viernes, 29 de noviembre de 2019

Matxitxane toponimoa

Matxitxane Zaldibiko toponimoa da, batetik auzo bat izendatzeko eta, bestetik, trikuarri bat.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa gardena da, jakinik badela Matxitxa izeneko antroponimo hipokoristikoa, *Matxi 'Martin' eta -txa atzizkiaz osatutakoa. Toponimoan badira -(r)en + -a, jabegoa adierazteko ohikoak direnak etxe izenetan, nahiz eta Zaldibiko toponimoan ez dago etxe izenik, baina bai auzo bat, beharbada etxe bakar batetik hasia, eta etxearen izena erabiliko zuten auzoa ere izendatzeko, baita trikuarria ere.
Beraz, Matxitxane toponimoarekin aberasten da Martin antroponimoaz sortutako izen kopurua, zehatzago, Matxitxa izenetik.

Martiku eta Martikuena toponimoak

Martiku bazen Urnietako Oztaran auzoko baserri bat, Gipuzkoako baserriak liburuaren arabera, baina liburua idatzi zenerako, egileak berak adierazten du, hondaturik zegoela.
Martikuena baserria bada Astigarragan, lekuko zaharrik ez dugu bildu.
Beraz, badira bi toponimo, biak etxe izenak, eta biak Gipuzkoakoak.
Azterketa etimologikorako zalantza handirik ez dute uzten, biak nahiko gardenak dira, bietan antroponimo bera izango genuke, *Martiku, baina Urnietako toponimoan gehigarririk gabe agertzen den bitartean, Astigarragako toponimoan, -(r)en + -a, jabegoa adierazteko etxe izenetan ohikoak diren elementuak ditugu.
Ez dago *Martiku antroponimoaren lekuko zuzenik, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan izena aipatzen du, baina lekukorik ez du ematen.
Beharbada izena, jatorrian, Martiko ezaguna zen, Marti 'Martin' eta -ko atzizkiaz osaturiko hipokoristikoa, eta gero, agian toponimo bihurtu eta gero, Matxitxu toponimorako aipatutako fenomenoa ere gertatu zitzaion, euskal lurraldeko leku askotan gertatzen dena, horrela, i-o > i-u aldaketa jasan zuen. Horrela, Martiko ezagunetik hasi eta Martiku toponimorako bidea ezin errazago geratuko litzateke.

martes, 26 de noviembre de 2019

Estarribeltza toponimoa eta eztarri hitza

Toponimian ezagunak dira gorputz izenetan oinarrituta toponimoak izendatzera erabili diren hitzak, horietako bat eztarri litzateke, garganta, bere kide gaztelaniazkoa, ere ezaguna da, gorputz zatia eta elementu geografikoa bezala erabilia.
Toponimoa Estarribeltza zen, eta Segura ingurukoa izan zen. Amojonamiento (Segura y sus aldeas) izena duen agirian jasoa da, 1483. urtean, 5. or.:
En el qual dicho lugar, al pie de la dicha aya grande, pusieron un mojón en el lugar donde estaba el primer mojón poco más o menos; e dende adelante, atrabesando por el lado adelante al otro mojón que está en el lugar llamado Estarribelça, en un çerrillo que está cabe la venta de Estarribelça; e dende adelante subiendo arriba, pasado el dicho lugar de Estarribelça, en un otro çerrillo al pie de un aya...
Eztarri izena, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Landucciren hiztegian agertu zen lehenengo aldiz, hau da, 1562. urtean. Beraz, 79 urtez aurreratuko litzateke hiz honen agerpena. Toponimoan estarri aldaera ezaguna erabili zuten.

Matxitxu toponimoa

Matxitxu Donostiako bi etxeren izena bada. Badirudi toponimoa batere nabarmendu ez zela, aurkitutako lekuko zaharrena XX. mende bukaerakoa da, 1995. urteko Donostiako toponimia lanean bildua:
MATXITXU: Matxitxu (1989, D.U.T.B.). 64-21-1, m. E-5.
Toponimoaren azterketa eginez, antroponimo bat litzateke, elementu gehigarririk gabe. Baina ez da ezagutzen Matxitxu bezalako izenik, baina bada bat egokia izan daitekeena, Matxitxo, blog honetan aztertutakoa. Hipokoristiko honen elementuak lirateke *Matxi, Martin-en hipokoristikoa hau ere, eta -txo atzizkia. Ezaguna da badela -txu atzizkia, baina hau sartaldean ezaguna da, Bizkaia aldean, eta toponimoa Donostian zegoenez, nekez izan liteke *Matxitxu izenaren ondorengoa. Baina bada asimilazio bokaliko bat, euskal lurraldeko leku askotan gertatzen dena, horrela, i-o > i-u gertatuko zen, jatorriz izena Matxitxo izango zen eta asimilazioaren ondorioz, Matxitxu bihurtu eta izen bereko toponimoan geratuko zen, fosildurik, aldaera hau.

martes, 19 de noviembre de 2019

Zoruaga toponimoa

Tolosako etxe izenak ematerakoan, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, Zoruaga aipatu zuen, 1625. urte inguruan:
... Ezama, Echaboleta, Arraiechea, Illarraméndi garaicoa, Illarramendi erdicoa, Illarramendi azpicoa, Guisuaga, Ferrarategui, Iraneta, Arrillaga, Sarrola, Zoruaga, Amaroz, Eguzquiza...
Analisiak ez du zalantzarako leku handirik uzten, zoru izena, mailegu latina dena, eta -aga atzizkia. Aipagarria da lehenengo lekukoa Lazarragaren testuetan egongo litzatekeela, eta hauen data da, gutxi gora behera, XVI. mendearen bigarren erdia. Beraz, Tolosako toponimoa aurreneko lekukoetan izango zen.

Matxitxa antroponimoa

Behin agertu da, Gipuzkoako gizon baten izena Erdi Aroaren bukaeran. Matxitxa aurkitzen da Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. II. Pleito de los ferrones (1328-1514) izenburuko liburuan, 38. agirian, 1514. urtean:
E que la dicha su suegra le dixo a este testigo que vn sennor de la casa de Olayz, que se llamava Machicha Barri, padre d’esta María de Olayz, mudó la casa de Olayz de donde estava más açerca del dicho heredamiento, e porque hera tierra fértil...
Lekuko bakar horren analisia aski erraza da jakinik badela Matxitxo antroponimo hipokoristikoa eta baita *Matxitxen, Matxitxenborda toponimoren oinarria. Beraz, izenaren oinarria *Matxi 'Martin' litzateke eta atzizkia, -txa.
Oso izen hipokoristiko antzekoa baina oinarria *Matxi izan beharrrean, Martin izango zen Martixa, Martitxa izenetan, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatuak, 210. or.:
Martixa, Martitxa, Martixe(a) (Marti): Martichia de La Carre (Iratxe, 1387, Goih., 1966: 144. Ikus, gainera, 1986: 302), Martixa de Araya (NB, 1396, Goih., 1966: 361), Marticha (Ond., 1495, Enríquez, 1991, 18), Martixa de Joangorena (Ihaben, 1552, At.p., 1., 82), Martixe de beramendi (Arruitz, 1594, Le.p., 1).
Matxitxa, beraz, *Matxi hipokoristikoaren bere ale bat litzateke, azken hau Martin izenaren hipokoristikotzat har daitekeena, edo zehatzagoa izanez, Marti aldaerarena.

sábado, 16 de noviembre de 2019

Atorra hitza

Atorra Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, agertzen da lehenengo aldiz B. Etxepareren liburuan, 1545. urtean. Baina badago beste lekuko bat, lehenagokoa, baina hau toponimikoa da. Ez da atorra toponimian azaltzeko izena, baina batzuetan ohiz kanpoko gauzak gertatzen dira, baita onomastikan ere. Toponimoa Atorrasagasti, eta bitan agertzen da Avecindamiento (Andoain a Tolosa). 1475 izeneko agirian, 1475. urtekoa: Joan Peres de Atorrasagasti eta Pedro de Atorrasagasti.
Atorrasagasti azaltzeko, ez bada ezer berezirik gertatu, atorra eta sagasti izenen elkarketa litzateke. Sagasti nahiko arrunta da toponimian, baina atorra, beharbada hau da izen horrekin sortutako toponimo bakarra.
Toponimo honen bitartez atorra-ren lehenengo lekukoa urte batzuk aurreratuko litzateke, 70 urte, hain zuzen.

Matxitxo antroponimoa

Behin agertu da, Gipuzkoako gizon baten izena Erdi Aroaren bukaeran. Matxitxo aurkitzen da Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) izenburuko liburuko 2. agirian, 1511. urtean:
E estimaron la casa de Machicho, hijo de Oxava, vn millar pequenno.
Nahiz eta agerpen bakarra izan, antroponimoaren egitura garbia da, *Matxi, Martin-en hipokoristikoa eta -txo atzizkia, blog honetan Matxitxenborda toponimoan *Matxitxen antroponimoa berreraiki genuen bezala, Matxitxo izenerako ez da berreraikitze lanik egin behar, lekuko zuzen bat heldu delako.

martes, 12 de noviembre de 2019

Zapata, zapatari eta zapataritegi hitzak

Hiru hitz dira guztien oinarria zapata litzateke eta toponimo eratorri baten bitarteko lekukoa interesgarria badago. Erdi Aroko Avecindamiento (Andoain a Tolosa). 1475 izeneko agiritik jasoa da, beraz, lekukoa gipuzkoarra da, 1475. urtekoa. Toponimoa Zapataritegi zen eta Andoaingo auzokoen izen batzuen artean aipatua izan zen:
... Martín de Donachele e Martín de Albichitibar e Joanguito de Leyçaur e Joan de Arrue e Joan Peres de Atorrasagasti e Johan de Areysmendi, rementero, e Catalina de Çaldunsoro e Mariqui de Çapataritegui e Micheo de Yturbide e Joan de Olha e Pedro de Balçuzqueta...
Lekuko xume honen bitartez badugu zapata eta zapatari hitzen lehenengo lekukotasuna, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera zapata eta zapatari hitzen lehenengo lekukoak Landucciren hiztegian badaude, 1562. urtean. Zapataritegi ez dator Orotariko Euskal Hiztegian. Beraz, Andoaingo auzoko honen lekukoak 87 urte aurreratuko lituzke zapata eta zapatari hitzen lehenego lekukoak.

Marrageru, Marrageruena eta Marragerukoa toponimoak

Sarrera honetan hiru izango dira aztertutako toponimoak, hirurek oinarri bera dute, marrageru hitza. Bi toponimo oraindik daude bizirik, Abadiñoko Marrageru eta Galdakaoko Marrageruena, biak baserriak. Bat geratzen da, Gerrikaizko Marragerukoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik hartutako lekuko bakarra:
Marraguerucoa [N, TO]
Marraguerucoa (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Oinarria marrageru, marregero izango zen, Orotariko Euskal Hiztegian lekua duena:
marregero, marragero (Vc, G-to, AN? ap. A; Añ), marrageru, marradero (V-gip ap. Iz ArOñ). 1. Marraguero. "Pelaire, artesano que hace la marga" A. "El que hacía mantas para el ganado con lana" Iz ArOñ 173n. Marrageruben izara latzen artian atserengo dot goisartian. Mg PAb 66. 2. "Marraderua, persona que se dedicaba a tintorería y limpieza de ropa" Iz ArOñ 173n.
Hitza, batez ere, sartaldean erabili izan da, eta lekuko toponimikoek berresten dute hiztegiaren bitartez jasotako irudia. Marregero gaztelaniatik mailegatua da, marraguero hitzetik, hain zuzen.

