Errioxako toponimo zahar hau lekuko bakar baten bitartez ezaguna da, Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano izeneko bilduman dago lekukoa, Sarrincho bezala jarria, 945. urtean:
[...] concedimus vobis in montibus de civitate de Aucha licentiam cedendi ligna ad cremandum, et ad domos hedificandas in locis determinatis, id est: sicut accipit in Ocharanna et ad Garvissaro, et ad Sanctum Pelagium; deinde ad Via de Torchus; deinde ad lumbo de Sarrincho; deinde ad Rencones et bachariza in Berrozal; et de Morteros et de Totas Torchas usque ad Vallem de Avolo, et usque ad padulem de Herramel, quia totum istud supradictum terminum est de civitate de Aucha. Et in istis supradictis terminis et in aliis montibus [...]Toponimoan zalantza bat dago <ch> digrafoa interpretatzeko orduan. Izan ere, testuan badira digrafo honen bi irakurketa, batean, egun <tx> bezala izkribatuko genukeena, Ocharanna toponimoan. Baina beste modu batena irakurriko litzateke beste agerpen batzuetan, horrelakoak dira Aucha 'Oka', bachariza eta Torchas bezalakoetan. Hauetan <k> izango litzateke euskarazko grafia egokia. Beraz, bi irakurketa daude izen honetarako, uste badugu bestelako akatsik ez dagoela, *Sarrintxo ala *Sarrinko. Bietatik zuzena bigarrena litzateke, jakinik badirela sarri hitza eta -nko atzizki txikigarria, muturreko lurraldeetan ezaguna, erdikoetan -ngo aldaera ohikoa dena. Horrelako banaketa Otsango eta Otsanko antroponimoetan ere izango genuke.
Toponimorako eman den azterketa zuzena bada, hauxe litzateke sarri hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena X. mende bukaerakoa delako, beraz, mende erdi baten aurrerapena litzateke.