miércoles, 23 de noviembre de 2022

Gaztandola toponimoa

 Gaztandola da Bergarako baserri bat. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

GAZTANDOLA (prop.), Basalgo auzoa
Bergarako baserriak izeneko web-gunean badago Gaztandola orrian informazio ugaria, tartean kronologikoa. Bildutako lekuko zaharrena Gaztandolaburu litzateke, 1765. urtekoa. Hurrengo urteetan Gaztandolaburu zein Gaztandola agertzen dira.
XIX. mendean hasten da Gastandola aldaera Xx. mendean ere iraun duena. Dirudienez s/z txistukarien neutralizazioa gertatzen hasi zen inguru horretan, hala ere, ezaguna da herskari aurrean neutralizazioa gertatzea errazagoa dela.
Gaztandolaburu toponimo eratorria da, azken elementua buru izena da, beharbada toponimo nagusiaren goiko aldea izendatzeko edo muturreko alde bat.
Gaztandola toponimoak bi elementu lituzke, azkena ola ezaguna da, toponimian behin eta berriz agertzen dena. Hasierako elementua bitxiagoa da, *Gaztando antroponimo hipokoristikoa dagoelako, gure iritziz.
Dirudienez, *Gaztando izenak ez du lekukotzarik utzi, baina badu kide bat izan litekeena, Gartzando, Alfonso Irigoienen De re philologica linguae uasconicae V liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica lanean aztertua, 22. or.:
IB-22 Garçando de Iturgoien a.1213 CDPrioradoNavarra 149, frente a García < Garcea, cuya -a final corresponde al artículo vasco. Garça- podría ser el primer miembro de composición de Garce, cfr. Garçe Barrenetche, Garçe Abalçete a.1412-1413 CensBajaNavarra 109 [La parropie de Lasse], Garçe Garro seynor d’Irygoyen a.1412-1413 CensBajaNavarra 102 [La parropie d’ Uhart], en donde pueden leerse también las formas de patronímico Garçeytz d’Etcheverce y Garceytz Barrenetche, formadas sin la presencia del artículo.
Gartzando bazen Gartze + -ndo, *Gaztando izan zitekeen Gazte (edo Gaste) + -ndo. Ez dago argi Gartzea eta Gaztea (edo Gastea) antroponimoen arteko harremana. Ezaguna da euskararen eremu batzuetan rtz dena besteetan st dena, horrela, bortz/bost bezalako bikoteak. berdintsua gerta zitekeen Gartzea/Gastea antroponimoekin, baina Gaztea ere bada, beharbada gazte hitzaren eraginez. Edo Gastea da, besterik gabe, txistukarien neutralizazioaren ondorioa.
Beraz, Gaztandola toponimoak *Gaztando antroponimo hipokoristikoa erakusten digu, Gartzando ezagunaren aldaera edo kidea izan daitekeena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario