lunes, 30 de diciembre de 2024

Munioeta toponimoa

 Munioeta da Orioko bazter-auzo bat. Hiru toponimo eratorri daude, Munioetaberri eta Munioetazar baserriak eta Munioetaburu tontorra. Toponimo hauen lekukoek antzinatasun gutxikoak dira eta askotan Muniota aldaera agertzen da. XX. mendearen bigarren erdiko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

MUNIOTA (2 viv.) (prop.)
MUNIOTA ZAR (prop.)
Lekuko zaharragoak beharrezkoak lirateke ziurtasun handiagoz lan egiteko baina dagoena da oso lekukotza berria eta bi aldaera, Munioeta eta Muniota. Normalean bilakaerek laburragoak egiten dituzte hitzak, baita toponimoak ere, ezagunak dira Atxalta (Aretxabaleta) edo Mostrun (Monasterioguren). Orioko toponimoetan berdin gertatu bada Munioeta > Muniota gertatu da. Gainera, ondorengo aipuan azaltzen da XIX. mendeko Munioeta.
Etimologiari dagokionez, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan toponimo honetaz hausnarketa laburra dago:
457. —Munio n. pr.: Muniain (Monein, Muñiain) (Caro Baroja, Mat, 74-75). Quizá sea el primer componente de Munita (Bunita); hay top. Bunieta en 1141, que puede ser el actual Muniota (Orio Guip.), en el siglo XIX Munioeta. De Munioeta podría muy bien proceder, por pérdida de -n-, Miota, ap. de Mondragón en el siglo XVII; un Nunnuto Miotaco, aparece en doc. del año 1053. Pero acaso Miota, que es el nombre de un barrio de Elorrio (Vizc.), no podrá separarse de Biota, ayuntamiento de la prov, de Zaragoza: la m- vasca podría ser secundaria, como tantas otras veces. Todo lo anterior es inconsistente.
Azken esaldia liburuaren eranskina da, liburua argitaratu eta hamarkada batzuetara. Zaila litzateke Bunieta > Muniota azaltzea, XIX. mendeko Munioeta ahaztu gabe. Dena den, Munio antroponimoa izan daiteke toponimo honen oinarria, Muniosoro toponimoa bezala. Bukaerako elementua -eta atzizkia litzateke, beharbada leku esanahia duena, Antxoeta toponimoan ere egitura bera genuke, PI + -eta.

viernes, 27 de diciembre de 2024

Gabitegi toponimoa

 Gabitegi da Berrobiko baserri bat. Toponimoaren lekuko zaharrik ez da eskuratu eta, beraz, analisia hasiko da ezagutzen den izen bakarrarekin. Toponimoak bi elementu lituzke, azkena -tegi atzizkia, oso ohikoa etxe izenetan eta oinarrian gabi izena genuke. Gabi hitzarekin eginiko hitz elkartu bat agertzen da Gabiardatza toponimoan, gabi-ardatz, zehatzago.

Lapikarigan toponimoa

 Lapikarigan da Arabako Zuia udalerriko mendi bat. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian informazioa dago toponimo horri buruz, lekuko zaharrenak XVII.-XVIII. mende artekoak dira:

lapicari (1652-1779)
lapicarigana (1652-1779)
lapicarioste (1652-1779)

lapicarigan (1986-2003)
Egun Lapikarigan bada ere, mende hauetan Lapikari aldaera askotan agertzen da, gan izanik gain hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Beraz, Lapikari geratzen da analizatzeko eta hasierakoak oso antz handia du lapiko hitzarekin, hau ere sartaldekoa, batez ere Bizkaikoa. Hala ere, bukaerako zatia geratzen da, -ari, eta hau izan daiteke atzizki ezaguna lanbide izenak eta sortzeko oso erabilia: pilota : pilotari, sukalde : sukaldari... Lapiko : *lapikari? Hitza ez dago Orotariko Euskal Hiztegian baina izan zitekeen eta jaso gabe geratu. Lapikogin hitza bazen eta *lapikariren sinonimoa izan zitekeen:
lapikogin.
(Vc ap. A; Lar, Dv, H).
Ollero. "Lapiko-gina, [...] ollero" Ast Apol 88 ( Dv).
Zuzenduko ditu burdiñazko zigorragaz eta izango dira ausijak lapikogiñaren ontzija legez. Ur (V)Apoc 2, 27. Gero yabeak salduten / deutso lapiko-ginari. Zav Fab RIEV 1907, 530. Lapikoginak ekarri dau alkate, ari bere ausi deutso buruxe. (V). A EY IV 318.
Lapikarigan toponimotik ez urrun, Ollerieta dago, Legution. Gaztelaniaz Ollerías da, ollero lanbide izenetik sortutako hitza. Beharbada inguru horretan inoiz *lapikari hitza izan zen.
Nahiz eta aurrekoa izan etimologia egiantzekoena, beste analisi mota bat aipatu beharrekoa da, oinarria berbera izango zen, lapiko, baina buruan -iri atzizkia izango zen, hau hurbiltasun adierazlea da. Beraz, lapika- 'lapiko' + -iri > *Lapikairi > Lapikari. Esanahia izan zitekeen "lapikoak hurbil dauden lekua", aldaketa bakarra beharrezkoa da, diptongoaren soilketa, baina hau ez da oztopo handia.

lunes, 23 de diciembre de 2024

Nagiola toponimoa

 Nagiola da Asteasuko baserri bat. Lekuko zaharrena XIV. mendekoa da, Naguiola (1349), egun bezalakoa. Toponimoak bi elementu izango zituen, ola bukaeran eta nagi oinarrian. Hitz bera beste bi toponimotan dago, blog honetan aztertuak, Nagiibarra, Arabakoa, eta Nagiorbe, Gipuzkoakoa.
Asteasuko toponimoaren lekuko zaharrena ia 250 urtez aurreratu litzateke Orotariko Euskal Hiztegian dagoena, Garibairen esaera zaharren bildumakoari:

Gizon beti nagia, etsa galzaigarria. RG B, 3.

Zabarte toponimoa

 Zabarte da Bergarako baserri bat, toponimo eratorri bat dago, Zabartekoetxetxo, hau ere baserria.
Lekuko zaharrena, Bergarako baserriak web-gunearen arabera XV. mendearen erdialdekoa da, Zabarte sarreran:

1448. En el mencionado estudio toponomastico de San Martin sobre Elgeta, se cita a Juan de Zabarte.
Toponimoa berdina izan da azken 550 urteetan, gutxienez. Zabarte izenak egonkortasun handia izan du eta dituen elementuak ere aski argiak dira, baina interpretazioa ez da hainbeste argia. Toponimoak bi elementu lituzke, zabar izenondoa eta arte, leku postposizioa. Ondoren, haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdin edo oso antzeko elkarren ondoan jarriz gero, bat geratzen dela: Zabar + arte > *Zabarrarte > Zabarte.
Zabar hitza izengoitia izan zitekeen eta, horrela, toponimoaren egitura PI + arte izan zitekeen, Magdalenoarte toponimoa bezala. Honetan Magdaleno antroponimoa izango zen oinarrian, eta Zabarte izenean, zabar. Hitz honen adierak egokiak dira izengoiti bihurtzeko:
1. Descuidado, negligente, dejado, despreocupado; perezoso.
2. Descarriado.
3. Depravado, inmoral.
Bigarren elementuari buruz, ez dago argi nola azaldu arte toponimo hauetan, baina Zabarte egitura horretakoa bada, Galindarte eta Amunartia toponimoekin batera sar liteke Zabarte bera.
Zabar gehiago dago euskal onomastikan, Zabardillo antroponimoan, oinarrian zabardo izenondoa izango zen eta bukaera aldean -illo atzizkia, hipokoristikoa egiteko. Zabardo beraren egitura zabar + -do da.
Hau guztia egiantzekoena izan daiteke, baina bada beste aukera bat, aipatu gabe ezin utz daitekeena, zabor hitzaren aldaeren artean zabar dago. Beraz, zabar 'zabor' + arte > *Zabarrarte > Zabarte.

