martes, 30 de abril de 2019

Martanea toponimoa

Lizartzako etxe izenen artean bada Martanea. Lekuko zaharrik ez badugu ere, azterketa etimologikoa agerikoa da, Marta antroponimoa eta -(r)en + -a.
Marta emakumezko antroponimoaren erabilpena luzea izan da, Erdi Aroko lekukoak badira eta egun ere ezaguna da. A. Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz liburuan izen honetaz hainbat informazio jasotzen du:
"1.115. MARTHA (176): Leiçarraga-k Martha darabil, “S. Lvc”, X, 38, [...] Ezin ontzat har daiteke Arana Goiri-k egiten duen bereizketa: Marta gizonezkoentzat, eta Marte emakumezkoentzat, nahasterako baino ez baitu balio (177), Saindu-izena: Santa Martha.
Ikus XIV menderako MARTHA Nafarroan: Martha Rutico, (1366, PN-XIV, F.Sang., 454 orr), Gallypienço-n.
Ikus baita-ere Santa Marta hagionymoa XIV menderako Nafarroan: El Ualeijo de la Puerta de Santa Marta, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 336 orr), Viana-n.
————————
176 Leiçarraga: “Martha, incitaçalea, prouocaçalea”, 1199 orr. (Testamentv berrian diraden icen propri Hebraico eta Greco batzuén declarationea).
177 Obr. Compl., “Lenengo egutegi bizkattarra 1898”, 1443 orr."
Marta izenaren jatorriari buruzko datuak J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval, 449-450. or.:
"Marta (f.)
[...] Origen: Nombre de origen arameo-siriaco difundido a través de una forma grecolatina MARTHA, MARTA (Forcellini 6, 222-223).
Pese a su temprana constatación en latín, la difusión del empleo antroponímico de Marta en el occidente europeo debe ponerse en relación con el culto cristiano, al que se vincula desde el personaje evangélico Santa Marta de Betania, hermana de María Magdalena y Lázaro y discípula de Cristo, a la que se suman con posterioridad otras santas homónimas, entre ellas la siria vinculada a Santa Susana, con culto en la vecina diócesis de Astorga desde, al menos, el siglo X (BiblSanctorum 8, 1202-12 19; Piel 1949: 347-348)...."
Toponimo honetan argi geratzen da etimologiaren ezagutza soilaz ezin jakin noiz sortua den, joan den milurteko edozein mendetan izango ziren Marta izena zuten emakumeak. Beraz, Lizartzako toponimo honen sorrera data ezagutzeko ezinbestekoak lirateke lekuko zaharrak.

Agirleta toponimoa

Agirleta toponimoa Bilbokoa da, Artxandatik sortaldera, Zamudioren mugaldean. Lekuko zaharrik ez badago ere, analisia ez da batere zaila, kontuan hartuz gero aldaketa bat gertatu zela, dardarkariaren disimilazioa, hau da, rr > rl. Aldaketa hau ez da ohikoa baina ale batuzk badira, adibidez, gerla 'gerra'. Beraz, zaharragoa *Agirreta litzateke eta orduan azterketa nahiko erraztuko zen, alde batetik agirre, eta bestetik -eta atzizkia.
Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan, nahiz eta sarrerarik ez izan, agirre hitza aipatua da, eta baita bere esanahia ere:
"23. — (h)aize «viento»: Aizaguirre (Guip., 1782), Ayçaguer, Eizaguirre, Izaguirre, top. Aizaguerria (Pamplona, 1574). Aunque Vinson (RIEV III, 353) opina que Haiçaguerri significa «roca descubierta», su primer elemento es, según toda probabilidad, (h)aize «viento»: cf. ronc. aireager «lugar expuesto al viento». Téngase también en cuenta el carácter de otros determinantes de -agerre, agirre como egoa «(viento) sur», eguzki «sol», ip(h)ar «(viento) norte», etc. «El apellido español Eizaguirre no es sin duda otra cosa que una variante de las formas Ayçaguer y Eyçaguer que encontramos en Francia» (Gavel, Ph. b., 39). Además ap. Aiceburu y acaso alguno de los incluidos bajo (h)aitz."
Beraz, agirre 'leku agerikoa' litzateke eta horri -eta atzizkia gehitu zitzaion, leku horren zabaltasunaren edo handitasunaren adierazlea.

