Irabaneta da Gipuzkoako hiru herritako toponimoa, hiruretan baserriak dira, Elgoibar, Mendaro eta Mutrikuko herrietan. Elgoibarko baserriaren lekuko zaharrena Irabaneta da, 1857. urtekoa. Izen bera gorde du azken mende t'erdian. Mendaroko lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Irabaneta (1857); geroztik ez du aldaerarik. Azkenik, Mutrikuko lekukoak XX. mende bukaerakoak dira eta Irabanate eta Irabaneta izenak agertzen dira.
Elgoibarko beste lekuko bat dago, XX. mendekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Arriaga (San Antolin) auzoan:
IRABANETA (col.)Mutrikuko baserriaren lekukoa ere bada aipatutako liburuan:
IRABANETA (prop.), Ibiri ballaraToponimo hauetan bi elementu daude, bukaeran -eta atzizkia eta oinarrian hitz elkartu bat, ireban, ira eta *eban 'ebaki' hitzez sortua, Iraban, Iraeban eta Ireban toponimoetan bezala.
Aipagarria da Elgoibarren eta Mutrikun Garaban toponimoak ere badirela, gareban hitz elkartuarekin sortuak, hau da, garo + *eban. Bitxia da, ira eta garo sinonimoak dira, baina bi herri horietan ireban zein gareban erabili direlako. Beharbada bi herri horietan hitz bat erabiltzen zen eta gerora bestea hedatu zen, baina horretarako lekuko zaharragoak beharrezkoak dira, Irabaneta toponimoen lekuko zaharrenak XIX. mendekoak direlako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario