Arabako toponimian bilaketa egiteko ona da Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburua. Toponimo bilketa handia egin zuen eta batzuetan hitz arrunten bilaketak ondorio interesgarriak eman ditzake. Horrela, karobi hitz elkartuaz sortutako toponimoak bilatuko ditugu. Askoz gehiago izan daiteke, hemen jarri ditugu karobi hasiera dutenak:
CAROBI, término montuoso de Ullibarri Gamboa. Término de Lezama. 1717, labrantío de Munain. Fuente y término de Inoso. Labrantío de Onraita. 1712, labrantío de Vitoriano.Karobi hitz elkartua da, kare eta hobi hitzez osatua eta Karobiaga toponimoan Bizkaiko zein Gipuzkoako lekukotza eman genuen. Beraz, hitza sartaldeko hiru lurraldeetan dago eta, Arabako toponimoetan ikusten denez, hitza oso hedaturik zegoen Araban, XVI. mendetik gutxienez.
CAROBIA, término de Arcaya. 1596, término de Onraita. 1696, labrantío de Lopidana.
CAROBEA, 1707, término de Arcaya.
CAROBIDEA, 1735, labrantío de Lopidana.
CAROBISAR, término de Elosu.
Toponimo hauetaz, interesgarriak dira Karobea aldaera eta Karobidea. Karobea, antza, Karobiaren berrinterpretazioa litzateke, euskararen hizkera askotan ea > ia bezalako bilakaerak ohikoak dira eta batzuetan hiztunak saiatzen dira ustez gaizki esandako hitzak zuzentzen eta orduan ia > ea bilakaera alderantziz egin eta Karobea asmatu zuten.
Karobidea, aldiz, haplologiaren adibide bat izan daiteke, hau da, bi silaba berdin edo oso antzeko elkarren ondoan jarriz gero, bat galtzen da. Hala gertatu bazen, jatorriz karobi + bide hitzak elkartuko ziren eta Karobidea sortuko zen, beharbada tarteko *Karobibideren beharrik gabe.
Azken lekukoa, Karobisar aipagarria da, txistukarien neutralizazioaren adibidea delako, bukaerako hori zahar delako, ziurrenik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario