martes, 27 de febrero de 2024

Jaundonostia toponimoa

 Jaundonostia da Orendaingo baserri bat, beraz, gipuzkoar toponimoa da. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*JAUNDONOSTI (JANDUSTI) (prop.)
Baina lekuko zaharrena Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialeko web orrikoa da, Jaun Donostía, 1857. urtekoa.
Guztira hiru aldaera daude, Jaundonostia osoena da, baita zaharrena ere. Ondoren Jaundonosti izango zen eta Gipuzkoako hiriburuaren izenean bezala, azken bolaka galdua du. Azken aldaera interesgarriena da, laburketa nabarmena gertatu delako.
Jaundonostia ez da toponimo zaila, jakinik Donostiarekin duen antza jatorri berekoak izatetik datorkiolako. Ezberdintasun bakarra dago hasierako elementuan, jaun izena dagoelako. Jaun onomastikan ezaguna da, Erdi Aroan erabilera izan zuen garaiko antroponimian, blog honetan hitz horretatik sortutako hainbat antroponimo aztertu dira, Jaunso antroponimoaren eratorri toponimiko urrietako bat Jaunsuaga toponimoa da, Jaunti antroponimoaren eratorri toponimikoetako bat Jandisolo toponimoa da, gutxi batzuk aipatzearren.
Toponimoak hiru elementu izango zituen, jaun + done + Sebastian(e) eta hirurak batzetik Jaundonostia sortu zen. Bi azken elementuen batzean Donostia toponimo ezagunaz gain, Donoste eta Donospide toponimoen sortzailea izan zen.
Santu izenak egiteko done + X egitura ohikoa zen Erdi Aroan, baina askotan jaun + done + X erabilia izan zen. Horrelako adibide batzuk daude Mitxelena eta Irigarairen Nombres vascos de persona lanean: Jaun done Petri, Jaun done Esteue, Jaun done Juanis Baptista, Jaun done Laurenti, Jaun done Martie...

Arkaga toponimoa

 Arkaga da Zuiako aurkintza bat. XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

ARCAGA, 1703, labrantío de Vitoriano.
Toponimoa laburra bada ere, bi elementuz osaturik dago, azkena -aga atzizkia da eta oinarrikoa arka izena. Hitz hau ez da ezezaguna blog honetan, uharka hitza behin eta berriz aztergai izan delako, Uarkalde toponimoan bezala.
Litekeena da garai batean arka eta uharka sinonimoak izatea eta gero, zehazte aldera, uharka sortu zen.

lunes, 26 de febrero de 2024

Basanko toponimoa

 Basanko da Zuiako aurkintza bat eta Iruña Okako erreka bat. XX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

BASANCO, término de Domaiquia.
Toponimoak bi elementu izango zituen, oinarrian basa-, baso izenaren eratorpen aldaera. Askotan basa- aurrizkia erabili da basatiren sinonimotzat, basakatu, basurde, basaurde aldaera osoagoaren laburketa.
Interesgarriena azken elementua da, -nko atzizki txikigarria delako, Otsanko antroponimoan dagoena. Askoz ezagunagoa da herskari ahostuna duena aldaera, -ngo atzizkia, Otsango antroponimoan dagoena. Bietatik -nko zaharrena litzateke, -nko > -ngo bilakaera gertatu delako. Atzizkiaren aldaera zaharrena bazter eremuetan gorde egin zen, sortaldean zein sartaldean eta Arabako toponimoak azken eremu horretan kokatzen dira.

Domika toponimoa

 Domika da Meñakako baserri bat. Domikagana toponimo eratorri dago, herri berean, bukaeran gan 'gain' duela. Toponimoaren lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira eta aipatuako izendegian agertzen dira: Domica (1704, 1780, 1796). Beste guztiak antzekoak dira, batzuetan Domike aldaera dute, i-a > i-e asimilazioagatik. Bada bat, bestelakoa: Dominica (1798). Ziurrenik izen berreraikia da, norbaitek pentsatu zuen izena laburtua zela, fenomeno ezaguna da toponimo batzuetarako bi aldaera daudela, sudurkariduna, gaztelaniaz erabili ohi dena eta sudurkarigabea, euskarazkoa. Horrela, herri izenetan baina ez soilik izen handietan bikoteak daude, Galdakao / Galdácano, Lazkao / Lazcano... Horrela, norbaitek Domika ikusi eta uste zuen Dominica osatuagoaren aldaera zela, euskarazkoa, eta aldaera osoa, asmatua jarri zuen, beste inon agertzen ez dena.
Etimologia emateko egokia da uste izatea aspaldian *Dominika izan zela, gerora sudurkaria galdu zela, Domika bihurtuz. Latineko Dominica euskaraz Domeka antroponimo emakumezkoaren sortzailea da, tarteko erromantze batetik, erdiko bokalak salatzen duen bezala. Domekaren lekukoen artean ez dago /i/ bokala duenik eta, beraz, pentsa daiteke Domika toponimoan ez dagoela Domeka antroponimorik, nahiz eta hori ziurra ezin izan, garai zaharretako lekukotza txikia delako.
Domika azaltzeko nabarmena da loturik dagoela Domeka antroponimotik, biek jatorri bera dutelako. Baina toponimoa -ika atzizkia duten beste toponimoen artean sartzekoa da. Oinarrian Dominus latina genuke eta beharbada, esanahi oso antzekoa izango zuen Domizko gaina toponimoak. Bietan oinarri bera, Dominus, ziurrenik antroponimo bihurtua, izen arrunta bazen ere. Ondoren, jabetza adierazteko, batean -itz genuke, latineko -is mailegatua eta bestean -ika, latinetik zuzenean jasoa, aldatu gabe.

viernes, 23 de febrero de 2024

Logorri toponimoa

 Logorri da Arabako toponimian behin eta berriz agertzen den toponimoa. Aurkintza bat da Iruña Okan, Urkabustaizen, Kuartangon eta Zuian. Azken herri honetan tontorra ere bada. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan ere badira Logorri izena duten batzuk:

LOGORRI, término de Trespuentes. Labrantíos de Tortura, Domaiquia y Onraita.
LOGORRIA, 1827, labrantío de Arlucea.
Urkabustaizko toponimoak lekuko zaharrena du, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala web gunekoa, Lugorri, 1600. urtekoa. Lekuko honek zalantza uxatzen du, bi etimologia aurkez zitezkeelako, lohi + gorri edo lur gorri. Lehenengoaren kasuan lohi izenaren azken bokala galduko zen eta bestean bokalen asimilazio bat, u-o > o-o. Hala gertatu zen Urbabustaizko toponimoan eta, ziurrenik, besteetan.
Lur gorri hitz elkartua ezaguna da, bi elementuak agerikoak ditu, lur eta gorri eta lugorri aldaera ere bada. Aipagarria da lur hitzaren lekuko zaharrenean lur gorri hitz elkartua dagoela, XIII. mendekoa:
Lurgorrieta. (1283) Arzam 332.
Logorri toponimoa dagoen herri batzuetan Lugorri ere bada, Kuartangon aurkintza da, Zigoitian aurkintza eta alorra da eta Zuian Lugorriaga izeneko basoa dago. Gainera, Iruraiz-Gaunan Lugorrieta aurkintza dago.
Esanguratsua da Logorri eta Lugorri toponimoak Araban izatea, ez beste lurraldeetan, horrek erakusten du lugorri aldaera erabiltzen zela. Baina badira lur gorri hitz elkartuarekin sortutako toponimoak, Lurgorri da Bizkaiko hiru herritan dagoen toponimoa eta, gainera, Gipuzkoako Hondarribian ere bada izen bereko labarra. Bizkaikoak dira, Mendexako iturburu bat, Berriatua herriko baserri bat eta baso bat eta, azkenik, Urduñako iturburu bat.

