2024(e)ko martxoaren 4(a), astelehena

Urdiano toponimoa

 Urdiano da Aberin eta Morentin herrietako aurkintza bat. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik eskuratutako informazioaren arabera, lekukoak XVIII. mende hasieran hasten dira:

urdiano (1700)
urdiano (1701)
urdiano (1702)
Toponimoaren aldaerarik ez da ezagutzen, izen egonkorra izan da azken hiru mendeetan. Analisi etimologikoa egiteko, susmatzekoa da bi elementuz osatutako toponimoa dela, azkena -ano atzizkia litzateke. Erromatar Arokoak dira atzizki honekin sortutako toponimo asko eta hau ere garai horretakoa izan daiteke. Oinarrian izan ohi da antroponimo bat, oraingoz zehaztu gabea.
Nafarroan herri bat dago, oso izen antzekoa duena, euskaraz Undio da, eta erdaraz Undiano, aztergai den toponimotik oso hurbila. Urdiain toponimoaren sarreran
bada aipu interesgarri bat, Urdiain eta Urdiano toponimoen antzaz ohartua, Mikel Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburukoa:
[...]
Probablemente 'lugar propiedad de una persona llamada *Urdi-'. De *Urdi- + -ain, siendo el primer elemento un nombre de persona no identificado y el segundo un sufijo que indica propiedad.
[...]
Comentario lingüístico: Ver Urdánoz. Rafael Carasatorre (864) escribe que a raíz de la guerra con Castilla hubo varios ensayos de concentración de población en nuevos núcleos urbanos con carácter defensivo. De esta manera en 1355 se pensó que Urdiain pasase a ser Villadefensa, aunque finalmente, en este caso, no se llevó a cabo. Existe en Morentin el paraje denominado Urdiano. Traducciones curiosas y explicaciones populares: Traducciones de este género son: 'sobre el avellanar'.
Urdiano eta Undio/Undiano loturik badaude, jakingarria litzateke zein zen azken herri honen etimologia. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiko Undio toponimoaren web orrian, lekuko zaharrez gain, etimologia saioak daude eta hauetatik egiantzekoena Mitxelenarena genuke, Mikel Belaskok aipatua:
Comentario lingüístico: Julio Caro Baroja (854) piensa que nombres de persona como *Untius o *Untianum podrían formar parte del topónimo pero no llega a documentarlos. Luis Michelena (854b), en cambio, propone Pontius y Pontinius.
Beraz, Pontius oinarria bada, aldaketa nabarmena batzuk behar izan ziren Undio toponimoraino heltzeko. Urdiano herri izenak beste bat gehiago behar izan zuen, sudurkarien disimilazioa, Urdiain toponimoari gertatu zitzaion bezala.
Laburtuz, Urdiano toponimoan -ano atzizkiaz gain, Pontius antroponimoa izan daiteke oinarria. Aldaketa batzuk gertatu ziren eta ziurrenik azkena sudurkarieki gertatutakoa izan zen, *Undiano > Urdiano, Urdiain toponimoari gertatutako aldaketa bera.

2024(e)ko martxoaren 1(a), ostirala

Arkaka toponimoa

 Arkaka da Zaldibiko aurkintza bat. Toponimo eratorri bat du, Arkakako iturria. Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialeko web orriko lekukotza ez da zaharra, Arkaka, 1992. urtea.
Toponimo horrek bi elementu izango zituen, oinarrian arka izena. Hitz honen lekukoetan 'kutxa' esanahia bada ere, garai zaharragoetan uharka hitz elkartuaren sinonimoa izango zen, Nafarroako Arkaburua edo Arabako Arkauti toponimokoak bezala.
Azken elementua -ka atzizki txikigarria litzateke, Labaka edo Urataka toponimoetan dagoen atzizki bera.

Eguneraketa (2026-03-09):
Arkaka, Zaldibiko toponimoa izateaz gain, Ataunen ere Arkaka izan zen. Ataun eta Zaldibia herri mugakideak direnez, Arkaka toponimo bakarra izango zen, bi herritan banatua. Bide batez, Ataungo lekukotza txikia ez da:

Arkaka
Arkaka: (= Arri-ika-aga). 1774 “Arcaca”.
    Izaera: borda
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 116. zk. 9625 erreg.

Arkakako bordea
Arkakako bordea: (= la borda de Arkaka). Construida hacia 1924 para depósito de hierba y de herramientas.
    Izaera: borda
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 211. zk. 9730 erreg.

Arkakako errekea
Arkakako errekea: (= la regata de Arkaka). 1751 “Arcacaco erreca”.
    Izaera: erreka
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 115. zk. 9624 erreg.

Arkakako zubia
Arkakako zubie: (= el puente de Arkaka).
    Izaera: zubia
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 118. zk. 9628 erreg.

Arkakako zubiko iturria
Arkakako zubiko iturrie: (= la fuente del puente de Arkaka). Es agua sulfurosa.
    Izaera: iturria
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 114. zk. 9623 erreg.

Arkakatxiki
Arkaka txiki: (= Arkaka menor). 1763 “Arcaca chiqui”.
    Izaera: borda
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 121. zk. 9631 erreg.

Arkakatxikiko bordea
Arkaka txikiko bordea o Arkaka txikiko saroia: (= la borda de Arkaka menor). (=el sel de Arkaka menor). 1773 “sel de Arcaca chiqui”. A la entrada del siglo XIX construyeron una eskorta o recinto de setos para castañas y más tarde hacia 1885 construyeron la borda.
    Izaera: borda
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 117. zk. 9626 erreg.

Arkakatxikiko saroia
Arkaka txikiko bordea o Arkaka txikiko saroia: (= la borda de Arkaka menor). (=el sel de Arkaka menor). 1773 “sel de Arcaca chiqui”. A la entrada del siglo XIX construyeron una eskorta o recinto de setos para castañas y más tarde hacia 1885 construyeron la borda.
    Izaera: saroia
    Kokalekua: Inzarzu-Insusti
    Erreferentzia: 24. karp. 117. zk. 9627 erreg.
Lekuko zaharrena XVIII. mendearen erdialdekoa da, Arcacaco erreca, 1751, Arcaca, 1774. Ikus daitekeenez, toponimoa ez da aldatu azken 250 urteetan. Ataungo toponimoaren sarreran azterketa etimologiko bat dago, Joan Arinena: Arri-ika-aga. Halakorik ez dago eta toponimoaren lekukotza zaharra bada ere, ez dago jatorrizko izen honen aztarrenik eta horrek pentsarazten digu sarreran eman genuen etimologia zuzena dela, ez da aldatu beharrik.

2024(e)ko otsailaren 27(a), asteartea

Jaundonostia toponimoa

 Jaundonostia da Orendaingo baserri bat, beraz, gipuzkoar toponimoa da. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*JAUNDONOSTI (JANDUSTI) (prop.)
Baina lekuko zaharrena Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialeko web orrikoa da, Jaun Donostía, 1857. urtekoa.
Guztira hiru aldaera daude, Jaundonostia osoena da, baita zaharrena ere. Ondoren Jaundonosti izango zen eta Gipuzkoako hiriburuaren izenean bezala, azken bolaka galdua du. Azken aldaera interesgarriena da, laburketa nabarmena gertatu delako.
Jaundonostia ez da toponimo zaila, jakinik Donostiarekin duen antza jatorri berekoak izatetik datorkiolako. Ezberdintasun bakarra dago hasierako elementuan, jaun izena dagoelako. Jaun onomastikan ezaguna da, Erdi Aroan erabilera izan zuen garaiko antroponimian, blog honetan hitz horretatik sortutako hainbat antroponimo aztertu dira, Jaunso antroponimoaren eratorri toponimiko urrietako bat Jaunsuaga toponimoa da, Jaunti antroponimoaren eratorri toponimikoetako bat Jandisolo toponimoa da, gutxi batzuk aipatzearren.
Toponimoak hiru elementu izango zituen, jaun + done + Sebastian(e) eta hirurak batzetik Jaundonostia sortu zen. Bi azken elementuen batzean Donostia toponimo ezagunaz gain, Donoste eta Donospide toponimoen sortzailea izan zen.
Santu izenak egiteko done + X egitura ohikoa zen Erdi Aroan, baina askotan jaun + done + X erabilia izan zen. Horrelako adibide batzuk daude Mitxelena eta Irigarairen Nombres vascos de persona lanean: Jaun done Petri, Jaun done Esteue, Jaun done Juanis Baptista, Jaun done Laurenti, Jaun done Martie...

Arkaga toponimoa

 Arkaga da Zuiako aurkintza bat. XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

ARCAGA, 1703, labrantío de Vitoriano.
Toponimoa laburra bada ere, bi elementuz osaturik dago, azkena -aga atzizkia da eta oinarrikoa arka izena. Hitz hau ez da ezezaguna blog honetan, uharka hitza behin eta berriz aztergai izan delako, Uarkalde toponimoan bezala.
Litekeena da garai batean arka eta uharka sinonimoak izatea eta gero, zehazte aldera, uharka sortu zen.

2024(e)ko otsailaren 26(a), astelehena

Basanko toponimoa

 Basanko da Zuiako aurkintza bat eta Iruña Okako erreka bat. XX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

BASANCO, término de Domaiquia.
Toponimoak bi elementu izango zituen, oinarrian basa-, baso izenaren eratorpen aldaera. Askotan basa- aurrizkia erabili da basatiren sinonimotzat, basakatu, basurde, basaurde aldaera osoagoaren laburketa.
Interesgarriena azken elementua da, -nko atzizki txikigarria delako, Otsanko antroponimoan dagoena. Askoz ezagunagoa da herskari ahostuna duena aldaera, -ngo atzizkia, Otsango antroponimoan dagoena. Bietatik -nko zaharrena litzateke, -nko > -ngo bilakaera gertatu delako. Atzizkiaren aldaera zaharrena bazter eremuetan gorde egin zen, sortaldean zein sartaldean eta Arabako toponimoak azken eremu horretan kokatzen dira.

