martes, 30 de marzo de 2021

Labauria toponimoa

 Kortezubiko etxe izenen artean Labauria izenekoa bazen, XVIII. mendeko lekuko ugarietan erakusten den bezala. Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan daude eskuratutako lekukoak:

Labauria [N, TO]
Labauria+ (la casa de), Cortezubi, a.1796, FogVizcayaMs.
Labauria+ (la cassa de), Corteçubi, a.1704, FogVizcayaMs.

Labauria [N, NO]
Labauri (Miguel de) [San Miguel de Linares (anteiglesia de)], Arcentales, a.1796, FogVizcayaMs.
Labauria (Baup(tis)ta de) [Labacoa (la casa de)], Cortezubi, a.1745, FogVizcayaMs.
Laua_Uria (Juan de) [Terleguiz_Echeuarria (la cassa de) (pr.n.res)], Corteçubi, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu lituzke, laba eta huri, labe eta hiri izenen sartaldeko aldaerak, artikulua aipatu gabe. Oinarriko laba izan zitekeen labe izenaren eratorpeneko aldaera, arta- arte izenarena den bezala, baina eremu horrean laba erabili ohi zen, Labaita toponimoaren sarreran adierazi den bezala, beraz, toponimo honetan ere aldaera hori erabilia izango zen.
Aipatzeko geratzen da azken elementuaren ezaugarri bat, huri hitzak ez zuen egun duen esanahia izango, Arruriaga toponimoan bezala, aspaldian 'landetxe, baserri' izango zen, gerora esanahia hedatuko zelako, gaztelaniazko villa izenean bezala. Toponimo honetan etxe bat edo etxe multzo txiki bat izango zen, ez egungo hiri bat.

sábado, 27 de marzo de 2021

Alamandegizar toponimoa

 Alamandegizar Donostiako baserria da. Lekuko zaharrik ez dago, Donostiako toponimia izeneko laneko informazioak ez du urte askorik, 1989. urteko lekukoa bildu dutelako, baina behintzat beste datu bat gehiago ematen dute, Alamandegi berri izeneko toponimoa bazela:

ALAMANDEGI BERRI: Alamandegi berri (U.T.); Alamandegi berri (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m. C-5.
ALAMANDEGI ZAHAR: Alamandegi zahar (U.T.); Alamandegi zahar (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m. C-5.
Dirudienez, etxe bat izango zen Alamandegi izena zeukan, eta beste etxe bat eraiki zutenean, beharbada etxe zaharretik hurbil, biak bereizteko, batek Alamandegizar izena hartuko zuen eta besteak, Alamandegi berri.
Toponimo zaharra izango zena, Alamandegi, ez da zaila analizatzeko. Atzizkia -tegi ezaguna da, sudurkari ondoan horkaria ahostundu dela. Oinarrian Alaman antroponimoa izango zen:
Alaman
Erdi Aroan maizxko erabili zen egun deituretan eta etxe izenetan gordetzen den hau. Jatorriz latineko Alamannus 'alaman herrikoa' hitzetik dator. XIV. mendean Iruñean, Zangozan eta Lizarran (Nafarroa) ageri da.
Etnonimoa izango zen jatorriz, baina gero antroponimo bihurtu zen eta Euskal Herrian ere ezaguna eta erabilia izan da. Lekuko toponimiko batzuk utzi ditu, esaterako, blog honetako Alamena, Galdakaoko toponimoa. Antroponimo eratorri bat ere sortu zen, *Txalaman, Txalamanenea toponimoaren oinarria.

viernes, 26 de marzo de 2021

Berasibia toponimoa

 Toponimo honen lekuko zaharrenak ia milurte bat bete du, 1025. urtekoa litzatekeelako, J. San Martinen Introducción a la toponomástica guipuzcoana lanean aipatua:

Pasándonos a las fuentes documentales, la relación más antigua de la toponimia guipuzcoana nos viene de aquella donación al monasterio de San Juan de la Peña, el año de 1025, por García Azenariz y su mujer doña Gaila de Olazábal con todas sus heredades. Éstas son denominadas: Gaharraga, Orerarrte, Aluiztorre, Lascurende, Amarte, Areiznabar, Arzagudun, Uerasibia...
Hurrengo lekukoa, hau Tolosakoa da zalantzarik gabe, XV. mende hasierakoa da, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 16. agirian, 1409. urtean dago:
Fecha e otorgada fue esta carta de poder, delante la casa de Berasybia, que es en el término e jurisdiçión de la villa de Tolosa, de Guipúzcoa...
Erdi Aroaren ondoren, XVII. mendeko lekukoak badira Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, toponimo hau ere aipatu zuen, 1625. urte inguruan, Tolosako etxeen artean:
Verasivia azpicoa
Verasivia garaicoa
Azkenik, XX. mendearen bigarren erdiko lekukoak badira Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan, Tolosako Aldaba Aundi ballaran kokatuak ziren bi baserri:
BERAZIBI AUNDI (col.)
BERAZIBI TXIKI (prop.)
Lekuko hauen ezberdintasun bakarra txistukaria da, beste lekuko guztietan <s> dena, hemen <z> da. Beharbada, nahasketa gertatu da beraza, belaze izenekin. Kontuan izanik beste lekukoen grafia <s> dela, hori ere gordeko dugu toponimoa izendatzeko.
Toponimoak, beraz, ia 1000 urteko lekukotza utzi du, eta lekukoetan ez dago ezberdintasun handirik. Berasibia izenak ez du zailtasun berezirik, Beraxa antroponimoa, ibi izena eta -a artikulua.
Aipagarria da antroponimo honetik sortutako toponimo ia guztietan <s> dagoela. Beharbada sabaikaria idazteko arazoak zeuden edo, bestela, *Berasa aldaera ere izan zen, toponimoen bitartez ezaguna dena.