Antxinena toponimoa

Antxinena da Oñatiko parke baten izena. Lekuko zaharrik ez da eskuratu eta horrek esan nahi du hemen aurkezuko den etimologia dagoen informazioarekin egin dela. Informazioa aldatuko balitz, lekuko zaharrak eskuratuz, toponimoa ezberdina balitz etimologia aldatu bekarko litzateke, zatiz edo osorik.
Toponimoak antz nabarmena du Antzin toponimoaren sarreran aipatu ziren Santsinenea etxearekin eta Santsinenea aurkintzarekin. Bi toponimoen oinarrian *Santsin dago, Santxo (edo aldaera bat) antroponimoaz eta -in atzizkiaz sortuak. Santsinenea eta Antxinena oso izen antzekoak dira, ezberdintasun agerikoena hasierako txistukariarena da, batean dago eta bestean ez; hau txistukarien disimilazioagatik gertatu da eta ohikoa da Santxoren eratorri batzuekin eta adibide egokia Antxinena toponimoa izan daiteke.

miércoles, 21 de febrero de 2024

Urdiain toponimoa

 Urdiain da Nafarroa Garaiko mendebaldeko udalerri bat, Sakanako eskualdekoa.
Toponimoaren lekuko zaharrak eta hurbilpen etimologikoak daude Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian, Urdiain toponimoaren web orrian. Lekuko zaharrena XIII. mendekoa da eta egungoaren berdina da:

hurdiayn (1268)
vrdiain (1350)
hurdiayn (1350)
Etimologiari dagokionez, lehenengo lotura urde animalia izenarekin egin zen, J. Caro Barojaren Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina:
[...]
Lugar con ayuntamiento del valle de la Burunda [...] El nombre del primitivo posesor parece vasco, de los propios de animales que aun en los siglos IX-XII se usaban: Urdia es jabalí en un principio, luego cerdo doméstico
[...]
Gerora, galiar antroponimo bat proposatu zen, L. M. Mujikaren Latina eta erromanikoaren eragina euskaran liburuan:
[...]
No parece que “el nombre galo Urdo” (Mujika, 1982: 249) sea la base de Urdain y Urdiain, pues de aquí habría salido Urdoain o similar
[...]
Mikel Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburukoa:

[...]
Probablemente 'lugar propiedad de una persona llamada *Urdi-'. De *Urdi- + -ain, siendo el primer elemento un nombre de persona no identificado y el segundo un sufijo que indica propiedad.
[...]
Comentario lingüístico: Ver Urdánoz. Rafael Carasatorre (864) escribe que a raíz de la guerra con Castilla hubo varios ensayos de concentración de población en nuevos núcleos urbanos con carácter defensivo. De esta manera en 1355 se pensó que Urdiain pasase a ser Villadefensa, aunque finalmente, en este caso, no se llevó a cabo. Existe en Morentin el paraje denominado Urdiano. Traducciones curiosas y explicaciones populares: Traducciones de este género son: 'sobre el avellanar'.
[...]
Azkenik, Salaberriren Acerca del sufijo toponímico -ain lanekoa:
[...]
Otro testimonio en el que los sufijos acompañan a bases muy próximas nos lo proporcionan Urdaitz (< Urdanitz, Urdániz en castellano), Urdotz (< Urdanotz, Urdánoz en castellano) y Urdain, Urdiain, los dos primeros seguramente con base urdan-, urdain ‘cochinero’, y los dos últimos probablemente sobre urde (empleado seguramente como antropónimo, de la misma manera que aketza, ahardia, bargoa, ordotsa, zerria..., de la misma familia léxica). No parece que “el nombre galo Urdo” (Mujika, 1982: 249) sea la base de Urdain y Urdiain, pues de aquí habría salido Urdoain o similar; este autor, sin embargo, y aunque con dudas, también da urde como probable origen del nombre de la localidad de Burunda. En Navascués / Nabaskoze existía en 1683 el topónimo Urdain [11. oharra: Protocolo de Salazar / Zaraitzu, carpeta nº 4], que posteriormente se documenta como Urdani, siendo en la actualidad Urdáni (NTEM-XXIX, 72); podría tratarse por lo tanto de un nombre del tipo de Urdiain, pero también se puede pensar que el Urdain documental, si está bien tomado, responde a una pronunciación del tipo de Ubain por Ubani vista más arriba
[...]
Urdiain toponimoaren etimologia ematerakoan ez datoz bat, dela urde izena, dela urdain izena zein antroponimoa, dela Urdo edo *Urdi antroponimoa.
Sarrera honetako hurbilketa etimologikoa bestelakoa izango da, toponimoak jasan zuen aldaketa bat izena gehiago ilundu zuena, sudurkari disimilazio bat, n-n > r-n. Horrelako aldaketak gertatu ohi dira, aitoren seme hitz elkartuan aitonen > aitoren bilakaera gertatu da.
Nafarroako toponimoan hala izan bazen uste izanez gero, atzeranzko urratsa egin eta *Undiain eskuratuko genuke eta izen honek antz nabarmena du Nafarroako beste herri batekin, Undiorekin, gaztelaniaz Undiano dena. Beraz, bi toponimoen hasierako berdinduko genituzke, ezberdintasun bakarra bukaerakoa litzateke, batean -ano atzizkia genuke eta bestean -ain atzizkitzat duguna.
Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiko Undio toponimoaren web orrian, lekuko zaharrez gain, etimologia saioak daude eta hauetatik egiantzekoena Mitxelenarena genuke, Mikel Belaskok aipatua:
Comentario lingüístico: Julio Caro Baroja (854) piensa que nombres de persona como *Untius o *Untianum podrían formar parte del topónimo pero no llega a documentarlos. Luis Michelena (854b), en cambio, propone Pontius y Pontinius.
Pontius antroponimotik sortutako toponimoak bilakaera luzea izango zuen, *Pontiani hasiera izango zen, gero, aldaketa batzuk gertatuko ziren, hasierako kontsonantea ahostundu eta galdu, on > un bilakaera, horzkaria ahostunduko zen sudurkari atzean egonik, bukaerako silaba aldatuko zen eta orduan *Undiain izango zen. Azkenik, aipatutako sudurkari disimilazioa gertatu eta egun den Urdiain izena sortuko zen eta horrela finkaturik geratu zen.

