lunes, 27 de mayo de 2019

Momotegi toponimoa

Momotegi baserria Oiartzunen bada. Lekuko zaharrik ez dago, baina XX. mendeko hasierako da Koldo Eleizalderen Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas toponimo bilduma:
"Momotegi, caserío de Oyartzun (Gip.)."
XX. mendeko bigarren erdiko Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan bada, Momotegi bezala, Arditurri ballarako baserrien artean.
Oiartzungo toponimia liburuko aipua:
"Momotegi. Baserria.
Momoti ahoskatzen da. Arditurriko haranean kokatzen da.
Toponimo erlazionatuak: Momotegierreka."
Lekukoak ikusita, ez dira oso zaharrak eta dagoen aldaera bakarra, Momoti, erraz ulertzen da, bokalen arteko /g/ galdu eta gero ei > i bokal sinpletzea gertatu da, cf. blog honetako Gipuzti toponimoa, lehen Gipuztegi zena.
Hala bada, Momotegi aztertzea ez litzateke oso zaila izan beharko. Toponimoak bi zati lituzke, momo- eta -tegi. Momo  euskal hitza bada, baina askoz egokiagoa dirudi *Momo antroponimoa kontuan hartzea. Momiola toponimoan Mome bazen, Momotegi izenean *Momo aldaera egokiagoa litzateke. Horren lekuko zuzenik ez dugu jaso, baina Momus latinetik *Momo bezalakoa sortuko zen erromantzez.
Antroponimoak erraz mailegatzen dira eta Momotegi izenaren bitartez badakigu Momus antroponimoaren ondorengoen artean euskal lurraldean Mome sustraitu zela, eta baita *Momo ere.

Momiola toponimoa

Momiola da Elgoibarko baserrietako bat. Lehenengo lekukoak Erdi Aroko XV. mendekoak dira, saroi bat izendatzeko. Archivo Municipal de Elgoibar (1346-1520) liburuko 9. agirian, 1452. urtean, bi aldiz aipatua:
"Ytten, en Zavala, en el lugar que dizen Aizcuchiquiaga, un pedazo de tierra donde están plantados quinze castaños, que sollía tener e poseer Rodrigo Ybanes de Çavala, que ha por linderos: por devaxo tierras e castanales del dicho Rodrigo Yvanes, e por de suso e por la una costanera tierras del sel de Momiola, e por la otra costanera el arroyo que deziende por entre el dicho conzejal e entre tierras e montes del dicho lugar de Zavala."
Agiri bereko beste aipua:
"Primeramente el sel de Momiola por sel de ymbierno, que deve haver e ha de largura desde el mojón de piedra que es llamado en vasquenze abstarria, que está puesto en medio del dicho sel, a todas partes faz a los exidos comunes conzejales, sesentta baras de las sobre dichas al derredor. Así que son de cavo a otro cient e veinte baras de las sobre dichas."
Hiru mende geroagokoa da Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuko aipua, deitura bezala jasoa:
"Momiola [N, NO]
Momiola (ynquilino) (Juan de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs."
Azkena, Koldo Eleizalderen Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas toponimo bildumakoa, XX. mendearen hasierakoa:
"Momiola, caserío de Elgoibar (Gip.)."
Lekukoak ikusirik, Momiola toponimoa ez da batere aldatu azken 500 urteetan, eta horrek egiten du aztertzeko egokia. Toponimo horrek bi zati lituzke, momi- eta ola, azken hau oso ohikoa euskal toponimian, baina aurreko momi- ez.
Blog honetan aztertutako toponimo asko bezala, oinarrian antroponimo bat izan dezake, Alfonso Irigoien bere Las lenguas de los vizcainos. Antroponimia y toponimia medievales lanean izen honetaz arduratu zen, hainbat aldiz aipatuz:
"Mañaricúa señala la aparición por primera vez del nombre de un conde de Vizcaya en las genealogías reales del Códice rotense, escrito a fines del siglo X, Momi comitis Bizcahiensis, “casado con doña Belasquita, hija de Sancho Garcés I, rey de Navarra”, cfr. J. M. Lacarra, “Textos navarros del Códice de Roda”, Estudios de Edad Media de la Corona de Aragón, 1, Zaragoza 1945, pp. 238-239, n° 17."
Lan berberarekin jarraituz, Mundakako agiri zahar batean badaude antroponimoa, Mome, eta baita bere patronimikoa, Momez:
"Llorente publicó, por otra parte, el documento de 1070 de la donación de la anteiglesia de Mundaca en favor del monasterio de San Juan de la Peña, n°51: uno monasterio in Vizcaya in locum que dicitur Mondaka... et sunt firmes Jaun Mauri Blascoz de Bosturia, Jaun Gisea Gideriz de Baniskiz, Jaun Nuno Momez de Arratia, Jaun Sanxo Lopez de Bosturia, Jaun Enneco Didacoz de Murueta, Munnio Aceriz de Mondaka, Sanxo Mauriz de Bosturia, Munnio Mauriz suo germano, Sanxo Hannez de Bosturia, Mome Hannez de Mondaka, Munnio Assandoz de Mondaka episcopus don Fortunio in Álava et in Bizkaia."
Azkenik, Irigoienek Argiñetako idazkunetako Momus ere aipatu zuen:
"Después de la epigrafía de época romana queda sin representación el período subsiguiente, calificado de Alta Edad Media, hasta sus postrimerías con los sarcófagos de Arguineta, fechados en 883, donde tenemos el nombre de persona Momvs, forma latina de rom. Momo, doblete de Mome, véase Momi en § 6, de vocalismo arcaizante."
Irigoienen laneko guztiak Bizkaikoak dira, baina gogoratu beharrekoa da Elgoibar, Gipuzkoan izan arren, Bizkaiko mugetik oso hurbil dagoela.
Momiola, beraz, Mome antroponimoa eta ola izenaz osaturik legoke. Beharbada Mome + ola > *Momeola > Momiola, eo > io bokal disimilazioa gertatu zen. Baina ezin da baztertu *Momi aldaera izatea, horixe litzateke euskararen bilakaera latinetik hartutako antroponimoetan: Bikendi, Petri...
Antroponimo honen lekukorik badira Euskal Herriko onomastikan, baina ez dira asko eta Momiola beste bat da gehitu beharrekoa.

jueves, 23 de mayo de 2019

Martinso antroponimoa

Behin aurkitzen da Martinso antroponimo hipokoristikoa, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. II. Pleito de los ferrones (1328-1514) liburuko 66. agirian, 1514. urtean:
"Martinso de Liçarça"
Bi elementuz osatutakoa litzateke, Martin antroponimoa eta -so atzizki hipokoristikoa, Andraso antroponimoan agertzen den atzizki bera. Informazio gehiago -so atzizkiaz aipatutako sarreran.
Beraz, Martinso litzateke -so atzizkia duen beste antroponimo bat gehiago.

Martillun toponimoa

Martillun Donostiako baserria bada. Lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 391. or.: "Martilun". Ondorengo informazio guztia Donostiako toponimia, 1995. urteko lanetik hartua da:
"MARTILLUN: Martillum (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Martillun (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Martillun (69) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Martíllun (54) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Martíllun (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.), Martillum (1975, casa, S.S.D., 185 orr.); Martillun (1989, D.U.T.B.). 64-7-5, m. J-3."
Analisia nahiko erraza dela ematen du, Marti(e) 'Martin' + ilun. Beharbada hala da, baina ez da ohikoa PI + ilun bezalako egitura. Badago beste azalpen etimologiko bat, oztoporik ere ez duena, Martinon hipokoristikoa oinarri hartuta. Martinon antroponimotik hasi etas Martillun toponimoan bukatzeko hiru urrats baino ez dira behar: Martinon > *Martinun > Martilun > Martillun. Gogoratu beharra dago Errenterian bazela Martinun toponimoa, beraz, sudurkari disimilazio bat baino ez zen beharko: n-n > n-l. Sudurkari disimilazio baten adibidea Muliate toponimoan ere aurki liteke.
Bi azalpenak posibleak dira, batak ez du aldaketaren beharrik, besteak bai, baina aldaketak arruntak dira.

martes, 21 de mayo de 2019

Martinun toponimoa

Errenteriako toponimian lekukotzen da Martinun izeneko etxea. Bi lekuko baino ez dira, 1973. eta 1794. urteetakoak eta bietan Martinun agertzen da. Etxe izena denez, logikoa da pentsatzea antroponimo baten bitartez azalpen etimologikoa lor daitekeela. Martinun toponimorako ezin egokiagoa litzateke Martinon erdal hipokoristikoa, Martin + -on atzizkiaz osaturik dagoena.
Erdi Aroan ez zen ezezaguna hipokoristiko hori, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ikusten den bezala, 170. or.:
"Martinon (Martin, Martino): Martinon de Chubiagua (Bai., 1354, Goih., 1966: 94), Martinon d’Amessaga (Ubaso, 1393, ibid., 292), Martinon de Bertaline (Biarritz, 1498, ibid., 20), Martinon de Larrondo (ibid., 23), «Martinon de Barader, sr. de Machin» (ibid.)."
Aldaketa bakarra beharrezkoa da, azken silabako diferentzia azaldu beharra dagoelako, eta on > un bilakaera ezaguna da euskararen lurraldeko hainbat lekutan, eta adibide ona da Undarribia, Hondarribiko herriaren lekuko zaharrenen artean dagoen aldaera ezaguna eta Errenteriatik urrun ez dena.
Laburtuz, Martinon hipokoristikoaren lekukoei bat gehitu behar zaie, Martinun toponimoa.

Marrutokia toponimoa

Lope de Isastiren Compendio de la historia de Guipuzcoa liburuan aurkitzen da Marrutokia-ren lekuko bakarra. Beraz, XVII. mende hasierakoa litzateke, 1625. urte ingurukoa. Mendien zerrenda egiten ari zela, honakoa jarri zuen aipatutako liburuaren 231. orrialdean:
"Marrutoquia, junto á la villa y rio de Legorreta."
Marru, OEHaren arabera: "Bramido, mugido, rugido; aullido; balido". Hitz hori bada lehenengo elementua, analisia hauxe izango litzateke: marru + -toki + -a, eta toponimoaren esanahia, "orroak gertatzen ziren lekua"?
Nabarmentzekoa da OEHak ematen duen informazioan oinarriturik, hitz honen lehenengo lekukoa Etxeberri Ziburukoa litzateke, hau da, Isastiren garaikidea. Toponimo honek, marru izenaren lehenengo lekukoa izateaz gain, erakutsiko luke Gipuzkoan ere marru izena ezaguna zela.

sábado, 18 de mayo de 2019

Muniaran toponimoa

Bizkaiko Murueta herriko toponimoa. Lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira. Lehenengoa badago Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Pleitos. Tomo IV liburuan: Pero Ybannes de Muniaran, 19. agiria, 1456. urtekoa. Hurrengo mendeko lekukoa dago Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuan: Rodrigo de Muniaran, 225. agiria, 1514. urtekoa
Lekuko berriagoak, XVII. eta XVIII. mendeetako batzuk badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Muniaran [N, TO]
Muniaran (la casa de), Murueta, a.1641, FogVizcayaMs.
Muniaran (la casa torre de), Murueta, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniaran (la caseria de), Murueta, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniaran (la cassa de), Murueta, a.1704, FogVizcayaMs.
Muniaran (la torre de), Murueta, a.1704, FogVizcayaMs., a.1796, FogVizcayaMs.
Muniaran (otra casa de), Murueta, a.1641, FogVizcayaMs.
Muniaran_Goicoa (la casa de), Murueta, a.1796, FogVizcayaMs."

Toponimo hau oso egonkorra izan da, Erdi Arotik hona ez da inolako aldaerarik agertu. Beraz, Muniaran da aztertu beharreko izena eta, beste gehienetan bezala, bi elementu lituzke, muni- eta haran. Muliate toponimoan bezala, badira hiru aukera hasierako muni- azaltzeko, Munio antroponimoan oinarrituta: Muni- eratorpen aldaera, Munia emakumezko aldaera eta *Munioharan zaharrago batean tarteko /o/ bokala galduta. Muliate toponimoan bezala, hiruretatik ezin bat aukeratu, baina behintzat oinarrian Munio antroponimoa izan zelako gutxieneko ziurtasuna bada.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

Muliate toponimoa

Hondarribiko leku izen honi buruzko informazio guztia Hondarribiko toponimia liburutik hartu da, 622. or.:
"Muliate
Kontzeptua: Lekua
Iturriak:
1587: muliate E-7-I-1-15
1604: muliate E-7-II-3-15 (1. or.)
1649: muliate E-7-I-17-1 (1. or.)
1722: muliatte C-5-II-7-6
1874: Muliate Reg. 13 (40. or.)
1880: Mullate Reg. 13 (41. or.)
1945: Muliata Amil. (171. or.)
Kokagunea: 41.50.6
Oharrak: “mançanal en el terminado llamado muliate” E-7-I-1-15. E-7-II-3-15ean “terminado muliate” eta “terminado chiplau” toki bera izango balira bezala erabiltzen dituzte."
Toponimoa XVI. mendetik nahiko egonkorra izan da, bi elementuz osaturik izango zen, muli- ezezaguna eta ate izen arrunta. Etimologiak ezezaguna dena argitu behar badu, muli- horri azalpena bilatu behar dio. Beste batzuetan bezala, aldaketa fonetikoren bat gertatu zen, zehatzago, disimilazio bat, bi sudurkari izango ziren lekuan, aldaketa gertatu eta bat aldatuko zen: m-n > m-l? Atzerako urratsa egin eta *Muniate eskuratuko genuke. Muni- zaharrago hau Munio antroponimoarekin lotu liteke. Izen honetaz informazio zabalena J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval tesian bada:
"Munno, Monnin (m.)
[...]
Origen: En época romana se registran antropónimos como MONIUS, MONNIUS, MONNUS, MONNINUS, MONINUS, MONNO(ONIS) (Forcellini 6, 287; Solin 1994: 121), MUNIUS, MUNNIUS (Forcellini 6,296; Solin 1994: 123), MUNNUS, MUNNA, MUNNINUS, MUNINUS, MUNNINIUS (Forcellini 6 296-297; Abascal Palazón 1995: 187-188 y 433), que, aunque ocasionalmente pudieran ser explicados desde un griego MONIO «solitario», dada la procedencia hispana de los propios testimonios, parecen remitir en la mayor parte de los casos a un origen prelatino de difícil precisión (Albertos Firmat 1966: 159-162). Aparte de los citados y de sus continuadores medievales aquí estudiados, la raíz antroponímica MUN- se repite en otros nombres personales de la antigüedad como MUNE, MUNNIANUS o MUNIGALICUS, forma, ésta última, cuyas dos únicas constataciones se registran en territorio ástur (Abascal Palazón 1995: 433; Diego Santos 1985: 83-85; Diego Santos 1986: 292) (307). Por contra, en época medieval, el primer testimonio asturiano de esta raíz onomástica es la forma femenina Munia o Munnina (infra), nombre de la madre del rey Alfonso II, de origen vasco (308). En atención a este último dato, podría buscarse su origen en una base pirenaica.
————
307 Recuérdese también el topónimo occidental Muñás (Valdés): Munnas a.1333 (or.) CDSPelayoOviedo 2,110 n°58.
308 De acuerdo con la Crónica Rotense Muninam (ChronAsturianas 134), mientras que la Sebastianense da Munniam (ChronAsturianas 135)."

Aukera batzuk badira toponimoa azaltzeko, kontuan izanik Munio antroponimotik aldaketa bat badela toponimoan, hain zuzen, /o/ bokalik ez dagoela. Izan liteke Muni- eratorpen aldaera? Munia, emakumezko aldaera? Edo, azkena, lehenago *Munioate izango zen eta gero bokalen zegoen /o/ bokala galdu? Ezin da, oraingoz, aukera hauetako bat ere kendu. Beharbada, jakinik toponimoetan agertzen dira antroponimo gehienak gizonezkoak direla, aukera gutxiago Munia antroponimoak izango lituzkeela, baina hau ere, ez da ezinezkoa.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

martes, 14 de mayo de 2019

Galindarte toponimoa

Galindarte Tafallako toponimoa da, beraz, Nafarroakoa. Lekuko zaharrena Erdi Arokoa da, Galindart (1341). Gerokoa da Galindarte (1556), egun duen aldaera bera erakusten duena.
Toponimoak bi elementu lituzke, blog honetan aztertutako toponimo gehienak bezala, Oinarrian antroponimo bat eta bukaeran arte izena. Badira arte bat baino gehiago, zuhaitz izena toponimian ohikoa da, baina ez dira batere arruntak PI + arte bezalakoak. Bada beste arte bat, distantziak, direla lekuetakoak, direla denboretakoak, markatzeko. Baina erabilera horretan bi puntu, leku beharko genituzte artekoa izendatzeko baina oinarrian antroponimo bat bada, geratzen gara erreferentziazko punturik gabe. Beharbada lehenago *Galindo toponimorik bazen han?
Bigarren elementuarekin zalantzarako lekua badago, lehenengoarekin bada zehaztekorik. Badirudi antroponimoa Galindo dela, eta izen horren euskal ondorengoez aritu zen Mitxelena bere Nombres vascos de persona lanean:
"Garindo Galindo: «GALINDO, fréquent dans les chartes espagnoles, et aussi dans les chartes pyrénéennes françaises, particulièrement sous la forme Galin, a donné en basque, par la mutation ordinaire de l en r, Garindo» (Luch). El patronímico es Garindoiz, Garindiz, que puede proceder directamente de Galindonis. Luch. señaló también que este antropónimo es la base del nombre de población navarro Garinoain (doc. Garinnoain): añádase Garindein, vasc. Ga(r)indáñe en la Soule."
Euskaraz Garindo litzateke erdaraz Galindo dena. Toponimo honetan Galindo omen dago baina ez da ezinezkoa disimilazio bat gertatzea eta jatorrian Garindo izatea: Garindo + arte > *Garindarte > Galindarte? Ohikoa da toponimo batean bi dardarkari badaude, bat aldatzea, eta hori ikusten da blog honetako toponimo batzuetan, hala nola, Arlegi toponimoan.
Laburbilduz, Galindarte izenaren bi elementuetan zalantzak badaude, antroponimoa Galindo ala Garindo? Eta azken elementua, zuhaitz izena ala distantziak markatzekoa?

Arlegi toponimoa

Nafarroako herrietako bat Arlegi da. Mikel Belasko bere liburuan Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros izenburukoan toponimo horretaz arduratu zen, informazioa emanez, tartean lekuko zaharrak eta etimologia. Gerora, bere blogean Arlegiri eskainitako testua jarri zuen, izen bereko sarreran:
"Significado. Dudoso.
Comentario lingüístico. Si bien Luis Michelena, a la vista de la documentación antigua, piensa que la voz vasca erle `abeja', forma parte del nombre de la localidad no se puede descartar que nos encontremos ante ar- [variante de (h)arri "piedra" en composición] y -(l)egi, sufijo que indica lugar. En este sentido compárese con topónimos como Beorlegi, Laturlegi, Irulegi donde -legi parece variante del sufijo local -egi tras -r.
Traducciones curiosas y explicaciones populares. Traducción de este género es: 'helechal', "lugar de la fosa".
Documentación antigua. Arlagui, Arlegui, Arllegui, Erelegui, Herleghi (s. XII-XIV, NEN).
(Mikel Belasko; 1999: pp. 92). "
Arlegi azaltzeko gakoa disimilazioa litzateke, zehatzagoa izanez, dardarkarien dismilazioa: rr > rl, Agirleta eta Agurlaeta toponimoetan bezala. Beraz, *Arregi > Arlegi. Horrela izan balitz, toponimoaren elementuak, besterik gabe, har- 'harri' eta hegi lirateke, inolako aldaeraren beharrik izan gabe.

jueves, 9 de mayo de 2019

Matxintoa toponimoa

Baztango toponimoetako bat da Matxintoa izeneko etxea. Lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira: Machintoa (1706, 1726). XIX. mende hasierakoa berdina da, Machintoa (1817); eta azkenik, Machíntua (1994).
Bazegoen hipokoristiko bat, Matxinto, ederki egokitzen dena. Analisia, oinarria Matxin, Martin-en hipokoristikoa eta -ko atzizkia. P. Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatzen du, 202. or.:
"Matxinto (Matxin): Machinto de huart (Ziga [Zuraurre], 1528, Eo.p., 1, 99), Machinto de Recaldea (Latasa Odieta, 1335, At.p., 1, 32), Machinto landa (Ariztegi, Gartzain, 1536, Eo.p., 1, 25), «Machinto dco. Mariquin seme» (Gerendiain Ultzama, 1552, At.p., 1, 123) (27)."
Antroponimoarekiko diferentzia bakarra, -a artikulua gehitu zitzaion toponimoari, fenomeno hori behin baino gehiagotan gertatu da.

Martelopezkua toponimoa

Martelopezkua Oñatiko Zubillaga auzoko baserria da. Lekuko zaharrik ez dago, baina bada XX. mendearen bigarren erdiko lekuko bat, Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan, baina ezberdintasun txiki batzuekin, bi baserri aipatu zituen:
"MARTINLOPEZKOA (MARTESKUA) (prop.)
MARTINLOPEZKOA TXIKIA (pr.)"
Beraz, baserri honek baditu, gutxienez, hiru izen, egun ofiziala dena, Martelopezkua; eta beste bi, izen ofizialtzat har zitekeena, Martinlopezkoa eta ahozkoa omen zena, Marteskua.
Guztietan elementu berdinak daude, baina aldaerak azaldu beharra dago. Toponimoak baditu antroponimo bat, Martin/Mart(i)e, patronimiko bat, Lopez eta atzizkia, -ko eta -a artikulua. Dirudienez, Martin antroponimo ezagunaren bi aldaera badaude hemen, Martin aldatu gabea eta Mart(i)e, euskararen mailegu zaharra, tarteko sudurkariaren galerak erakusten duen bezala. Toponimoaren historia osoa ezagutu gabe, badirudi Martin/Mart(i)e antroponimoaren bikoiztasunaz hiztunek bazekiten eta horrexegatik toponimo honetan bi aldaerak agertzen dira.
Azkenik, Marteskua aldaerak erakusten du batzuetan toponimo luzeen laburketak oso nabarmenak izan daitezkeela.

martes, 7 de mayo de 2019

Aizabanaga toponimoa

Behin baino ez da agertzen toponimo zahar hau, Deba inguran, Archivo Municipal de Deba. II. Libro de Apeos y Ventas de Tierras Concegiles. (1482-1483) liburuko 182. agirian, 1483. urtean:
"Començando en el pasaje de Yñurriça de vn mojon de piedra ençima del arroyo e dende al roble que esta en Aysabanaga e dende por la loma e por partes de Vzcanga..."
Toponimoak hiru zati lituzke, haitz, *eban 'ebaki' eta -aga. Haitz eta -aga ezagunak dira, baina *eban aspaldi galdu zen eta egun hitz eratorri gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Hitz honen azterketa eta hainbat lekuko Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:
"329. — ir(a)eban «sitio en que se corta helecho» (hay también gareban, garaman, de garo): iraeban. -eban está relacionado con -ki «cortado», con la única diferencia del sufijo (-n, -ki). Cf. también Luebana, casa solar de Hernani (Guip.).: vizc. lueban (de lur) = a. nav. guip. luebaki «trinchera». Para ebaki, cf. Euagui, Irache 1397, en Ollobarren, posiblemente participio."
Beraz, *eban aspaldiko hitzaren lekuko urriei beste bat gehitzekoa litzateke, Aizabanaga toponimoa.

