martes, 23 de julio de 2019

Nagiorbe toponimoa

Nagiorbe toponimoa Eibarren dago. Egun bi baserriren izenetan dago: Nagiorbebekoa eta Nagiorbegoikoa.
Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan toponimoa aipatzen da baina aldaketa txiki batekin:
NAYORBE (prop.), Gorosta auzoa, Eibar
Eta beste baserri bat aipatzen du, Eibarkoa baina beste auzo batekoa:
NAIORBE TXIKI (prop.), Mandiola auzoa, Eibar
XIX. mendeko lekukorik ere bada, Juan San Martinen Eibar eta Elgetako toponomastika = Toponomástica de Eibar y Elgeta liburuan Nagiorbe bada, 65. or.:
NAIORBE
Naguiorbe 1857 Nomenclátor.
Lekuko zaharrenean Nagiorbe bezala agertzen zen, badirudi gerora Naiorbe aldaera nagusitu zela eta, egun, aldaera arautua Nagiorbe da berriz.
Toponimoak bi elementu lituzke, nagi izenlaguna, Nagiibarra toponimoan ere badena. Nagiorbe toponimoan nagi izango zen norbaiten izengoitia, eta bigarren elementua *orbe litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian ez dagoena, baina bai hitz honen aldaera zaharragoa izan daitekeena, orube "Solar, terreno edificable o edificado; solar, superficie de un territorio". Aldaera ugari baditu hitz honek: orube, oru, erube, orubee, orobe, oroi, orue, oruba, urube, urue eta urua. Horiei beste bat gehitzekoa liteke, *orbe, toponimo honen bitartez ezagutzera emana. Bilakaera hauxe litzateke, orube > orue > *orbe, guztiak aldaketa ezagunak. Lehenik bokalarteko /b/ galduko zen eta gero /u/ > /b/ bilakaera emango zen, Mutilba Nafarroako herri izenean bezala, Mutilua zaharrago batetik, eta hau Mutiloa zaharrago batetik.
Zalantza bat geratzen da, *orbe izan zen inoiz ala toponimo honetan, sortu zenetik jasotako aldaketen artean *orbe bezala geratu zena? Toponimo hasieran *Nagiorube izan zitekeen, esaterako. Horrek esan nahiko luke *orbe ez dela inoiz izan, toponimo honen bilakaeraren ondorioz hala geratuko zen bigarren elementua baizik.
Beste aldetik, Nagiorbe > Naiorbe aldaketaren prozesuaren lekukoak baditugu, eta XIX. menderaino badirudi nagi gordetzen zela, baina gero galduko zen.

Nagiibarra toponimoa

Toponimo honetaz iturri bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa, hain zuzen:
NAGUIIBARRA, 1722, labrantío en Margarita.
Toponimoaren egitura oso gardena da, bi elementuz osatutakoa, toponimo askotan bezala, eta biak asko ezagunak edozein euskaldunentzat, nagi izenlaguna eta ibar izena, -a artikuluaz ahaztu gabe.
Esanahia, zalantza handirik gabe, "Nagiaren ibarra" litzateke, baina toponimo honetan nagi ez litzateke izenlagun hutsa, izengoiti bihurtutakoa baizik, ziurrenik. Normala da izengoiti batzuek antroponimiarako jauzia egitea, adibidez, apal izenlaguna Apal(a) antroponimo bihurtu zen, toponimo batzuk sorraraziz: Apalasoloa eta Apalasagasti toponimoak, eta Apalo bezala, Apaloberro toponimoa.
Beraz, arrazoiak badira susmatzeko nagi hitzak ere bide horretan sartua zegoela, nahiz eta lekukotasun handirik ez utzi.
Bada aipatzekoa den beste zerbait, guregana heldu den lekuko bakarrean, egungo idazkeran Nagiibarra genuke, eta hor ikusten da bi elementuak bereiziak zeudela, badirudi hiztunek oraindik bazutela toponimoaren egitura gogoan eta horrek beharbada adieraz lezake euskaldunak oraindik bazirela.