lunes, 19 de febrero de 2024

Domizko gaina toponimoa

Domizko gaina da Artikutzako mendi bat, 1036 metrokoa. Toponimoaren informazioa Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik eskuratu da, lekuko ez oso zahar batzuk eta ohar etimologiko bat. Lekukoak XX. mendearen bukaerakoak dira:

domizko gaña (1988)
domizko gaina (1997)
domizko gaina (2000)
Domizko Gaina (2019)
Toponimoan ez dago ezberdintasun handirik, azken elementuaren sudurkarian izan ezik. Etimologia ere bada, Mikel Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los montes y ríos de Navarra liburutik jasoa:
[...]
Goizueta, Arantza (1036 m). 'El Alto de Domiz'. Del vasco gain 'alto' y un primer elemento no identificado, quizá un antropónimo.
[...]
Hasierako elementua izan daiteke patrominiko bat edo jabetza adieraztekoa, Lupizarrate toponimoa bezala, bietan atzizki bera genuke, -itz, latineko -is genitibotik hartua. Oinarriko antroponimoa geratzen da azltzeko eta hori Dominus izan daiteke, izen arruntaz gain, antroponimoa ere izan zen. Euskal lurretan azterrena utzi du, toponimoan badira batzuk, Duña toponimoan Domina genuke, erromantzean aldatua. Domekanea toponimoan Domeka antroponimoa genuke, Dominicatik euskararen egokitzapena jasoa duela. Domiz toponimoan bilakaera ere gertatuko zen, Dominis jatorrizkotik, bokalarteko sudurkaria galdu zen, euskaraz ohi den bezala latinaren mailegu zaharrekin.

Lupizarrate toponimoa

 Lupizarrate da Arabako aurkintza bat, Donemiliaga eta Zalduondo herrietan dagoena. XIX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

LUPIZARRATE, 1830, término de Zalduendo.

Toponimoak bi elementu izango zituen, azkena harrate izena, hitz elkartua, harri eta ate izenez sortua. Beste elementua, hasierakoa, Lupiz izango zen eta bi azalbide daude hitz horretarako, bietan -itz atzizkia genuke, patronimiko sortzailea alde batetik eta jabetzakoa, toponimian. Toponimoaren hasierak gogorarazten ditu Lupiaran eta Lupiola toponimoak, hauetarako Lupi antroponimoa proposatu dugu. Toponimo honetarako berdin egingo dugu, Lupiz hasiera dela patronimikoa, dela jabetza adieraztekoa, jatorri bera izango zuten -is latinetik euskarara egokituz.
Aipagarria da Lupi antroponimoaz sorturiko toponimoak euskararen sartaldean izatea, Araban eta Bizkaian, beharbada inguru horretako beste arkaismo bat.

Eguneraketa (2024-11-29):
Sarreran emandako lekuko zaharrena XIX. mendearen lehen herenekoa da baina bada beste lekuko zaharrago bat, XVIII. mendearen erdialdekoa, 1748. urteko agiri batean agertzen diren toponimoen artean Lupizarrate dago, beraz, ia mende batean aurreratuko litzateke toponimo honen lekukotza.

viernes, 16 de febrero de 2024

Babilonia toponimoa

 Babilonia da Gipuzkoako eraikin batzuen izena, baserria da Albizturren eta Usurbilen, Urnietan Babilonia izeneko etxea dago eta Oiartzunen Babiloniaberri baserria.
Arrasaten ere izan zen izen bereko etxe eta errota bat, lekukoek hiru mende baino gehiago iraun zuten Arrasateko toponimia liburuan agertzen den bezala, 114-115. or.:

Lekuko zaharrena XVII. mende hasierakoa, 1603. urtekoa. Dirudienez gero izenaz aldatu zen eta horregatik ez dago egun izen hori dutenen artean.
Gipuzkoako toponimo hauek oso izen urrunera eramaten gaituzte, Babilonia hirira, hain zuzen. Ezin jakin izena jartzearen arrazoia, beharbada eliza kristauaren eraginez Babilonia ezaguna izan zen, baina bitxia da Gipuzkoan lau etxe izenetan izen hori aurkitzea.

Eguneraketa (2025-11-14):
Badago XVII. mende hasierako lekuko bat, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan jasoa, 1625. urte ingurukoa:

Usurbil con cuatro barrios. Villa.
25. La casa de Achega A de parientes mayores, Paris, Troya, Babilonia, Infanzon, Juan de Unzarena, Bursar, Gaztañaga, Olloqui, Olarria, Arrazain, Ibarrola, Aniceta, Itsascue, Yarza, Sagastizar, Alarrun, Asteasuainzarra, Ugarte, Vizcarret, Portalea, Achegazarra, Celai andia, Suelo, Arriola, Aguirre. 25.
Babilonia izena ez zen ezezaguna eta horrela, XV. mendeko euskal lurretan bere aipua jasotzen da Lope Garcia de Salazarren Bienandanzas e fortunas liburuan, 1475. urte ingurukoa. Liburu honen atal batzuetan agertzen da. Hasieratik agertzen da, 1. liburuan (kapituluan) aipu ugari daude, hona hemen lehenengo biak:
E quando Noé ovo partida toda Asia con sus tierras e términos de África e de Urropa e la dio por mayorazgo a Sen, su fijo mayor, segund dicho es, partió África con sus tierras e términos de los dichos África e Uropa en esta manera: África se parte de Asia en el (la) mar Turbio de Levante, como ba del Jafa fasta Belcaire, entre el río de Babilonia e el río Turbio de Egito fasta la mar que çerca toda la tierra que es al Su[r], que es la más caliente del mundo, como dicho es en la dicha partiçión de Assia;
[...]
Título de cómo el Señor estruyó los edefiçios de Babilonia e los lenguajes mesclados en diversos entendimientos e se derramaron todas las gentes por el mundo
Eliza kristauaren liburu sakratuan agertzeak Babilonia toponimoa ezagun bihurtu zuen Erdi Aroko Europan.

Lupiola toponimoa

 Lupiola da Gernika-Lumo eta Arratzu artean dagoen tontorra, baita Berrizko baserri bat ere. Azken honen XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Lupiola [N, NO]
Lupiola (Domingo de) [Gomendio_Vriguen (la caseria de)] [Murgoittio (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Lupiola (Juan de Lazpita) [Lupiola (la caseria de)] [Andicona (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.
Lupiola (Juan de) [Arguinzonis_Vriarte (la caseria de)] [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.
Lupiola (Juan de) [Lupiola (la casa de)] [Andicona (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs...

Lekuko hauek erakusten dute toponimoa ez dela aldatu azken hiru mendeetan. Honek adieraz lezake izena oso egonkorra dela, hala ere, lehenago alda zitekeen arazorik gabe, blog honetan behin eta berriz azaldu dugun bezala.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaerakoa ola izena da, oso ohikoa toponimian. Hasierakoa ilunagoa da, baina bazen antroponimo bat, Lupi, Lope ezagunagoaren aldaera zaharra. Lupiaran toponimoaren sarreran informazio gehiago antroponimo horretaz.
Beraz, Lupi eta ola batuko ziren inolako aldaketaren beharrik gabe. Ez da ahaztu behar Lupia emakumezko aldaera ere izan zela, baina gizonen antroponimotik sortutako toponimoak askoz ugariagoak dira.
Aipatzeko geratzen da izen arrun bat, lupia, arrain izena, Lupia emakumezko antroponimoaren berdina. Baina Berriz herria barrualdean dago, itsasotik urrun eta horrelako azalpena erabiliz, ulergaitza litzateke horrelako izen elkarketa.

 Eguneraketa (2024-04-19):
Sarrerako lekuko zaharrena XVIII. mende hasierakoa da baina, toponimoa deitura bihurtua, badira lekuko gehiago eta zaharragoak Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Ondoko irudian ikus daitekeen bezala ia bi mende lehenagoko lekuko batzuk daude, zaharrena 1533. urtekoa dela:

Beraz, toponimoak iraun du ia 500 urte aldatu gabe eta ziurrenik zaharrago bada, agian mende batzuk gehiago.

miércoles, 14 de febrero de 2024

Lupiaran toponimoa

 Lupiaran da Urduñako aurkintza baten izena. Lekuko zaharrik ez da eskuratu baina toponimoaren analisia egin daiteke, jakinik hemen aurkeztuko den etimologia dagoen datuetatik osatua dela, lekuko zaharragoek etimologia alda dezakete, edo ziurragotu. Azken elementua haran izena da, egun oso ezaguna baina hasierakoa ez da horrela. Ongi egokituko litzateke lupia, arrain izena. Baina hau itsas arraina da eta Urduñak urrun du itsasoa. Beste alde batetik, horrelako elkarketa, lupia + haran, oso bitxia litzateke eta interpretatzeko zaila.
Blog honetan proposatutakoa bestelakoa da, oinarriko elementua antroponimo bat izango zelako, Lupi, Lope ezagunaren aldaera zaharra. Alfonso Irigoienek izen hori aipatu eta aztertu zuen bere La lengua vasca en relación con la antroponimia y otras cuestiones medievales lanean, 13. or.:

Orrialde berean Lupia ere aipatzen du, emakumezko aldaera dena eta toponimoan ere ongi egokituko litzatekeena:

Laburtuz, Lope ezagunagoaren aldaera zaharra Lupi antroponimo gizonezkoa zen, Lupìa emakumezkoa. Bata edo bestea izango ziren toponimoaren oinarri egokiak, jakinik antroponimo gizonezkoak askoz ohikoagoak direla toponimian.

lunes, 12 de febrero de 2024

Gibelola, Gibola toponimoa

 Gibelola da Legazpiko baserri bat. Dirudienez, Gibola baserri bera da. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, baina izena apur bat aldaturik dago:

GIBAOLA (col.)
XIX. mendeko lekuko bat dago, 1824. urteko agiri batean Gibaola izeneko bi etxe daude Historia eclesiástica de Legazpi liburuko 161. or.:
Brincola, Guibaola de Arriba, Guibaola de Abajo, Echeandia, Ugalde de Arriba, Guriditegui, el molino de Arabaolaza, Zubiaurre, Rementaria, Inurritegui, Olazarra, Barrendiola, Mintegui, Gastaña(ga)macurra, Eguzquiza de Arriba, Aguirreburualde, Igueralde de Arriba, molino de Igueralde, Igueralde de Abajo, Garrochonea, Garrocho, Garro menor, Garro Echeverria, Garro Mayor, Huarcalde, Aguirrezabal, Bergaraeche, Arizti, Corta de Arriba, Corta de Abajo, Hernandotegui, Raizabal de Arriba, Raizabal de Abajo, Aguirre de Arriba, las de Echechos, molino de Elorregui, Palacio de Elorregui, Araiztegui, Albisu, Corcostegui, Recaeta, Saizabal, Telleria, Sutegui, Arteagana, Cristobal enea, Aguirrena, Landaeta, Martin chocoa, Lopetegui, Lopetegui Barrena, Ubitarte, molino de Ubitarte, Vastaingoa, Elorza, Elorza de Arriba, Astaburuaga. En AML, C. 1166.
Mende bereko beste bi lekuko daude 1864 urte inguruko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 740. or.:
Guibaola de abajo
Guibaola de arriba

Lekukoak kontuan hartuz, badirudi bilakaera izango zela Gibelola > Gibaola > Gibola. Lehenik alboko disimilazioa eta ondoren ao > o bokal soiltzea. Toponimo interesgarria, alde batetik izan duen bilakaeragatik eta, gainera, urrats guztien lekukoak daudelako. Toponimoaren etimologian ez dago arazo handirik, bi elementuz osatua delako, azkena ola 'etxola, burdinola' hitz ezaguna toponimian eta lehena gibel da, "atzeko aldea" esanahia duena, ohikoa toponimian eta zahartasun adierazlea, gerora atze erabilia delako.

Garibai toponimoa

 Garibai da Bizkaian zein Gipuzkoan dagoen toponimoa. Bedian baserri bat da, Oñatiko herrian biztanlegunea da, gainera, herri horretan badaude toponimo eratorri batzuk, guztiak baserriak: Garibaibarren, Garibaigoiti eta Garibaiko errota. Oñatiko toponimoaren lekuko zaharrenak XVI. mende hasierakoak dira, Garibay (1520).
Mende horretakoak dira Dokuklik web-guneko lekukoak, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak:

Garbe eta Garbea toponimoen sarreran gain > gar- bilakaera aurkeztu genuen eta Garibai toponimorako ere egokia izan daiteke: gar- 'gain' + ibai > Garibai. Azalbide bera izan dezake garate izenak, gar- 'gain' + ate.

viernes, 9 de febrero de 2024

Bernardaenea toponimoa

 Bernardaenea da Lasarte-Oriako etxe bat, egun desagertua. Izendegi ofizialean ahozko lekuko batzuk daude, 2018. urtekoak: bernárdaeníà, bernardaenía, bernárdà, bernardanéa eta bernardaenéà. Aldaera horiek erakusten dute toponimoa bizirik dagoela eta dauden ezberdintasunak oso azalekoak dira. Aipagarria da behin Bernarda agertzen dela, antroponimo hutsa. Azken elementuak -(r)en eta -a dira, eskualdeko euskarak aldatua. Oinarriko Bernarda antroponimoa da, emakumezkoa, Bernarda toponimoan ere dagoeena.

Osabane toponimoa

 Osabane da Oiartzungo baserri baten izena. Toponimoaren lekuko zaharrak daude Oiartzungo toponimia liburuan, 255. or.:

Osabanea. Baserria.
Altzibarko baserria, XV. mendeaz geroztik dokumentatua (Oxava, 1499, MUG10, 164.or.). Oxabane ahoskatzen da, dokumentu gehienetan artikuluarekin agertzen bada ere.
Toponimo honen lekukoetan agertu ohi da <x> txistukariaren lekuan, lekuko zaharrenetik hasita. Horrek esan nahiko luke oinarriko osaba, hitz arrunta baino hipokoristikoa zela, gizon baten izengoitia. Toponimian ez da batere ohikoa, baina antroponimian ezaguna da, Erdi Arokoan daude hitz honen lekuko zaharrenak:
Pedro Osava. (1247) Arzam 377. Pere Simenitz Ossaua. (1309) Ib. 378.

miércoles, 7 de febrero de 2024

Bulderonea toponimoa

 Bulderonea da Errenteriako etxe baten izena. Bi lekuko zahar ezagutzen dira eta bat nahiko berria: Bulderone (1991). Besteak dira Bulderone (1760) eta Bulda-enea (1833). Toponimoaren analisiak ez du zailtasunik, buldero hitza oinarrian dago eta ondoren etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a. Buldero hitzak oso lekukotza urrikoa da:

buldero.
(Lar), bulderu.
Bulero, comisario de la bula. v. buldadun (2), buldatzaile, BULDA-SALTZAILE.
Egin sei arraia, iru firmiaren alde bakotxian, baldin Bulderubak kurutzeren batzuk egin ezpadeutsaz. CrIc 167.
Bi lekuko baino ez, lehenegoa 1745. urtekoa eta bestea 1800 urte ingurukoa. Beraz, Errenteriako toponimoaren bigarren lekukoa da, urte gutxigatik.
Toponimoaren azken lekukoa urruntzen da besteetatik, Bulda-enea, oinarrian bulda hitza duelako, bulderoren oinarria. Interesgarria buldero hitza, erromantzetik jasotakoa, baina aspaldian ez da erabilia jatorrizko hizkuntzan, egungo gaztelaniaz bula eta bulero dira hitz erabiliak.

lunes, 5 de febrero de 2024

Amitar toponimoa

Amitar da Elorrioko mendi bat, badago toponimo eratorri bat, Amitarroste aurkintza.
Lekuko zaharrena XVIII. mendekoa da, Amitar (1780). Egungo ahoskera Amittar da. Lekukotza ez da oso handia baina toponimoa analiza daiteke, baina jakinik lekuko zaharrik ez dagoela eta aldaketa baten beharra dagoela. Bukaerako silaban ia > a soilketa gertatuko zen eta, beraz, lehenago *Amitiar izango zen. Toponimoak bi elementu lituzke, *Amiti antroponimoa eta ihar izenondoa. Azken hau ezaguna da toponimoan, horrela blog honetako Lasiar eta Udiarraga toponimoetan izenondo bera legoke.
Antroponimoa garai batean nahiko hedatua izan zen, Erdi Aroan eta Amitesarobe, Imitola toponimoen oinarria izan zen, beste batzuen artean. Aipagarria da toponimo honek aferesia ez jasatea, antroponimo honen eratorri batzuekin gertatu den bezala, cf. Mitizar toponimoa.

jueves, 1 de febrero de 2024

Aitaperukoa toponimoa

 Aitaperukoa da Oñatiko baserri bat. Lekuko zaharrena da Aitaperucoa, 1857. urtekoa, Izendegi ofizialeko datuen arabera. XX. mendeko toponimo lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

AITAPERUKOA (prop.), Olabarrieta auzoa
Toponimoak lau elementu ditu, artikulua, -ko atzizkia, baina oinarrikoak interesgarrienak dira, aita hitza, praenomen erabileran eta Peru antroponimoa. Erdi Aroan ez ziren ezezagunak horrelako izendapenak eta batzuk toponimiara ere igaro ziren, Atxamiku toponimoa bezala, sarrera horretan aitaren erabilera horretaz informazio gehiago dago.
Peru da Petri antroponimoaren beste aldaera bat, erromantzetik igaroa eta horrela /tr/ taldea desegin zen. Antroponimian erabili zen eta batzuetan toponimiara ere hedatu zen, Peruzki toponimoan bezala, azken horretan Peruren hipokoristiko bat genuke.
Beraz, Oñatiko toponimo hau Erdi Aroko erabilera antroponimiko baten ondorengoa da, bakarrik ez dagoena.