Domika toponimoa

 Domika da Meñakako baserri bat. Domikagana toponimo eratorri dago, herri berean, bukaeran gan 'gain' duela. Toponimoaren lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira eta aipatuako izendegian agertzen dira: Domica (1704, 1780, 1796). Beste guztiak antzekoak dira, batzuetan Domike aldaera dute, i-a > i-e asimilazioagatik. Bada bat, bestelakoa: Dominica (1798). Ziurrenik izen berreraikia da, norbaitek pentsatu zuen izena laburtua zela, fenomeno ezaguna da toponimo batzuetarako bi aldaera daudela, sudurkariduna, gaztelaniaz erabili ohi dena eta sudurkarigabea, euskarazkoa. Horrela, herri izenetan baina ez soilik izen handietan bikoteak daude, Galdakao / Galdácano, Lazkao / Lazcano... Horrela, norbaitek Domika ikusi eta uste zuen Dominica osatuagoaren aldaera zela, euskarazkoa, eta aldaera osoa, asmatua jarri zuen, beste inon agertzen ez dena.
Etimologia emateko egokia da uste izatea aspaldian *Dominika izan zela, gerora sudurkaria galdu zela, Domika bihurtuz. Latineko Dominica euskaraz Domeka antroponimo emakumezkoaren sortzailea da, tarteko erromantze batetik, erdiko bokalak salatzen duen bezala. Domekaren lekukoen artean ez dago /i/ bokala duenik eta, beraz, pentsa daiteke Domika toponimoan ez dagoela Domeka antroponimorik, nahiz eta hori ziurra ezin izan, garai zaharretako lekukotza txikia delako.
Domika azaltzeko nabarmena da loturik dagoela Domeka antroponimotik, biek jatorri bera dutelako. Baina toponimoa -ika atzizkia duten beste toponimoen artean sartzekoa da. Oinarrian Dominus latina genuke eta beharbada, esanahi oso antzekoa izango zuen Domizko gaina toponimoak. Bietan oinarri bera, Dominus, ziurrenik antroponimo bihurtua, izen arrunta bazen ere. Ondoren, jabetza adierazteko, batean -itz genuke, latineko -is mailegatua eta bestean -ika, latinetik zuzenean jasoa, aldatu gabe.

2024(e)ko otsailaren 23(a), ostirala

Logorri toponimoa

 Logorri da Arabako toponimian behin eta berriz agertzen den toponimoa. Aurkintza bat da Iruña Okan, Urkabustaizen, Kuartangon eta Zuian. Azken herri honetan tontorra ere bada. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan ere badira Logorri izena duten batzuk:

LOGORRI, término de Trespuentes. Labrantíos de Tortura, Domaiquia y Onraita.
LOGORRIA, 1827, labrantío de Arlucea.
Urkabustaizko toponimoak lekuko zaharrena du, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala web gunekoa, Lugorri, 1600. urtekoa. Lekuko honek zalantza uxatzen du, bi etimologia aurkez zitezkeelako, lohi + gorri edo lur gorri. Lehenengoaren kasuan lohi izenaren azken bokala galduko zen eta bestean bokalen asimilazio bat, u-o > o-o. Hala gertatu zen Urbabustaizko toponimoan eta, ziurrenik, besteetan.
Lur gorri hitz elkartua ezaguna da, bi elementuak agerikoak ditu, lur eta gorri eta lugorri aldaera ere bada. Aipagarria da lur hitzaren lekuko zaharrenean lur gorri hitz elkartua dagoela, XIII. mendekoa:
Lurgorrieta. (1283) Arzam 332.
Logorri toponimoa dagoen herri batzuetan Lugorri ere bada, Kuartangon aurkintza da, Zigoitian aurkintza eta alorra da eta Zuian Lugorriaga izeneko basoa dago. Gainera, Iruraiz-Gaunan Lugorrieta aurkintza dago.
Esanguratsua da Logorri eta Lugorri toponimoak Araban izatea, ez beste lurraldeetan, horrek erakusten du lugorri aldaera erabiltzen zela. Baina badira lur gorri hitz elkartuarekin sortutako toponimoak, Lurgorri da Bizkaiko hiru herritan dagoen toponimoa eta, gainera, Gipuzkoako Hondarribian ere bada izen bereko labarra. Bizkaikoak dira, Mendexako iturburu bat, Berriatua herriko baserri bat eta baso bat eta, azkenik, Urduñako iturburu bat.