Fraiskozurikoa toponimoa

 Antzinako Bergarako etxe bat zen, lekuko bakarra dago, 1836. urtekoa, Fraiskozurikua bezala jasoa:

"[etxea] comunmente llaman de Fraiscozuricua, sita con sus heredades en la calle de Arruriaga abajo de esta dicha villa"
Toponimoak lau elementu lituzke, azken biak atzizkiak, -ko eta -a, artikulua. Hasierako biak etxeari izena emango zion antroponimoa lirateke, Fraisko 'Frantzizko' eta zuri. Azken hau ez da ezezaguna, Andrazuri toponimoan andra + zuri izango genukeelako. Fraisko izenak aldaketa batzuk jasan ditu, hasiera Frantzisko izango zelako, batetik txistukari disimilazioa, bietatik bakarra geratu zelako, fenomeno ezaguna, esaterako, Antso euskal izena Santso-ren egokitzapena delako. Ondoren, bokal arteko sudurkaria galduko zen, Jaolatza toponimoan bezala, 1448. urtean Jaunsolaza zelako. Izen honetan ere txistukari disimilazioa gertatu zen. Bokal arteko sudurkari horren galera berantiarra litzateke, XV. mendeko Jaunsolaza lekukoa kontuan harturik eta horrek azalpena eskatzen du, mota horretako beste galera bat toponimian ezaguna da, Lemoa/Lemona bezalako leku izenetan gertatu dena, hain zuzen.

martes, 23 de marzo de 2021

Lasturria eta Lasturrieta toponimoak

 Lasturria toponimoa Bizkaikoa zen, Ibarrangelu herriko etxe baten izena. Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan XVIII. mendeko lekukoak badira:

Lasturria [N, TO]
Lasturria+ (la cassa de), Ybarranguelua, a.1704, FogVizcayaMs.

Lasturria [N, NO]
Lasturria (Martin de) [Ynsausti hasta la Talaya_Guchia (la calle de)], Bermeo, a.1704, FogVizcayaMs.
Lasturria presbitero hermano (Domingo de) [de Josefa de Lasturria] [Arostegui (calle de)], Bermeo, a.1796, FogVizcayaMs.
Lasturria uiuda (doña) (Josefa de) [Arostegui (calle de)], Bermeo, a.1796, FogVizcayaMs.
Lasturrieta, aldiz, Gipuzkoako toponimoa da, Bergarako baserri baten izena. Lekuko zaharrik ez dago baina toponimoaren elementuak nahiko argiak dira.
Toponimoak bi (edo hiru) elementu lituzke, lats 'erreka' + urri (+ -eta atzikia), -a artikulua kontuan izan gabe. Interesgarria da *Latsurria sortu beharrean Lasturria dagoena. Aipagarria da, baita ere, urri hitzak izango zuen esanahia, ziurrenik izena ez zetorkion latsen kopuruagatik. Urritasuna urari zegokion, ur gutxikoa izango zen eta hortik egokituko zitzaion izena.
Bergarako Lasturrieta izenean, beharbada, erreka bat baino gehiago izan zitezkeen, hortik -eta atzizkia.

Belaskozabal toponimoa

 Arabako Zanbrana herriko aurkintza batek Belaskozabal izena du.
Ez dago lekuko zaharrik baina bai XX. mendearen erdialdeko bat, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dagoena:

VELASCOZABAL, término de Berganzo.
Toponimoa interesgarria da, Zanbrana Ebro ibaiaren ondoan dago eta inguru horretan erdararen nagusitasuna agerikoa da. Hala ere, euskal toponimoak ez dira gutxi, Belaskozabal bezalakoak.
Toponimoak bi elementu ditu, Belasko antroponimoa eta zabal hitza, toponimo honetan leku zabala izendatzeko erabilia.
Euskaraz Berasko da gehien erabilitako aldaera, bokalarteko l > r aldaketa gertatua. Hala ere Belasko ere ez da ezezaguna, erdaraz erabilia izan delako eta elementu antroponimikoak erraz mailegatzen direlako, hala gertatu zen antroponimo askorekin.
Aukera dago oinarrian Berasko izatea eta gero r-l > l-l izateko, baina eskura dauden datuek ez dute hori berresten eta lehenago jarri bezala, Belasko izatea ez da ezusteko handikoa.
Aipagarria da toponimo luzea bada ere, bost silabatakoa, oraindik gardena dela, nahiz eta gaztelaniaren nagusitasuna aspaldikoa izan.

sábado, 20 de marzo de 2021

Bailaban eta Bailabana toponimoak

 Arabako lurrean daude bi toponimoak, Bailaban eta Bailabana toponimoak. Bailaban da Kuartangoko aurkintza bat, eta Bailabana Urkabustaizko iturburu bat.
Lekuko zaharragoak badaude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan, zaharrena XVI. mendekoa litzateke:

IBAILABAN, 1591, molino de Belunza. 1715, labrantío de Amárita.
IBAILABANA, 1686, seguramente el mismo anterior.
Beluntza Urkabustaizko herria da, baina Amarita urrun dago. Beraz, bi toponimo lirateke, edo hiru, baina guztiek analisi bera izango lukete.
Lekuko zaharrenetan oinarriturik, toponimoek bi zati lituzkete eta banaketa hauxe izango litzateke ibai-laban, azken hau labain hitz ezagunaren aldaera litzateke, sartaldekoa. Dirudienez, XVIII. mendera arte toponimoa osorik zegoen baina gero aldatu zen eta aferesiz, hasierako fonema, bokala, galdu zuen.