sábado, 20 de julio de 2019

Nafartxe toponimoa

Lekuko bakarra dago Lezoko toponimo honetaz, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan aipatzen duen Lezoko etxeen artean Nafarche bada. Lekukoa, beraz, 1625. urte ingurukoa litzateke.
Nahiz eta lekuko bat baino ez izan, toponimoak duen egitura erabat gardena da eta ez luke inolako zalantzarik bere analisi etimologikoa, hemen aurkeztutakoa.
Toponimo hau izengoiti batean oinarritua dago, Nafartxe. Patxi Salaberriren Onomasticon 26: Izen ttipiak euskaraz badago bere aipamena, 210. or.:
"Nafartxe (Nafar, Nafarra): Nafarche, «el fijo de Nafarche» (Oñ., 1489, Zu., 1994, 34, 244 eta 259. or.)."
Izengoiti honen elementuak oso argiak dira, Nafar antroponimoa (eta ahaztu gabe badela nafar etnonimoa) eta -txe atzizki hipokoristikoa, alde horretatik oztoporik ez.
Toponimo honen bitartez badago Nafartxe antroponimo hipokoristikoaren beste lekuko bat, toponimikoa, eta beharbada, bakarra.

Ozpindegi toponimoa

Toponimo gipuzkoar honetaz dagoen lekuko bakarrak XVI. mendera eramaten gaitu. Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuko 270. agirian bada Maria de Ozpindegui, 1548. urtean.
Toponimoa oso erraz analizatzen da, ozpin + -tegi, baina ozpin, izen arrunta izateaz gain, elementu antroponimikoa ere izan zen. Archivo Municipal de Salvatierra-Agurain. Tomo II. (1401-1450) liburuan agertzen den bezala, bazen Ospina el moço izeneko gizonezko bat, 37. agirian 1429. urtean:
"Iten otra carta escripta en papel signada de signo de Gomes Ferrandes de Paternina (Roto) del nombre de Ospina el moço por la qual paresçe que Martin Sanches de Galarreta e Pero Ferrandes de Çuaçu pagaron al dicho Ospina quarenta e seys mill e çiento e çinquenta maravedis de las alcavalas del anno de veynte e çinco."
Badago beste Ospina bat, Aguraingo judu baten izena, don Ospina Chacon, bi agiritan agertzen dena:
don Ospina Chacon, 52. agiria 1439. urtea
don Ospina Chacon judio, 53. agiria 1439. urtea

Azkenik, bilduma bereko beste agiri batean Ospina bada, dirudienez, izengoiti bezala: Juan Sanches Ospina 47. agiria, 1437. urtean.
Beraz, toponimoa azaltzeko bi bide baude, hasierako ozpin nola hartzen den kontuan hartuz, baina Ozpin antroponimoaren lekukoek pentsarazten dute aukera gehiago daudela toponimo horretan Ozpin(a) antroponimoa izateko. Horri gehitu behar zaio ozpin izen arruntarekin *ozpindegi bezalako izen baten beharraren zailtasuna.
Bigarren zatia -tegi ezaguna da euskal toponimoan. Badira blog honetan hainbat toponimo -tegi dutenak, hala nola Momotegi toponimoa, eta -degi aldaera, sudurkari baten atzeko adibideren bat ere bada, Androndegi toponimoa bezala.

Eguneraketa (2025-11-14):
Sarreran ez zen kokatzerik izan toponimo hau, Gipuzkoan zegoela ziurrenik, baina lurralde horretan badira Ozpindegi baserria eta etxea, Berastegiko herrian. Izendegi ofizialeko lekukotza XX. mende bukaeran hasten da eta gehienetan Ospindegi aldaera erabiltzen da. Luis Maria Mujikaren Berastegiko toponimia (azterketa lexikala eta dokumentala) lanean ere bada, 100. or:

OSPINDEGI EDO (AUNDIA)
Herri bereko etxea, IND. (OGPAR) 1 lib. 109 zenb. 126 or., 1768 urtea.
OSPINDEGIA (OZPINDEGIA?)
Herri bereko etxea.
Mujikak erakusten du XVIII. mendeko lekuko bat zela baina sarrerako lekukoa Berastegikoa balitz, lekukotza bi mende gehiago aurreratuko litzateke, XVI. menderaino helduz.

martes, 16 de julio de 2019

Nikolaoburu toponimoa

Toponimo honetaz aurkitutako lekuko bakarra Erdi Aroko agiri batean dago. Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuko 236. agirian "sel que llaman Nicolaoburu" aipatzen da, 1413. urtean. Toponimoa gipuzkoarra zen, ziurrenik Usurbil ingurukoa.
Toponimoa bi elementuz osaturik dago, Nikolao antroponimoaz eta buru izen arruntaz. Nikolao izenak jatorri grekoa du eta bere zabalkuntza Europan zehar, beste izen askok bezala, erlijio kristauari zor dio.
A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan badago antroponimo honi eskainitako sarrera bat:
"1.127. NIKOLAS, NIKOLA (Ar.G.Eleiz.), NIKOLAU: [...]
Ikus XIV menderako NICOLAU eta bere dobletea den NICOLAY Nafarroan, eta baita MIQUOLAY, eta NICOLAS ere: Nicolau Sanz, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 541), en la Burelleria (en el Burgo de Sant Cernin), Iruñean; Nicolay Uardayllo, (1330, PN-XIV, F.Est.), 238 orr.), Beruinçana-n; Miquolay Garcia, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 331 orr), Almunça-n; Nicolas, fijo de Pero Sanchiz, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 340 orr.), Lagoardia con sus aldeas.
Ikus 1366 urterako Sant Nicolau hagionymoa Tutera-n, (PN-XIV, F.Tud., 443 orr.). Iruñean, ordea, Poblation de Sant Nicollas de Pomplona da, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 543 orr.); eta XIII mendean latinezko kontextuan: sancti Nicholai —genit.— de Stelia, (1236, Doc. Artajoneses, dok. 154).
B. Larreguy-k, beste alde batetik, op. cit., XVIII mendean euskal kontextuan San Nicolas darabil, II, 358 orr."
Izen honi hainbat aldaera ezagutzen zaizkio, erdara ezberdin eta garai ezberdinek sortutakoak, Nikolau, Nikolao, Nikolas, Nikola... Toponimo honen bitartez Nikolao aldaeraren beste lekuko bat gehitu daiteke corpusari.
Bigarren elementua, buru izen ezaguna ez litzateke Nikolaoren buruaz arituko, toponimo honetan buru litzateke toponimo handiago baten mugako alde bat, edo garaian zegoena lur eremu bat.

martes, 9 de julio de 2019

Munitxaga toponimoa

Dima herri bizkaitarrean bada Munitxaga auzoa eta baserria, eta baita bi toponimo eratorri, Munitxagaburu basoa, Munitxagakorta basoa eta erreka.
Lekukoak Erdi Aroraino heltzen dira, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo II liburuan bada ezagun den lekuko zaharrena, Martin de Munichaga, 86. agirian, 1492. urtean.
Beste lekukoa bost urtera agertu zen, Colección Documental de los Archivos Municipales de Guerricaiz, Larrabezua, Miravalles, Ochandiano, Ondárroa y Villaro liburuko Martin de Monichaga, 8. agirian, 1497. urtean. Beharbada gizon bera da, bi testutan aipatua.
Mende batzuk igaro eta Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoak askoz gehiago dira:
"Munichaga [N, TO]
Munichaga (la casa de), Dima, a.1796, FogVizcayaMs.
Munichaga (la casa de) [Olazabal (cofradia de)], Dima, a.1799, FogVizcayaMs.
Munichaga (la caseria de) [Olazabal (varrio de)], Dima, a.1745, FogVizcayaMs.
Munichaga (la cassa de) [Olazaual (barrio de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs.

Munichaga [N, NO]
Munichaga (J(ua)n de Bernaola) [Olazaual (barrio de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs."

