lunes, 29 de diciembre de 2025

Jakuenea toponimoa

 Jakuenea zen Errenteriako toponimo bat, lekuko bakar batez ezaguna:

1724     Jacuenea
Lekuko honekin nahikoa da etimologia emateko, toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran artikulua, aurrerago genitiboa, apur bat aldatua, eta oinarrian antroponimo bat, Jakue. Blog honetan aztertutako Jakutegi toponimoan antroponimo bera dago, bere azken bokala galdutakoa.
Errenteriako toponimo honek lekuko gehiago ematen dio antroponimo honen corpusari, bere aspaldiko inportantziaz ideia osoagoa izateko.

Fuenteburzana toponimoa

 Fuenteburzana da Orradreko aurkintza bat, Nafarroan. Erromantzez sortutako toponimo honek bi elementu ditu, hasierakoa fuente 'iturri' da oso argia, baina ez bukaerakoa. Zorionez, lekuko ez oso zaharrek argia ematen dute:

fuente jordana (1898)
fuente jurdana (1898)
fuente furdana (1915)
burjana, fuente (1915)
[...]
fuenteburzana (1995)
Dirudienez, toponimoa nahiko ongi gorde zuten XIX. mendearen bukaerara arte, baina geroko lekukoetan aldaera ugari agertzen dira. Badirudi bokal baten aldaketa izan zen ondorengoen suspertzaile. Hala ere, lekuko zaharrenengatik nabarmena da beste elementu hori, Jordana antroponimoa. Euskal lurretan /u/ bokalismoko aldaerak indarra izan zuten, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan ikus daitekeenez:
356. —Jurdana n. pr. (Jurdana de Sant Esteuen, Pamplona, 1350): Jurdanarena; Churdandegui, Churdanegui.

viernes, 26 de diciembre de 2025

Kristobala toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra jaso da, XIX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CRISTOBALA, 1849, término de Cicujano.
Toponimoan ziurra da Kristobal, baina bukaerako bokalak bi azalbide izan ditzake, izan liteke euskarazko artikulua, ezaguna da Arabako toponimian artikuluaren eransketa, cf. Amatea toponimoa, Amata + -a bada. Beste azalbide bat dago, Kristobala antroponimo emakumezkoa izatea, bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta bi lekuko agertu dira, biak Arabakoak:

Bi emakume ditugu, biak herri hurbilekoak dira eta horrek adieraz lezake tradizio moduko bat izan zitekeela. Beraz, toponimiara igarotzea ez litzateke harrigarria, nahiz eta Kristobalak erabilera urria izan.

Kristobaletxea toponimoa

 Kristobaletxea da Errigoitiko baserri bat. XX. mende bukaerako lekuko bat dago, egungoa bezalatsukoa. Toponimoan aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, egitura oso argia du, bukaeran artikulua, aurrerago etxe izen arrunta eta oinarrian Kristobal antroponimoa, honetaz informazio gehiago dago Kostobal toponimoaren sarreran.

lunes, 22 de diciembre de 2025

Kristobaldegi toponimoa

 Kristobaldegi da Donostiako bi baserriren izena, bat desagertua. Lekuko gehiago eta bat nahiko zaharra daude Donostiako toponimia bilketa lanean:

KRISTOBALDEGI: Cristobaldegui (1627, manzanales y lagar llamados, T.M., 453 orr.), Cristobaldegui (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Cristobaldegui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Cristobáldegui, y su capilla (40) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Cristobaldegui (1864, Casa de labor, N.P.G., 65 orr.), Cristobaldegui (1900, casa de campo, S.S.XIX, 47 orr.); Kristobaldegi, Kristobaldei (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, m.
Toponimoa ez da aldatu azken 400 urteetan eta mende hauetan izena gorde du, analizatzeko zaila ez dena. Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -tegi atzizkia, alboko baten ondoren egoteagatik hasierako herskaria ahostundu dela. Oinarrian antroponimo bat dago, Kristobal, Kostobal toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.

Kristobalena toponimoa

 Kristobalena da Erandioko baserri bat, baita ere Bermeoko baserri bat. Azkenik, Kristobalenea da Legazpiko etxe bat.
Erandiko baserriaren lekuko zaharrenak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Cristobalena [N, TO]
Christobalena (la casa de), Erandio, a.1704, FogVizcayaMs.
Christobalena (la caseria de) [Martiartu y Vgarte (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.


Cristobalena [N, NO]
Christobalena (M(a)r(ti)n de) [Christobalena (la caseria de)] [Martiartu y Vgarte (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.
Hondarribian ere izan zen Kristobalena baserria, horrela agertzen da XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko batean, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburukoa:
AITONAUNDIA (KRISTOBALENA) (transf. en casa de campo) Akartegi ballara, Hondarribia
Hondarribiko toponimia liburuan ere agertzen da, eta aurreko iturrian aipatu bezala, izen nagusia Aitonandi da baina 1986. urtean izen bikoitza du, 57. or.:
Aitonaundia (Kristobalena) Ond. (152. or.)
Toponimoen analisiak ez du zailtasunik, bukaeran genitiboa eta artikulua daude eta oinarrian Kristobal antroponimoa, Kostobal toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.

viernes, 19 de diciembre de 2025

Kostobal toponimoa

 Kostobal izan zen Arrasateko baserri bat, egun desagertua baina bere aipamena duela hamarkada batzuk bizirik zegoen, XX. mendeko bigarren erdialdean, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aipatua:

KOSTOBAL (col.) Mietz erreka auzoa (Barrio de veneras), Arrasate
Arrasateko toponimia liburuan lekuko zaharragoak daude, XVII. mendetik hasi eta XX. mendearen arte, 232. or.:

Toponimoaren etimologia emateko ezinbestekoa da A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuko aipua, 81.-82. or.: 
Oin-oharrean adierazten digute Kostobal aldaera ere bazela Kristobal ezagunagoaren aldaera, euskal eta erdal izenen artekotzat hartu ahal dela.

Zentoliturri toponimoa

 Zentoliturri zen Errenteriako toponimo bat, lekuko gehienek 50 urte baino ez dute hartzen, XVIII. eta XX. mendeen artean:

1787     Zentoliturri
1814     Centoliturri
1826     Centoliturri
1826     Centoliturri
Geratzen da berriena, Zontoliturri, Luis Maria Mujikak jasoa bere Gipuzkoako toponimoen bilketa erraldoian, XX. mendearen bukaeran. Argi dago bokal asimilazioa gertatu dela, bigarrenak lehena asimilatu zuelako. Dirudienez, lekuko gehiago ez dago, beharbada ez da gure egunetaraino heldu baina dauden datuekin etimologia eman daiteke zalantzarik gabekoa. Toponimoak bi elementu izan zituen, bukaeran iturri izena eta oinarrian Zentol antroponimoa. Errenterian bertan badago antroponimo honekin sortutako toponimo bat, Zentolenea. Toponimo honen sarreran Zentolen gaineko informazio gehiago.

miércoles, 17 de diciembre de 2025

Zanpadura toponimoak

 Ataungo toponimoetan bost dira Zanpadura oinarria dutenak:

Zanpadurako errekea
Zampadurako errekea: (= la regata del zampeado).
    Izaera: erreka
    Kokalekua: Saratxamendi
    Erreferentzia: 21. karp. 206. zk. 8418 erreg.

Zanpadurako ikauna
Zampadurako ikaune: (= el vado de zampeado).
    Izaera: ikarauna
    Kokalekua: Saratxamendi
    Erreferentzia: 21. karp. 365. zk. 8591 erreg.

Zanpadurako iturria
Zampadurako iturrie: (=la fuente de Zampeado). El zampeo se utiliza para construir caminos en sitios flojos y sobre todo cubiertos de agua. Colcocan maderos como para construir puentes y cubren por encima con una capa de brezos y tierra. “Zampadurea, bidea eiteko egurrek bota luzeetara, zubie eiteko bezela, eta gañetik bete txillar ta lurrekin” (= prado de (=la casa) Eskisabel).
    Izaera: iturria
    Kokalekua: Marumendi
    Erreferentzia: 15. karp. 120. zk. 6664 erreg.

Zanpadurako luizi haundia
Zampadurako luizi aundie: (= el aluvión grande del zampeado). El aluvión ocurrió a fines del siglo XIX.
    Izaera: luizia
    Kokalekua: Saratxamendi
    Erreferentzia: 21. karp. 354. zk. 8580 erreg.

