) Tartas 27 y 170, Jaun Done Jakobe Duv. Leiç. y Haraneder dicen Iaques, Etchahun Sen Jakan «en Santiago (de Compostela)».
Toponimoan gertatutako aldaketa bakarra litzateke /i/ bokala galtzea, bi elementu elkartuz *Doneiakue sortuko zelako. Bokalarteko galera hori geratu ohi da, esaterako Ibaeta toponimoa jatorriz *Ibaieta izango zelako.

Musasoro toponimoa

 Musasoro izeneko baserria bada Zegama herrian, Gipuzkoan.
Badago XX. mendearen bigarren erdiko lekuko bat,  Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan dagoena:

MUSASORO (prop.) Zegama
Badago beste lekuko zaharrago bat, XVI. mendekoa, Archivo Municipal de Salvatierra-Agurain. Tomo IV (1501-1521). Apéndice 1259-1469 liburuan jasoa, 100. agirian, 1516. urtean, Rodrigo de Musasoro, Zegamako auzokoa.
Azken lekuko honek erakusten du toponimoak 500 urte dituela, eta ziurrenik baditu urte gehiago, jakinik Musaren lekukoak,Euskal Herrian zaharragoak direla. Musa antroponimoa arabiar jatorrikoa da eta, beraz, VIII. mendearen ondorengoa. Izen honetaz informazio gehiago Musategi toponimoari eskainitako sarreran.
Jatorrian antroponimoa Musa edo Muza izan zitekeen, azken honen kasuan txistukari asimilazioa gertatuko zen, z-s > s-s, baina Musategi toponimoan ez zen asimilazioaren aukerarik eta antroponimoa Musa zen.

viernes, 2 de octubre de 2020

Gariñondo toponimoa

 Bizkaiko Ea herriko toponimoa. Eako mapa toponimikoan jasoa:

Toponimoaren lekuko zaharrik ez badago ere, aldaketa larririk gertatu ez bada, analizatzeko erraza ematen du, baina badago oztopo bat, gero erakutsiko dena. Toponimoak bi elementu lituzke, garin- eta ondo. Hobekien egokitzen dena Galindo antroponimoa izan daiteke, baina euskararen egokitzea jasoa duena. Galindo germaniar jatorrikoa da eta Mitxelenak azaldua bere Nombres vascos de persona lanean:
Garindo Galindo: «GALINDO, fréquent dans les chartes espagnoles, et aussi dans les chartes pyrénéennes françaises, particulièrement sous la forme Galin, a donné en basque, par la mutation ordinaire de l en r, Garindo» (Luch). El patronímico es Garindoiz, Garindiz, que puede proceder directamente de Galindonis. Luch. señaló también que este antropónimo es la base del nombre de población navarro Garinoain (doc. Garinnoain): añádase Garindein, vasc. Ga(r)indáñe en la Soule.
Galindo ezin izan toponimo honen oinarria baina bi aukera daude, biak antroponimo honetatik sortuak: Garin eta Garino. Bietan gertatu da nd > n bilakaera.
Galindo edo bere euskal etorkikoek aztarrena utzi dute antroponimo eratorrietan eta baita toponimo eratorrietan ere. Esaterako, Garinduaga toponimoan antroponimoa Garindo zen, zalantzarik gabe. Ez zen hori gertatzen Galindarte toponimoan, oinarria Galindo zein Garindo izan zitekeen, bigarren kasuan r-r > l-r bezalako disimilazio bat gertatuko zen, baina ez dago ziurtasunik.
Laburtuz, Galindo antroponimoaren euskal ondorengo baten bitartez sortuko zen Gariñondo toponimoa, baina aukera bikoitza da, Garin eta Garino. Biak izan litezke Gariñondoren oinarriak.

Tiasolo toponimoa

 Eako mapa toponimikotik jasoa da Tiasolo izeneko toponimoa:


 Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina toponimoa nahiko gardena da, aldaketa larririk gertatu ez bada. Bi elementu lituzke, tia eta solo. Azken hau oso ohikoa da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Interes handiagoa du hasierako izena dena, tia. Bizkai aldean ohikoa da izeko hitza, beste lurraldeetako izeba esateko. Euskal testuetan ez da erabilera handiko hitza izan, gaztelaniazko mailegua da eta horren ispilua da Orotariko Euskal Hiztegian bildutako informazio eta lekuko urriak:
tia.
(V-ger-gip, AN-egüés-ilzarb, Sal, R; tie AN-olza). Ref.: Bon-Ond 139; VocPir 169; Holmer ApuntV; Elexp Berg.
Tía. v. izeba.
Esan datorrela aunarte anpurtxu baten, tien partez. Ort Oroig 77. Ta gero egon zala beia ateetan murrusaka ta ikus auela tiak. Holmer ASJU 1969, 182.
Beraz, Tiasolo toponimoak erakusten du tia izena ezaguna dela eta toponimiara ere jauzi egin zuela.