martes, 20 de octubre de 2020

Askasibar toponimoa

 Askasibar izeneko baserriak badaude Bergaran eta Arrasaten, herri mugakideak direnak. Arrasateko toponimoaren lekuko zaharrena XV. mendekoa da, beraz, toponimo goiztiarra da. Arrasateko toponimia liburuan badira toponimo honen lekuko zahar eta berri, 219. or.:


 Toponimoa ez da aldatu azken mendeetan, nahiz eta aldaketa gutxi batzuk izan txistukarietan, sartaldeko euskaran gertatutako neutralizazioagatik.
Etimologia emateko orduan, argi dago azken zatia ibar dela, hitz ezaguna. Hasierakoa ilunagoa da, aldaketa txiki bat gertatu delako, rz > s, hain zuzen. Aldaketa bera Ibaseta toponimoan izan zen, jatorriz *Ibarzeta izango zelako. Askasibar toponimoan, aldiz, *Askarzibar zaharragoa izango zen jatorrizkoa, azkar + -tza + ibar elementuak banaturik.
Azkar zuhaitz izena da, eta toponimian ondorengo ugari utziak ditu. Orotariko Euskal Hiztegiko hitz honen sarrera:
azkar. (V-m-gip; Dv (V)), azkarro (G-goi), askar (V-gip; Lcq 62, A, que cita msLond). Ref.: A; AEF 1955, 72; Iz ArOñ (askar); Elexp Berg .
Arce. Cf. LzG: "azcarro, árbol; arce"; "ascarrio, árbol; arce (LC Lopidana, hacia 1800, vienen varios años en que se rematan suertes de ascarrios)";"puedan podar para hoja los azcarros" (OM San Vicente Arana, 1667)". v. astigar.
Eukalitus, azkar [...] eta urretxak. (1918) ForuAB137. Azkarrak, alboan, / berderik zeunkazan. Gand Elorri 126.
Askasibar sortzean gerta liteke asimilazioa jasatea, hau da, jatorriz *Azkasibar izan eta ondoren bi txistukariak berdindu ziren. Dena den, ez dago horrelako lekukorik.

sábado, 17 de octubre de 2020

Musaurieta toponimoa

 Musaurieta Barrikako auzoa da eta Barrika eta Plentziako erreka ere bada.
Toponimo honen lekuko zaharrak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Musaurieta [N, TO]
Musaurieta (la casa de), Barrica, a.1796, FogVizcayaMs. -/Mundaca, a.1641,
FogVizcayaMs., a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta (la casa y caseria de) (Balduese o), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta (la caseria de), Barrica, a.1745, FogVizcayaMs. -/Mundaca, a.1745,
FogVizcayaMs.
Musaurietta (la casa y caseria de), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurietta_Echanagusia (la casa y caseria de), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta_Echesarra (la casa y caseria de), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta_Nausia (la caseria de), Barrica, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimo honek 300 urte gutxienez baditu, baina ziurrenik baditu askoz urte gehiago, bere etimologia ezaguturik.
Musaurieta izenak hiru elementu lituzke, musa-, huri, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera, eta bukaeran -eta atzizkia. Azaldu gabe geratuko litzateke lehenengo zatia, musa-. Beste toponimo batzuetan aztertu bezala, Musa antroponimoa izango zen, Musategi, Musasoro eta Musastegieta toponimoetan dagoen izen bera.
Toponimoaren sorrera, beraz, nahiko zaharra litzateke, beharbada duela mila urte inguru, edonoloa ere, Erdi Arokoa.
Antroponimoaren lekuko toponimiko hauek erakutsiko lukete Musa antroponimoak indarra izan zuela Bizkaian eta Gipuzkoan, baina dirudienez lurralde hauetan lekuko antroponimikorik ez da jaso.

viernes, 16 de octubre de 2020

Armola toponimoa

 Armola izeneko basoa dago Arrasaten. Bi aldaera nagusi izan ditu, Armola eta Armaola. Arrasateko toponimia liburuan badira toponimo honen lekuko zahar eta berri, 174. or.:

Ikus daitekeenez, Armola aldaera gehiagotan agertu da, nahiz eta Armaolaren azken lekukoa XIX. mende hasierakoa izan. Interesgarria da 1945. urteko aldaera, Almora, r-l > l-r metatesia gertatu delako. Lekuko bakarra da, egungo ahozko izena Armola delako.
Toponimoak bi elementu baditu, arma eta ola. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, arma izenaren lehenengo agerpenak XVI. mendekoak dira, nahiz eta lehenengo testukoa Arrasateko erreketarena izan, XV. mendearen erdialdekoa, baina idatziz, testu hori XVI. mende bukaeran jarria izan zen. Beraz, Armola toponimoa garaikidea da armaren lehenengo agerpenekin.

Armokoste toponimoa

 Armokoste izeneko soroa Arrasatekoa da, ez du lekuko zaharrik, ahoz jasotakoa delako. Arrasateko toponimia liburuan ere jasoa da, 174. or.:

Toponimoa nahiko iluna da, baina euskal hitzak antzematen dira, beharbada har- 'harri' + moko + oste, horrela izenak zentzua izango luke, nahiz eta moko hitza toponimian ez dago oso zabaldurik.
Badago beste azalpen bat, armoka hitza eta oste. Armoka bada Orotariko Euskal Hiztegian:
armoka.
(G ap. A? Aq), armuka (V-gip ap. Elexp Berg).
"Picacho, armoka, armokea (G)" Aq 170. "Peñasco. Ardixak armukapera joaten die billotxa ein barrixan keizpe billa " Elexp Berg. v. armo.
Hitz hau ez da euskal testuetan askotan agertu, baina lekukoen arabera inguru horretarakoa da eta Armokoste toponimoan armoka hitzak ez luke inolako oztoporik izango.

martes, 13 de octubre de 2020

Asporoza toponimoa

 Toponimo hau Arrasatekoa da, egun Asporosa bezala ezaguna baina lekuko zaharren bitartez badugu toponimoa argitzeko nahiko informazioa.
Toponimo honi buruzko informazioa Arrasateko toponimia liburutik jasoa da, 43. orrialdean:

 Egungo Asporoza iluna bada, 1475. urteko Ausparoça askoz argiagoa da. Bi elementu izango lituzke, artikulua zenbatu gabe, hauspo eta arotz. Ez da ahaztu behar toponimoak etxe bat eta burdinola bat izendatu zituela. Lotura argia du azken langintza honek hauspo eta arotz hitzekin. Beharbada, garai batean izan zen *(h)ausparotz hitza, aiputako bi izenen elkarketa, eta hori lanbide izena zen. Hala ere, ez da euskal testuetan ageri, ezta hiztegietan ere.
Jatorrizko toponimotik egungora hainbat aldaketa gertatu dira, au > a diptongoaren soilketa, a-o > o-o bokal asimilazioa eta, azkenik, s/z txistukarien neutralizazioa.

Aldaneta toponimoa

 Toponimo hau Arrasatekoa da, lekuko zaharrak baditu, XVII. mendetik hasita, Arrasateko toponimia liburutik jasotako lekukoak dira, 171. or.:

Aldanieta da lekuko zaharrenetan gehien agertzen den aldaera, eta beraz, gertatutako aldaketa bakarra litzateke ie > e bokalen soilketa. Egungo aldaera, Aldaneta, XIX. mende hasieran hasten da testuetan agertzen, gaur egunera arte.
Toponimoak euskal elementuak baditu baina ez da erabat gardena. Badago beste toponimo bat blog honetan aztertua, Aldaneta azaltzeko lagungarria dena, Aldani toponimoa. Azken honek alda- 'alde' + handi > *Aldandi > Aldani bezalako bilakaera izan bazuen, Arrasateko toponimoan berdina izan zen baina -eta atzizkia gehitua: alda- 'alde' + handi + -eta > *Aldandieta > Aldanieta > Aldaneta.
 

viernes, 9 de octubre de 2020

Irimo toponimoa

 Irimo Urretxun (Gipuzkoa) dagoen mendia da, Irukurutzetako mendilerroan.
Toponimo honen lekuko zaharrena Euskaltzaindiaren EODAren arabera irimo (1625) da. Gerora toponimoak ia guztietan ahoskera bera izango zuen, yrimo (1768-1862) bezala. Alde horretatik ez dago arazorik, Irimo da aztergai den hitza. Euskaratik begiratuta, ematen du azaltzeko zaila dela, lehenengo zatia hiri izan liteke, baina azken zatia azaldu gabe geratuko litzateke. Euskal hitzekin zaila bada, beharbada kanpoko hitzak egokiak izan litezke eta kontuan izanik toponimoaren bakartasuna, antroponimo bat.
Ustezko antroponimo hori Didimo izan liteke, V. mende inguruan Euskal Herriko lurraldetik ez urrun ezaguna, lotura hauetaz informazio gehiago Dima toponimoari eskainitako sarreran. Dima bezala, Didimo eta Irimo izenen artean badago antz nabarmena, baina ezberdintasuk ere, eta hauek azaldu beharra dago.
Dirudienez, Didimo antroponimoa Irimo toponimo bihurtu zen eta lehenengo aldaketa horzkari disimilazioa izango zen, eta hasierakoa galdu, Didimo > *Idimo, Emandasoro toponimoan gertatuko zen bezala, hasierako elementua demanda izan bazen. Eta azkenik, bokalarteko d > r bilakaera, Gipuzkoa aldean nahiko ezaguna Agaratxonea toponimoan ikus daitekeen bezala, jatorriak *Agedatxo edo izango zelako. Hizkera arruntean ere ezaguna dira aide 'aire' bezalakoak.
Goikoa zuzena bada, Didimo antroponimoak bi ondorengo toponimiko utzi zituen euskal lurretan, Dima eta Irimo.