viernes, 30 de junio de 2023

Nabarrengose toponimoa

 Nabarrengose (frantsesez eta ofizialki Navarrenx eta okzitanieraz Nabarrèncs) Pirinio Atlantikoak departamenduko eta Akitania eskualdeko udalerria da.
Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian ere badago, exonimo moduan, Nabarrengose toponimoa. Lekuko zaharrenak hauek dira:

auger de nauarrengs (1200-1250)
nauarrensium (1638)
navarreins (1756-1815)
Askoz beranduagokoak dira euskarazkoak, ezberdintasun bakarra belariari dagokio:
nabarrengosen (1926)
navarrengosen (1946)
nabarrenkosen (1950)
Toponimoa finkatzeko azalpena dago 2006. urteko Euskal Herri inguruko exonimoak (ikermaterialak) lanean:
[...]
[Euskal exonimoak, euskara jasoan erabili beharrekoak] Grosclauderen arabera, okzitanierazko izena Navarrencs da. Dassancek euskararako Nabarrengose eta Nabarrenkose dakartza (1966, 11. or.). Gure Almanaka urtekarian Nabarrengosen (1926) eta Navarrengosen (1946) erabili dira alde batetik, eta Nabarrenkosen (1950). Nabarrengose eraren berri ematen du Iratzederrek ere (Etxaide, 1961, 226. or.). Jean Haritschelhar euskaltzainak orobat, Nabarrengose era proposatu du. Aingeru Irigaraik, ordea, Nabarrenkoxe era jaso omen zuen (Etxaide, 1961, 226. or.) eta ahoskabetze horrekin proposatu du halaber Jean-Louis Davant euskaltzainak, sabaikaririk gabe, ordea, hots, Nabarrenkose.
[...]
Euskarazko lekukoek izen luzeagoa erakusten dute eta hemen aurkeztuko den etimologiaren arabera, osoagoa, hau da, jatorrizkotik hurbilagoa.
Etimologia emateko orduan, esan gabe doa nabar/nafar eta Nabarrengoseren arteko antza nabarmena dela, batez ere hasierako bi silabetan.
Euskal aldaeratik hasi eta, -e paragogikoa kenduz, -oz atzizkidun toponimoa genuke. Hau oso ohikoa da Pirinio mendilerroaren bi aldeetan, Nafarroan eta Aragoin -ués aldaera diptongatua hedaturik dago, erromantzearen eraginez. Beste atzizki batzuekin gertatzen den bezala, oinarrian antroponimoa izan ohi da eta aztergai den toponimoan nabarrenko- izan genezake. Hau euskaratik analiza daiteke, nabar izen arruntaz gain, antroponimoa ere izan delako. Honi -nko atzizki hipokoristikoa lotu zioten eta *Nabarrenko antroponimoa sortu zen, inongo paperetan agertzen ez dena, baina toponimo honen bitartez bere izaera heltzen zaigu. Aipatutako atzizkia ez dago oso zabaldurik baina ale batzuk ezagutzen dira, Otsanko antroponimoa bezala. Atzizki honek izan zuen aldaera bat, belarea ahostundua zena, Otsango antroponimoan dagoena. Dirudienez, -nko litzateke aldaera zaharrena, bazter eremuetan gorde dena.

Esparta toponimoa

 Esparta da Bizkaiko Artea herriko biztanle-entitatea.
Lekuko zaharrenak Dokuklik web-gunean daude, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko batzuk daude XVI. mendearen erdialdetik aurrera:

Nahiz eta homofonoak izan, Bizkaiko Esparta eta Greziakoaren artean ez dago inolako loturarik, proposatuko den etimologia zuzena bada. Aldaketa bat gertatuko zen garai batean, disimilazio bat, hasieran bi herskari horzkari zeuden baina disimilatu ziren eta bat geratu zen, bigarrena, bestea ezpainkari bihurtu zen: t-t > p-t. Beraz, atzeranzko bidea egin eta Estarta berreskuratuko genuke. Estarta izena behin eta berriz agertzen da Bizkaiko toponimian: Arrigorriagan baserria da, Morgan jatetxea, Muxikan Estartabarrena baserria dago eta Abadiñon Estartakoa baserria dago. Araban badago toponimo bat Estartako izeneko baserria, Laudion. Toponimo hauetan estrata izena dago:
Camino, sendero, estrada. "Estrada quiere decir calle, y particularmente la que hacen los setos de las heredades, cuya etimología verdadera es estarte y estartea, y la común pronunciación que usamos es estratea" Ech 59v. "Espacio que se interpone entre dos casas no unidas por pared medianera [...] estrata (L-sar), estradia (V-gip)" BEcheg EAlde 1922, 443. "Dícese estrata, en Baztán, del espacio que no permite el paso de una pareja de vacas uncidas" BEcheg Nombr 186. "Camino poco transitado que discurre entre paredes y zarzales" Asp Leiz. "Estraka, bide meharra, extua, estrata, vericueto" Izeta BHizt. "Estrata, [...] camino que se abre al caserío" Etxba Eib. "Dícese de los caminos que discurrían más profundos que el nivel del terreno" Elexp Berg.
Beraz estrata > estarta bilakaera gertatu zen eta aldaera hori zerrendatutako toponimo guztien iturria izan zen, baita Esparta toponimoarena ere. Estratamosu toponimoan, aldiz, estrata aldaera dugu. Toponimoa Forukoa da, Bizkaikoa. Horrek erakusten digu lurralde berean aldaera bat baino gehiago zerabiltzatela.

martes, 27 de junio de 2023

Frantxo toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra ezagutzen da, XX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dago:

FRANCHO (Pieza de...), término de Lagrán.
Euskal antroponimia ezagutuz, Frantziskoren hipokoristiko baten antza du eta Patxi Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan izen oso antzeko bat dago, 55. or.:
Frantzisko, Frantzisku, Frantziska -> Frantxisko, Fantxisko, Frantxiska, Frantxixka, Frantxix, Frantxi, Frantxixko, Frantxisku, Frantxixku, Frantxiko, Maintxika, Prantxisko, Patxiko, Patxiku, Prantxo, Prantxito, Pantxito, Patxito, Patxi, Pantxo, Pantxa, Pantxika, Pantxix, Patxika, Patxo, Patxu, Patxikito, Prakito
Salaberrik, Frantziskoren hipokoristikoen artean Prantxo zerrendatzen du, Frantxo daitekeenaren oso hurbilekoa. Aldaketa bakarra, /f/ gordetzearena izan da, Frantziskoren hipokoristiko gehienetan /p/ bihurtu delako. Ezaugarri hori, beharbada, erdararen eraginari zor zaio. Dena den, erdarazko Paco hipokoristikoa oso ohikoa da eta /p/ du.
Toponimoan elementu bakarra dago eta beste askotan bezala, antroponimo bat da, kasu honetan hipokoristikoa.
Frantzisko ohikoa da azken mendeetako antroponimian eta horren isla toponimiara ere heldu da. Multzo horretakoak dira Fraiskozurikoa eta Pantxun toponimoak.

Polipaso toponimoa

 Polipaso da Donostiako ostatu baten izena. Hernanin bada Polipaso izeneko baserria eta Polipasoko erreka toponimo eratorria.
Ostatuaren izenaz badira Donostiako toponimia izeneko lanean lekuko batzuk, zahartasun ez handikoak:

POLIPASO: Polipaso (1944, sitio, M.D.-H.); Polipaso, Ekaitz, Mendizorrotz (1989, D.U.T.B.). 64-11-8, m.
B-4.
Hernaniko toponimoaren XX. mendeko bigarren erdialdeko bi lekuko daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, bi baserri izendatzeko, biak Hernanikoak, Martindegi auzoan:
*POLITBASO (POLIPASO) (en ruinas)
POLITBASO BERRI (prop.)
Azken lekuko hauek izena azaltzen dute, beste ezeren beharrik gabe, polit + baso > Polipaso. Bilakaera arrunta da euskaraz eta badirudi toponimoaren sorrera data ez da aspaldikoa.
Polit izenondoa baino, izengoitia izango zen edo deitura. Ez da, beraz, baso polit bat, baizik eta Polit izena zuen baten basoa.

viernes, 23 de junio de 2023

Mingotxo toponimoa

 Arabako Amurrioko toponimo honen lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburukoa:

MINGOCHO, caserío de Amurrio.
Toponimoan antroponimo hipokoristiko bat dago, lekukorik gabea, *Mingotxo. Oinarrian Mingo antroponimoa dago, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz. Mingo izenari -txo atzizkia erantsi zaio, *Mingotxo sortuz. Aipagarria da -txo atzizkia dela eta ez -txu, bere aldaera sartaldeko euskaran.
Beraz, Amurrioko toponimo honen bitartez *Mingotxo antroponimo hipokoristiko ezezaguna berreskuratzeko aukera izan dugu.

