viernes, 17 de octubre de 2025

Nabarrola toponimoa

 Nabarrola da Etxalarko aurkintza bat. Toponimoaren lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira eta aldaera sinkopatua agertzen da:

navarla (1725)
navarla (1760)
nabarrola (1997)
Toponimoa egun aurkintza bada ere, lehenago etxola edo burdinola izan zen, bukaerako ola izenak erakusten duen bezala. Hasierakoa nabar adjektiboa izan daiteke, izengoiti bihurtua edo, besterik gabe, antroponimoa. Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan lekuko ugari daude:
3.262. NAUARR, NAUARRA, azkenengo hau emakume-izena: Arnalt Nauarr, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 542 orr.), en las Ruas Nueuas del Mercado (en el Burgo de Sant Cernin), Iruñean; Pero Nauarr, (1366, PN-XIV, F.Est., 627 orr.), Mendauia-n; Johan Nauarr, (1330, PN-XIV, F.Est., 276 orr.), Liçagorria-n; Nauarra, (1366, PN-XIV, F. Est., 610 orr.), Esteilla-n.
Ikus XII eta XIII mendeetarako NAVAR eta emakume-izen moduan NAVARRA: Navar, eta abar (testes francos Stelle), (1175, El gran Pr. Nav., dok. 47); don Navar el tendero, (1233, El gran Pr. Nav., dok. 248); ego Giraldus migo et uxor mea dompna Navarra, (1153, El gran Pr. Nav., dok. 24); dona Navarra la muiler de don Fortunio Arceiç de Çuloeta, (1195, El gran Pr. Nav., dok. 80); Navarra, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 108). Ikus PARDO.
Ezin da baztertu Nabarro antroponimoa izatea, Nafarroako erdarazko gentilizoan oinarritua, Iratxeko agirien artean agertzen dira Nauarro faber 252. agirian eta Nauarro, capellano 388. agirian.
Zalantza bera dago Zakarrola toponimoan, bukaeran ola dago baina oinarrian zakar zein zakarro hitzak ager litezke, izengoiti bihurturik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario