2025(e)ko apirilaren 16(a), asteazkena

Kukusolo toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CUCUSOLO, 1671, labrantío de Lagrán.
Toponimoak bi elementu izango zituen, azkena solo hitza da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera, baina oinarrikoa zailagoa da, aukera bat baino gehiago daudelako. Ziurrenik kuku hitza dago, hegazti izena edo, beharbada, norbaiten izengoitia. Hitz homonimo bat dago eta adiera nagusia egokia litzateke soro bat izendatzeko, kuku hitza:
1. (BN-ciz, Sal ap. A ).
"Espantajo de pájaros" A. v. 5 kuka (2).
Frantzian berean gobernioa bethi kordokatua, landako kukua iduri, haize kolpe guziek harat-hunat dariotela. Herr 3-11-1955 (ap. DRA ).
2. (S ap. Lrq ; Lecl, H), kuko (H).
"2. charançon, cosson, calandre. 3. ver, insecte qui pique les fruits, grains, feuilles et s'y loge" H. v. 1 koko, 5 kuka.
Udare ondoak lehertzen zaizku [...]. Etsai bat badute izigarria. Udare-kukoa, erdaraz 'l'anthonome du Poirier'. GAlm 1959, 66. Sagarrondoari atakatzen den kukoak primaderan erruten du. Ib. 66.
"(Sal), pulgas y piojos (voc. puer.)" A.
3. "(Sal), máscara, enmascarado" A. v. 1 koko (5).
Hala ere hitza sortaldekoa zen, Lagranetik urrun. Ezinezkoa ez da, baina oinarrian kuku hitza bazen, lehen kuku izango zen.
Beste aukera bat dago, azkena, eta horrek haplologia izeneko aldaketa bat beharko zuen, kukuso izena oinarrian, baina bere erabil-eremua erdiko eta sortaldekoan dago, sartaldeko euskaran arkakuso hitz elkartua ohikoa da eta Bizkaia gehienean ardi erabiltzen da. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) izenekoan bada orri bat ardi, arkakuso eta kukuso hitzen banaketa geografikoaz eta kukuso hitzaren erabilera eremua aski urrun geratzen da.
Beraz, kukuso + solo egitura ez da Arabako lurraldean agertuko zena eta sarrera honetan egindako lehenengo analisia hobetsiko genuke.

2025(e)ko apirilaren 14(a), astelehena

Urkillaga toponimoak

 Urkillaga da Ataungo hemeretzi toponimotako oinarria:

Urkillaga
Urkilaa: (= sitio de Urkul). 1404 “sel de Hurcullaga”. 1566 “sel de “Hurqullaga”. 1627 “sel de Urquillaga”. 1721, amojonamiento de sel “sobre el camino de la fuentecilla de Urcullaga…al lado de un roble joven algo inclinado a tierra…el mojón de medio…el primer mojón…pusieron sobre el camino que de la casa Urcullaga pasa a Mendiurcullu, el segundo que media hacia monte Leizadi en la misma línea llamado Urcullagaburu... ”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Aia
    Erreferentzia: 14. karp. 222. zk. 6231 erreg.

Urkillagabelarsoro

Urkillaa belarsoro: (= prado de (la casa) Urkillaga).
    Izaera: belar-soroa
    Kokalekua: Marumendi
    Erreferentzia: 15. karp. 100. zk. 6641 erreg.
[...]
Toponimoaren lekuko zaharrenetan Urkullaga dugu eta XVII. mendean Urkillaga agertzen hasten da, nagusitu arte. Hala ere, XVIII. mendean Urkullaga oraindik bazen, ez zen galdua. Bilakaera, beraz, erraza da: Urkullaga > Urkillaga, ziurrenik bokal disimilazioa gertatu da, u-u > u-i. Toponimoan bi elementu daude, bukaeran -aga atzizkia eta oinarrian urkulu hitza, aldaera ez gutxi dituena, eta baita adierak ere:

Hitzaren adiera nagusiak ez dira ongi egokitzen toponimian txertatzeko, baina beherago bada bat, ezin egokiagoa:
Bide batez, urkulu hitzaren lehenengo agerpena gorago jarritakoa litzateke, XVI. mendearen bukaerakoa baina Ataungo lekuko zaharrena XV. mende hasierakoa da, sel de Hurcullaga (1404) eta, beraz, azken lekuko hau ia bi mendez zaharragoa da.

Otsarramendi toponimoa

Otsarramendi da Hernaniko erreka bat, toponimo eratorri bat du, Otsarramendiko iturria. Lekuko zaharrenak XX. mendearen bukaerakoak dira: Otsarramendi (1992, 1993). Analisi etimologikoa, beraz, izen bakarretik hasiko da. Toponimoak bi elementu izan ditzake, mendi izen arruntak ez du azalpenen beharrik, baina aurrekoa iluna da, otsarra-. Zaila da otso + ar izatea, azken bokala azaldu gabe geratzen delako. Baina bada beste hitz bat, ozar, Erdi Aroan antroponimoa ere izan zena:

ozar.
Etim. Para su posible origen en (h)or 'perro' + za(h)ar, v. FHV 294.
Onom.: Filius eius Exemen Fortunionis et Ossarra. (1115) Arzam 385. Ferme Don Oxarra. (1130) Ib. 385. Don Garcia Ocharra. (1180) Ib. 385.
[...]
Antroponimo honen grafia <ss> da, afrikatua izan zitekeena, Hernaniko toponimoa bezala. Beharbada, baina hau ez da ziurra, <ts> grafia otso izenaren eraginez gertatua da, edo Otso(a) antroponimoarenaz. Edonola ere, toponimo honen hasierako elementua aipatutako antroponimoa litzateke.

2025(e)ko apirilaren 11(a), ostirala

Urdanzelaieta toponimoa

 Urdanzelaieta da Ataungo toponimo bat:

Urdanzelaieta
Urdan zelaieta: (= la planicie de urdi aran, campo acuoso).
Izaera: zelaia
Kokalekua: Berranoa
Erreferentzia: 22. karp. 265. zk. 8949 erreg.
Hor dagoen azalpena baino egokiagoa izan daiteke urdan-, urdain 'txerrizain' hitzaren eratorpen aldaera. Ondoren zelai izen arrunta eta, azkenik, -eta atzizkia. Urdandegieta toponimoen sarreran azaldu bezala, litekeena da hitz horiek Ataun aldean ahaztuak izatea, urdain zein urdandegi, eta horregatik azalbide bitxi horiek.

2025(e)ko apirilaren 9(a), asteazkena

Otsuategi toponimoa

Otsuategi da Leintz-Gatzagako aurkintza bat. Lekuko zaharrik ez badago ere, izena oso argia da, aldaketa bakarra jasan du, oa > ua bokal disimilazioa eta aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, oso analisi errazekoa da, bukaeran -tegi atzizkia, ohikoa etxe izenetan eta oinarrian Otxoa antroponimoa. Nabarmentzekoa izan litzateke txistukaria, baina lekuko zaharrik gabe ezin da gehiago gaineratu. Toponimoa, antza, etxe bat izendatzeko erabiliko zen eta gero, etxea desagertu eta aurkintza izendatzen hasi zen, egunera arte.
Antzeko egitura dago Otsoenea eta Otsuene toponimoetan baina bukaerako elementua beste bat da.

Otsoenea eta Otsuene toponimoak

 Otsoenea da Hernaniko bi baserriren izena, Osiñaga bailarakoa. XX. mendeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

OTSUANEA (3 viv.) (col.) Osiñaga, Hernani
OTSUANEA TXIKI (prop.) Osiñaga, Hernani
Bi baserriak bereizteko txiki izenondoa erabili da. Toponimoetan, gainera, ezberdintasun batzuk daude, baina oso txikiak dira, azalekoak, oa > ua disimilazioa bezala.
Otsuene da Oiartzungo baserri bat. Aipatutako liburuan ere bada baserri hau:
OTSUENE (desh.) Alzibar ballara, Oiartzun
Gainera, Oiartzungo toponimia liburuan ere agertzen da, lekuko zaharrik ematen ez badu ere:
Otsuene. Baserria.
XVII. mendeaz geroztik dokumentatu da. Gaur egun Otsueneberri etxea dago, Altzibarko hirigunetik hurbil.
Oiartzungo toponimo honek hiru lekuko ditu eta hirurak berdinak dira, horrek erakusten du Hernaniko toponimoa ez bezala, izena oso finkaturik dagoela.
Bi toponimoak oso antzekoak dira elementu berberez osatuak direlako, bukaeran genitiboa eta artikulua eta oinarrian Otxoa antroponimoa, Erdi Aroan oso erabilera handikoa izan zena.

2025(e)ko apirilaren 7(a), astelehena

Arkaun toponimoa

 Arkaun da Gipuzkoako Partzuergo Nagusiko baso bat. Arkaungaña toponimo eratorria da eta bere izenak adierazten duen bezala, tontorra da. Toponimoaren lekukotza oso berantiarra da eta ez du nabarmentzeko aldaerarik. Izen bakarra dago analizatzeko, Arkaun eta bi elementuz osaturik dago, azkena un(e) hitz ezaguna eta oinarrian arka izena dago. Egun, arka 'kutxa' da baina adiera hori ez da ohikoa toponimian eta nekez antzeman daiteke arka bat Arkaga eta Arkaka toponimoetan. Ziurrenik, Arkaburua toponimoaren sarreran adierazten dena zen, ur biltegi bat. Horretarako uharka hitz eratorria erabilia izan zen, Uarkalde toponimoaren oinarria.