Prado Mingórtiz toponimoa

 Karrantzako toponimoen artean Prado Mingórtiz izeneko leku izena dago. Bizkaiko foru diputazioaren web-guneko toponimia sailean badago toponimo honi buruzko informazio laburra:

Bi toponimotan agertzen da, Prado Mingórtiz Bajero lepoa da eta Prado Mingórtiz Ribero tontorra.
Interes gehien duena Mingórtiz bera da. Dirudienez, antroponimo bat dago eta patronimiko bat; Mingo, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz. Bestea Ortiz patronimikoa da, Orti antroponimoarena. Euskal Herrian zabaldua da Urti aldaera, Urtisagasti toponimoan bezala.
Mingo antroponimotik sortutako toponimoak ez dira gutxi, Mingobaso, Mingolasa, Mingomadura eta Mingoerreka, euskarazkoen artean eta erdarazko Fuente de Mingo, hau ere Karrantzakoa.

miércoles, 21 de junio de 2023

Fuente de Mingo toponimoa

 Karrantzako toponimoen artean Fuente de Mingo izeneko iturria dago. Bizkaiko foru diputazioaren web-guneko toponimia sailean badago toponimo honi buruzko informazio laburra:

Toponimoa erdaraz sortua da, izan ere, Karrantza Bizkaiko sartaldean dago, Kantabriatik oso hurbil. Toponimoan fuente 'iturria' dago eta baita ere Mingo antroponimoa, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.
Mingoren jatorria erdaran dago eta hortik euskarara hedatu zen, hori nabarmena da blog honetan aztertutako Mingo oinarria duten toponimoekin. Mingobaso, Mingolasa eta Mingomadura Arabakoak dira eta Mingoerreka Bizkaikoa, Karrantzatik ez oso urrun.

Arkaburua toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Arkaburua, XIII. mendetik ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 140. or.:

Jimeno Juriok berak ederki azaldu zuen toponimo hau, interesgarria alde batzuetatik. Hasteko, arka izena erabiltzeagatik eta ez uharka izen elkartua, Uarkape toponimoan dagoena, baita eta beste batzuetan ere. Bestetik, arka toponimiko hau izen horren lehenengo lekukoa litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian lehenengoa Landucciren hiztegikoa da, 1562. urtekoa. Beraz, Arkaburua toponimoaren arka 267 urtetan aurreratuko litzateke.

lunes, 19 de junio de 2023

Mingomadura toponimoa

 Arabako toponimo honetaz bi lekuko daude, bata XX. mendearen bigarren erdialdekoa, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburukoa, 45. or.:

Municipio: Maestu. Toponimia de Maestu
48.— Mingomadura

Bestea, XIX. mende hasierakoa da, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan jasoa:

MINGOMADURA 1825, término de Maestu.
Toponimoa zaharra da eta XIX. menderako ere zaharra izango zen, ziurrenik. Toponimoak bi elementu lituzke, oinarrikoa Mingo antroponimoa, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.
Azken elementua madura hitza da, padura ezagunagoaren aldaera, blog honetan Madurazar toponimoan dagoena.

Eredade eta Eredadegañeta toponimoak

 Eredade da Segura eta Zerainen arteko aurkintza bat. Eredadegañeta, aldiz, Arabako alor bat zen XVIII. mendean, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

EREDADEGAÑETA, 1778, labrantío de Ordoñana.
Toponimo hauek oinarrian heredade hitza dute:
heredade.
Heredad.
Eta nornaiden eitzi al dionak etsia [...] edo eredadiak. Hual Mt 19, 29 (Samper eredaderik; Dv, Ur lurrak).
Hitz hori askotan ikus daiteke erdarazko testuetan, soroez ari direnetan. Horrela, aipatutako liburuan oso ohikoa da toponimoak azaltzerakoan:
ABADESOLOA, 1697, heredad en Armentia.
ABARESORO, 1704, heredad en Salvatierra.
Bi lekuko hauetan, gainera, ikusten da toponimoetan bazela soro edo solo hitza heredade hitzaren kontzeptua azaltzeko. Eredadegañeta litzateke heredade hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena XIX. mendearen bigarren erdikoa delako, hau da, mende bat beranduagokoa.

viernes, 16 de junio de 2023

Antsauri toponimoa

 Antsauri da Orozkoko baserri bat. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Agertu dira bi deitura oso antzekoak, Ansauri eta Ansouri, biek oso lekukotza zaharra dute baina urria:

 

 

Antsouriren kasuan lekukoen erdiak Zamudiokoak dira. Kontuan izanik egungo izena lekuko zaharrak, Antsauri litzateke jatorrizko izena, baina Ansouri ere bada eta azaldu beharra dago. Normalean antroponimoetan ez da egokitzapenik egiten, hau da, otso izen arruntaren eratorrietan otsa- agertzen da askotan, otsail hil izenean esaterako. Antroponimoek, aldiz, izena osorik gorde ohi dute, nahiz eta salbuespenik izan, Beraskaburu toponimoan bezala, lekuko zaharrenetan Beraskoburua delako. Hau ere gerta lekioke Orozkoko toponimoari, jatorrian Antsouri izan eta aldatu, Antsauri bihurtuz. Baina bildutako lekuko zaharrenetan bi izenak agertu dira, /a/ eta /o/ bokalak daudela. Bestela ere gerta zitekeen, jatorriz Antsauri izan eta hiztun batzuek, hiperzuzenketaz, Antsouri ezarriz.
Eskura dauden datuekin ezin jakin hasierako antroponimoa Antso ala Antsa zen, hau gizonezkoa ala emakumezkoa. Azken elementua huri da, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Azken hau ez bezala, huri askotan agertzen da toponimian antroponimo baten ondoren.

Txuria toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, XIX. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CHURIA, 1838, labrantío de Marquinez.
Toponimoan elementu bakarra dago, artikulua zenbatu gabe. Txuria antroponimo hipokoristiko bat izan daiteke, Zuriatik abiaturik. Azken honetan zuri izenondoa dago, gero z- > tx- bilakaera jasan du, hipokoristikoa sortzeko. Zuri ez da hitz ezezaguna onomastikan, Andrazuri edo Jaunzuriena toponimoetan dago, esaterako.
Beraz, Txuria izengoitia zuen batetik jaso zuen izena lur eremu hori.

miércoles, 14 de junio de 2023

Aldaeta toponimoa

 Aldaeta da Segurako toponimo batzuen oinarria: Aldaetaerdi, Aldaetabarrena eta Aldaetagoena baserriak daude eta gainera, beste bi etxe daude: Aldaetaberri eta Aldaetagoenaberri.
Toponimo honen lekuko zahar bat izan daiteke Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuan dagoena, 34. agirian, 1489. urtean:

Martin de Aldaeta, dies maravedis.
Bi herriak, Oñati eta Segura, ez daude elkarretatik hurbil baina izena berdina da, beraz, Oñatiko lekukoa ez badagokio Segurari, azterketa etimologiko bera egin litzaiokeen.
Toponimoak bi elementu lituzke, azkena -eta atzizki ezaguna da, toponimian oso ohikoa. Hasierakoa alda-, ezin da alde hitzaren eratorpen aldaera, -eta atzizkiarekin oinarriak aldatzen ez direlako. Egokia izan daiteke alda:
2 alda.
"Tablas laterales de la gezuraska y ondaska" GoiBur 226. "Deberán ponerse con la debida perfección las aldas o tablas de los costados" (1752). Ib. 226. v. aldol.
Hala ere, hitz hori ez da hiztegi arruntekoa eta oso lekukotza urrikoa da. Horregatik, azalbidea beste hitz batengatik etor liteke. Ezaguna da toponimo batzuetan bokalarteko /i/ galtzen dela, cf. Ibaeta. Ustez galdutako fonema berreskuratzen badugu *Aldaieta izango genuke.
Araban badago Aldaieta toponimoa eta honek -eta atzizkiaz gain, oinarrian *aldai hitza izango zuen. Orotariko Euskal Hiztegian bada aldai hitza:
aldai.
"(V-arr-oroz-m), voz con que anuncian los niños el cambio de posición en las 'cuatro esquinas'" A.
Berriro, hitz horrek ez dirudi egokia toponimoa izateko. Hala ere, bada hitz bat, Alfonso Irigoienek aipatua eta toponimian agertzeko hitz egokia dena, Las lenguas de los vizcainos: Antroponimia y toponimia medievales ikerlanean, 411. or.:

Irigoienen arabera, hitz hori Bizkaian ezaguna zen eta Aldaieta toponimoari esker, jakin dezakegu Araban ere ezaguna zela. Aldaeta toponimoaren jatorria ere aldai hitzean bada, erabil-eremua Gipuzkoara ere heda daiteke.

Manikoetxe toponimoa

 Sondikako toponimo hau behin bakarrik jaso da, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Manicoeche [N, TO]
Manicoeche (la caseria de) [Goiri (varrio de)], Sondica, a.1745, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra ere, etimologia egokia jaso dezake, baina aldaketa batzuk behar ditu. Toponimoak bi elementu izan zituen, maniko- ezezaguna eta etxe izen arrunta. Ez da oso egitura erabilia baina PI + etxe ezaguna da, batez ere sartaldean, Estebanetxea toponimoa bezala. Egitura horrelakoa bada, *Maniko hori antroponimo bat litzateke, ezezaguna. Aldaketa bat beharrezkoa da izen hori argitzeko, Joanes antroponimoaren aldaeren artean Manex bezalakoak daude eta berdina gertatuko zen *Maniko horri. Horrela Manixenea toponimoa dago, oinarrian Manix aldaera duela.
Toponimoan atzeranzko urratsa egin eta Juaniko bezalako bat izango genuke, hau ezaguna, erdaraz sortua, Juan antroponimoari -ico atzizki txikigarria erantsia. Euskal lurretan ere ez zen ezezaguna izan, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badira lekuko zahar batzuk, 124. or.:

lunes, 12 de junio de 2023

Txurio antroponimoa

 Txurio ez da antroponimo ezezaguna, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian bada, 1448an Churio Ecibay lekuko bakarrarekin. Gehiago izan ziren izen hori zutenak eta hemen beste bi aurkeztuko ditugu, Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburukoak, 34. agirian, 1489. urtean:

Churio de Çumarraga, tejero, dies maravedis.
[...]
Churio de Guipusche, çinco maravedis.
[...]
Aipatutako web-gunean azalpen etimologiko bat dago, P. Salaberriren De toponimia vasco-pirenaica: sobre el sufijo -otz, -oz(e) lanekoa:
[...]
De todos modos, si como señala Mitxelena Biscarrués y Biscar(r)ose se han formado sobre bizkar « espalda », parece que la explicación más convincente es la de « el lugar (la población) situada en la espalda », teniendo en este caso el sufijo probablemente también un valor locativo similar al señalado para el descendiente del genitivo latino de Armendaritze, Auritz, Beraskoitz o Ilurdotz por ejemplo, con lo que en Alkotz, Urotz, Urrotz, Usotz etc., en principio, podríamos partir tanto de uno como de otro. La cuestión todavía se complica más si pensamos que en toponimia vasca, al igual que en antroponimia (Ezkerro, Xurio Jurio Txurio, Zabalo..., sobre ezker « izquierdo », xuri, txuri « blanco » y zabal « ancho »), encontramos el artículo de grado próximo –o ya no productivo: Elorrio (B) sobre elorri « espino albar », Orrio (N) sobre orri « hoja » y tal vez también Gorrio (N) sobre gorri « rojo », « (tierra) roja » y Orio (G) « amarillo », « (terreno) amarillo » que hace pendant con el potamónimo Oria que desemboca en la localidad; hay también Gorritz y Oritz, ambos en Navarra. Otra posibilidad sería partir de *Elorriano, *Orriano, *Oriano, *Oriana, como en Audikana > *Audikâa > Audika (A), Otxandiano > *Otxandiâo > Otxandio (B), Undiano > *Undiâo > Undio (N), pero las bases son transparentes en esos casos y estimo más apropiado partir de los vocablos vascos susodichos. Cf., sin embargo, Çuriano (Zuriano en grafía actual) topónimo de Arrasate (G) en 1476, de Zuri antropónimo basado en zuri « blanco », presente también en Zuriain (N)
[...]
Beste azalbide bat bada, Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan aipatua:
1.84. JULIAN, JULEN (Ar.G.) (133): [...] Bide beretik Juliana > Julia bilakatzea ere normala da, eta baita-ere Julio > Xurio egitea, -l- vokal artekoa -r- bihurturik, eta x- busti-palatal hypokoristiko zentzua emaiten diona duela. Beste alde batetik Xurio, ezaguna denez, Zurio formaren hypokoristikoa ere izan daiteke, hau da, zuri + artikulu gradu hurbileko den -o, bestelako artikuluz Zuria > Xuria dena, eta Done Xurio hagiotoponymoan bien gurutzatzea gerta daiteke herri etymologiaren kausa dela medio (134).
———————
134 Patxi Salaberri-k diost: "Nafarroan Done Xurio, Jaun Done Julio erdarazko San Julián-en ordain dira, batzuetan bederen. Deierrin Dona Julia dugu, Dona Maria-ren aldamenean, egun Doña Julia eta Doña Maria bilakatuak, herri-etimologiaz".
Azalpen honekin bat dator Txurio toponimoaren etimologia, Nafarroako Toponimia eta Mapagintza bilduman aurkeztua, XIII, 210:
[...]
OBS.- (T)xurio y su pronunciación castellanizada Jurio (cf. el apellido Jurío), son forma vasca del hagiónimo San Julio o Julián.
[...]
Aipatzen den lotura toponimikoak ederki azaltzen du Txurio antroponimoa. Dela Julio edo Julian(o), euskararen egokitzean aldaketa batzuk gertatu ziren, nabarmenena bokalarteko l > r. Beste bat hasierako fonemari dagokio, erakusten duelako egokitzapen data berankorra dela eta horrek zailtzen du jatorria Julian(o) izatea, sudurkariaren aztarrenik gertatu ez delako.