Lekukoen arteko ezberdintasun bakarra lehenengo silabako /o/ bokala duena, ezaguna da o/u bokalen arteko hurbiltasuna, eta salbuespentzat har liteke, nahiz eta ezaguna ere izan on > un bilakaera, normalean sortalderagoko lurraldeetan nabarmena dena, cf. Undarribia, Hondarribia toponimoaren lekuko zaharra.
Analisi etimologikoa hasteko, Munitxa toponimoaz idatzia kontuan hartuko dugu. Beraz, *Munitxa antroponimoa bazen, Muni- 'Munio' + -txa egitura duena. *Munitxa behin izanez gero, -aga atzizkia gehitu eta Munitxaga sortuko zen. Toponimo honetan, beste askotan bezala, -aga atzizkiak ez du pluraltasun esanahirik, lekuzkoa baizik, Amunaga, Andreonaga edo Usandizaga toponimoak bezala.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

Munitxa toponimoa

Zornotzako toponimoa zen aspaldi, egun toponimo eratorrien bitartez baino ez da ezaguna Munitxa: Munitxabarri, Munitxabasoak, Munitxabeaskoa, Munitxaerdikoa, Munitxagan (hau Mañarian), eta
Munitxajauregi. XVIII. mendera jauzi eginez gero Munitxa soilaren lekukoak badira, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik jasoak:
"Municha [N, TO]
Municha (la caseria de), Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Municha_Ycazuri (la casa de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.
Municha_Jauregui (la cassa de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.

Municha [N, NO]
Municha (Domingo de) [Arraibi (la casa de)] [Chiruboqueta (uarrio de)], Lemona, a.1796,
FogVizcayaMs.
Municha (F(ernand)o de) [Goiri_Aurrecoa (la casa de)], Sondica, a.1796, FogVizcayaMs.
Municha (Joachin de) [Municha (la caseria de)], Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Municha (Josef de Burdaria y) [Dudagoytia_Ochoena (la casa nueba frente a la de)] [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1799, FogVizcayaMs..."
Toponimoak ez du aldaketarik erakutsi azken 250 urteetan, eta uste izatekoa da aurreko egoerari atxikia izan dela, aldaketarik gabe. Horretan oinarriturik, analisi etimologikoa proposatuko dugu. Muni- hasiera duten hemen aztertutako toponimoak bezala, oinarrian Muni- 'Munio' antroponimoa izango zen, eta ondoren -txa atzizki hipokoristikoa genuke. Atzizki honetaz informazioa eman zuen Alfonso Irigoienek, bere De re philologica linguae uasconicae V liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vasconica laneko 12. or.:
"(+ -TXA)
DOC. HIST. IB-22 Lopecha Obaco [la misma persona que Lope Obaco] a.1358-1359 PeajeNavarra (Vera-Lesaca) (29) 11-32. Esto acaso se debe a que la lengua vasca carece de moción de género, por lo que Lopecha en este caso está referido a una persona de sexo masculino.
En lengua vasca se emplea en neskatxa ‘muchacha’, de neska ‘moza’, en burutxa ‘mazorca desgranada de maíz, de lino’, de buru ‘cabeza’, etc."

Interesgarria da egiten duen oharra, -txa atzizkia gizon bat izendatzeko ere erabilia zela, nahiz eta hori orokorra ez den. Atzizki hipokoristikoetan nabarmena da -o/-a banaketa, nahiz eta beste bokalekin bukaera duten atzizkiak ere izan. Baina Otxoa, -a bukaera izan arren gizonezkoa bada, Otxando/Otxanda bikotean, lehenengoa gizon izena ohi zen eta Otxanda emakume izena.
Beraz, Muni- 'Munio' + -txa > *Munitxa antroponimo hipokoristikoa. Ezin jakin gizonezko izena ala emakumezko izena zen, lekuko zuzenik ere ez dira heldu, oraingoz. Baina *Munitxa izena zuen batek toponimo bat izendatzeko erabili zuten, bere jabegoa izango zelako, ziurrenik, eta horrela gure egunera heldu da, aspaldi galdutako antroponimo zaharra.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.