viernes, 31 de julio de 2020

Oialume toponimoa

Oialume egun, Hernaniko auzoa da eta Astigarragako Oialumezar izeneko baserria bada.
Aurreko mendearen bigarren erdirako badaude lekuko batzuk, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan jasoak. Honakoan, bazen Oialume izeneko baserria Hernanin eta Astigarragan, aldiz, Oyalumeberri izeneko baserria. Orduan bilakaera hauxe litzateke, Hernaniko baserriaren izena auzo bat izendatzera erabili da, eta Astigarragan bi baserri izan dira Oialume izendunak, Oialumeberri eta Oialumezar.
Toponimoa, euskaratik begiratua, argia da, oihal + ume. Hizkera arruntean ez litzateke bitxia izango baina bai toponimo baterako.
Hurbilketa etimologikoak bestelakoa izan behar du. Aldaketa batzuk gertatuak izan dira hasierako toponimoa nahikoa aldatu dutenak. Batetik un > um bilakaera gertatu zen, Gazume toponimoan bezala. Horrela, aurreko aldaera *Oialune izango zen. Bestetik, sudurkarien disimilazio bat, n-n > l-n, Martilandierreka toponimoan bezala. Orduan, atzeranzko urratsa egin eta *Oianune izango genuke. Hauxe litzateke hasierako izena. Elementuak ezagunak dira, oihan eta (g)une, baina bi sudurkariak izen berean izatean, aldaketak hasi ziren, Oialume bihurtu arte.

Jandoniane toponimoa

Arrasateko toponimoa zen Jandoniane, behin bakarrik jasoa omen da, duela bi mende. Arrasateko toponimia liburan badago lekuko bakar hori, 135. orrialdean:
JANDONIANE, peña llamada        1822    HO (IX)
Nahiz eta lekuko gehiagorik ez izan, izena nahiko gardena eta horrek analisia ahalbidetzen du. Hiru elementuz osatutako toponimoa litzateke, Jaun + done + Joane. Elementu guztiak hitz batera eramatean, normala da laburketak izatea, eta hala gertatu da.
Toponimo oso antzekoa Donibane ezaguna litzateke, nahiz eta azken honek hasierako Jaun ez izan.

martes, 28 de julio de 2020

Ibaseta toponimoa

Ibaseta Markina-Xemeingo toponimoa da. Egun toponimo eratorrien bitartez ezaguna da, Ibasetaburua basoa eta Ibasetaerdikoa eta Ibasetaormaetxe baserriak.
Lekuko zaharragoak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:
Ibaseta [N, TO]
Ybaseta (la casa de), Cenarruça, a.1641, FogVizcayaMs.
Ybaseta (la cassa de), Zenarruza, a.1704, FogVizcayaMs.
Ybasetta (la casa de), Bolibar/Cenarruza 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Beazcoa (la casa de) [Achondoa (barrio de)], Jemein (Santa_Maria de) 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Vecoa (la caseria de) [Erdoza (cofradia de)], Jemein, a.1745, FogVizcayaMs.
Ybaseta_de_Medio (la casa de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Erdicoa (la caseria de) [Erdoza (cofradia de)], Jemein, a.1745, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Goicoa (la casa de) [Achondoa (barrio de)], Jemein (Santa_Maria de) 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Hormaechea (la casa de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Ormaechea (la casa de) [Achondoa (barrio de)], Jemein (Santa_Maria de) 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Ormaechea (la caseria de) [Erdoza (cofradia de)], Jemein, a.1745, FogVizcayaMs.
Ybasetabeacoa (la casa de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs.

Toponimoak ez du aldaketarik azken mendeetan baina iluna da. Aldaketa bat jasan zuen eta horrek toponimoaren esanahia ilundu du, rz > s bilakaera, hain zuen. Atzeranzko urratsa eginez, berreskutatuko genuke *Ibarzeta, eta horretan elementuak nahiko argiak dira, ibar + -tza + -eta, tarteko urrats batean *Ibarzeta izango zen.
Aipatutako bilakaera ezaguna da toponimian eta baita lexiko arruntean ere. Esate baterako, uso dena, sortaldeko inguruan urzo bada. Toponimoan eta lexikoan aldaketa bera bada, garai berean gertatu ziren biak? Hala balitz, garai zaharretan kokatu beharko genuke, beharbada milurte bat baino zaharragoa da, nahiz eta aldaketaren kronologiaz gauza ziurrik ez jakin.

 Eguneraketa (2022-01-29):
Toponimoaren lekuko zaharrago bat dago La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuko 53. agirian, 1500. urtean:

En la yglessia y monasterio de Nuestra Señora Sancta Maria de Çenarruça a quinze dias del mes de mayo año del Señor de mill y quinientos años en presçençia de nos Ochoa Martinez de Anchia, notario y Martin Saez de Arranguiz, escrivano del rey e de la reina, nuestros señores, e de los testigos de jusso escriptos, estando y presentes ayuntados en cavildo a campana tañida de coro, el señor don Pedro Lopez de Ybaseta abbad del dicho monesterio...
Lekuko hau gehitua, toponimoak 500 urte baino gehiago baditu, eta aldaerarik ez du erakutsi. Horrek berretsiko luke hemen emandako etimologia.
 

Jandolamendi toponimoa

Jandolamendi, Bizkaiko Berriz herriko tontorra da. Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina toponimoa gardena denez, hemen jarriko dugu ikusitako etimologia. Hasieran bi elementu genituzke, *Jandola ezezaguna eta mendi. *Jandola hori, garai batean toponimo beregaina izango zen, baina galdu ondoren Jandolamendi toponimoan bere aztarrena utzi du.
*Jandola horrek bi elementu lituzke, bukaeran ola izena eta hasieran Jaunti antroponimoa. Baina sortutako toponimoa ez da *Jauntiola, eta horrek azalpena eskatzen du, aldaketa batzuk gertatu zirelako.
Jandustegi toponimoan bezala nt > nd asimilazioa gertatu zen, baita hasierako silabaren diptongoaren soilketa ere. Azkenik, antroponimoaren azken bokala ere galdu zen, /io/ diptongoa deseginez.

sábado, 25 de julio de 2020

Jaurisasia toponimoa

Badirudi toponimoa egun bizirik ez dagoela, baina Arabako Mendieta herriko toponimo hau lekuko zahar baten bitartez ezaguna da. Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan bada lekuko zahar hori, B04 izeneko agirian, 1418. urtean, 226. or.:
E desta pedrera arriba a donde esta vna pedrera grande que llaman Jaurisasia.
Toponimo honek bi elementu lituzke, jaur- 'jaun' eta isasi, ahaztu gabe -a artikulua.
Jaur- aldaera jauregi hitzean ere bada, jaur- 'jaun' + -(t)egi, eta hainbat hitzen eratorpen aldaeratan bada, sor- 'soin' + balda > sorbalda.
Bitxia da kontrastea Jaunubela toponimoarekin, han, dirudienez, toponimoaren oinarria ez delako aldatu. Arrazoia kronologian bilatu beharra dago, beharbada.
Isasi hitzak ez du euskal testuetan aztarren handirik utzi, Orotariko Euskal Hiztegian hauxe da agertzen den informazio osoa:
isasi.
isasi. "(V-ger), jaro" A.
Lekuko bakarra du, Azkueren hiztegia, XX. mendearen hasierakoa. Beraz, Arabako lekuko toponimiko honek Araba ere gehitzen du isasi izena ezaguna zen lurraldeen ezagutza eta isasi hitzaren lehenengo lekukoa ia 500 urtez aurreratzen du.
Azken ohar bat isasi hitzaz, beharbada oinarrian isats egon liteke, bukaerako -i hori atzizki zahar bat litzateke, gazi hitzean dagoen bera, *gaz 'gatz' + *-i > gazi.

Jaunubela toponimoa

Ameskoako toponimo honen lekuko bakarra dago, 1590. urtekoa eta Luciano Lapuenteren Toponimia amescoana izeneko lanean agertutakoa:
87. —Jaunubela.
Lekukoa ontzat hartuz gero, etimologia emateko azalpen argia lezake, baina badago alde ilunen bat. Bi elementu lituzke, jaun eta ubel, artikulua zenbatu gabe. Honaino arazorik ez dago, hitz arruntak dira, baina ubel, batez ere, kolore bezala ezaguna da eta toponimo baterako egokia izan liteke, baina ez toponimoaren oinarria jaun hitza bada. Ubel hitza, dirudienez, hitz elkartua da, ur + *bel 'beltz', eta handik egun dituen esanahietara igaro zen. Beharbada toponimo hau arkaismoa da eta hasierako esanahia gorde zuen eta toponimoak ur azal baten erreferentzia egin nahi izan zuen, aintzira batena edo.
Bestela, egungo ubel hitza badago toponimoan, beharbada gizon baten izengoitia izan zitekeen, gerora toponimoa bihurtua?

martes, 21 de julio de 2020

Jandoneperi (Jalanpi) toponimoa

Jandoneperi Arrigorriagako baserria da. Lekuko zaharrik jasorik ez badago ere, toponimoaren azterketa nahiko erraza da, toponimoak aldaketa oso txikia jaso duelako. Bestelakoa da Jalanpi, ziurrenik ahozko aldaera dena. Honek aldaketa larriak jasan ditu, bokalarteko dardarkaria galdu eta ondoren ei > i laburketa, nd > n eta ondoren, disimilazioz /l/ bihurtu eta, azkenik, hirugarren silabako bokala galdu ondoren, bokal asimilazioa: a-o > a-a. Urrats horiek azaltzea erraza da toponimoaren aldaera zaharra dena gorde bada.
Toponimoak hiru elementu lituzke, Jaun + done + Peri. Azken hau Petri ezagunagoaren aldaera da, erromantzez /tr/ soildu zen eta euskaraz jaso.
Aldaketa bakarra izan da, hasierako silabaren diptongoa soildu da, Jandonekobe toponimoan bezala.