Xane toponimoa

 Xane da Mungiako baserri bat. XVII. eta XVIII. mendeetako lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Jane [N, TO]
Jane (la casa de) [Achuri (cofradia de)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Jane (la casa de) [Achuri (confradia de)], Munguia, a.1641, FogVizcayaMs.
Jane (la caseria de) [Achuri (cofradia de)], Munguia (anteyglesia de), a.1745, FogVizcayaMs.


Jane [N, NO]
Jane (Bauptista de) [Jane (la casa de)] [Achuri (cofradia de)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Jane (Domingo de) [Ascao (calle de)], Bilbao, a.1704, FogVizcayaMs.
Jane (Domingo de) [Ynsausti (la casa de) (pr.n.res)] [Achuri (cofradia de)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Jane hijo (M(a)r(ti)n de) [de Cathalina de Landaluze] [Jane (la caseria de)] [Achuri (cofradia de)], Munguia (anteyglesia de), a.1745, FogVizcayaMs.

Mungian bertan bazen beste toponimo bat, bi lekukoren bitartez ezaguna:
Janena de Liti [N, TO]
Janena_de_Liti (la casa nueba de), Munguia (anteyglesia de), a.1799, FogVizcayaMs.

Janene [N, TO]
Janene (la casa de) [Achuri (cofradia de)], Munguia (anteiglesia de), a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharrago bat dago Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak:

Beraz, XVII. menderako deitura ongi finkaturik zegoen Mungian eta ziurrenik toponimoa zaharragoa zen.
Hiru izen daude aztertzeko, alde batetik Janena eta Janene, eta hauen bukaeran -(r)en eta artikulua daude, ohikoak etxe izenetan. Oinarrian Jan(e) dago, beste toponimoan dagoen izen bera. Hau antroponimoa litzateke, Joan hedatuagoaren aldaera, ziurrenik Joane aldaeratik abiatuz.

jueves, 8 de junio de 2023

Tozinaga toponimoa

 Tozinaga da Gatikako baserri bat. toponimo eratorri bat du, Tozinagako erreka, Gatika, Laukiz eta Loiun dagoena.
XVIII. mendeko lau lekuko daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Tocinaga [N, TO]
Tocinaga (el molino de) [Basaldua (barrio de)], Gatica, a.1704, FogVizcayaMs.
Tocinaga (el molino de) [Zurbanos (uarrio de)], Gatica, a.1796, FogVizcayaMs.
Tocinaga (la casa de) [Zurbanos (uarrio de)], Gatica, a.1796, FogVizcayaMs.
Tozinaga (el molino de), Gatica, a.1745, FogVizcayaMs.

Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Bi lekuko daude, XVIII. mende hasierakoak. Beraz, lekuko hauekin ez dago aurrerapen datarik:

Toponimoaren hasiera oso nabarmena da, tocino erdal hitzarekin duen antza deigarria da. Baina beharbada hori guztia aldaketa baten ondorioa baino ez da. Toponimoa azaltzeko, metatesi baten beharra dago, bokalak aldatu zituena. Beraz, atzeranzko urratsa eginez, *Tizonaga berreskuratuko genuke. Hala bazen, toponimoa bi zatitan bana daiteke, azkena -aga atzizkia da eta aurrekoa, Tizon antroponimoa. Izen horretaz informazioa dago Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian, s. v. Tizón:

Antroponimo bera aztertutako beste toponimo batean dago, Tizunenea toponimoan, hain zuzen.

Igarroa toponimoa

 Igarroa da Aiako baserri bat.
XIX. mendeko lekuko bat dago 1864 urte inguruko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 619. or.: Igarróa.
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko bat dago, 1579. urtekoa, Azpeitikoa, Aiatik 10-15 kilometrora dagoena:

Beraz, badago Igarroa izena, mendeetan iraun duena. Zaharra bada ere, analisia egiteko aldaketa bat beharrezkoa da, hasierako bokalari dagokiona. Hitz eta toponimo gutxi batzuetan u- > i- aldaketa gertatu da, horrela, Ibeltzaldeko iturria eta Iberondo toponimoetan hasierako hitza ur litzateke. Igarroa lehenago *Ugarroa izan zitekeen, uh- 'ur' + arro + -a. Ur hitzaren eratorri toponimiko askotan /g/ aurkitzen dugu, Ugalde, Ugarte...
Ugarro toponimoa badago Araban zein Bizkaian. Arabako Kuartango herrian badira hiru aurkintza, Ugarro, Ugarro de Abajo eta Ugarro de Arriba. Bizkaiko Elorrion badago Ugarro erreka eta aurkintza. Erreka baten izena Ugarro izateak ez du berezitasunik, bere analisia kontuan harturik.
Igarroa toponimoaren etimologiak ez du oztoporik, baina etxe horren kokapena ezagutuz, proposatutakoa baieztaturik gera liteke.

lunes, 5 de junio de 2023

Ballestegi toponimoa

 Ballestegi da Amorotoko baso bat. Toponimoaren lekuko zaharrak izan daitezkeenak daude Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuaren 228. agirian, 1514. urtean:

... teniendo e poseyendo el dicho conçejo e vniversidad e vesinos de la dicha villa por suyo e commo suyo (interlineado: propio) el termino e monte llamado Ararriçaga, ques en Vallestegui, que cuyos aladannos son notorios y confinan por vna parte con los terminos e montes de Marquina e por la otra parte el monte de Anparan...
[...]
II. Yten, sean preguntados sy han notiçia e conosçimiento del monte llamado Ararriçaga, ques en Vallestegui, e de sus terminos que confina por vna parte con los terminos de Marquina, e por la otra con el termino llamado Anparan.
III. Yten, sy saben, cren, vieron, oyeron dezir quel dicho monte e terminos de Ararriçaga, de suso deslindado, es e son del dicho conçejo e vniversidad e vesinos de la dicha villa de Lequetio...
Toponimo eratorri bat, Ballestegigutxia, beste agiri batean dago, 225. agirian, 1514. urtean:
X. E luego, yncontinente, en presençia de nos, los dichos escriuanos, e testigos de suso nonbrados, estando presentes las dichas partes, los dichos partidores onbres vuenos dixieron que lo otro que quedaba por echar suertes de los dichos montes avian apeado e sorteado e sennalado; en que el dicho sennor pariente terçero lo confirmo e echo suertes, en que cupo a la dicha villa e vesinos e moradores della los montes vaxeros que se llamavan Vallesteguiguchia e Gurvistia, e dende avaxo, commo va el arroyo, hasta la casa e caseria de Ycaran hasta partir con los de Amoroto e Ycaran...
Azken toponimo honetan gutxi izenondoa dago, baita artikulua ere. Ballestegi izenean bi elementu daude, azkena hegi izena da eta aurrekoa, balezta hitza litzateke, Euskal Herriko hegoaldeko eremuan ballesta aldaera ere ezaguna da. Hitz honen eratorri bat, baleztari, Ballestarinea toponimoan dago, ballestari aldaera erabiliz.

Edrigosolo toponimoa

Edrigosolo deitura dago Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Guztira lau lekuko dira, Bizkaiko Areatza herrikoak, XVIII. mendearen bigarren erdikoak:

Lekukoetan deitura bada ere, toponimo bat zela argi dago. Deituraren sorburua pertsona bakarra izanik, ezin ziur izan toponimoaren kokapenaz, baina ziurrenik Areatza ingurukoa izango zen. Toponimoak bi elementu lituzke, Edrigo antroponimoa eta solo izen arrunta. Oso izen antzekoa dago K. Mitxelena eta A. Irigarairen Nombres vascos de persona lanean:
Edrigu Rodrigo: Edrigu de Villandran «Rodrigo de Villandran» Gar. Cc 79, LIV.
Dirudienez, antroponimo honen euskararen egokitzeak ez zuen arrakasta handirik izan, oso lekukotza urria izan zuelako. Edrigu orain ez da bakarra, Edrigosolo toponimoa ere dagoelako.

jueves, 1 de junio de 2023

Gabon izengoitia

 Erdi Aroko lekuko bat dago Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuaren 34. agirian, 1489. urtean:

Juan Gabon, su yerno, dies maravedis.
Gabon hitza ezaguna da, bi adiera nagusi ditu, gau on agurra eta Eguberriak. Bigarren honekin loturik legoke eta erabilera antroponimikoa izan zuen. Horretaz Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Gabon elementu antroponimikoa aztergaia da M. Gorrotxategi eta P. Salaberriren Euskal izendegia. Ponte izendegia liburuan, 119:
Erdi Aroko euskal izena eta Eguberri egunean etxean sartzen zirenak agurtzeko ibiltzen zen hitza, gaur egun adiera zabaldu bada ere. Hastapenean Gabon (Eguberri) egunean sortzen zirenei ezartzen zitzaiela irudi du.
Beraz, Eguberri egunean jaiotakoek jaso ohi zuten izengoiti hori. Lotura zuzena bada, hitz honen lekukotza data oso aurreratuko litzateke, Eguberriak adierarekin dagoen lehenengoa 1762. urtekoa delako.

Madina toponimoa

 Madina da Hernaniko etxe bat. Toponimo eratorri bat dago, Madinabeitia jauregia Oñatin. Azken herri honetan izango zuen sorburua izen honek, kontuan izanik XX. mendeko bigarren erdialdeko lekukoak Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Oñatiko Araotz auzokoak:

MADINA ALDEKOA (prop.)
MADINA-AZKOITIKO AUNDIA (MADINAZKOITI) (desh.)
MADINA-AZKOITIKO TXIKIA (MADINAZKOITITXO) (des.)
MADINA AZPIKO AUNDIA (desh.)
MADINA AZPIKO TXIKIA (pr.)
MADINA BEITI ((prop.)
MADINABEITI AZPIKOA (prop.)
MADINA-GARAIKO AUNDIA (prop.)
MADINA-GARAIKO TXIKIA (col.)
Lekuko zaharrenak XVI. mendekoak dira, Dokuklik web-gunean aurkituak, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Madina deituraren lekukoak aski goiz agertzen dira, 1539. urtetik ugariak direlako:

Toponimo hori ikusi eta berehala oso hitz antzekoa bururatzen da, Medina, toponimian ere agertzen dena, arabieraz 'hiri' delako. Espainian badira hitz hori duten herri batzuk, Medina Azahara (Kordoba), Medina Sidonia (Cadiz), Medina de Pomar (Burgos) eta Medinaceli (Soria). Batzuk ez daude Euskal Herritik urrun, Burgoskoa edo Soriakoa, hain zuzen. Hala ere, antza nabarmena bada ere, azalbide etimologikoa bestelakoa izango da. Koldo Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan hitz horrekikoak aipatzen dira, baina ez du loturarik ikusten: 

Etimologia beste alde batetik etorriko da, nahiz eta arabierazko hitz bat tartean izan. Horretarako beste toponimo bat beharrezkoa da, Las Badinas, Tafallakoa. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiko web orrian aipu bat jaso zuten Nafarroako Toponimia eta Mapagintza liburu bildumatik, XL, 114:
[...]
OBS.- Paraje al S.de la ciudad; depresión húmeda, con manantiales y juncales, cruzada por el "Barranco de las Badinas", afluente del Lavaco. Según J.M.Iribarren se denomina badina: 1) Charca o balsa formada en los caminos. 2) Embalse. 3) Remanso grande de agua. 4) Charco de agua cenagosa. 5) Cantidad excesiva de líquido extendido sobre una superficie. Proviene del árabe batén.
[...]
Hitz hori, badina, euskaran ere sartu zen:
badina.
Lago.
Desenbarkatrik badinaren berze aldeko erribran. Samper Mt 8, 28 (Hual lago, Ur itsaso).
Beraz, aldaketa bakarra gertatu zen, hasierako herskaria aldatu zen, beharbada hitz bereko sudurkariaren eraginez: b-n > m-n. Asimilazio hori aski ezaguna da euskaraz, mihi hitza *bini zaharrago batetik datorrelako. Dena den, batzuetan b- > m- bilakaera gertatzen da, beste sudurkari baten eraginaren beharrik gabe, horrela, Martolobaso toponimoaren oinarria Martolo antroponimoa da, Bartolo aldaera ezagunagotik sortua.
Bide batez, jarri den Las Badinas toponimoaren azalpenean datorren batén hitzaren mailegu zuzena dago euskeraz, patin hitzean:
patin.
1. (V-ger-ple-arr-oroz-m-gip; Zam Voc ). Ref.: A; EAEL 69.
"Aljibe, cisterna" A. "Pozo" Zam Voc. .
Aiñ luzaroan nire biotzak eukan patiña / dalako oso iya gelditu agorturik. AB AmaE 133. Alegeretu da patin tristea. Ib. 393. Patiñera juango nok, ur-ispilluban arpegija ikusten. Altuna 99. Sutik illinti bat edo patindik ur pitin bat ateratzeko. Ol Is 30, 14 (Ker patin; Dv, BiblE putzu). Ezer be ez dozu ura atarateko, eta patiña sakona da. Ker Io 4, 11 (Lç putzu). Leku harek oinarri sendo bako azpia izanik, patinari arrakalak eta emoiak egin jakozan. Baraia 77. Gero iturri hori agortu egin zan eta zihiporroko patina egin genduan. Ib. 79.
Beraz, arabiar jatorriko batén hitzetik bi hitz daude euskaraz, badina eta patin, ziurrenik biak erromantze batetik mailegatuak.