domingo, 10 de noviembre de 2019

Erdoka hitza eta Erdokaeta toponimoa

Erdoka hitzak oso lekukotza urria utzi du, horrela agertzen da hitz honi buruzko informazio osoa Orotariko Euskal Hiztegian:
1. (G ap. A ; Aq 822).
"Cieno" Aq 822.
2. "(V, G), mancha de sudor en la piel, costra de la cara, platos, etc." A.
Otu iatan [...] barruko gatxak azalera atara ta gorputzeko loi, erdoka ta apakiñak bota ta garbituteko. Ezale 1898, 315s.
Iturri zaharrena Arakistain litzateke, Suplementos al Diccionario Trilingüe del P. Larramendi izeneko idazkia egin zuena, 1746. urtean. Beste iturria Azkueren hiztegikoa litzateke, 1905-1906. urteetakoa.
Hemen aurkeztuko diren lekukoak askoz zaharragoak dira, mende batzuk lehenagokoak. Agiriaren izenburua Amojonamiento (Segura y sus aldeas) eta 1483. urtekoa litzateke, Gipuzkoako Segurako inguruetakoa. Erdoka bost aldiz agertzen da erdal testuan, hitz mailegatua balitz bezala. Beste behin Erdokaeta toponimo eratorria agertzen da.
Lehenengo aipuak 4. orrialdekoak dira:
e dende adelante al otro mojón de Arrupe que está ençima de Errecarte; e dende adelante al otro mojón que está ençima de la errdoca de Arrupe; e dende adelante al otro mojón que está ençima de otra errdoca de Arrupe; e dende al otro mojón que está ençima de otra errdoca de Arrupe; e dende al otro mojón que está en Arrupe, e la orilla do solían iaser los bueyes;
[...]
e dende por el lado adelante al otro mojón que está en la errdoca de Corrtachipy
Eta azkenik, erdoka hitzaren beste aipu bat, baita ere Erdokaeta toponimoaren aipu bakarra, 7. orrialdean:
e dende adelante al otro mojón que está en la ladera de Errdocaeta; e dende adelante al otro mojón que está en la dicha Errdoca; e dende por la ladera adelante al otro mojón que está en el çerro do solía estar Pagochipia;

Erdokaeta izenaren azalpena erraza da, erdoka + -eta. Dirudienez erdoka izenarekin sortutako toponimo bakarra litzateke.
Segurako agiri honen bitartez erdoka izenaren lehenengo aipuak 250 urte baino gehiago aurreratu lirateke. Gainera, agiri horretako hitz honen erabilera ugariak azalerazten du erdoka oso hitz bizia zegoela garai hartan eta inguru hartan. Bitxia da erdal hitz kiderik ez aukitzea eta, besterik gabe, erdoka izena erabiltzea.

Eguneraketa (2024-06-07):
Erdoketa toponimoa egun bada, Eskoriatzan eta Oñatin basoa da eta Erdoketa izeneko erreka Oñatin eta Aretxabaletan eta Arrasaten dago. Sarreran aztertutako Erdokaeta toponimoa ez dago urrun baina 10 kilomotro baino gehiagoko tartea dago bi toponimoen artean, beraz, bi toponimo ezberdinak dira. Erdoka hitza, lekuko toponimikoak kontuan izanik, Gipuzkoako hegoaldeko tarte gehienean ezaguna zen, gutxienez.

Lixandre toponimoa

Toponimo hau Bidaxune herrikoa bazen eta bildua XIX. mende hasieran, hala agertzen da J.-B. Orpustanen Les noms des maisons de Bidache au début du XIXe siècle, 9. or.:
Lixandre : on peut supposer une aphérèse banale (Lissague etc.) pour eliza « église » au premier élément ou une forme de leizar « frêne », mais le second est incertain et andere/andre « dame » improbable en ce cas, sauf s’il y a composition avec le prénom « Elise » (« dame Elise ») dit couramment en basque « Elixa ».
Blog honetan egingo dugun hurbilketa linguistikoa bestelakoa izango da, ez dago euskal hitzik toponimo honetan, elementu antroponimiko bat bazik, Alexander, zehatzago, Lesandri toponimoan bezala. Azken izen honetan Lope Garcia de Salazar-en liburuko Alixandre errege izena behin eta berriz bazela adierazitakoa Lixandre toponimorako ere egokia da. Areago, Alixandre izenetik beharrezkoa litzatekeen aldaketa bakarra, aferesi bat, hau da, lehenengo bokalaren galera.
Bi toponimoetan aldaketa bera gertatuko zen, eta hori beharbada adierazgarria da, agian *Lixandre bezalako aldaera erabilia izan zen euskal lurraldean. Edonola ere, Alexander izenaren beste lekuko bat litzateke Lixandre toponimoa.

jueves, 7 de noviembre de 2019

Sakon hitza

Sakon hitza nahiko goiz agertzen da euskal testuetan, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa Lazarraga litzateke, beraz, XVI. mendeko bigarren erdikoa litzateke. Erdal testuetan badaude hitz honen aipu lehenagokoak, horrela, Amojonamiento (Segura y sus aldeas), 1483. urteko testuan badago toponimo bat, sakon daukana, Urkidisakon (4. or.: Urquidysacon) eta sakon hitza agertzen da, euskal mailegu bezala lau aldiz.
Lehenengo hiru aipuak, 6. or.:
... al otro mojón que está cabe el camino por donde se deçienden en Enlarregui cabe el dicho sacón de Çabaleta; e dende adelante atrabesando el dicho camino faz a la parte de Legorrburu, que se mida el dicho sel de Çabaleta o Cortamunno con la medida derecha acostunbrada de los seles, e asy medido el dicho sel, quanto deve de aver quede para el duenno del dicho sel, e todo lo otro que es fasta los términos de las dichas vesindades de Gabiria e Mutylloa quede e sea por términos e exidos comunes para el dicho conçejo e las unibersydades de Çegama e Legaspia e Ydiaçabal e Çerayn. E asy mismo, los de la parte de Tenuola quede e sea, conbiene a saber: de los dichos mojones que están cabe el dicho sacón, la parte de arriba faz a la syerra de Otannu con el castanal del dicho sacón, commo lo fué e es del dicho conçejo e de los dichos parçoneros, syn parte de otra persona.
Azken aipua, 6.-7. or.:
E asy mismo, el dicho alcalde e ofiçiales e los otros buenos omes de las vesindades e parçoneros mandaron que el monte e lenna que estaban en el dicho lugar de Tenuola y el castannall del dicho sacón de Çabaleta, de los mojones arriba, asy mismo se bendiese con el dicho monte de Tenuola corrtando para carbón para las costas que el dicho alcalde e ofiçiales fasían en el dicho apeamiento.
Erdal testuetan batzuetan gertatzen den bezala, euskal hitzaren ordezkoa ez zuten erabili eta euskarazkoa jarri zuten, sakon hitzaren lehenengo lekukoak mende bat aurreratuz.

Matxitxenborda toponimoa

Toponimo hau Irungoa da, Meaka auzokoa. Lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira, eta Matxitxenborda izenaz gain badira beste bi aldaera:

Machichemborda, 1780
Machichamborda, 1790-1812, 1837, 1845, 1877, 1883, 1901, 1956
Machichanborda, 1797, 1818, 1845-62, 1899, 1940 Matxintxar Borda, 1974, 1986
Zaharrena Matxitxenborda bada ere, Matxitxanborda-ren lekukoak askoz gehiago dira eta nahiko zaharrak. Matxintxar Borda, aldiz, nahiko berria da eta ez du ikerketa etimologikoan aurreratzeko ekarpenik egingo.
Bi aldaeraren artean aukera egin beharra dago, nahiz eta ezberdintasuna oso txikia da, a/e bokalen aldea, besterik ez.
Toponimoak bi elementu lituzke, *Matxitxan edo *Matxitxen, biak ezezagunak, eta borda izen arrunta. Antroponimo horretan oinarria *Matxi 'Martin' izango zen eta atzekoa atzizki hipokoristikoa litzateke. Atzizkia zein zen erabakitzeko P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan begiratu eta, -txan atzizkirik ez badago ere, badira hiru izen -txen dutenak, 212. or.: Joantxen, Juantxen eta Katalintxen. Salaberriren arabera atzizki hori konplexua litzateke eta beste bi atzizkiz osaturik izango zen, -txe, xe / -x, -tx + -en.
Beharbada ez da beharrezkoa -txen atzizkian bi atzizki izatea, -en ustezko atzizkiaren lekuko oso gutxi daude eta azalpenik ez du. Beharbada, aipatu beharko litzateke -txe atzizkiak baduela -txen aldaera, izan ere badira hementxen eta oraintxen, hementxe eta oraintxe ezagunen aldaerak. Beharbada aldaera hori onomastikara ere igaro zen eta *Matxitxen hipokoristikoa sortu zen eta hortik Matxitxenborda toponimoa osatu zen.