Toponimo honen lekuko batzuk daude, Erdi Arokoak, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan. Guztiek izen bera badute ere, ez da gizon bera agertzen hiru lekukoetan, urteen hedapena handiegia da horretarako. Lehenengo lekukoa 8. agirian, 1399. urtekoa da, Juan de Beretersagasti. Ondorengo bi agiriak urte berekoak dira 46. agirian 1504. urtean Juan de Berete/(sagasti) eta 47. agirian, 1504. urtean Juan de Beretersagasti. Lekuko toponimiko hauek Legorreta eta Ordiziakoak dira, Ataundik hurbil.
Lekuko berriago bat dago, 1625. urte ingurukoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, Legorretako etxe izenak zerrendatzerakoan, Berete Sagasti aipatu zuen. Horrela, toponimoa Legorretan kokatzeaz gain, toponimoaren Beretesagasti aldaera beharbada ez da huts bat, ezaguna da hitz batzuek, dardarkaria bukaeran dutenak, fonema hori galtzen dutela eratorpenenan. Horrela, hamar hitzaren eratorrietan hama- dugu: hamabi, hamabost. Amabizkar toponimoan ere hamar izan liteke, baina ez da ziurra. Beraz, bereter + sagasti > Beretesagasti izatea ez litzateke anomalia bat.
Toponimoak bi elementu lituzke, alde horretatik oso izen gardena da, bereter eta sagasti. Azken hau oso izen ezaguna da eta toponimian lekuko ugari utzi ditu, blog honetan aztertutako Erregiasagasti toponimoa bezala.
Hasierako hitza bereter da, eskualde horretan egun ez da ezaguna baina garai batean izan zen eta toponimo horrek erakusten du. Handik ez urrun, Bereterbide toponimoa dago, Tolosan. Beretersagasti toponimoa Legorretakoa zen eta horrek berresten du hitza, aspaldian, ezaguna eta erabilia zela Gipuzkoako alde horretan.
martes, 14 de septiembre de 2021
Beretersagasti toponimoa
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario