2018(e)ko abenduaren 18(a), asteartea

Navarriñenea toponimoa

Toponimo honen lekuko zaharrena Donostiako toponimia, 1995. urteko lanean bada:
"Navarriñenea (1759, D.C.H.G, 188, 174 orr.)."
Hurrengo lekukoa, eta azkena, 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 391. or.: "Navarrinene".
Ez dago lekuko gehiago eta, beraz, izen hori zeukan etxea izenez aldatu zen edo desagertu zen.
Toponimoaren egitura ezaguna da, behin eta berriz agertzen delako: PI + -(r)en + -a. Oinarria nabarrin- litzateke eta ongien egokitzen dena Nabarrina hipokoristikoa litzateke, Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 133. or.:
"Nabarrina (Nabarra): Navarrina (Arboti, 1350-53, CPBN, 31. or.), Navarrine (Maule, 1377, Zier., 1994: 223). Iglesiasek (2000: 115, 264) Biarrizko Navarrine etxe izena (Navarrina «petite Navarre») dakar."
Nabarrina-ren lekuko urrien beste bat gehiago Navarriñenea toponimoa litzateke, biak egun itzaliak.

2018(e)ko abenduaren 14(a), ostirala

Apretxe antroponimoa

Apreche de Sarasguete, Archivo General de Navarra. Sección de Comptos. Registros Nº 3 y 4 liburuko 121. orrialdean agertzen den antroponimoa da. Lekukoa 1293. urtekoa litzateke eta kasu honetan data inportantea da, baita ere Sarasketakoa izatea, hau da, Nafarroa Beherekoa.
Antroponimoaren analisia egin eta zatiketa Apre + -txe litzateke, Apre antroponimoa eta -txe atzizki hipokoristikoa. Apre izenaz Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan daukan sarrera:
"65. —Aper, Apre, *Apri n. pr.; Apre Sancho (in villa Ulibarrilior, Al., CSM 48, 952; v. le(g)or, 404), Aprez Lequentize (ib., in Lekete, es decir Lehete, Al.), Vincenti Apriz (CSM 50, 956, Al.), Sancio Haperrez de Torriziella (Valb. 30, 1064). Ap. Aperain, Aperribay, Apraiz. Caro Baroja (Mat., 89-91) lo señala como epónimo de las poblaciones alavesas Aperregui y Apricano, pero este último nombre podría explicarse también a partir de *Africanu(m) (cf. Piel, «Nomes de possessores latino-cristâos», 24). Apre (*Apri) debemos considerarlo como el genitivo de Aper o Aprius: el genitivo pervive en nombres personales hispánicos durante la Edad Media (v. J. Bastardas Parera, Particularidades sintácticas del latín medieval (Cartularios españoles de los siglos VIII al XI), 31 n.) y parece haber sido el origen de una gran parte de los nombres vascos de persona (v. p. ej. 158 y 161 b)."
Mitxelenak aipatzen dituen Apre izenaren lekukoak X. mende ingurukoak dira eta Araba eta Errioxakoak. Baina Apretxe XIII. mende bukaerakoa litzateke eta Nafarroa Beherekoa. Bada urrunketa bikoitza, kronologikoa eta geografikoa. Dena den, azterketa etimologikoa erabat egokitzen zaio izenari eta urrunketa hori ez da hain handia jakinik Euskal Herriaren barruko distantziak ez direla oso handiak eta agirien urritasunak, ziurrenik, izkutatu dituzte betetzeko dauden tarteko hutsuneak.

Atxamuño toponimoa

Atxamuño toponimoa Araban bada, Bernedo eta Arraia-Maeztu artean.
Lekuko gehiago eta zaharragoak, 1767. urtekoak, José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 394. or.:
portillo de ACHAMUNIO
paso de ACHAMUÑO
portillo de ACHAMUÑO
Kontuan izanik mendi aldeko toponimoa dela, edonork uste lezake hasierako elementua atx 'haitz' dela, eta bukaerakoa muino. Biak egokiak toponimoaren kokapen geografikoa dela eta. Baina geratuko litzateke fonema bat, bokal bat azaldu gabe, atx-a-muño. Ez da oztopo gaindiezina, baina bada beste azalpen bat, arazorik gabe toponimo osoa azaltzen duena, hipotesi antroponimikoa.
Toponimoa bi elementuz osaturik izango litzateke, Atxa 'Aita' eta Munio. Lehenengoa ezaguna da, blog honetan beste bi toponimotan ere agertu delako, Atxamiku toponimoan eta Txarabitana toponimoan. Beraz, Arabako hiru toponimotan Atxa 'Aita' elementu antroponimikoa izango litzateke.
Munio antroponimoa ezaguna izan zen Erdi Aroan, baina oinarriak, beharbada, aurreko garaietan baditu. Behintzat, lehenengo milurtearen bukaeraren aldean bizirik zegoen, eta gero itzali zen.

2018(e)ko abenduaren 4(a), asteartea

Marrubi hitza

Marrubi hitz ezaguna, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa Silvain Pouvreauren hiztegian izango litzateke, XVII. mendearen erdi aldean. Baina Erdi Aroko erdal testuetan agertzen diren hitz ugarien artean marrubi hitzak ere lekua badu, Juan de Marrubiza gizonaren izenean. Lekuko hori Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan bada. Bost aldiz agertu da izen hori, 1500. urtean, 40. agirian. Behin Juan de Marruguiça bezala eta beste hiruretan Juan de Marrubiça. Gero, 48. agirian Juanes de Marrubiça, hau ere 1500. urtekoa.
Beraz, kopuruaren aldetik toponimoa Marrubiza izango zen. Gainera, Orotariko Euskal Hiztegiaren marrubi sarreran ez du ematen *marrugi aldaerarik.
Marrubiza toponimoaren azterketa erraza da erabat, marrubi + -tza, ugaritasun atzizkia.
Lekuko horiei esker, marrubi hitzaren lehenengo lekukoa 150 urtetan atzera daiteke. Eta, beharbada, *marrubitza hitza bazela uste dezakegu, egun landare multzoak izendatzeko -di atzizkia erabiltzen badugu ere, hala nola hariztia, urkidia, pinudia... Lehenago -tza izan zitekeen atzizki aukeratua.

2018(e)ko azaroaren 28(a), asteazkena

Kamio hitza

Kamio hitzaren lehenengo agerpena Larramendiren hiztegian bada, 1745. urtean, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera. Baina Erdi Aroko agirietan bada Kamio izeneko toponimoa. Hala agertzen da Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan behin baino gehiagotan. Lehenengo agerpena Juan Pérez de Camio litzateke, 1499. urtean, 35. agirian.
Ez da ohikoa hitz soil bat toponimo bihurtzea baina badirudi horrela gertatu zela. Hala izanik, toponimo horri esker kamio hitzaren lehenengo agerpena 250 urte inguru aurrera daiteke.
Kamio hitza ez litzateke blog honetan lehenago aurkeztutakoak bezala, hau da, alokairu eta altzairu bezala, kamio hitza toponimian aurkitzea ez da harritzekoa, dena den, hitz honen erabilera eta hedapena ez dira oso handiak izan, ez bide hitzari lekua kentzeko nahikoa.

Izurrategi toponimoa

Toponimo honen informazioa Fuentes Documentales Medievales del País Vasco izeneko bildumaren bi liburutan bada. Lehenengoa Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuan bi lekuko daude:
Joan de Yçurrategui, 1477. urtea, 13. agiria.
Martin de Yçurrategui, 1489. urtea, 34. agiria
Bigarren liburuko lekuko guztiak agiri berekoak dira, 42. agiria, eta data 1500-1520 urte artekoa da, Archivo Municipal de Oñati. Tomo II (1494-1520) liburuan hiru lekuko daude: Martin de Yçurrategui, Juan Martin de Yçurrategui eta Juan de Yçurategui.
Toponimoa, lekukoak kontuan harturik, Oñati ingurukoa izango zen eta, dirudiene, ez da gure egunetara heldu. Hala ere, lekuko horiek ahalbidetzen dute analisi etimologikoa, bere urritasunean ugariak dira eta, bestetik, lekukoen artean bat bakarra dago diferentzia txiki bat erakusten duena, ziurrenik kakografia dena, Yçurategui.
Izurrain toponimoa aztertzerakoan, Izur/Izurra oinarria aipatua izan zen, jatorriz adjektiboa eta gero izengoiti bihurtua eta Mitxelenaren Apellidos vascos liburuko zati esanguratsua:
"349b.—izur «dobladillo, pliegue» «rizo» (Luchaire lo traduce «ridé, frisé», con razón sin duda): Manxo Içurra (Luchaire, Leire, 980), Sancho Içurra (Lacarra, 248). Efectivamente, en Etcheberri de Sara, Obras, p. 106, adatsa içur, eta croscoila significa «la cabellera rizada y crespa». Cf. Crispus, Crespo, galo Crixos. El ap. Ijurco podría ser un diminutivo, *ixur de izur."
Izurrain toponimoko bigarren elementua -ain atzizkia bazen, honakoan -tegi genuke: Izurra PI + -tegi. Lekukoen data kontuan hartuz, badirudi Erdi Aroaren bukaeran toponimoa bizirik zegoela.

2018(e)ko azaroaren 20(a), asteartea

Atxamiku toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko bakarra XVIII. mende hasierakoa da eta G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan bada:
"ACHAMICU, 1704, labrantío en Adana"
Lekuko gehiago bildurik ez dagoenez, lekuko bakar honekin azterketa egin beharra dago, jakinik lekuko bakarrek eragiten duten ziurtasun eza nabarmena.
Analisi etimologikoa egiteko, toponimoa ikusi eta berehala sumatzen da bukaerako silaba, batere ohikoa ez dena eta askotan denbora urrunera eramaten duela, eta baita ere kanpoko hizkuntzetara, Mutriku toponimoa bezala.
Atxamiku toponimoak, aldiz, ez du hain bide luzerako aukera emango, izan ere, gure etimologiaren arabera, toponimoa Erdi Aroan sortuko zen.
Atxamiku izenak bi elementu izango lituzke, Atxa 'Aita' eta Domiku. Biak antroponimoak, Aita, Mitxelenak adierazi bezala, praenomen bezala erabilia izan zen, gaztelaniaz zein euskaraz. Beraz, Atxa Domiku izeneko gizon bat izan zen toponimoari izena utzi ziona. Gerora, mendeen joanetan, izena laburtu zen, ziurrenik lehenik bokalarteko /d/ galdu zen eta ondoren /o/ bokala, eta prozesu hori bukatua izango zen XVIII. menderako.
Aita izenaren erabileraren beste lekuko toponimiko bat litzateke Txarabitana, hemen aztertutako toponimoa.