sábado, 28 de noviembre de 2020

Galaena toponimoa

 Mungiako toponimo honek bi aldaera ditu, guztiak XVIII. mendeak jasoak, Galaena eta Galanena, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan bilduak:

Galaena [N, TO]
Galaena (la casa de) [Laucariz (casas auezindadas a la feligresia de)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Galaena (la caseria de) [Maurola (partido de)], Munguia (villa de), a.1745, FogVizcayaMs.

Galanena [N, TO]
Galanena (la casa de) [Marmolas (varrio de)], Munguia (anteiglesia de), a.1796, FogVizcayaMs.

Galanena [N, NO]
Galanena (Antt(oni)o de Sarria), Guecho, a.1704, FogVizcayaMs.
Galanena (Domingo de Sarria), Guecho, a.1704, FogVizcayaMs.
Bi aldaera hauek daude, Galaena eta Galanena, eta bat zaharragoa litzateke, Galanena. Bestea, sudurkari disimilazioak aldatu du: Galanena > Galaena, antzekoa gertatu da blog honetan aztertutako Alamena toponimoarekin.
Toponimoaren egitura litzateke, Galan + -(r)en + -a, edo galan izenekoaren etxea. Galán erdal hitza da, adjektiboa da eta baita deitura ere. Euskarazko kideak galai eta galant lirateke. Azken hau gaztelaniazkoaren galante hitzaren kidea, zehatzago.

Azeloatxu toponimoa

 Bizkaiko Fika herriko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendearen erdialdekoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik hartua:

Aceloachu [N, TO]
Azeloachu (la caseria de), Fica, a.1745, FogVizcayaMs.
Azken zatia -txu atziki txikigarria izan liteke eta orduan *Azeloa geratuko zen azalbide bila. Beharbada aldaketa bat jaso zuen, paperean jarri baino lehen, disimilazio bat, atzeranzko bidea egin eta *Azelola berreskuratu genuke, ziurrenik azeri/Azeri + ola. Azeri animalia izena da baina Erdi Aroan antroponimo bat ere izan zen, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan aipatzen den bezala:
119. — azeari (azari, azeri) «zorro» y n. pr. (Aceari Umea Nav., 1167; jaun Aceari de Pampilona, 1152; patr. Aceariz): Azaldegui (cf. vize. axel-eme «zorra»), top. Azalegi, Zuberoa posiblemente Azarola (Azaola).
Mitxelenak Azaola eta Azarola toponimoetan azeri/Azeri + ola egitura ikusten du, Azeloatxu toponimoan bezala. Nahiz eta toponimoak, azkenean, ezberdinak izan, bietan elementu berberak izango ziren baina asimilazioak edo disimilazioak ezberdintasunak sortuko zituzten, eta toponimoak aldatu.

sábado, 21 de noviembre de 2020

Atsegina toponimoa

 Zeanuriko toponimo honen lekukotza nahiko txikia da, XVIII. mendearen bukaerako bi lekuko baino ez dira eskuratu, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan jasoak:

Aceguina [N, TO]
Azeguina (la casa de) [Ybarguen (cofradia de)], Ceanuri, a.1799, FogVizcayaMs.

Acequina [N, TO]
Acequina (la casa taberna de) [Ypinaburu (cofradia de)], Ceanuri, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekukoen grafia nahasgarria da, afrikatua jartzeko <c> eta <z> grafien bitartez islatu dute, beharbada txistukari neutralizazioa gertatua zen eta egun <ts> eta <tz> idazten ditugun afrikatuak batuak ziren eta lekukoen grafietan <tz> islatu nahi zuten, horixe delako bi afrikatuen neutralizaziotik geratzen den afrikatua.
Grafiaren beste kontua belarearena da, batean <gu> eta bestean <qu>, bitasun horretan etimologia lagungarria izan da, atsegin hitza ezaguna delako eta toponimian ere aztarren txikia utzi du. Hala agertzen da Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:
109. — atsegin «placer»: Aseguinolaza.
Errenterian badago Atseginsoro izeneko bizkarra, hegia. Toponimo honetan atsegin + soro izango genituzke. Hiru toponimoetako atsegin, beharbada, ez zer hitz arrunta, izengoitia izan liteke. Horrela ongi azalduko lirateke agerpen toponimiko hauek, Zeanuriko Atsegina izango zen jabeak izan zezakeen izengoitia eta berdin beste bi toponimoetan. Atseginsoro izenean, esaterako, soro atsegina izango bazen, ordena bestelakoa izango zen, hizkera arruntean den bezala.

Alarbin eta Alarmin toponimoak

 Alarbin toponimoa Bizkaiko Busturian dago, han baserria da eta bazter-auzoa.
XVIII. mendeko lekukoak badaude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Alarbin [N, TO]
Alarbin (la ferreria de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Alarbin_Uecoa (el molino de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Alarbin_de_Abajo (el molino de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Alarbin_de_Arriba (el molino de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Alarbin_Goicoa (el molino de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoaren banaketa egin eta bukaeran arbin izena bada:
arbin.
1. (V-ger-ple-arr-oroz- ap. A; Lar Sup , H) "Estrecho" Lar Sup. "Étroit" H. "Estrecho, delgado (Humb. Adit. á Mitrid)" A. v. 1 armin.
Illun ta otzak / beren biyotzak / laja ere bai arbin zorrotzak, / astun, laiotzak... Inzag EEs 1912, 212.
Hasierako zatia al- iluna da, baina ziurrenik toponimoak aldaketa bat jaso zuen idatzi baino lehen, agian dardarkari disimilazio bat, r-r > l-r, Algorta herri izenean bezala. Beraz, hasieran *Arrarbin izan liteke eta gero Alarbin bihurtu, disimilazioagatik. Eta Algorta izenean bezala, hasierako zatia har- 'harri' izango zen.
Alarmin toponimoa ere bizkaitarra da, Ereñoko tontor baten izena. Lekuko zaharrik ez, baina Alarbin izenarekin dagoen antzekotasuna aipagarria da. Aldaketa bat gertatu da, b-n > m-n asimilazioa, beraz, Alarbin > Alarmin.

viernes, 20 de noviembre de 2020

Alamena toponimoa

 Alamena Galdakaoko baserria da.
Izen honen XVIII. mendeko lekuko zaharrak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Alamaena [N, TO]
Alamaena (la caseria de) [Vengoechea (varrio de)], Galdacano, a.1745, FogVizcayaMs.
Alamena (la casa de) [Vrretta Urizar Aguirre Bengoechea Jugo (varrios de)], Galdacano,
a.1796, FogVizcayaMs.
Bi lekuko baino ez dira, Alamaena eta Alamena, eta, zalantzarik gabe, Alamaena aldaera, zaharragoa izateaz gain, toponimoaren etimologia aurkitzeko oso lagungarria da.
Toponimo honetan aldaketa bat gertatu zen XVIII. mendea baino lehenago, sudurkarien disimilazio bat, eta bietatik bat galdu zen, prozesu ezaguna da. Atzeranzko urratsa egin eta *Alamanena izango genuke, hau da Alaman PI + -(r)en + -a. Alaman jatorriz etnonimoa zen, baina gero antroponimo bezala erabilia izan zen, bai erromantzean eta baita euskaran ere. Egun erabiltzen den hitza aleman da, Alemaniako jatorrikoa.

Abatetxe toponimoa

 Abatetxe izeneko baserria Elgoibarren dago eta Abatetxea izeneko etxea Eibarren. Toponimo gipuzkoarra ematen du, baina lekuko zaharren bitartez jakin dezakegu Bizkaian ere ezaguna zela, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoen bitartez:

Abatechea [N, TO]
Abatechea (la casa de) [Galarza (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796,
FogVizcayaMs.
Abatechea (la caseria de) [Basecheta (cofradia de)], Ereño, a.1745, FogVizcayaMs.
Abateche (la casa de), Fica, a.1641, FogVizcayaMs. -/Ubidea, a.1796, FogVizcayaMs.
Abateche (la caseria de), Fica, a.1745, FogVizcayaMs.
Auateche (la casa de), Fica, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoen analisiak ez du zailtasun handirik, abatetxe izena dagoelako:
abatetxe.
(V-m ap. A).
Casa cural. v. ERRETORE-ETXE.
Bein abatetxera bialdu bear izan eban Aitak erreparlari edo mandatari [...]. Ioan zen ene Pedro Antonio onenbeztegaz abatetxera; urten eutsan abadean arrebeak. A Ezale 1897, 158a. Ipiñako eliz gauzen kondaira (eliza, abatetxea, hilerria, ermitak). MEIG II 125.
Abatetxe izenean abat eta etxe izango geniteuzke. Hitzak ez du lekukotza handirik utzi, baina Bizkaiko toponimo zaharrekin hitz honen agerpen data ia 250 urte aurrera liteke, 1897. urtetik 1641. urtera.

sábado, 14 de noviembre de 2020

Beatarri toponimoa

 Beatarri Berastegiko bizkarra, hegia da. Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, toponimoak ez luke oztopo handirik aurkeztu beharko, egitura nahiko argia duelako. Baina bada arazo txiki bat, toponimoak bi elementu lituzke, azkena harri ezaguna da, baina hasierakoa?
Beata izan liteke, baina aukera bada beato izateko. Orotariko Euskal Hiztegiko hitz hauen sarreran badago ezberdintasun nabarmena, beataren lekukoa beatorena baino askoz handiagoa da.
Badago beste azalbide bat, Beatus antroponimoa izan da, erromatar garaian eta baita Erdi Aroan ere, nahiz eta Euskal Herrian lekuko zuzenik ez izan. Baina utzitako lekukotza ez da oso handia eta jakinik euskal hitza ere badela, aukera handiagoak ditu beata zein beato izatea toponimo honen oinarria, eta, erabileraren irizpidea kontuan izanik, beata izan liteke egiantzekoena.

viernes, 13 de noviembre de 2020

Aldosilla toponimoa

 Aldosilla izeneko basoa dago Kanpezuko herrian, Araban.
Lekuko zaharrik ez dago, baina badago XX. mendearen bigarren erdialdeko bat, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuko 71. or.:

123.— Aldosilla
Toponimoa iluna izan liteke, baina badago Nafarroako herri bat, oso izen antzekoa duena, Andosilla, Nafarroako hego-mendebaldean dagoen udalerria da, Lizarrerria eta Erriberan kokatutakoa. Ezberdintasun bakarra dago fonema bakar batean, Andosilla izenean /n/ dena, Aldosillan /l/ da. Jatorrizkoa Nafarroako toponimoa bada, aldaketaren kausa bilatu beharra dago, eta hori asimilazioa izan liteke, n-ll > l-ll: Andosilla > Aldosilla.

Sanjurdi toponimoa

 Sanjurdietxebarri izeneko baserria dago Fruizen, Bizkaian.
Aurreko mendeetan San Jurdi zen toponimoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan agertzen den bezala:

San Jurdi [N, TO]
San_Jurdi (el molino de), Fruniz, a.1704, FogVizcayaMs.
San_Jurdi (la casa de), Fruniz, a.1799, FogVizcayaMs.
San_Yurdi (palacio de) [Ybarras (parage de hasta la iglesia)], Fruniz, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoa hagionimo bat zen, santu izena, San + Jurdi elementuak baturik, jatorrian Sancti Georgi zena. Antroponimoa Jurdi zen, Jurgi hedatuagoaren aldaera, eta blog honetako hainbat toponimotan aztertua izan da, Donorgiburua, Sandurdi eta Sangurti toponimoetan, hain zuzen.
Toponimo hauek erakusten dute santu horren ospea, izan ere, aipatutakoez gain, badira euskal lurraldean toponimo gehiago santu horren izena dutenak, Santurtzi, adibidez.

martes, 10 de noviembre de 2020

Azkarrain toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Azkarrain, XVI. mendeko bi lekukoren bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 141. or.:

Azkarrain
DOC.: Azcarrayn (C. m. a.: 1529), Escarrayn (1544).
OBS.: Arrendados juntos los términos de San Martín de Eldur, Escarrayn, Galdarrayn y Belaztegui.
Dirudienez, toponimoa galdua da eta bi lekuko horiek baino gehiagorik ez dago. Bitxia da urte beretsuetan bildutako izenetan ezberdintasun nabarmena aurkitzea. Dena den, aldaketak txikiak dira, bokal hasieran a/e bezalakoa edo s/z herskari horzkariaren aurrean. Beharbada garai hartako hiztunen artean bazen horrelako bikoiztasuna.
Toponimoaren analisia egiterakoan, banaketa agerikoa litzateke, azkar zuhaitz izena eta -ain atzizkia. Baina hau oso egitura bitxia da, atzizki hori antroponimoekin lotu ohi delako. Hala ere, toponimoaren bi lekukoak nahiko zaharrak dira eta badira toponimo batzuk gehiago, egitura bitxi hori omen dutenak eta blog honetan aztertuko direnak.

Oierotena eta Oiorotena toponimoak

 Toponimo hauek Baztanen agertu ziren, XVIII. mendearen hasieran, bata Bozate auzoan eta bestea Iruritan. Biak Patxi Ondarraren Apeo de Baztán (1726-1727) izeneko lanetik hartuak.
Oierotena, Bozate auzokoa, 12. orrialdean dago:

90. Oierottena, Pedro de Beñattena
Oiorotena, Iruritakoa, 35. orrialdean dago:
59. Oiorottena, Juan de Sasttrearena
Bi lekukoetan lehenik etxe izena dago eta ondoren jabearena. Bi lekukoetako <tt> grafia itxurazkoa da, dirudienez /t/ fonema baino besterik ez du ordezkatzen.
Bi etxe izenetan ezberdintasun bakarra dago, bigarren silabako e/o bokala, baina jatorrizkoa /e/ da, bestea asimilazioaren ondorioa da: o-e > o-o, antzekoa gertatu da antzeko beste hitz batzuekin, cf. hogoi '20'.
Oinarria, eta kasu honetan antroponimoa, Oierot da, Oier + -ot atzizkiaz osatua, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen den bezala, 178. or.:
Oierot (Oier; ikus Aujerot): Ogerot de Anssa (Ahatsa, 1368, Goih., 1966: 116), Ogerot de Garro (Gerezieta, 1379, ibid., 32), Ogerot de Masparraute (Martxueta?, 1401, ibid., 287), Ogerot de Echeverria (1412, Castro, XXIX, 28, 27. or.), Ogerot de Lauez (1413, ibid., XXX, 94, 47. or.), Ogerot de Ayça (ibid., 484, 238. or. = Oger de Ayça, ibid., 491 = «Oger, señor de Hayça», ibid., 517), Ojerot graxitorena (Irur., 1529, Eo.p., 1, 69), Ojerot de muru (Amatriain, 1529, Amatriaingo jauregia).
Beharbada Oierot hipokoristikoa ez da euskaraz osatua, *Oierrot sortu beharko zuelako. Litekeena da izen hori mailegatua izatea, iparraldetik. Baztanen lotura iparraldeko lurraldeekin ezaguna da.
Toponimoaren azken zatian etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a atzizkiak, jabetasuna adierazteko.

sábado, 7 de noviembre de 2020

Donorgiburua toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra baino ez dago, Gerado Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan jasoa:

DONORGUIBURUA, 1616, labrantío de Urarte.
Lekuko bakarra da, eta gainera, sortu zenetik aldaketa batzuk jaso omen ditu; baina, hala ere, analizatzekoa da. Lau elementu lituzke: done + Jurgi + buru + -a. Aldaketa larrienak antroponimoaren hasierakoak dira, antzekoa gertatu zen Doneakue toponimoan, /j/ galdu zelako. Etimologia sendotzeko badago gaur egungo lekuko bat, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuko 53. orrialdean, Urarteko toponimoa zerrendatzen duenean hauxe jarri zuen:
48.— San Jorge
Beraz, hagionimoak iraun du, nahiz eta erdaraz izan, hizkuntzen ordezkapena izan delako, baina santu izena ez da galdu.
Hagionimo hori behin baino gehiagotan aztertua izan da blog honetan, Sandurdi eta Sangurti toponimoetan, hain zuzen.

viernes, 6 de noviembre de 2020

Erregiasagasti toponimoa

 Arrasateko toponimoa, lekuko bakarra du, XV. mendekoa. Arrasateko toponimia liburuan badago lekuko hori, 224. or.:


 Toponimoak bi elementu lituzke, erregina eta sagasti. Biak hitz ezagunak eta egunerokoak. Nabarmentzekoa da sudurkaria agertzen ez dela, beharbada sudurkaria galdua zen baina sudurkaritasuna ez, ondoko bokalak sudurkari bihurtu zirelako, garai hartan inguru horretan gertatzen zen bezala.
Analisi etimologikoak ez du zailtasunik, baina toponimoaren zahartasuna aipagarria da, erregina agertzen delako. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa 1364. urtekoa da, Erreguia videa izeneko toponimoan. Hurrengoa, Etxepareren liburuan dago, Zeru eta lur ororen erregina dignia, 1545. urtekoa. Beraz, Arrasateko toponimoa bien artean jarri beharko litzateke, erregina izenaren bigarren lekukoa delako.

Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoak

 Bi toponimo hauek Bizkaikoak dira, iturri bakarrean aurkituak. Colección Documental del Archivo Municipal de la villa de Lequeitio. Pleito sobre el monte Otoyo izenburuko liburuan badira toponimo hauen lekuko batzuk, Erdi Arokoak, 1518-1519 urteetakoak.
Lehenik Jaunberasa-ren lekukoak, 41. or.:

...que los dichos vesinos de las confradyas de Cortaçar e Larrynaga non tenian terminos algunos suyos propios syn parte de la dicha villa e anteyglesias dende la tejeria de Joanche de Vriarte, que es en Oguilla, fasta arriba los setos de pared llamados Ormaesyaqui, eçeto los plantyos e tenençias que tenian apegados a sus heredades; eçeto que tenian vn monte llamado el sel de Javnberasa, que es vn poco de termino, que lo abyan tenido goardado por tienpo...
50. orrialdean:
A la quinta pregunta dixo que lo que sabe desta pregunta es que habya oydo desir de Juan Ochoa de Beytia, su padre, que Dyos aya, e de otros honbres byejos e ançianos de la confradya de Gardata e de Yspaster, e de vesinos de la dicha villa que estan abesindados en la villa hydos de la dicha anteyglesia de Yspaster e de las otras anteyglesias, que los dichos vesinos de las dichas dos confradyas de Cortaçar e Larrynaga tyenen vn sel suyo propio en el dicho termino de Otoyo llamado el sel de Javnberasa, e que todo lo resto de los dichos terminos de Otoyo...
Eta azkenik Jaunberaskorta toponimoarenak, 76. or.:
... e que oyo desir a Martin de Arana, su padre, que hera honbre de dyas, que los vesinos de las dichas confradyas de Cortaçar e Larrynaga tenian suyo propio vn monte e termino que se llamaba Javnberascortea en el dicho termino de Otoyo, e que todo lo otro de fuera del dicho monte e sel de Javnberascortea hera exido comun de la dicha villa e anteyglesias;
95. orrialdean:
... yr al dicho monte de Otoyo y entrar mas adentro de lo que ellos les bedaban, e ende solian hazer la leynna en el dicho monte, ençima del monte llamado Javnberascorta, e que quoando las tomaban en aquel termino que les bedaban las solian prendar los de las dichas confradyas...
97. orrialdean:
... commo de cosa comun e conçegil, eçeto que en vn monte e enzinal cresçido que esta debaxo de la esquina e penna de Nabaryola, faz a Oguilla, e por nonbre llamado por su nonbre Javnberascorta, en aquel termino les solian bedar Fernando de Cortaçar e Juan de Vriarte e Juan Peres de Arana...
Eta, azkenik, 98. orrialdean:
... por la admistad que tenia con su padre, le ayudo a hazer la carga de leyna e le enbyo syn prendarle e darle mas afruenta; e que en lo demas del dicho termino e monte de Javnberascorta, en todo el dicho Otoyo,
[...]
la sesta pregunta dyxo que ha oydo desir por fama publica que los dichos vesinos de las dichas confradyas de Cortaçar e Larrynaga tyenen tomado allende del dicho termino e monte de Javnberascorta mucha parte del dicho termino, e que todo ello es contra la boluntad de la dicha villa...
Bi toponimoak bat izan litezke, jakinik bigarrenaren korta lehenengoaren erdarazko sel sinonimotzat har daitezkeela. Ezin jakin, dauden lekukoekin, Jaunberasa hori gizon baten aipua zela edo toponimo batena, zalantzarako lekua utziz.
Jaunberaskorta izenak bi zati lituzke, lehenago aipatutako Jaunberas(a) eta korta. Badago lekuko bat, Jaunberaskortea izena duena. Dirudienez, toponimoari artikulua eransterakoan dismilazio auromatikoa gertatu da: Jaunberaskorta + -a > Jaunberaskortea.
Geratzen da lehenego toponimoa, Jaunberasa. Bi elementuz osatutako izena litzateke, jaun eta Beraxa, azken hau beratz, beratx hitzekin lotua. Ez dago *Jaunberaxa antroponimoaren lekukorik, toponimo hau izan ezik. Beraxa izena Erdi Aroan ezaguna izan zen, Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan adierazten duen bezala:
150. —Beraxa n. pr.: Berasategui, Berastegui; cf. top. Barasoain, Berasain, Beasain (J. Caro Baroja, Mat., 69-70 y 163-164). Arigita, Historia de la imagen y santuario de San Miguel de Excelsis, Pamplona 1904, p. 203, recoge la mención de duos collaços in uilla qui dicitur Berastegui, uidelicet cuius nomen est Beraxa et altero Orti Munioç, que remite inconfundiblemente a beratz, beratx, derivado de bera «blando».
Beraz Beraxa antroponimoaren lekukoez gain badira bere bi lekuko toponimiko gehitzeko, Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoak.

martes, 3 de noviembre de 2020

Bilinbalan toponimoa

 Arrasaten bada Bilinbalan izeneko iturburua. Arrasateko toponimia liburuan lekuko zaharrak ageri dira, XVII. mendetik hasita, 264. or.:


 Toponimoak hainbat aldaera baditu ere, Bilinbalan nagusia da, eta hori da aztertzeko izena. Toponimoa ikusi eta nabarmena da onomatopeia eitea duela, eta Orotariko Euskal Hiztegian badu lekurik, bilin-bolan sarreran:
bilin-bolan.
bilin-balan (G-bet ap. A).
Dando tumbos.
Tiro ots utsaz ziran bildurrez menditi / Bilinbolan beeraño milla erbi jatsi, / Arri arteetan asko zauriz oso josi. AB AmaE 208.

bilin-balan (G-bet ap. A ).
"Las campanas tañendo" A.
Hiztegiko lehenengo lekukoa 1885. urtekoa da, beraz, Arrasateko toponimoak ia 150 urte aurreratzen ditu hitz honen lehenengo agerpena.
Toponimoaren zergatikoa bilatuz gero, litekeena da iturriaren jarioaz izatea. Uraren jarioa ez zen egonkorra izango eta hortik jarri zioten izena.

Barbasagasti toponimoa

 Arrasateko toponimo honetaz hiru lekuko baino ez dira jaso, guztiak XV. mendearen azken herenekoak. Arrasateko toponimia liburuan bildurik daude lekuko horiek, 261. or.:


 Toponimoak bi elementu lituzke, Barba eta sagasti. Azkena hitz ezaguna da toponimian zein eguneroko hizkeran. Bestea bitxiagoa da, barba erdal hitza da gaztelaniaz, baina toponimo honetan Barba antroponimoa dago. Izen honetaz aritu zen P. Salaberri bere Euskal deiturategia. Patronimia liburuan:
Barba (Sancho Barba, Pero Barba, Artaxoa, 1330, LPN, 293, 294. orr. Herri berean Bizarra Tota zegoen 1156. urtean, Art., 100, eta Don bicent biçarra Erriberrin, 1286an, Zier., 1974, 120).
Barbaz: Semen Barbaz (Eraul, 1255, Irantzu, 232. or.).
Mitxelenak dio (AV, 21. or.) Barbatain toponimoarekin eta latineko Barbatus, Barbati-rekin aldera daitekeela, baina uste dugu Barba antroponimotik abiaturik ere azal daitekeela, Motxorroiz Motxorro-tik abiaturik azal daitekeen bezala; Biarno-Bigorreetan Barbaza - Barbazan eta Barbé deiturak ere baziren (Grosclaude, 1992: 48). Kajantok (1982 [1965]: 25, 63, 65, 223-224) latineko Barba, Barbatus eta beste biltzen ditu eta erraten ‘bizarra’, ‘bizarduna’ adiera zutela jatorriz. Gaineratzen du komunzki emakumeei ez zitzaiela honelakorik ezartzen.
Barba antroponimoa latinean zein erromantzean erabilia izan zen eta litekeena da erromantzezko erabilera hori euskal lurretan ere izatea, latinetik jasotzea ere ez da ezinezkoa.
Arrasateko toponimora itzuliz, aipagarria da bigarren lekukoa, erdaraz jartzen du los mançanales de Varba sagasti, erakutsiz garai hartan toponimoa sortaraziko zuten sagastiak bazirela.
Barba antroponimoaren lekuko urriei Barbasagasti toponimoa gehitzekoa litzateke eta badira beste toponimo batzuk Barba antroponimoan oinarrituak.