miércoles, 18 de diciembre de 2024

Garalde toponimoa

 Garalde da Bermeoko aurkintza eta baserri baten izena. Garalde aurkintzaren lekuko zaharrenak XVI. mende erdialdekoak dira:

1542    Garalde, viñas en    VEKA   S.V. C1628-1
1643    Garalde, tierra en    BFA. Bust   180/24
1646    Garalde, terreno en    BFA. Bust   201/210   199
Garalde baserriaren lekukotza ere urte beretsukoa da:
1578    Garalde, casa de    VEKA   R.R. Ejec. C2497   18
1623    Garalde, casa de    BEHA   A-741/48-2   27b
1629    Garalde, casa de    VEKA   S.V. C1086   157b-165
1629     Garalde, cas.    BUA   928. Mojonera. 1749   144
Azkenik Garaldegane izena, oso lekukotza berankorra eta urrikoa:
1980    Garalde gane, heredad    GJE   fk:10581   L113;120
Azken honen bigarren elementua gane, gain orokorraren sartaldeko aldaera, lehenik gan eta ondoren /e/ paragogikoa jaso zuen. Hasierakoa da interes gehien duena, Garalde. Bi analisi egin daitezke, orain artekoan, garai + alde edo *gara + alde proposa liteke, lehenengoan tarteko *garaialde izango zen eta ondoren /j/ galduko zen eta bi bokal berdinak batuko ziren. Bestean azken urratsa soilik gertatuko zen. Horrek behartzen du inoiz *Garaialde eta/edo *Garaalde izatea, baina XVI. menderako ez litzateke harrigarria urrats horiek bukatuak izatea.
Hemen beste hurbilpen etimologiko bat aurkeztuko dugu, Garbe eta Garbea toponimoetarako gain hitzaren alomorfo bat proposatu genuen, gar-, jaun : jaur- gertatzen den bezala, cf. jauregi. Beraz, gar- 'gain' + alde > Garalde. Gainera, Garaldegane toponimoak erakusten digu hubil gain bat zegoela. Hala ere, hori ere egokia da gorago erakutsitako etimologiekin. Beraz, Garate toponimoan bezala, hiru aukera daude Garalde azaltzeko eta aurkeztu den azkenak baditu beste toponimo batzuk, bilakaera gehiagotan gertatuko zelako eta toponimo batzuetarako, Garbe eta Garbea zehatzago, garai edo *gara ez dira egokiak.

Imiritxipi toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, XX. mende erdialdekotzat har dezakeguna, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

IMIRICHIPI, término montuoso de Eguileta.
Lekuko bakarra denez, izen bakarra dago analizatzeko, Imiritxipi, eta bigarren elementua agerikoa da, txipi, egun euskararen eremu gehienetan txiki erabiltzen denaren sinonimoa. Larretxipitxiki toponimoan bi hitzak daude, txipi zaharra eta txiki berriagoa. Beste elementua, *Imiri antroponimoa izan daiteke eta Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan badago aipu labur bat antroponimo honi buruz:
599. — *zaldu, zaltu. La última var. en ronc. «arboleda donde sestea el ganado»: Zaldo, Zaldu, Zaldua, Zaldualde, Zalduegui, Zalduendo (top. Zalduhondo en Al., 1025); final en Imirizaldu, quizá con un antropónimo (Aimery, Emery).
Beraz, *Imiri + txipi > Imiritxipi, inolako aldaketaten beharrik gabe. Nahiz eta bi elementuak ongi zehazturik dauden, ez dago argi txipiren esanahia toponimoan, Imiri Txipi izen zitekeen gizon baten izena, edo inoiz izan zen *Imiri toponimo bat eta bere zati bati txipi izenondoa erantsi zioten? Hala bazen, ez da ustezko toponimo nagusiaren lekukorik heldu.