2022(e)ko irailaren 28(a), asteazkena

Ekoien toponimoa

Ekoien izeneko hiru herri hustu ezagunak dira Nafarroan, Deikaztelun, Olllaranen eta Garesen.
Toponimo hauen lekuko zaharrenak XII. mende hasierakoak dira, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik Ekoien toponimoaren sarreran:

filius andre mande d'ecoien (1110-1119 [1968, 1990])
orti ecoingo (1203 [1957, 1960])
ecoyen gaiz (1232-1251 [1930])
...
Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan toponimoa aipatu zuen eta etimologia bat eman zuen, nahiz eta zalantzazkotzat hartu:

193.- (h)egi «línea de los montes» «ladera»: Eguia (Héguy), Eguibar, Eguiguren, Eguilaz en Alava (top. Hegiraz en 1025, Heguilaz en 1076, actual Eguilaz), Eguina, Eguino, Eguinoa, Eguizabal, Eguiazabal, con lo que parece artículo, aunque *(h)egia sea quizá la forma antigua del sustantivo; Héguiagaray, Hégiaphal. Es interesante el hecho de que falta una forma de composición *et- (v. lo que decimos de (h)iri), a no ser tal vez en Ecoyen, Nav. (en 1046 Ecoíen), si procede de *egi-goien, o en el ap. Epalza (-baltz).
Blog honetan badira toponimo batzuek het- 'hegi' eratorpen aldaera erakusten omen dutenak; horrela, Etume toponimoa, et- 'hegi' + une izan daiteke; Ekain toponimo ezaguna, et- 'hegi' + gain eta Ekaitz toponimoa et- 'hegi' + gaitz.
Beraz, Ekoien ez dago bakarturik, eta horrek indartzen du Mitxelenak Ekoien toponimorako aipatu zuen etimologia.

2022(e)ko irailaren 23(a), ostirala

Okarizti toponimoa

 Okarizti da Ataungo baserri baten izena, Elbarrena auzokoa.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

OKARIZTI (2 viv.) (prop.), San Martin ballara
Lekuko zaharrenak Erdi Arokoak izan daitezke, baina izena aldaturik dago, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuko lekukoetan Okaraztia da behin eta berriz agertzen dena. Horrela, 23. agirian 1430. urtean Miguel de Ocaraztia dago; 44. agirian, 1500. urtean Juan de Ocaraztia eta
55. agirian, 1511. urtean batzuk daude, beharbada aurreko agirietakoak: Juan de Ocarastia [...] Martín de Ocaraztia [...] Miguel de Ocaraztia, molinero.
Lekuko hauek zaharragoak dira eta behin baino gehiagotan agertzen direnez, Okaraztia aldaera jatorrena litzateke, besteak asimilazio bokalikoa jasan duela: Okaraztia > Okarizti, a-a-i > a-i-i, beharbada hurrengo bokalak eragina izan du. Gainera, horrela, toponimoaren azken aldean (h)arizti ikus liteke, toponimian oso hedatutako izena.
Okaraztia euskal toponimo argia da, baina analisi ilunekoa, bukaera aldean -di atzizkia izan daiteke, txistukari ondoan egoteagatik ahoskabetu dena, eta artilukua, baina oinarria ezezaguna da.
Okaran hitza egokia izan daiteke, Okaragana eta Okaranaga toponimoen oinarria dena, baina elementu gehiago izango ziren bestela, okaran + -di > Okarandi sortuko zen. Toponimo hori bada, Iñaki Linazasororen aipatutako liburuan, Eskoriatzan:
OKARANDI (col.)
Okaraztia izenaren txistukaria azaltzeko pentsatu behar dugu beste atzizki bat tartekatu dela, ziurrenik, -tza: okaran + -tza + -di + -a > *Okaranztia > Okaraztia. Lehenik gertatuko zen -nzt- kontsonante taldea soildu zela -zt- geratuz. Bilakaera berdintsua izan zen belztu aditzaren aldaera ohikoa den beztu.
Okaran + -tza egitura ere ezaguna da, Iñaki Linazasororen aipatutako liburuan, Eskoriatzan ere delako:
*OKARANZA (prop.)

2022(e)ko irailaren 21(a), asteazkena

Gonbizerreka toponimoa

 Gonbizerreka da Markina-Xemeingo erreka bat. Bizkaiko foru diputazioaren web-guneko toponimia sailean badago toponimo honi buruzko informazio laburra:


 Toponimoak bi elementu lituzke, azkena erreka ezaguna da eta hasierakoa, gonbiz- litzateke, Gomitz antroponimotik sortutakoa. Bilakaera bitxi bat gertatu zen, nb > m hain zuzen, Gonbizenea toponimoan bezala. Azken sarrera horretan azalpen luzeago bat dago.
Gomitz antroponimoaz informazio gehiago Komistain toponimoaren sarreran.

2022(e)ko irailaren 19(a), astelehena

Valdepaderna toponimoa

 Valdepaderna da Oiongo erreka-zuloa, sakana.
Toponimoa erdaraz sortua da eta hiru elementu ditu, val-, valle 'haran' hitzaren laburketa, de preposizioa eta Paterna antroponimoa. Blog honetan bada beste izen bat egitura bera duena, Valdemollina toponimoa, honetan Moñina antroponimoarekin egina.
Mikel Belaskok, Paternain toponimoari buruzko sarreran, zerrendatzen ditu antroponimo honekin sortutako toponimoak:

Menéndez Pidal cita un numeroso grupo de nombres de localidades en los que forma parte el citado nombre de persona [Paternus]: Paternoy y Paternué (Huesca), Villapadierna (León), Padierna (Asturias), Paderna (Lugo), Paterna (Almería, Huelva, Cádiz, Albacete), Padierno (Salamanca), Padiernos (Salamanca, Ávila), Paderne (Oviedo y Galicia, varios), Padiérníga (Santander), Trespaderne (Burgos) y Maderne (Santander). En Francia se encuentran Padern (Paternum en 805) y Pernes (Paternis 994) con el mismo origen.

Arabako toponimoaren kasuan Paterna emakumezko antroponimotik sortua da, bokalarteko herskariaren ahostuntzea gertatu dela, gaztelaniaz ohikoa dena.

Eguneraketa (2024-11-29):
Sarreran ez da lekuko zaharrik eman baina Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan bada XVII. mendearen bukaerakoa izan daitekeen lekuko bat:

BALDEPADIERNA, 1697, labrantío de Labraza.
Oion eta Labraza herri mugakideak dira eta, beraz, ziurrenik toponimoaren lekuko zaharra da. Ezberdintasun bakarra dago, oraingoak /e/ duen bitartean, bestean /ie/ diptongoa dago. Hori ez da arazoa, Mikel Belaskok zerrendatzen dituen toponimoen artean diptongo bera dagoelako, Villapadierna toponimoan bezala.

Estebe toponimoa

 Ibarrangeluko etxe honen izena behin agertzen da, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Estebe [N, TO]
Estebe (la casa de), Ybarranguelua, a.1641, FogVizcayaMs.
Toponimoak ez du inolako zailtasunik, jakinik Eztebe antroponimoa dagoela, euskararen barruko bilakaeraz aldatua, A. Irigoienek azaldu zuen bezala. Euskaltzaindiaren web-guneko orrian ez dago lekuko askorik eta Estebe toponimoa gehitzekoa litzateke, nahiz eta lekuko toponimikoa izan, ez antroponimikoa.
Aldaketa bakarra txistukariari dagokio, baina hori nahiko arrunta da, herskari aurrean txistukaria neutralizatzea.
Antroponimo berarekin sortutako beste toponimo bat Estebanetxea da, blog honetan aztertua, eta egitura, argia bada ere, ez da oso ohikoa. Kontua da antroponimoa Esteban dela, erdal tradiziotik jasotakoa eta askoz gehiagotan erabilia.

2022(e)ko irailaren 14(a), asteazkena

Estratamosu toponimoa

 Estratamosu da Foruko baserri baten izena.
XVIII. eta XIX. mendeetako lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Estrata Mosu [N, TO]
Estrata_Mosu (la caseria de), Forua, a.1745, FogVizcayaMs.
Estrata_Mosu (la cassa de), Forua, a.1704, FogVizcayaMs.
Estratamosu (la casa de), Mendata, a.1876, FogVizcayaMs.
Estratamosu (la cassa de) [Go(r)ritiz (ledania de)], Forua, a.1704, FogVizcayaMs.
Estratamozu (la casa de), Forua, a.1876, FogVizcayaMs.

Lekuko gehienak berdinak dira, azkenean azken txistukaria ezberdina da, baina hori ziurrenik hiperzuzenketaz gertatu da, lekuko hori idatzi zeneko datan txistukarien neutralizazioa betea zen eta aldaera zuzena jarri nahi izan zuten, inoiz izan ez zena asmatuz.
Azaltzeko izena, beraz, Estratamosu da, eta honek bi elementu lituzke, lehenengoa estrata izena da:
Camino, sendero, estrada. "Estrada quiere decir calle, y particularmente la que hacen los setos de las heredades, cuya etimología verdadera es estarte y estartea, y la común pronunciación que usamos es estratea" Ech 59v. "Espacio que se interpone entre dos casas no unidas por pared medianera [...] estrata (L-sar), estradia (V-gip)" BEcheg EAlde 1922, 443. "Dícese estrata, en Baztán, del espacio que no permite el paso de una pareja de vacas uncidas" BEcheg Nombr 186. "Camino poco transitado que discurre entre paredes y zarzales" Asp Leiz. "Estraka, bide meharra, extua, estrata, vericueto" Izeta BHizt. "Estrata, [...] camino que se abre al caserío" Etxba Eib. "Dícese de los caminos que discurrían más profundos que el nivel del terreno" Elexp Berg.
Azkena, mosu 'musu' litzateke. Hitz horrekin sortutako toponimo bat aztergaia izan zen blog honetan, Zubimosu-Zubipunta toponimoa, zubi-musu hitz elkartutik sortua, oso lekukotza urrikoa:
ZUBI-MUSU (Lar, s.v. punta, extremo). Extremo de un puente.
Kontuan izanik zubi-musu zena, estrata-mosu bezalako hitz elkartua izan izan zitekeen, bide baten muturreko aldeak izendatzeko. Ondoren han etxe bat eraiki zuten eta izena handik jaso zuen estrata-mosu batean zegoelako.

Maurizeta toponimoa

 Maurizeta da Getxoko soro baten izena. Getxoko leku izenak liburuaren 239. orrialdean toponimoa agertzen da lekuko zaharrak emanez, XVII. mendera arte heltzen direnak:

Maurizeta
(Soroa)
Izen honetan mikrotoponimo bat nola aldatzen den ikus daiteke, Maurizeta-tik Mauseta-ra iragan baita.

Dokumentazioa:
mauriceta: 1632 (...Llamada Mauriceta pegante a las heredades de juan de Ybarra..., 1632-12-1; BAHP.: pi-pro.), (...en sus heredades de mauriceta Peganttes a Las heredades de Jn. de Ybarra... (1632-12-1; BAHP)
Mauseta: 1867 (...otra tierra heredad labrante, en el termino nombrado Mauseta, de 36 peonadas... (1867-05-31) (BAHP.: iac-pro.)
Manseta: 1886 (...otra tierra heredad labrante en el término nombrado Manseta de treintayseis peonadas..., 1886-05-20; BAHP.: pjvv-pro.)
Azken lekukoan, Manseta izenekoan, akatsa gertatuko zen <u> zena <n> balitz bezala ulerturik. Baina lekuko zaharrenak inportanteenak dira etimologia egiteko. Toponimoak bi elementu lituzke, Mauriz eta, azken elementua -eta atzizkia. Mauriz izenak erabilera patronimikoa izan du, Mauri antroponimoarena baina, toponimoa izanik, ez da ahaztu behar euskal lurretako herri edo auzo izen askotan -iz bukaera dela: Lemoiz, Mimetiz, Muskiz... Bi erabileren jatorria latinean dago, -is genitibotik euskaran egokitua.