martes, 23 de abril de 2019

Agaratxonea toponimoa

Agaratxonea toponimoa Errenteriakoa zen. Bi lekuko ezagutzen zaizkio, biak XVIII. mendearen bukaerakoak, Agarachonea (1793) eta Agarachonea (1794). Bi lekukoek ez dute ezberdintasunik erakutsi eta, beraz, analisiak hortik hasi behar du.
Etxe izena zenez, eta bukaera aldean -(r)en + -a zuenez, normalena litzateke oinarrian antroponimo bat izatea, hau da, *Agaratxo. Izen hori ezezaguna da, baina analisia eginez gero, -txo atzizkia badela edonork pentsa dezake.
Toponimoa iluna izan daiteke, baina ezagutzen dena kendu eta *Agara- bezalakoa geratuko litzateke. Hau ezezaguna da, baina bada izen nahiko antzekoa dena, Ageda. Garai zahar batean -txo atzizkia erantsi eta *Agedatxo hipokoristikoa sortuko zen. Gero, litekeena da toponimoa sortu eta aldaketak gertatu, izen zaharraren ezagutza galdu ondoren. Horrela, r/d nahasketa gertatu zen, inguru horretan ezaguna dena, cf. aide 'aire'. Beste aldaketa bokal asimilazioa izan zen, a-e-a > a-a-a.
Beraz, toponimo honen bitartez beste hipokoristiko zahar baten ezagutza badugu, *Agedatxo (edo *Agaratxo), eta horrela Errenteriako izen zahar honek azalpena ere aurkitu du.

Mansaxe antroponimoa

Mansaxe emakumezko izena behin agertu da, Colección Documental de los Monasterios de Santo Domingo de Lequeitio (1289-1520) y Santa Ana de Elorrio (1480-1520) liburuko 30. agirian, 1398. urtean:
"E todas las mis mandas cunplidas e pagadas e fechos los mis enterramientos, de los çinco annos, lo que fincare mio mando que aya e herede Mansaxe, mi sobrina"
Izen honen analisia oso erraza da, Mansa antroponimoa blog honetan ere aipatua izan da, Mansa toponimoaren sortzailea. Atzizkia -xe litzateke, hipokoristikoak sortzeko erabilia. Idazkera aipagarria da, erabili izan duten grafema egun erabiltzen dugun bera delako.
Liburu berean Mansa izenaren adibide batzuk badaude, Mari(a) Mansa izen elkartuan: Mari Mansa, 2. agiria, 1330. urtean eta Maria Mansa de Çeranga, 29. agiria, 1398. urtean. Baita Mansa izen soila ere: donna Mansa, 28. agiria, 1395. urtean.

martes, 16 de abril de 2019

Mantxosanze toponimoa

Mantxosanze toponimoa nafarra da, Izaba herrikoa. Aldaera ugari baditu ere, lekuko zaharren bitartez ziurtasun handia izan dezakegu, toponimo hau analizatzerakoan. Izan ere, 1571. urtean Manchosanz ageri da, eta berdin hurrengo lekukoan, 1602. urtean. Gerora, ez da asko aldatu, baina bada aldaera bat nabarmentzen dena, Machosanz(e), horrelakoa baita bildutako azken lekukoa, gaur egunekotzat har dezakeguna.
Bi dira agertzen diren aldaketak. Batetik bukaerako -e bokalaren gehiketa, nahiko arrunta leku izenetan, deklinazioaren bitartez askotan tarteko -e- jarri beharrak azkenean izenari erantsia geratzen da: Mantxosanz-e-n, Mantxosanz-e-ra, Mantxosanz-e-tik... Horrela, Mantxosanz zena Mantxosanze bihurtuko zen
Bestea, lehenengo silabako sudurkariaren galera, XIX. mendeko lekuko gehienetan gertatzen dena eta egungo ahoskeran ere hala bada. Azalpena ere erraza da, sudurkarien disimilazioa gertatu da eta, ondorioz, lehenengoa galdu da: Mantxosanze > Matxosanze. Fenomeno hau ere ezaguna da, sudurkariekin gertatzen da, baita txistukariekin ere, eta herskariekin ere ez da ezezaguna.
Analisi etimologikoa ez da zaila, jakinik bi elementu antroponimiko dituela, Mantxo antroponimoa eta Sanz(e) patronimikoa. Horrelako egitura duten toponimoak ez dira ugariak, baina badira ale batzuk, adibidez, blog honetan aztertutako Domikusantz toponimoa, hau ere nafarra.
Antroponimoa behin baino gehiagotan agertu da blog honetan eta informazio gehiago nahi duenak Mantxote toponimoari buruzko sarreran aurki dezake.

Mantxieta toponimoa

Nafarroako Larraun udalerriko toponimoen artean Mantxieta bazen, Errazkingo kontzejuan.
Lekuko zaharrena XVIII. mende hasierakoa da, Manchieta (1723), gerokoa da Manchita (1893) eta joan den mendearen bukaerakoak dira Manchéta eta Manchíta. Beraz, badirudi ie > i (eta behin e) laburketa gertatu dela.
Toponimoaren azken zatia, argi dago -eta atzizkia dagoela, baina hasierako mantxi- ilunagoa da. Dena den, Maintzia toponimoaren lekukoen artean Manchiategui bezalako bat bazela, tz > tx bilakaera gertatu zitzaiola. Bi fonemak ez dira elkarretatik oso urrun, baina ez da ahaztu behar sabaikaritzea dela txikigarritasuna sortzeko baliabide bat. Beraz, oinarria Ma(i)ntzia izan zitekeen, -eta atzizkia erantsiz *Mantzieta hipokoristikoa sortu eta gero Mantxieta bihurtua. Ez da ziurra, lehenago jarri bezala, azken urratsaren sabaikaritzea, automatikoa izan dela edo hipokoristikoa egiteko.
Inoiz izan bada *Mantzieta edo *Mantxieta antroponimoa, oraingoz ez da jaso eta geratzen den aztarren bakarra toponimo hau litzateke, Mantxieta.
Badago, dena den, beste azalpen bat, funtsean elementu antzekoak izango genituzke, baina esanahia ezberdina litzateke. Atzizkia, berriz ere, -eta litzateke, baina ez esanahi hipokoristikoa dena, baizik eta -eta atzizki toponimikoa, Atxeta, Urkieta eta beste toponimo askoren sortzailea. Batzuetan oinarrietan antroponimoak izaten dira. Mantxieta toponimoan bi aukera genituzke, Mantzio edo bere emakumezko aldaera Ma(i)ntzia.
Laburbilduz, Mantxieta toponimoa azaltzeko bi bide izango lirateke, Ma(i)ntzia izenean eratorritako *Mantzieta edo *Mantxieta hipokoristikoa(k), edo bestela, Mantzio/Ma(i)ntzia antroponimoari -eta atzizki toponimikoa erantsiz Mantxieta toponimoa sortu zen.

martes, 9 de abril de 2019

Maintzinea toponimoa

Lezoko baserrien artean bada Maintzinea izenekoa. Lekuko oso zaharrik ez dago, baina Iñaki Linazasorok bere Caseríos de Guipuzcoa liburuan aipatua zuen, izenean diferentziarik ez zela. Beharbada Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan aipatzen duen Lezoko etxeen artean Mancia de Rementari egungo Maintzinea bada. Hala izanez gero, XVII. mendearen hasieran bazen Maintzinea toponimoa, nahiz eta izena bera ez izan.
Analisi etimologikoa erraza da, jakinik Ma(i)ntzia antroponimoa bazela, ondoren -(r)en + -a erantsi eta mendeen joanean Maintzinea bezala finkaturik gelditu zen. Blog honetako Maintzia toponimoan antroponimo bera genuke, dirudienez emakumezko izen horrek erabilera handikoa izan zen duela mende asko.

Mansa toponimoa

Mendatako toponimoen artean bazen behin Mansa izenekoa. Toponimo honen bildutako bi lekukoak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Mansa [N, TO]
Mansa (la torre de) [Mezeta (de la cassa de)], Mendata, a.1704, FogVizcayaMs.
Mansa_de_Berreñondo (la caseria de), Mendata, a.1745, FogVizcayaMs."
Toponimo bera bazen, bizirik izango zen XVIII. mendearen lehenengo erdian, nahiz eta batean dorrea izan eta bestean baserria, antza.
Toponimoa antroponimo batez osaturik izango zen, *Mansa izenean, hain zuzen. Maintzia toponimoa aztertzerakoan Ma(i)ntzia izena aipatua izango litzateke horren aldaera, Mantzio izenaren aldaeren artean Man(t)so bazen eta, horretatik, *Mansa antroponimoa, eta Mendatako izen bereko toponimoa.
*Mansa ez da agertu bildutako antroponimian, baina ziurrenik bilkaketa sakonago batek lekukoak aurkituko lituzke. Hala ere, bilatutako garaietan ez zen oso ohikoa izango, behin ere agertu ez delako. Lekuko antroponimikorik ez dago, baina Mendatako toponimo honek erakutsi digu *Mansa antroponimoa izan zela.

Eguneraketa (19-04-23):
Mansa antroponimoaren Erdi Aroko lekuko batzuk Mansaxe izen hipokoristikoaren sarreran. Beraz, Mansa izenak ez luke beharko inolako izartxorik.

sábado, 6 de abril de 2019

Maintzia toponimoa

Maintzia Irungo toponimoa da, etxe izena. Irungo udalaren orriak ematen duen informazioan oinarritua, lekuko zaharrena, Maincia, 1625. urtekoa litzateke, gerora ere erabilia. Dena den, bada beste zenbait izenez ezaguna, Manciategui, Manchiategui, Mainsia, Maintziya... Aldaerak aztertu eta bi dira nagusiak, Maintzia eta Manziategi. Azken honetan argi dago Ma(i)ntzia eta -tegi atzizkiaz oinarritua dagoela.
Oinaria Maintzia da, Mantzio antroponimoaren emakumezko aldaera. Izen honetaz badago lekurik A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.238. MAYNÇIA, MANCIA, MENÇIA, emakume-izena: Bertulon de Maynçia, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n; Mainçia Ederra, (1330, PN-XIV, F.Est., 302 orr.), Artaxona-n; Pero Sanchis Maynçia, (1330, PN-XIV, F.Est., 290 orr.), Oteyça-n; Mancia, su hermana, (1330, PN-XIV, F.Est., 296 orr.), Artaxona-n; Mençia Lopez, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 345 orr.), Leza-n; Mençia, (1366, PN-XIV, F.Est., 623 orr.), Funes-en. Ikus ANDRE MANCIA laugarren zerrendan.
Bada MAYÇA ere: Johan de Mayça, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 367 orr.), Auarçuça-n.
XIII menderako MAINCIA: Maincia, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 106).
Mancho izenari dagokio. MAINCIA femenino despalatalizatua besterik ez dateke. Ikus MANCHO."
Aipagarria da Maintzia aldaera ia nagusi bihurtua, Mantzio izenean agertzen ez dena, antza. Dirudienez, azken /i/ bokalaren eraginez, lehenengo siladan ere agertu zena: Mantzia > Maintzia. Beharbada horrela ere azal daiteke Mentzia aldaera, ai > e gertatu bazen: Maintzia > Mentzia. Dena den azken bilakaera ez da batere ohikoa euskeraz eta horrexegatik, gerta liteke Mentzia izenaren azalpena besteren bat izatea.
Irungo Maintzia toponimoak antroponimo zahar bat islatuko zuen eta bitxia bada ere, Mantziategi aldaera izan zuen.

Mansikoena toponimoa

Mansikoena izeneko etxea behin agertzen da, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Mansicoena [N, TO]
Mansicoena (la casa de), Sondica, a.1704, FogVizcayaMs."
Beste toponimo asko bezala, oinarria antroponimoa izango zen eta ondoren -(r)en + -a agertuko zen, jabegoa adierazteko. Toponimo honetan *Mansiko hipokoristikoa genuke, Manso/Mantxo antroponimoa eta -iko atzizkiaz osatua. Oso izen antzekoa bada P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, Mantxiko, 126. or.:
"Mantxiko (Mantxo). Aurizperriko XX. mendeko Mantxikonea oikonimoaren oinarrian dagoke, beste zerbaiten itxuratxartzearen emaitza ez bada segurik (Ibarra, 2002: 501)."
Diferentzia bakarra, oinarrian izango zen, Manso izan beharrean, Mantxo izenean oinarrituko zen Mantxiko.
Mantso/Mantso antroponimoaz bada A. Irigoienen azalpena Mantxote toponimoari eskainitako sarreran.

martes, 2 de abril de 2019

Margaritosin toponimoa

Erdi Aroan baino ez den agertzen toponimoa hau zaila da kokatzeko baina Gipuzkoan edo Nafarroan izango zen, ziurrenik.
Bi lekukoren bitartez ezaguna da, Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuan agertzen dira, 85. agirian 1364. urtekoan, Sancho Yuaynes de Margaritossin eta
Martin Ochoa de Margaritossuyn.
Nahiz eta <ss> idatzi, badirudi egun <s> idatziko zela, agiri berean daude Beassayn, Barassoayn, Liçassoayn, egun <s> bakar batez idatziak.
Toponimoa bi elementuz osatuta izango zen, Margarita antroponimoaz eta osin izen ezagunaz.
Margarita izenaz, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburukoa:
"1.112. MARGARITA, emakume-izena: latinez margarita, -ae, perla bat da, pitxia, [...]. Antiokhia-n birjina eta martiri izanikoaren izena da, 275 urte inguruan. Arana Goiri-k Margaritta gizonezkoentzat ipintzen du, eta Margaritte emakumezkoentzat, eta hori anakhronismo bat besterik ez da (167). Ez dirudi beste hizkuntzetan normalki maskulinorik duenik.
Santa Margarita birjina martin bilakatu zen Antiokhian (Pisidia) 275 urte inguruan, Larousse hiztegiaren araura.
[...] Ikus XIV menderako MARGARITA Nafarroan: Margarita, (1366, PN-XIV, F.Sang., 488 orr.), Roncessuailles-en.
Katalunian, ordea, Margarida agertzen da berrogei aldiz 1553 urteko dokumentazioan, eta hiru aldiz Ourense-n 1454-koan, Kremer-en araura (168), vokal arteko oklusivo gorra ozendurik duela.
XII mendean Nafarroa-ko erregina ere hala deitzen zen: Ego Garsias Dei gratia rex, una cum coniuge mea regina dompna Margarita, (1136, Doc. Artajoneses, dok. 81); eta XIII menderako bada MARCHARITA ere, agian hypokoristikoa: domna Maria Marcharita / Domicu Marcharita, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 150).
————————
167 Obr. Compl., ‘Lenengo egutegi bizkattarra 1898’, 1635 orr."
Bigarren elementua lehenago aipatutako osin litzateke, toponimoaren lekukoetan ossin eta ossuyn bezala agertzen dena. Orotariko Euskal Hiztegian ez dago osuin aldaerarik. Beharbada kakografia zen, baina ezin da alde batera utzi *osuin aldaera inoiz izan zela, eta gerora osun bezala iraun zuela, azken aldaera hau bada.
Laburtzeko, Margarita emakumezko antroponimoa eta osin izena batuz sortuko zen Margaritosin toponimoa.