miércoles, 22 de septiembre de 2021

Urdanitibar toponimoa

 Urdanitibar Oiartzungo zubia da.
Toponimo honen lekuko zaharrak Oiartzungo toponimia liburutik jaso ditugu, 307. or.:

Urdanitibar. Baserria, parajea.
Toponimo baten eboluzio bitxia da. Alde batetik, XIX. mendearen erdialdera arte Urdanitibar izeneko baserri bat zegoela argi dagoela dirudi (1591, ZEA 215.19; 1696, OUA B/5/1/2 “paraje llamado dela casa de Urdanitibar”; 1768, AChV4 “Iten en la jurisdicción de la casa de Urdani/tibar”; eta 1857, nomenklator). Data horretatik aurrera Urdanitibar etxea desagertu zen eta bere ordez Urdaniturri azaldu zen (1857, OUA B/3/II/1/1; 1883, OUA B/3/II/9/5; 1910, OUA B/3/II/37). Baina baserriak izenez aldatu duen bitartean, ubideak eta zubiak izena gorde dute. Laburtuz, Txikierdiko leku honetan honako toponimo hauek aurkituko ditugu:
Ursanitibar, baserria. Urdanitibarrerreka, ubidea. Urdanitibarzubia, zubia.
Toponimoaren duela bostehun urteko izena Urdanitibar zen. Bi elementu aurkitu ahal dira, Urdaneta eta ibar. Biak loturik arazorik gabe Urdanitibar sortuko zen, aldaketa bakarra bokal asimilazioa genuke e-i > i-i. Zalantzarako lekua lehenengo zatiari dagokio. Urdaneta toponimoa azaldu dugu eta sarrera hartan urdan- 'urdain' hitza alde batera utzi eta hondar + -eta proposatu genuen. Oiartzungo toponimorako ere egokia izan liteke, jakinik toponimoak zubi bat izendatzen duela eta hauen behean ura dagoela, normalean ibai bat. Toponimoaren kokapenaren azterketa bat beharbada hemen plazaratutako hipotesia berresteko ala ezezteko izan liteke, baina leku hauetan aldaketa handiak izan dira gizakiaren eraginez, aspaldian zuten ezaugarriak ezabatzeraino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario