sábado, 30 de mayo de 2020

Guzurmendi toponimoa

Hiru dira Guzurmendi toponimoa duten lekuak, Gorlizen, tontorra eta biztanle-entitatea eta Garai herrian baserria. Toponimoa, beraz, Bizkaikoa da.
Gorlizko toponimoei buruzko informazio ugari bada Gorlizko toponimia izeneko ikerketa lanean, 307-311. orrialdeetan. Lekuko zahar batzuk, XVIII. mendetik hona: Gusurmendy (1792), Guzurmendi (1796)... Txistukariaren agerpen grafikoaz gain, ez dago bestelako aldaerarik.
Etimologia ere ematen dute, honakoa jarriz:
Aparentemente significaría 'monte de las mentiras', de la variante occidental guzur 'mentira' (estándar gezur) a la que se añade el sustantivo mendi 'montaña'. Sin embargo, el significado no nos parece adecuado para denominar un lugar de estas características, por lo que creemos más plausible relacionarlo, como hace Mitxelena (Apellidos vascos, 277), con gezur 'agua de mar, salitre', emparentado con gesal 'salitre' y ur 'agua'. Dice además: "Aizquibel señala también la existencia de un ap[ellido] Guezurmendi que difícilmente pudo significar como él quiere 'monte de embustes' ".
También creemos que es más lógica la hipótesis de Mitxelena, de modo que el significado sería 'monte del salitre', seguramente en referencia a su posición frente a la bahía y playa de Gorliz. Como hemos dicho más arriba, al menos en su acepción de 'mentira', la asimilación vocálica gezur > guzur es tradicional en el euskera occidental, por lo que no modificamos la grafía.
Egia da gezurmendi izena badela, Orotariko Euskal Hiztegiaren sarrera:
gezurmendi.
guzurmendi.
Mentidero.
Eta kalera joan zan arratsaldean, erriko guzurmendietan ea ezer albista barririk entzuten ebanentz. Erkiag BatB 99.

Baina bada beste azalpen etimologiko bat, Mitxelenaren *gezur ezezagunaren beharrik gabe. Gezuraga eta Gezuraeta toponimoetan geruza hitz ezagunaren aldaera zaharragoa, *gezura, oinarri bezala dagoela proposatu dugu. Hitza mailegua litzateke, latin zaharretik hartua, Gezuraga izenean informazio gehiago badago. Orduan bilakaera hauxe izango zen: *gezura + mendi > *Gezurmendi > Guzurmendi. Hiru silabako hitzetan, eratorpenean azkeneko bokala galdu ohi dute: itsas- 'itsaso' + argi > itsasargi. Aldaketa hori gertatu eta *Gezurmendi sortuko zen. Urteak joan eta hitz zaharra galdu eta hasierako zatia berrinterpretatu zuten, eta gezur hitzarekin identifikatu. Gero hitza bizkaieraz aldatu zenean, bokal asimilazioaz bi bokal berdindu ziren eta berdin gertatuko zitzaion toponimoari, Guzurmendi aldaera hartu eta horrela geratu da, azkeneko bi mendeetan, gutxienez.

Eguneraketa (2021-07-02):
Sarrera honetan aipatua izan da Gezurmendi toponimoa bazela, nahiz eta lekukorik ez eman. Baina gutxienez badago Erdi Aroko lekuko bat, Documentación medieval del Archivo Municipal de Azkoitia (m.s. XIII-1500) liburuan badago. Toponimoa agertzen da gizon baten izena ematean, baina ezin jakin Gezurmendi toponimoaren kokapena: Lope de Gueçurmendi, 1413. urtea, 21. agiria.
Beharbada, liburuko agiriak Azkoitikoak direnez, lekukoa (eta toponimoa) herri honetakoa zen edo inguruko herrietakoa, baina ziurtasunik ez dago, oraingoz. Beraz, ez da ezinezkoa Gorlizko toponimoaren aipamena izatea, baina inolako ziurtasunik ere ez dago.

Betrokolo toponimoa

Betrokolo izeneko tontor bat dago Mundakako herrian, Bizkaian.
Toponimoa antroponimo ezezagun batez osaturik izango zen, hipokoristiko bat, hain zuzen. Oinarrian Betro genuke, Petro izenaren euskararen egokitzea jasoa, p- > b-, bake eta bekatu izen arruntetan gertatutako egokitze bera. Ondoren bi atzizkiren eransketa gertatu zen, -ko eta -lo: Betro + -ko + -lo > *Betrokolo. Bi atzizkiak aztertuak izan ziren Irigoienen lanetan eta -ko aipatu zuen De re philologica linguae uasconicae V liburuko 14-15. orrialdeetan, Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vasconica izeneko lanean: Lopeko (Lopeco, 1366), Johanko (Johanco Salaberry, 1412-1413), Martiko (Martico d’Udaue, 1366), beste batzuen artean.
Orrialde batzuk aurrerago, 19. orrialdean, -lo atzizkia aipatzen du eta adibide batzuk ematen: Mikelo (Miquelo Veynça, 1366), Otxalo (Garcia Ochalo, 1217) eta bere patronimikoa Otxaloiz (Martin Ochaloyz, Garçia Ochaloyz, 1319) eta Zurilo (Çurilo, XIII. m.).
Lehenengo atzizkia nahiko zabaldurik badago, baina bigarrenak askoz zabalpen txikiagoa izan zuen.
Izen hipokoristikoetan normalena da atzizki bat izatea, baina ez da batere arraroa bi atzizki eranstea, adibidez blog honetan aztertutako Otxotetxea antroponimoa, bi atzizki dituena -(o)te eta -txe. Azken honen kasuan Otxoa izenetik Otxote sortu zen eta ondoren Otxotetxea. Baina Betrokolo izenaren aurrekaria izan litekeena, *Betroko, ez da ezagutzen.
Antroponimoa osatu eta gero, beste askotan bezala, toponimo bat osatu zen izen horrekin, antroponimoa galdu zen, baina toponimoa ez.

 Eguneraketa (2022-01-29):
Sarreran ez zen toponimoaren lekuko zaharrik, baina badago lekuko bat, XVIII. mendekoa, Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya liburuan, 1775. urte inguruan, 224. or.:

La anteiglesia de Mundaca (nominada en la antigüedad Munaca que denota ribazal), tiene situación en la proximidad del mar océano Cantábrico, y su puebla que consta de una calle tirada, a la falda de dos pequeños montes llamados Mondellu y Betrocolo, distante cinco leguas de la villa de Bilbao...
Lekuko honek ziurtasuna ematen dio emandako etimologiari, toponimoak berdin iraun duelako azken 250 urte inguru.

martes, 19 de mayo de 2020

Utxati toponimoa

Arabako Artziniega herriko toponimoa da Utxati, zehatzago, tontor bat.
Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan badira toponimo honen bi lekuko, bat zaharra, Erdi Arokoa, bestea XX. mendekoa:
OCHATI, 1495, término en Arceniega.
UCHATI, término en Arceniega.
Toponimo honek baditu bi aldaera, hasierako bokalean o- > u- bilakaera gertatu da, lekukoak kontuan hartuz. Beraz, zaharrena Otxati izango zen, eta gerora Utxati zen nagusitutakoa.
Azterketa etimologikoa eginez, otxa- elementu ezaguna genuke hitz hasieran, eta hau otso animaliaren eratortzeko aldaera da. Baina bi aukera badira, Otxoa antroponimoa ere badela, eta batzuetan zaila izan daiteke bereiztea animalia izenaren eta pertsona izenaren artean. Baina analizatzeko geratzen den zatia gakoa izan daiteke, -ti atzizkia delako. Batzuetan laburketaren ondorioa izan daiteke, Gipuzti toponimoan bezala, jatorriz Gipuztegi zelako. Baina Artziniegako toponimoaren lehenego lekukoetatik ez dago -tegi atzizkiaren aztarrenik. Aipatutako G. Lopez de Gereñuren liburuan badago -tegi atzizkia osatutako toponimoa:
OCHATEGUIETA, monte de Guereñu-Onraita.
Lekukoa joan den mendekoa da eta horretan ere ez da laburketarik gertatu. Beharbada toponimo honetan otso animalia izena bada, Utxati toponimoan ez bezala.
Artziniegako toponimoaren azterketa, beraz, horrelakoa izango zen, Otxa- 'Otxo(a)' + -ti > Otxati > Utxati.
Atzizki hori oso ohikoa da, izenlagunak sortzeko: beldur + -ti > beldurti, gose + -ti > goseti... Antroponimian ere ez da ezezaguna, A. Irigoienek, bere De re philologica linguae uasconicae V liburuko 6. orrialdean atzizki horretaz informazioa eman zuen, eta hainbat adibide jarri: Jaunti (Jaunti testis, 800; Jaunti, 972), Belati (1052-1054), Harriti (967).
Beraz, zerrenda labur horri beste izen bat gehitzekoa litzateke, *Otxati; nahiz eta lekuko antroponimiko zuzenik ez izan.
Azaltzeko geratzen da hitz hasierako bokalaren aldaketa. Baina hau ez da ezezaguna Otxoa antroponimoaren hainbat eratorrirekin. Blog honetan batzuk aztertuak izan dira: Uxando, Usandizaga eta Usanits toponimoak. Eta hauek ez dira bakarrak bokal aldaketa hori erakusten dutenak.
Utxati toponimoa azterturik, bere etimologia emateaz gain, Otxoaren beste eratorri antroponimiko zahar bat aurkitua izan da, *Otxati, hipokoristiko zahar galdua.

Mokorroste toponimoa

Mokorroste izeneko erreka badago Gipuzkoako Bergarako herrian.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, aldaketa larririk gertatu ez bada. Bi elementuz osaturik izango zen, mokor eta oste. Mokor hitzak baditu hainbat adiera eta azpiadiera, beharbada egokia lehenengoa izan daiteke:
mokor.
I. (Sust.).
1. (V-gip, AN, L-ain, BN, S; -kh- VocBN , Gèze, Dv). Ref.: A; Iz ArOñ.
Terrón; bloque, pedazo. "Extrait de rochers ayant la forme ronde ou presque ronde" VocBN. " Lur mokhor, motte de terre. Azukre mokhor, boule de sucre. Harri mokhor, bloc de pierre" Dv.
Toponimoak ez du berezitasun handirik, baina bada mokor hitzaren lekuko toponimiko bakarretako bat.

martes, 12 de mayo de 2020

Gazume toponimoa

Gazume  izeneko mendia bada, Hernioko mendilerroan, Gipuzkoan. Akotegi izenaz ere ezaguna da, nahiz eta izen horrek ez du inolako loturarik, antza, aztergai den toponimoarekin.
Lekuko zaharrik gabe, hemen aurkeztuko den etimologiak ez du erabateko ziurtasunik, nahiz eta hemen azalduko diren elementu eta aldaketa guztiak arrotzak ez izan.
Bi izango lirateke toponimo honen elementuak, gatz eta une. Aldaketa bakarra un > um bilakaera, gutxitan gertatzen dena baina toponimo hau azaltzeko egokia dena. Beste askotan bezala, K. Mitxelenaren azalpena, El elemento latino-románico en la lengua vasca lanean:
322. [...] zamau (y zabau) 'mantel', ziape (R ziape), 'mostaza', etc. Dialectalmente puede restablecerse la oclusión oral, con ñ detrás de vocal anterior (liñu 'lino', frente a liho, Sal. ligu) o m detrás de u (occ. kuma 'cuna', pero S khüña); lo mismo puede ocurrir tras diptongo en otro tiempo nasal: bedei(n)katu 'bendecido, bendito', luka(r)ika, lukhai(n)ka 'longaniza' < lucanica.

Etimologia horrek badu hots bat egungo ahoskeran islatzen ez dena, afrikatua agertzen da frikari bezala. Hori arrunta da, eta batzuetan ahoskera zaharrak zeuzkan ezaugarri guztiak ez dira gorde, idatzitakoaren indarrak itzalirik utzi dituelako.
Mendi bati horrelako izena emateko, beharbada garai batean Gazume toponimoa bazen mendiaren alde bat izendatzeko, gerora mendi osoari hedatuko zen. Dena den, hori hipotesi hutsa da, agian inguru horretako ezagutza sakonagoa izanik, izendapenaren arrazoia argiturik geratuko zen.

Amatea toponimoa

Toponimo hau Arabako Miñao (gaztelaniaz Miñano mayor) herrikoa da, XVI. mende bukaeratik jasoa, Onomasticon 29: Toponimia de Vitoria = Gasteizko toponimia: Ubarrundia de Vitoria/Gasteizko Ubarrundia liburuko lekukoak eta ohar etimologikoa, 306-307. or.:
AMATEA
DOC. Amatea (1585, AHPA, P. 4.963, f. 738), Amathea (1588, AHPA, P. 6.221), Amatia (1601, AHPA, P. 2.578), Amatea (1623, AMV, sig. 10/018/000), Amatia (1630, AHPA, P. 4.108, f. 135), Amatea (1637, AHPA, P. 5.738, f. 69), Amatea (1657, AMV, sig. 10/019/000), Amatea (1686, TA), Amattia (1689, AHPA, P. 6.081, f. 1.351), Prado de Amattea (1703, AHPA, P. 349, f. 1.237), Prado de Amatea (1717, AHPA, P. 328, f. 547), Prado de Amatea (1717, AHPA, P. 328, f. 548), Amatea (1730, AHPA, P. 732, f. 415), Amate (1735, AMV, sig. 10/021/000)
[...]
OBS. El primer elemento de este topóimo es opaco respecto a su significado.
El segundo elemento puede ser ate, ‘paso, portillo’ con marca de artículo.
Muy bien documentado desde el siglo XVI hasta el siglo XX como término de Miñano Mayor, aparece citado en numerosas ocasiones junto al genérico prado.
Hemen aurkezten den analisiaren arabera, ez dago ate izenik, toponimoak elementu bakarra izango zuen, -a artikulua zenbatu gabe. Aipatutako elementua antroponimoa litzateke, hain zuzen, Amata latin jatorrikoa. Amata toponimoan azaldu bezala, antroponimoa Erdi Aroan ere ezaguna izan zen eta Euskal Herrian lekuko bat ere bildu zen. Amatea toponimoak berretsiko luke ideia hori. Gainera, Amata zein Amatea toponimo arabarrak dira, beharbada adierazgarria.
Badago azaldu beharreko zehaztasun bat, Amata eta Amatea izenen arteko ezberdintasuna. Amata toponimoan antroponimo hutsa izango genukeen bezala, Amatea izenean -a artikulua erantsia izango zuen. Badago joera bat, nabarmena Arabako eta Nafarroako toponimian -a artikulua gehitzeko. Sartaldeko toponimoa denez, a + a > *aa > ea, bokal disimilazio ohikoa. Blog honetako adibide bat Naberan toponimoa litzateke, naba + haran hitzez osatua.

martes, 5 de mayo de 2020

Martilandierreka toponimoa

Martilandierreka toponimo bizkaitarra da, Meñaka herrikoa. Izenak iradokitzen duen bezala, erreka bat da. Toponimoak bi zati lituzke, Martilandi- eta erreka, interes handiena duena lehenengo zatia bada, Martilandi. Ziurrenik garai batean horrelako toponimo bat izan zen, eta bertan zegoen errekak Martilandierreka izena jaso zuen, Martilandi ustez zaharragoa galduz. Izen hau iluna da, baditu ezagunak izan daitezkeen zatiak, baina izen osoa ez da erabat argia. Hasieran dagoen Marti-, Marti(e) antroponimoa izan daiteke, Martin hedatuagoaren aldaera zaharra euskaraz.
Dena den, toponimo honetan ez dago Marti(e), baizik eta Martin. Antroponimo honi handi erantsi eta *Martinandi bezalako izena sortuko zen, ziurrenik aipatutako Martin hori handia zelako. Aldaketa bakarra behar dugu, sudurkarien disimilazio bat, n-n > l-n: *Martinandi > Martilandi, eta horrela sortu zen sarrera honetan aztertutako toponimoa. Ez da bakarra bilakaera hori jasan duena, blog honetan badira disimilazioaren ondorengo toponimiko batzuk, Martillun eta Muliate, adibidez.
Blog honetan, gehienetan antroponimo hutsak edo eratorriak aztertuak izan dira, azken hauetan, gehienak hipokoristikoak ziren, atzizki batez edo gehiagoz eginak. Baina badira, gutxi badira ere, antroponimoei erantsitako beste elementu batzuk, izan daiteke on izenlaguna, Andreon antroponimoan dagoena eta Andreonaga toponimoaren oinarria. Martilandi toponimoan, aldiz, handi izenlaguna litzateke Martin antroponimoari gehitua dena.

Zokolo toponimoa

Oiartzungo baserrien artean bada Zokolo izenekoa. Hauxe da izen honetaz Oiartzungo toponimia liburuan bildutako informazioa, 319. or.:
Zokolo. Baserria.
Ergoiengo baserria, XVII. mendeaz geroztik izen honekin dokumentatzen da.
Isasa baserriko burdinola izan zen. Hortik dator Isasola izena.
Beraz, 400 urte inguru baditu toponimo honek, aldaerarik izan gabe. Esanahia jakiteko, bilaketa eginez eta zokolu hitzaren aldaeren artean zokolo bada. Orotariko Euskal Hiztegiaren zokolu sarrera:
zokolu.
Etim. Cruce de zoko con okelu (lat. locellus ).
(H; -kh- L ap. A ; O-SPAd, SP, H), sokolu (SP), zokolo (Dv (kh-)?A).
"Zokholua, recoin" O-SPAd 881. " Sokolua, ixilka sokolutan " SP. " Zokholua, zokhoa, recoin" Ib. " Zokholoa, [...] lieu retiré d'une maison, etc." Dv. "Rincón" A. Cf. FDA: "Zocollua [Aq] 377, 'rincón' no aparece en el texto impreso, tal vez porque el ms. lleva una marca que acaso indique la intención de borrar la palabra".
Badago, dena den, zokolo hitza baina, azken hitz hau erronkarierakoa da:
zokolo.
"(R), regordete" A.
Kontuan izanik hitzen hedapenak, egokiagoa dirudi Oiartzungo toponimoan zokolu hitza ikustea, lekukotza ez handia baina bai nabarmentzekoa, eta toponimo baterako ulergarria, baserriaren kokapenak erreferentzia egingo zuelakoan. Bukaerako bokalaren ezberdintasuna, beharbada, bokal asimilazioari zor zaio: o-o-u > o-o-o. Hala ere, ez da hori eskura dagoen azalpen bakarra; ezberdintasuna txikia da, /o/ eta /u/ bokalen arteko tartea nahiko txikia delako.
Zokolo baserria litzateke zokolu izenaren lenenengoetako lekukoa eta oraingoz ezagutzen zaion lekuko toponimiko bakarra.