Zanpadurea
Zampadurea: (= el zampeado). 1832 “desde el paraje llamado Zampadura hasta la casa del expresado Aldasoro”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Urrinokoiz
    Erreferentzia: 17. karp. 126. zk. 7350 erreg.
Zanpadura hitza ez da agertzen Orotariko Euskal Hiztegian, baina lotura izan daiteke zanpatu aditzarekin, honen lehen adiera ongi egokitzen delako:
zanpatu.
1. (G-bet, AN-5vill, L-ain, BN; Lar, VocCB , H; -ph- VocBN, H) Ref.: A; Caro CEEN 1973, 227 .
Aplastar (sentidos prop. y fig.); pisar. "Chuchurrar", "despachurrar" Lar. "(FSeg), apelmazar, calcar con los pies" A. Cf. VocNav s.v. zampiar.
Azalak zanpatu, mamiak miaztu, loreak usandu. Izt C 165. Lurrik ez du zanpatzen / txoriyak añian. Bil 47. Santuen imajiñak erabilli zituan lotsagabekiro, ostikopean zanpatuaz. Zab Gabon 95. Ematen zaizkate bariak pusketan, eta karakolak zanpatuta. Sor Bar 63. Zanpatzen da almerizean binagretan eta urtan egon dan ogi tostada bat. Cocinan 16. Nola zanpatzen duten umantak / oñ-alki galant ederra, / beren azaiñak zanpatu zuten / eriotz zital okerra. AB AmaE 102.
[...]
Sarrera horretan lotura proposatzen da Nafarroako zampiar erdal aditzarekin eta Ataungo toponimoen sarreretan zampeo, zampeado hitzen aipuak daude. Gaztelaniaz ezagunak dira zampear eta zampeado hitzak, eta bere jatorria. Euskaraz ere zanpa hitza bada eta adieren artean bada esanguratsua dena:
ZANPA-ZANPALARI.
(Lo) que pisa, aplasta continuamente.
Tolara-zanpalari / ardo-lorez jantzi, / zanpalari gogotsu, / zanpa-zanpalari. Gand Elorri 105. 

lunes, 15 de diciembre de 2025

Apaetxe toponimoa

 Apaetxe da Anoetako etxe bat. Izendegi ofizialeko lekukoek izena, azalez iluna, argitzen dute: apaizetxea (1993), Casa Cural (1993), apatxe (1993)... Toponimoak bi elementu zituen, apaiz eta etxe. Azkena aldatu gabe badago ere, lehenean aldaketa batzuk izan dira, nabarmena da txistukari disimilazioa, ondorioz, lehena galdu zen, ondoren bokal arteko /i/ galdu zen Apaetxe utziz.

Zeleta toponimoak

 Zeleta dago lau baserriren izenean, Ea herriko Zeletabekoa eta Zeletagoikoa. Busturian Zeleta baserri dago eta Mendatan ere beste baserri batek izen bera du. Azkenik, Zeletagana tontorra dago Mendata eta Muxikaren artean.
Bustuariako lekuko zaharrena Zelaeta (1704), ondorengo lekuko ia guztietan Zeleta dago. Berdina gertatzen da Eako Zeletagoikoarekin: Zelaeta de arriva, 1704. urtean. Gerokoetan ia beti Zeleta dago.
Medatako Zeletaganaren lekukoetan Zelatagana agertzen da behin eta berriz baina herri bereko baserriaren lekuko zaharragoetan Zeleta dago eta, beraz, Zelatagana herri etimologia izan daiteke, zelata hitza erabiliz.
Toponimoa deitura ere egin zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVIII. hasierako lekukoak daude:

Lekukoak Mendatakoak dira eta herrian bertan Zeleta baserria dago, beraz, lotura agerikoa da bi izenen artean.
Lekuko zaharrenek bilakaera erakusten digute, Zelaeta > Zeleta eta Zelaeta toponimorako eman den etimologia Zeletarako berdina izango da: zelai + -eta > Zelaeta > Zeleta.

viernes, 12 de diciembre de 2025

Zelaeta toponimoa

 Zelaeta da Ormaiztegiko baserri bat, herri berean Zelaetaberri baserri ere badago. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XIX. mendearen erdialdekoak dira: Celaeta-chiqui, Celaeta-barrena eta Celaeta-eche, guztiak 1857. urtekoak.
Toponimoa deitura ere egin zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. hasierako lekukoak daude:

Zumarraga eta Ormaiztegi nahiko hurbil daude eta, beraz, litekeena da toponimo honetatik deitura sortzea.
Toponimoa azaltzeko aldaketa txiki bat beharrezkoa da, bokal arteko /i/ galtzea, beraz, zelai + -eta > *Zelaieta > Zelaeta.

Belakobea toponimoa

 Belakobea da Mañariko haitzulo bat. Izendegi ofizialean ez dago lekuko zaharrik eta dagoen izenetik azterketa hasiko da. Haitzuloa izanik, bukaeran koba agertzea ez da harrigarria, eta ondoren artikulua dagoenez, aa > ea disimilazioa gertatu da. Hasierakoa izan daiteke bela-, bele hegazti izenaren eratorpen aldaera edo Belako antroponimoa. Batean ez zen aldaketarik gertatuko: bela- 'bele' + koba + -a > Belakobea. Bestean, aldiz, haplologia gertatuko zen: Belako + koba + -a > *Belakokobea > Belakobea. Ziurrenik tarteko hori berehala galduko zen, -koko- kakofonikorik ez izateko. Belako antroponimoa Bizkaian ezaguna izan zen, lekuko toponimikoek eta antroponimoren batek adierazten dutelako.

martes, 9 de diciembre de 2025

Iburreta toponimoa

 Iburreta zen Zumarragako bazter-auzo bat, egun desagertua. Patu bera izan du Iburretaazpikoa baserriak eta Iburretagarakoa baserriaren aurriak baino ez dira geratzen.
Iburretaazpikoaren lekuko bat XIX. mendekoa da, Iburreta de abajo izenarekin, 1857. urtean. Iburretagarakoa baserriaren izena urte berean Iburreta de arriba jaso zen. Lekuko zaharragorik lortu ez denez, azterketa etimologikoa Iburreta izenetik hasiko da. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azalpen bat dago, 102. or.:

Sarrera honetako azalbidea ezberdina da, bukaeran argia da, -eta atzizkia, baina oinarrikoa argitzeko gakoa Ibiur toponimoa izan daiteke. Azken hau ur-bihur bazen, Iburretaren egitura ur-bihur-eta izan zitekeen. Beharbada *ibihur hitz elkartu zaharra sortua izango zen. Dena den, bigarren /i/ galdu zen eta hori da aldaketa nagusia, ahaztu gabe hasierako bokalarena, beharbada bokal asimilazioaz.

Ibiur toponimoa

 Ibiur da Gipuzkoako hainbat herritako toponimoa; urtegi bat da Abaltzisketa, Baliarrain, Gaintza eta Orendain herrietan. Azken hiru herri horietan aurkintza ere bada. Tolosan aurkintza bat da eta badira lurralde horretan toponimo gehiago. Lekuko zaharrik ez da eskuratu baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, sarrera honetan proposatuko den etimologia ez du, ustez, alde ahulik. Dena den, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azalpen bat dago, 102. or.:

Dirudienez, ibi ikusten du toponimo hauen oinarrian baina gure ustez, ur hitza dago. Beste elementua bihur adjektiboa litzateke eta bilakaera hauxe izango zen: u- 'ur' + bihur > *Ubiur > Ibiur. Bihur hitza agertzen da blog honetan aztertutako Biurrain toponimoan, baina hor, bihur izengoitia izango zen. Hasierako elementuan aldaketa bat gertatu zen, bokala aldatu zen Iberondo toponimoan bezala. Beharbada bokal asimilazioa izan zen, u-i > i-i. Hala ere, batzuetan, ur hitzaren eratorri batzuetan bokal aldaketa gertatzen da, horrelako lirateke ibai eta idoi hitzak, baita aipatutako Iberondo.

viernes, 5 de diciembre de 2025

Untzalea toponimoa

 Untzalea da Irungo aurkintza bat, toponimo eratorri bat, Untzaleko erreka. Irungo toponimia web gunean informazio osagarria dago, lekuko zaharrenak XIX. mende hasierakoak dira: Unzalea (1820, 1850), Unsalia (1822, 1844), Untzalia (1843, 1988). Aldaera gehiago daude, baina beranduagokoak dira eta, analisirako ez dira erabiltzekoak.
Izen zaharrena Unzalea da, Unsalia aldaeran txistukaria aldatzeaz gain ea > ia bokal disimilazioa gauzatu da. Untzalia izenean afrikatua islatu da eta lehenago aipatutako disimilazioa bada. 
Untzalea toponimoaren bukaeran artikulua dago eta aurreragoko -e- hori bokal paragogikoa litzateke, leku deklinazioan sortutakoa, joera hau ezaguna da, Nabaskoze toponimoaren azken bokala bezala, beste toponimo asko bezala. Hala bada, Untzal- geratzen da analizatzeko eta hori Untzalu antroponimoaren aldaera bat izan daiteke. Gaztelaniaz Gonzalo da eta gutxi batzuetan Gonzal aldaera ere bada Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan aipatzen duenez:

3.184. GONÇALUO, GONÇALO, eta baita-ere GONÇALUET: Gonçaluo d’Arasçiel, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Gonçalo pastor, (1366, PN-XIV, F.Tud., 430 orr.), Cascant-en; Pero Garcia con Gonçaluet su fillo, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n.
XIII menderako GONZALVO, GONÇAL: domno Gonzalvo capellano de Baigner, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 151); don Gonçal Yuaines de Mendoça, (1289, El gran Pr. Nav., dok. 509).
Euskaraz Untzalu erabilia izan da, baina erdararen antroponimiaren mailegaketa oso arrunta izan da eta Gonzalo hartu izan den bezala, Gonzal ere jaso zen. Aldaketa bat gehiago gertatu zen, hasierako herskaria galdu zen, agian lagungarria izan zen euskarazko kidea Untzalu izatea. Bestea, on > un bilakaera ezaguna da, eremu ugaritan gertatzen delako eta geratzen diren beste bi aldaketa, bokal eransketak, izenaren bukaeran gertatuko ziren, aurrerago azaldu den bezala.
Beraz, Gonzal antroponimotik abiatuz erraz azaltzen da Untzalea toponimoa.

Basabilbaso toponimoa

 Basabilbaso da Lezamako baserri bat, toponimo eratorri bat du, Basabilbasobarri baserria. Izendegi ofizialean lekukotza zaharra du, Basabilbaso (1656). XX. mendekoa da Basibilbaso aldaera (1956) eta egungo ahozko aldaera da basilbaso (2002).
XVIII. mendean toponimoa osorik zegoen Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Basabilbaso [N, TO]
Basabilbaso (la caseria de), Lezama, a.1745, FogVizcayaMs.
Basabilbaso (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Basauilbaso+) (Domingo de Urregoytia administrador de la casa de), Lezama, a.1796, FogVizcayaMs.
Basauilbaso (la casa de) [Basalbeitia y Goytiosle (barrio de/primer partido)], Lezama, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoa deitura ere bada eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekukoak daude XVI. mendearen erdialdetik:

Toponimoak hiru elementu ditu, bukaeran baso izena eta aurrerago basa-bil hitz elkartua, alde batetik basa-, baso izenaren eratorpen aldaera eta ondoren *bil, biribil hitzaren erroa. Izan ere, Basabil izan zen Lezaman bertan aipatutako liburuak erakusten duenez:
Basabil [N, TO]
Basabil (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Basabil_Beytia (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Vasabilbeitia (la caseria de), Lezama, a.1745, FogVizcayaMs.
Basabil_Goicoechea (la caseria de), Lezama, a.1745, FogVizcayaMs.
Beraz, inoiz izan zen baso biribil batek Basabil izena jasoko zuen eta ondoren, toponimo honetan zegoen basoa jaso zuen izena Basabilbaso jaioz. Ziurrenik toponimo gutxitan daude izen baten bi aldaerak, osoa eta alomorfoa, eratorpenean erabiltzen dena.

jueves, 4 de diciembre de 2025

Gorriaran toponimoa

 Gorriaran da Aiako baserri bat, ondoan Gorriaranberri dago, hau ere baserria. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

GORRIARAN (prop.) Irureta-Egia ballara, Aia
Lekuko askoz zaharragoa dago, XVII. mende hasierakoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan, 1625. urte ingurukoa: Gorriarain A Aya.
Toponimoa aspaldi deitura bihurtu zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko lekuko ugari jaso dira:

Gorriarain ere bilatu da eta agertzen da, baina oso lekuko gutxirekin:
Lekuko zaharragoa dago Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuaren 258. agirian, 1497. urtean, 293. or.: Joan Martines de Gorriaran.
Etimologiari dagokionez, aipu interesgarri bat dago Ibarguen-Cachopín kronikan, XVI. mendearen bukaerakoa. Aipatutako aipua jasoa da Julen Arriolabengoaren Los textos vascos en la Crónica Ibarguen-Cachopín lanetik, 31. or.:
Gorriaran: “un su sobrino que se dezía Gorriaran, que quiere dezir, el bascuençe buelto al castellano, ‘endrina silbestre colorada’ o, por mejor dezir, ‘árbol endrino colorado’.
Esan gabe doa etimologia hau oso arazotsua dela, euskal hitzen ordena bestelakoa izan ohi delako, lehenik izena ondoren adjektiboa.
Toponimoaren analisira itzuliz, bi aldaera daude, baina lekuko gehien eta zaharren dituena da Gorriaran. Antza denez, diptongo bat sortu da azken silaban baina Aiako toponimoaren lekuko gehiago beharrezkoak lirateke.
Gorriaran bada aztertzeko izena, bi elementu ditu eta biak oso ezagunak dira, gorri eta haran. Baina ezin da haran gorri bat izan, ordena alderantzizkoa delako. Beraz, gorri izango zen izengoiti bat, toponimo batzuetan dagoena eta beste bat izan liteke Gorliz toponimoa, *Gorriz berreraikiaren aldaera balitz.

Astoreka toponimoa

 Astoreka da Larrabetzuko auzo bat, Astorekabekoa eta Astorekagoikoa baserriak daude eta baita Astorekazpi hegala, mazela ere. XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Astoreca [N, TO]
Astoreca (la casa maior de) [Astoreca (varrio de)], Larrabezua, a.1745, FogVizcayaMs.
Astoreca (la caseria de) [casas auecindadas], Larrabezua, a.1704, FogVizcayaMs.
Astoreca (varrio de), Larrabezua, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoa deitura ere bada eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVII. mende hasieratik lekukoak badira:

Astorika aldaera ere bazen, XVII. mendekoa hau ere, baina lekuko kopurua oso txikia da:
Beharbada analisi etimologiko handiena dago P. Salaberriren Sobre el sufijo occidental –ika y otras cuestiones de toponimia vasca lanean, 161. or.:
Sarrera honetako azterketaren arabera, kanpoko toponimo baten isla litzateke, zehatzago, Estorga udalerria, Leongo probintzian. Gaztelaniakzo Wikipediaren Astorga sarreran informazio etimologikoa dago. Hiri inportantea izan zen Erromatar inperioaren azken mendeetan eta Erdi Arokoaren lehenengoetan eta Astoreka toponimoa hortik jasoko zen. Berdintsua gertatuko zen Toleto toponimoarekin, egun baino askoz inportanteagoa izan zen garai batean eta horrela, hemen ere ospe honen isla izan zen.
Erdi Aroaren hasieran Estorga askotan agertzen da Astorica izenarekin. Ziurrenik *Astoreca ere izan zitekeen, gerora bokal atonoa galduko zen aurreko silabaren azentuaren eraginez. Horrela, /e/ bokala azaldu ahalko litzateke, jakinik euskal sartaldean -ika atzizkia ibili zela.

lunes, 1 de diciembre de 2025

Valdegunita toponimoa

 Valdegunita da Arabako Kanpezuko aurkintza bat. XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

VALDEGUNITA, 1733, término de Oteo.
Toponimoa erdarazkoa da eta hiru elementu ditu, val-, valle izenaren eratorpen aldaera, de preposizioa eta antroponimo bat. Egitura berdina Valderiz toponimoan dago, baina bukaerak salatzen duen bezala, Valdegunita izenean emakume izen bat dago, *Gunita ezezaguna. Bilaketa egin da Joseph M. Piel eta Dieter Kremerren Hispano-gotisches Namenbuch liburuan eta antzeko izen bat aurkitu da, Guntita, 172. or.:

Bi aldaketa gertatuko ziren, antroponimoan bertan ala toponimo bertan, batetik nt > nd asimilazioa eta ondoren, nd > n bilakaera. Beharbada lehena ez zen gertatuko, gund- erroa ere dagoelako, 'borroka'. Beraz, gertatu beharreko aldaketa bakarra nd > n da eta hori euskaraz zein erdaraz gerta zitekeen gutxi batzuetan, baina toponimoa erdarazkoa denez, hizkuntza horretan gertatuko ziren beharrezko aldaketak.

Urtibidea toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra aurkitu da, XIX. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

URTIBIDEA, 1838, labrantío en Marquinez.
Dirudienez, toponimoak hiru elementu izango zituen, aldaketarik jaso gabeak, bukaeran artikulua, aurrerago bide eta, azkenik, Urti antroponimoa. Hala ere, zalantzarako zirrikitu bat dago, izan ere, bi herriak, Markiz eta Urturi, nahiko hurbil daude, mendi batez banaturik. Beraz, ez litzateke harrigarria izango hasierako urti- izatea Urturi herri izenaren laburketa eta toponimoa jatorriz *Urturibidea izatea. Kontuan hartu behar dugu lekukoa zaharra da baina XIX. menderako horrelako aldaketak aurkitzea ez litzateke oso harrigarria. Agian lekuko zaharragoak aurkitzen badira hemen aurkeztutako hipotesia konfirmatuko da, edo deuseztuko.