Agurlaeta toponimoa

Toponimo hau Bergarako Angiozar auzokoa da, eta informazio guztia Juan San Martinen Onomasticon 21 Eibar eta Elgetako toponomastika = Toponomástica de Eibar y Elgeta liburukoa da. Bi toponimo baziren, Agurlaeta bekua eta Agurlaeta goikua, biak 105. orrialdean aipatuak:
"Agurlaeta bekua (A)
1603, apell. Pedro de Agurlaeta, mayordomo bolsero de la villa de Elgeta (EAU, p. 132).
1625, casa Aguilaeta (CHG).
1639, apell. Agurlaeta (EAU, p. 16).
1662, apell. Agurleta (EAU, p. 159).
1857, casa Aguleta azpicoa (Nomenclátor).
1928, casa Agurlaeta abajo (Hab.: Norberto Gallastegui).
1974, casa Agurlaeta (Aguleta) (CG. Lin.)".
"Agurlaeta goikua (A)
1857, casa Aguleta-gañecoa (Nomenclátor).
1928, casa Agurlaeta arriba (Hab.: José Ignacio Aranzábal)."
Toponimo honek baditu hiru aldaera, Aguilaeta (1625) kakografia hutsa delako. Aldaerak lirateke Agurlaeta, Agurleta eta Aguleta, baina zaharrena, zalantzarik gabe, Agurlaeta litzateke. Besteak berriagoak dira eta laburragoak, rl > l eta ae > e bezalako laburketak gertatu direlako.
Beraz, azterketa etimologikoak Agurlaeta kontuan hartu behar du. Ezagunetik ezezagunerako analisia eginez, argi dago -eta atzizkia badela, eta geratzen dena agurla- litzateke, nahiko iluna dena. Baina nahiz eta hori zaharrena izan, litekeena da lehenago aldaketaren bat jasotzea eta horregatik toponimoa hainbeste ilundu da. Agurlaeta toponimorako bi aldaketa proposatuko genituzke, metatesi bat eta disimilazio bat. Metatesia rr-g > g-rr izango zen eta disimilazioa rr > rl. Azken aldaketa ez da ezezaguna, blog honetan bada Agirleta toponimoa, aldaketa bera jasoko zuena.
Horrela, jatorriz *Arrugaeta izango zen eta gero, aipatutako bi aldaketak gertatu eta Agurleta bigurtu zen.
Arruga hitz zaharra da, eta horrela argertzen da Koldo Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:
"94b. — arruga (vizc.) «plaza, mercado» (REW 7426): Arrugaeta (Gorostiaga, Zumárraga, 3, 71); Arruaçu (Pamplona, 1350), top. Arrugaçu (10544076), actual Arruazu (Nav.). V. arriba, 90."

Beraz, Agurleta toponimoa, nahiko mozorrotua, arruga izen zaharraren ondorengoa litzateke.

Eguneraketa (2021-10-20):
Sarrera honetako lekuko zaharrena 1603. urtekoa da, baina badaude beste bi lekuko zaharragoak, ia mende bat, 1520. urtekoak direlako. Lekukoak daude Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) izenburuko liburuan, 95. agirian, 1520. urtean:

Juan Ochoa de Agurlaeta [...] María de Agurlaeta
Horrek berresten du Agurlaeta izenaren zahartasunaz baina etimologia lehen bezalakoa da.