viernes, 31 de enero de 2025

Manrika toponimoa

 Manrika da Oñatiko aurkintza bat, Gipuzkoan. Lekukoek ez dute zahartasun handirik, XX. mende bukaeran hasten direlako: Manrika (1992), Manrika (2007). Bi dira jaso diren aldaerak, Manorika (1993) eta Mandrika, XX. mendearen bukaera aldean. Azkena /nr/ kontsonante bilgune ezohikoa kentzeko sortu da tarteko /d/ hori. Manorika izan daiteke aurrekoaren kakofrafia bat, <d> zena <o> bihurtu dela. Hala bada, toponimoak antz handia du Manrique toponimoarekin, hau antroponimo batetik sortua da, bere sarreran informazio gehiago dago. Oñatiko toponimoak ezberdintasun bakarra du, bukaerako bokala eta horretarako azalbide bat hiperzuzenketa izan daiteke, ezaguna da hizkera batzuetan i-a > i-e bilakaera dagoela, mutila > mutile adibidez. Gerta liteke inguru horretan aipatutako bilakaeraren zantzuak izatea eta orduan, Manrike entzun eta pentsatu zuten aldatua izan zela eta berreskuratu zuten izen zuzena omen zena, berri bat asmatuz. Bide batez, Manrique toponimoaren sarreran aipatutako antroponimoaren bi lekuko aurkitu ziren euskal lurraldean,baina biak emakumezkoak ziren, gaztelaniaz ez bezala. Antroponimoa erabili bazen emakumeak izendazeko, beharbada egokiago joko zuten bukaeran /a/ izatea.

miércoles, 29 de enero de 2025

Olarreta toponimoak

 Olarreta da Bizkaiko zein Gipuzkoako toponimoa. Elgoibarren Olarreta izeneko basoa dago. Bizkaiko lau herritan agertzen da Olarreta, Abadiñon tontor bat da, Diman basoa, Busturian etxe bat eta Gautegiz-Arteagan baserria.
Dimako ahozko lekukoen artean Olaerreta dago, baina lekukoa 2002. urtekoa da eta zaharrena, XX. mendearen erdialdekoa, ez da horrelakoa, Olarreta (1956). Horrelako egoera batean zaila da toponimoaren analisi zuzena. Aukera bat izan daiteke ola + larra + -eta, eta ondoren haplologia baten eraginez, Olarreta bihurtu zen. Horixe gertatuko zen Olarra eta Olarrain toponimoekin, emandago etimologia zuzena bada. Bestela, ola + erre + -eta ere izan zitekeen baina bitxi izan daiteke hainbeste toponimotan horrelako egitura bat izatea. Hala ere, Busturiako etxearen izena ezberdina zen duela 300 urte, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan agertzen den bezala:

Olaerrota [N, TO]
Olaerrota (el molino de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs., a.1745, FogVizcayaMs.
Olaerrota (la casa de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.
Olaerrota (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.


Olaerrota [N, NO]
Olaerrota (Domingo de) [Olaerrota (la cassa de)], Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.

Olarrota [N, TO]
Olarrota (la casa de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.

Olarrota [N, NO]
Olarrota (Juan de), Busturia, a.1798, FogVizcayaMs.
Olarreta zein Olaerrota deitura bihurtu ziren eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Busturiarako Olaerrota > Olarreta bilakaera ere antzeman daiteke:

Olaerrota Busturian kokaturik agertzen bada ere, Olarreta deitura beste herri batzuetan bazen eta horrek adieraziko luke Busturiarako egingo den analisia egokia ez dela.
Busturiako toponimoaren lekuko zaharrenetan Olaerrota, gero Olarrota eta orain Olarreta. Lehengo egitura oso argia da, ola + errota, ondoren laburketa gertatu eta Olarrota agertu zenean izena ilundu zen apur bat eta, azkenik, Olarreta izatearen arrazoia -eta atzizkiaren eraginez gertatuko zen.
Beste toponimoen kasuan ez dago lekuko zaharrik eta ola + larra + -eta zein ola + erre + -eta izan daitezke, baina Olarra eta Olarrain toponimoetan gertatua beste gehienetan izan bada, ola + larra + -eta lehenetsiko genuke, Busturiako etxearen izenean izan ezik.

Andrebetena eta Androtenia toponimoak

Aurizberriko toponimo hau bi lanetan agertzen da, Orreaga Ibarraren Erroibarko eta Esteribarko oikonimoak (I) eta Erroibarko eta Esteribarko oikonimoak (II) izenburukoetan. Azken honen 132. orrialdean informazioa bildurik agertzen da:

Egun Androtenia bada ere, XVII. mendeko lekukoetan ezberdina zen, Andrebaterena eta Androbetena. Zorionez, Sarasibarren bazen oso antzeko izen bat, Andrebetena (1644, 1677), jatorrizkotik hurbilago dagoena. Egileak egiten duen analisia ez da ezinezkoa, baina beste bat dago, Sarasibarko etxearen izenari erabat egokitzen zaiona, antroponimoa *Andreuet izango zen, Andreuren hipokoristiko bat, ondoan -et atzizki txikigarria duela. Blog honetan Andrioena toponimoa aztertu zen eta oinarriko antroponimoa Andreuren aldaerareko bat zen.
Dirudienez, Sarasibarko toponimoa XVII. mendean izen jatorrizkotik loturik zegoen baina Aurizperrikoa galdua zuen jatorrizko antroponimoarekin lotura eta aldaerak agertzen hasi ziren.
Hala ere, Andrioena toponimoaren sarreran beste hipokoristiko bat aipatzen da, Andreota. Hori edo bere gizonezko kidea, *Andreot, izan litezke Aurizperriko toponimoaren oinarriak, agian horrela azalduko litzateke /o/ bokalaren agerpena. Dena den, herri horretako lekukoak desitxuraturik zeuden XVII. menderako.

lunes, 27 de enero de 2025

Peterbide toponimoa

Peterbide da Araba aldeko toponimoa, herri gutxi batzuetan dagoena. Bernedon aurkintza bat da, baita ere Zigoitian eta Zuian. Arratza-Ubarrundian aurkintzaren izena Peterbidea da. Hauen artean lekuko zaharrenak dituena da Zigoitiko toponimoa, XVI. mendekoak dituelako: Petervideerrollaza (1570) eta Petervidemosu (1579).
Peterbide(a) toponimoaren lekuko zahar eta berriak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

PETERBIDE, labrantíos en Berrícano, San Vicente de Arana y Los Huetos.
PETERBIDEA, 1648, labrantío en San Vicente de Arana. 1750, íd. en Durana. 1718, íd. de Zurbano. 1704, íd. de Los Huetos.
Toponimo eratorri bat badago:
PETERBIDEGANA, 1706, labrantío en Los Huetos.
Azken elementua gan 'gain' da, eta artikulua. Gainera, badira beste bi toponimo apur bat aldatuak:
PERTERBIDIA, 1699, labrantíos en Durana.
PITERBIDI, 1714, labrantío de Quintana.
Batean hasierako silaba aldatu da dardarkaria lehenengo silaban ere dagoelako, bestean bokal batzuk aldatu dira.
Aipatzeko beste toponimo bat geratzen da eta aldaketa nabarmenak jasan baditu ere, goragokoen jatorri berekoa izan daiteke:
GRETERBIDEA, 1630, labrantío de San Vicente Arana.
Herri berekoak dira Peterbide eta Peterbidea eta, ziurrenik, Greterbidea, zaharragoa bada ere, aurrekoen aldaera baino ez da. Beraz, analizatzeko izena Peterbide da eta agerian dago bigarren elementu, bide hitz ezaguna, baina ez da gauza bera gertatzen aurreko elementuarekin. Sarrera honetan proposatuko dugu peter- ezezagun hori bereter hitzaren aldaera laburtua baino ez dela. Izan ere, Gipuzkoan bada Bereterbide toponimoa, blog honetan aztertua. Ziurrenik lehenik bokalarteko dardarkaria galdu zen eta ondoren bi bokal berdinak batu ziren. Geratzen da hasierako herskariarenak eta beharbada, aipatutako aldaketak gertatu ondoren izan zen, asimilazio bat gertatuko zen, ahoskabetasunezkoa: b-t > p-t. Bilakaera hau ez da arauzkoa baina adibideak aurkitzea ez da zaila, cf. piztu < biz(i) + -tu.
Aipagarria da azken fenomeno hori aztertutako toponimo guztietan gertatu zela, eta horrek, beharbada, adieraz lezake Arabako hizkeran hitz hori laburtua zela. Azkenik, jakiteko geratuko litzateke toponimoaren ugaritasunaren arrazoia. Beharbada beste lekuen elizbide hitz elkartuaren sinonimoa zen. Arabako historia eklesiastikoan adituek azalpena eman lezakete. Hizkuntzaren aldetik, ez dago oztopo handirik, baina kontrastea nabaria dago aipatutako Gipuzkoako toponimoarekin.

Garrastatxu toponimoak

Garrastatxu da Amurrioko hegala, mazela eta bertan bada Garrastatxuko Andra Mari Pietatea baseliza. Gainera, Okondoko baserria ere bada. Azken honen lekukoak XVIII. mendean hasten dira: Garrastachu (1722), Garrastachu (1877), Garrastachu (1989).
Amurrioko baselizaren lekukoak XVI. mendean hasten dira, baina biltzaileak grafia eguneratu zuen: San(t) Pedro de Garrastatxu (1574), Santa Maria de Garrastatxu (1574). Nahiz eta izenen lekukoak aldatu, jakin dezakegu toponimoa XVI. mendean bazela, egun duen, ziurrenik, ahoskapen berarekin.
XX. mende erdialdeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

GARRASTACHU, caserío y monte de Barambio. Caserío de Oquendo.
Toponimoek bi elementu lituzkete, bukaeran -txu atzizki txikigarria eta oinarrian garrazta hitza, Garrasta toponimoetan bezala. Aipatutako atzizki txikigarriaren ordez egokiagoa litzateke -tsu atzizkia izatea, baina egun <ts> idazten dena garai zaharretan <s> bezala agertzen zen gehienetan. Dirudienez, ez dago <Garrastasu> bezalako lekukorik, horrelakoren batek adieraz lezake toponimoaren atzizkia ez dela aipatutako -txu.
Azken ohar bat, oraingoan oinarriaz, Garrasta toponimoen sarreran adierazi genuen hitza garrasta izan zela, kontuan hartuz lekuko toponimiko guztiak eta hiztegiko gehienak, Garrastatxu toponimoaren lekuko guztietan ere gertaera bera agertzen da, <s> idatzia dago eta ez <z>.

viernes, 24 de enero de 2025

Matiena toponimoak

 Matiena da Morgako baserri bat, baita ere Muxikako baserri bat. Gainera, Muxikan bi baserri daude Matiena oinarria dutenak: Matienandi eta Matienatxiki.
Baina toponimoak Abadiñoko herrian du lekukotza zaharrena, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian aipatzen dira Matiena auzoa eta Traña-Matiena auzoa. Toponimoen lekukotza ez da oso zaharra, XVIII. mendeko lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Matiena [N, TO]
Mathiena (la caseria de) [Traña (cofradia de)], Abadiano, a.1796, FogVizcayaMs.
Matiena (la casa de) [Yturribalzaga (cofradia de)], Munguia (anteiglesia de), a.1796, FogVizcayaMs.
Matiena (la caseria de) [Yturribalzaga (varrio de)], Munguia (anteyglesia de), a.1745, FogVizcayaMs.


Matiena Menor [N, TO]
Matiena_Menor (la casa de), Munguia (anteyglesia de), a.1799, FogVizcayaMs.
Dirudienez, bukaeran etxe izenetan ohikoa den egitura dute, genitiboa eta artikulua. Horrelako toponimoetan oinarrian antroponimo bat dago, Mateo edo Matio, beharbada Matiu aldaera batetik: *Matiuena > Matiena? Antroponimo bera blog honetan dago, Matioena eta Matioenea toponimoetan, hain zuzen.
Beharbada bilakaera bera gertatu zitzaion Bizkaiko beste toponimo bati, Gatikako Matierrota leku izenari, aipatutako liburuan XVIII. mendeko bi lekuko daude:
Mati Errota [N, TO]
Mati_Errota (el molino de) [Libaronas (uarrio de)], Gatica, a.1796, FogVizcayaMs.
Matierrota (el molino de), Gatica, a.1745, FogVizcayaMs.
Beharbada toponimoa lehen *Matiuerrota izan zen eta aldatu ondoren Matierrota bezala geratu zen XVIII. mendean.

Kataide toponimoa

 Kataide da Gipuzkoako bi herritako toponimoa. Arrasaten industrialdea da eta Oñatin kortabasoa. Azken honen lekuko gehienetan Kataide agertzen da baina badira ezberdinak direnak, Katenbide (2004), Catembidea (2007), baita Katanbide eta Katanbideta, XX. mende bukaeran. Honek oztopatzen du analisian kata- 'katu' + bide aurkitzea.
Arrasateko toponimoaren lekuko zaharragoak daude, XVIII. mendekoak, Arrasateko toponimia liburuan, 277-278. or.:

Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko lekuko ugari jaso dira:
Honek, Oñatiko toponimoak ez bezala, ez du ezberdintasunik lekukoetan, nahiz eta antzinatasun handiagokoak izan. Zorionez, Gipuzkoan beste toponimo bat dago, Katabideta, Andoaingo toponimia liburuan azaldua, 224. or.:
Lekuko zaharrena da Cateavideta (1794) eta azalpena katea + bide + -eta litzateke. Hala ere, ezberdintasuna dago Oñatiko lekuko batzuekin, hauek besteek ez duten sudurkaria daukatelako.
Nafarroako Etxarriko udalerrikoa da Katebide toponimoa, baina honen lekukotza oso berria da, XX. mendearen bukaeratik, eta ez du aldaerarik.
Toponimoek bi elementu dituzte, bukaeran bide ezaguna eta oinarrian kate izena, hau ere ohikoa. Hitz honek aldaera ugari ditu, latinetik jaso zen eta baita erromantzetik ere eta horrek eragin du aldaerak biderkatzea, baita euskeraren barruko egokitzapenak eta aldaketak. Horregatik toponimoen aldaerak, kate izenari dagozkionak, gainera, Kataide toponimoan bide hitzaren ezpainkaria galdu zen, Olaide toponimoan bezala.

martes, 21 de enero de 2025

Iraban, Iraeban eta Ireban toponimoak

 Aretxabaletan Iraeban baserria dago, Goroeta elizaurrean. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

IRAEBAN (prop.)
Gainera, herri berean dago Iraban baserria, Aozaratza elizaurrean.
Eskoriatzan Iraeban baserria dago, Bolibar elizatean. Iñaki Linazasororen aipatutako liburuan dago:
IRAEBAN (prop.)
Oñatin, Garagaltza auzoan bazen beste baserri bat izen bera zuela:
IRAEBAN (prop.)
Azkenik, Arrasaten Ireban tontorra dago. Arrasateko toponimia liburuan, lau dira oso antzeko toponimoak, Iraeban eta Iraebanzabal, San Andres auzokoak, 312. or.:

Gainera, Ireban izeneko bi toponimo daude, Garagartzako Ireban, 132. or.:
Eta, azkenik,Udalako Ireban, 348. or.:
Toponimo hauetan hitz elkartu bat dago, ireban, ira eta eban hitzez sortua. Toponimo batzuetan hitz elkartu osoa gorde da, Aretxabaletako eta Eskoriatzako toponimoetan eta besteetan laburturik dago, Arrasateko Ireban bezala.
Toponimo berdintsuak dira Garaban toponimoak, hauek ere Gipuzkoan, esanahi bera dutelako baina erabili den hitza gareban hitz elkartua da, garo erabiliz, Gipuzkoako eremu batzuetan ira izenaren sinonimoa dena.

Garrastegi toponimoa

Garrastegi da Araban eta Bizkaian den toponimoa. Arabako Zigoitian da tontor bat eta Bizkaiko Barakaldon zapalda. Azken honen lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, garrastegui (1865). Zigoitikoarenak XX. mendearen bukaerakoak dira, egungoak bezala.
Toponimoek bi elementu lituzkete, bukaeran hegi izena, 'aldapa' adierazteko eta oinarrian garrazta izena, euskararen sartaldeko hitza:

1 garrazta.

1. (V-ger-ple-arr-oroz ap. A; Dgs-Lar 12), garrasta.
"Arbol bravío, de mediana edad" A.
Garrazta baxen andija zen bere gorputza. BAizk Ipuin 6 (ap. DRA). Baso barruan dago bere etxea, iru areitz-garrasten azpian. EEs 1924, 207. Garrazta baten ondoan, inoiz inausi bagako zugatz andi baten ondoan. A EY II 324. Aretx garrasta edo tantai-mando itzelez basoak beterik. Akes Ipiñ 8. Tantai edo garrastak bakarrik geratuten zireala gatx ori barik. Ib. 25 (34 garrazta).

"Mayo, el árbol que ponen los mozos: (c.) maiatz aretxa; (V) garrastea" Añ.

2. "(V-ple), punta de arbusto, que a falta de hoja, se da de alimento al ganado" A.

3. "(V-oroz ?), la viga central del tejado" A.
Garrasta toponimoen sarreran adierazi bezala, lekuko toponimikoetan <s> baino ez dago. Informazio gehiago aipatutako toponimoaren sarreran.

viernes, 17 de enero de 2025

Donaparioa toponimoa

 Donaparioa da Gasteizko aurkintza bat. Ziurrenik Aberasturiko toponimoa da, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aipatua:

DONAPALAYOA, 1621, labrantío de Aberásturi.
DONAPARAYOA, 1737, labrantío de Aberásturi.
DONAPARAZOA, 1706, el mismo anterior.
Aberasturiko herria da egun Gasteizko udalerrikoa. Lekuko hauetaz gain, beste bat dago, Mitxelena eta Irigarairen Nombres vascos de persona lanean, 121-122. or.:

Beraz, toponimo beraren bost lekuko daude: Donaparioa, Donapalaioa, Donaparaioa, Donaparazoa eta Donaparai. Lehen hiruretako bukaera artikulua izan daiteke. Egungo aldaeran ai > i gertatu omen da. Donapalaioa aldaera zaharrena izan daiteke, baina hori ez da ziurra, hurbilekoak dira XVIII. mendeko bi lekukoak, eta bietan dardarkaria dago. Mitxelenak jasotakoa kakografia izan daiteke, besteetan ez dago /o/ gabekorik. Donaparazoa ere kakografia izan daiteke, beharbada nahasketa gertatu zen <z> eta <y> grafemen artean.
Euskal toponimian ez da ezezaguna eta ez da beti hagionimoa izan, inoiz antroponimo hutsa baino ez dago, Belaio toponimoan bezala.
Etimologiari dagokionez, Mitxelenak emandakoa egokia izan daiteke, baina beharbada ez da inoiz *Parai edo *Perai izan gaztelaniazko Pelayo izendatzeko.

Garrasta toponimoak

 Garrasta da Araban zein Bizkaian dagoen toponimoa. Azken honetan, Arankudiaga-Zollon, Garrasta mendi-adarra dago. Araban hedatuago dago, aurkintza da Gasteizen, Iruña Okan eta Zigoitian. Kuartangon, aldiz, erreka-zuloa, sakana da. Iruña Okako toponimoak lekuko zaharrena du, 1706. urtean, Garrasta.
Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan baten bat aipatua da eta XVIII. mendeko lekuko batzuk gehiago daude:

GARRASTA, término de Martioda. 1759, labrantío de Guillarte. 1706, labrantío de Trespuentes. Término de Otazu
Toponimo hauetan, antza, hitz bakarra dago, garrazta:

1 garrazta.

1. (V-ger-ple-arr-oroz ap. A; Dgs-Lar 12), garrasta.
"Arbol bravío, de mediana edad" A.
Garrazta baxen andija zen bere gorputza. BAizk Ipuin 6 (ap. DRA). Baso barruan dago bere etxea, iru areitz-garrasten azpian. EEs 1924, 207. Garrazta baten ondoan, inoiz inausi bagako zugatz andi baten ondoan. A EY II 324. Aretx garrasta edo tantai-mando itzelez basoak beterik. Akes Ipiñ 8. Tantai edo garrastak bakarrik geratuten zireala gatx ori barik. Ib. 25 (34 garrazta).

"Mayo, el árbol que ponen los mozos: (c.) maiatz aretxa; (V) garrastea" Añ.

2. "(V-ple), punta de arbusto, que a falta de hoja, se da de alimento al ganado" A.

3. "(V-oroz ?), la viga central del tejado" A.
Hitz bera bada, toponimoetako txistukaria beti dago idatzita modu berean, txistukari apikarirako erabiltzen den grafia. Orotariko Euskal Hiztegiko lekuko gehienak nahiko berriak dira, XX. mendekoak eta haietako ugaritan <s> agertzen da, baita Añibarroren lekukoan ere: garrastea, bukaera artikulua eranstean bokal disimilazioa gertatu da: aa > ea.
Hitza euskararen bazter-eremukoa da eta badirudi lotura duela gaztelaniazko carrasca izenarekin, hain zuzen:
carrasca1
De una raíz prerromana karr-.
1. f. Encina, generalmente pequeña, o mata de ella.

martes, 14 de enero de 2025

Sakelu, Zakeku eta Zakekua toponimoak

 Sakeluko zeharra da Legutioko hegala, mazela. XX. mendeko lekuko batzuk daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

SAQUELU, término de Villareal.
ZAQUELUO, monte de Villarreal.
Lekuko zaharrena izan daiteke Luis de Eleizalderen Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas, XX. mende hasierakoa eta han Sakelu agertzen da.
Beste aldetik, Nafarroan bada Zakeku, Ituren eta Zubietako aurkintza bat. Lekuko zaharrenak XVII. mendekoak dira:
caquelu (1614)
caquelu (1660)
zaquelu (1728)
Azkenik, Bizkaian Zakelua zen Izurtzako toponimo bat, etxe bat. Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan XVIII. mendeko bi lekuko daude:
Zaquelua [N, TO]
Zaquelua (la casa de), Yzurza, a.1796, FogVizcayaMs.
Zaquelua (la caseria de), Yzurza, a.1745, FogVizcayaMs.
Nafarroako toponimoari buruzko aipatutako web orrian informazio etimologikoa dago, Andres Iñigoren Toponomástica Histórica del Valle de Santesteban de Lerín (Regata del Ezkurra) tesitik jasoa, 329 or.:
[...]
COM. LING.- Del latín *saccellu que en euskera se convertiría en zakelu, con paso s- > z- inicial (al igual que de saccu latino sale zaku en euskera), y de ll geminada a l. (Cf. ZAKELU en el capítulo de toponimia menor de Zubieta y ZAKUTO en Ituren y Elgorriaga). DESCR.- Situado en la ladera S del monte AMEZTIA, junto a AUNTZALEKU.
[...]
Liburu beraren orrialde batzuk aurrerago informazio gehiago dakar, 420. or.:
[...]
COM. LING.- Del latín *saccellu que en euskera se convertiría en zakelu, con s- > z-, al igual que de saccu latino sale zaku en euskera, más la conversión de -ll- geminada en -l- vasca (cf. ZAKELU y ZAKUTO en el capítulo de toponimia menor de Ituren). En Jaurrieta, en 1674, se documenta el topónimo Zakelua y en Isaba se constatan, bajo la denominación oral actual, las formas Sakulo y Sakulosaisa [GN DGPL]. DESCR.- Pequeño espacio de tierras de cultivo dentro de ZUBIETAKO LANDA, en la parte NE del núcleo urbano y contiguo al término denominado IRIONDOETA.
[...]
Dirudienez, saccu latinaren hitz eratorri bat du buruan, *saccellu, lekukotu gabea. Baina latinean bertan badago hitz oso antzeko bat, toponimoak egiteko egokiagoa, Sacellum izena, Antzinako Erroman gurtzeko erabiltzen zen espazio sakratu txiki bat. Oinarrian sacrum hitza egongo litzateke eta ondoren atzizki txikigarri bat.
Beraz, sacellum > zakelu gertatu zen eta, nahiz eta euskarazko hitza azken mendeetan bizirik ez izan, ondorengo toponimikoak utzi zituen, Araban, Bizkaian eta Nafarroan, eta horrek pentsarazten du inoiz euskaraz ere erabili zela, ez zela hiztun latinek leku batzuei emandako izena, Getaria edo, agian, Kapitate toponimoak bezala.

Andratasolo toponimoa

 Arabako toponimo honen bi lekuko aurkitu dira, bata XVII. mendearen bukaeran eta bestea XVIII. mendearen hasieran, bi lekukoen arteko ezberdintasun bakarra da artikulua, azken lekukoa duena. Aipatutako lekukoak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

ANDRATASOLO, 1692, labrantío de Ullibarri de los Olleros.
ANDRATASOLOA, 1715, heredad en Ullíbarri de los Olleros.
Toponimoak bi elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe, bukaeran solo izena, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera eta, askotan gertatzen den bezala, interesgarriena (eta ilunena) oinarrikoa da, andrata- ezezaguna. Nabaria da andra hitza dagoela, andre hitzaren aldaera edo bere eratorpen aldaera. Hala ere, tartean beste zerbait geratzen da, -ta- hori eta gure ustez, antroponimo baten hondarra izan daiteke, Andraotoleta toponimoan bezala. Azken honetan lau elementu daude, bi antroponimikoak direnak, hasierakoak, Andra eta Gota, eta azkenekoak ola eta -eta lirateke. Andragota antroponimoaren aldaera bat zegoen XVI. mende hasierako Lekeition, herri horretan Andraota antroponimo ugaria zen eta azken urratsa izango zen ao > a laburketa. Litekeena da antroponimoaren ezagutza galdu zenean errazagoak izango ziren aldaketak eta gerta liteke garai batean *Andraotasolo toponimoa izatea edo, antroponimo osoagoarekin eginez, *Andragotasolo.

viernes, 10 de enero de 2025

Paternasoloa toponimoa

 Arabako toponimo hau lekuko bakar baten bitartez ezaguna da, XVIII. mende hasierakoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

PATERNASOLOA, 1704, labrantío de Argandoña.
Toponimoak bi elementu izango zituen, artikulua zenbatu gabe, bukaeran solo izena, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera eta Paterna antroponimo emakumezkoa, Paternarana toponimoan ere dagoena. Interesgarria da eremu ez handi batean Paterna edo Padernarekin sortutako hiru toponimo aurkitzea: Paternarana, Paternasoloa eta Valdepaderna, azken hau erromantzezkoa. Honek erakutsiko luke eremu horren antroponimo horrek izan zuen bizitasuna.

Kalzaidusoro toponimoa

 Arabako toponimo hau hiru lekukoren bitartez ezaguna da, guztiak XVIII. mendekoak. Lehenengo bi lekukoak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

CALZAIDUSORO, 1712, labrantío de Galarreta.
CALZAUDUSORO, 1712, labrantío de Galarreta.
Azken lekukoa da 1748. urtekoa. Calzaidusoro aldaerak bi lekuko ditu eta Calzaudusoro bakarra. Dirudienez, Kalzaidusoro zen benetako izena, bestea asimilazio baten ondorengoa izan daiteke, eta, besterik gabe, kakografia bat. Toponimoak dituen bi elementuak oso argiak dira, bukaeran soro izen ezaguna eta oinarrian, kaltzaidu, altzairu hitzaren aldaera ugarietako bat, Lazarraga arabarrak XVI. mendean erabilitako hitz bera:
Esku batean nekarrela / kalzaidu utsez errodela. Lazarraga B16, 1181r.
Hauxe da, gainera, euskal testuen altzairu hitzaren lehenengo lekukoa. Toponimian lekuko zaharrago bat dago, altzairu aldaera nagusia erabiliz, blgo honetako Altzairu hitza sarreran, han bi lekukotan agertzen da, 1500. urtean.

miércoles, 8 de enero de 2025

Telugain toponimoa

 Arabako toponimo hau lau lekukoren bitartez ezaguna da, bata 1611. urtekoa, beste bat 1615. urtekoa. hirugarrena 1644. urtekoa eta azkena 1748. urtekoa. Lau agirietan izen bera dago, Telugain, eta Arriolako aurkintza bat zen. Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran gain izena eta oinarrian antroponimo bat izango zen, Telu, Tello gaztelaniazkoaren euskal aldaera, Teluola eta Telutegi toponimoetan ere dagoena, biak blog honetan aztertuak. Beraz, azken honekin hiru dira Telu antroponimoarekin sortutako toponimoak, guztiak Euskal Herriaren sortaldean.

Azarrolatza toponimoa

 Azarrolatza da Etxebarriko etxebizitza bat, Bizkaian. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiaren lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira:

azarrolaza (1796)
azarrolaza (1796)
Azarloza (1956)
Ezaguna da deiturek toponimoen aldaera zaharrak gordetzen dituztela, toponimoaren bilakaera luzeetan laburketak gertatzen direla, baina deituretan aldaketarik ez da izaten. Baina toponimo hau deitura bihurtu zen aldaera laburtua duela, Azarloza, ez da oso deitura hedatua eta bere egoitza nagusia Bizkaia da, INE delakoaren web gunean ikus daitekeenez bezala:

Toponimora itzuliz, aski nabarmena da laburketa gertatu zela, silaba bat galduz. Arrazolazaren lekukotza ez da hor geratzen, 300 urteko lekuko zaharrago bat dago La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuaren 51. agirian, 1498. urtean:
Testigos que a todo lo suso dicho fueron presentes llamados espeçialmente rogados para esto Juan abad de Bulucua e Pedro de Avlestia estudiante, e Martin de Gana ospitalero del dicho monesterio, e Sancho de Meabe veçino de la villa de Marquina e Juan Peres de Açarrolaça e Furtunno de Asorin, vezinos en la anteyglesia de Echabarria.
Honek antzinatasun handiagoa ematen dio toponimoari eta ziurtasun handiagoa hurrengoan eskainiko dugun etimologiari. Toponimoak hiru elementu lituzke, bukaeran -tza atzizkia, aurrerago ola izen arrunta oso ezaguna toponimian eta oinarrikoa bitxiena litzateke, azar- hori metatesizatua litzatekeelako. Kontsonante trukaketa gertatuko zen eta orduan zaharrena *Arrazolatza litzateke, eta izen horren oso antzekoa da Arrazola toponimoa. Azken honetarako arratz 'erratz' proposatu genuen, jakinik sartaldean eR > aR bilakaera bazela. Beraz, Etxebarriko toponimorako gertatutako ibilbide osoa hauxe litzateke: *arratz 'erratz' + ola + -tza > *Arrazolatza > Azarrolatza > Azarloza.

martes, 7 de enero de 2025

Arrazola toponimoa

 Arrazola da Atxondoko elizatea. Gainera, Eibarko baserria da. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian informazi ugari dago Atxondoko Arrazola toponimoaz. Lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira:

arraçola (1319)
arraçola (1406)
arraçola (1411)
Toponimoa ez da aldatu jaso zen lehen alditik eta horrek izen bakarra uzten du analizatzeko, Arrazola. Bukaeran ola izen arrunta dago, oso ugaria toponimian. Oinarrian dagoena zailagoa da, baina landare izen bat izan liteke, ongi egokituko litzatekeena, erratz izena, Azkuek arratz aldaera jaso zuen eta hori litzateke hitz egokia, areago jakinik toponimoa sartaldean dagoela eta han ezaguna da eR > aR bilakaera, hitz zahar batzuetan aurkitzen duguna: barri : berri, garri : gerri. Agian hitz multzo horri arratz : erratz bikotea gehitu beharko genioke.

Zeanuri toponimoa

 Zeanuri da Bizkaiko udalerri bat. V. Yarzaren Notas sobre toponimia de origen romano en Bizkaia
lanean biltzen dira proposatutako hiru etimologia, 380. or.:

Mitxelenaren, Irigoienen eta Yarzaren etimologiak dira eta, hasteko, nabarmena da Mitxelenarenak arazo batzuk dituela, aldaketa batzuk behar ditu, ohikoak ez direnak, aferesia bezala, eta gainera, sudurkaria galdu beharko zen, bokal artean zegoelako, baina ez da hori gertatu, Azeari antroponimoan edo azeri izen arruntean ez bezala. Horren ordez, Alfonso Irigoienek beste bat proposatu zuen, Zeian antroponimoa eta toponimo paralelo bat erakutsi zuen, Villacián Burgoskoa. Bazirudien toponimo honekiko etimologia kontuak bukaturik zeudela baina Yarzak beste bat proposatu zuen, Seranus antroponimo latina eta Mitxelenaren etimologiak bezala, arazo batzuk baditu, sudurkaria galdu ez dela eta antroponimoaren dardarkariaren galera. Baina ez ditu horiek azaltzen, areago, ongi azaldurik geratu zen toponimoari beste etimologia bat eman zion, arazo larriak dituena. Beraz, aurrerapenik lortu ez, eta ongi zegoen lana ez du azaltzen zergatik ez den aukera egokiena: Ze(i)an antroponimoa eta huri izen arrunta.

viernes, 3 de enero de 2025

Erasolatza toponimoa

 Erasolatza da Ataungo toponimo bat, hiru toponimo eratorri sortu dituena:

Erasolatza
Esolaza: (= Eraso-ola-za). 1404 sel de “Erasolaça”. 1567 “termyº que llamado Erasolaça”. 1721, sel de Erasolaza “mojón principal de medio…en la vertiente de hacia la heredad de Arratinea…la primera línea en Erdico eguia…el segundo casi pegante a la propia heredad… de Igarzagarate la nueva…el tercero en Erasolazaco chavala…el cuarto en Erasolaza guena”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Urresumendi
    Erreferentzia: 04. karp. 273. zk. 1798 erreg.

Erasolatzako bizkarra
Esolazako bizkarra: (= la loma de Erasolaza).
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Urresumendi
    Erreferentzia: 04. karp. 272. zk. 1797 erreg.

Erasolatzako iturria
Elutseko iturrie o Easoolazako iturrie o Iturtxoko iturrie: (= la fuente de Elutse, lugar sombrío). (=la fuente de Erasolaza). (=la fuente de fuentecilla). 1816 “Echeazpia”.
    Izaera: iturria
    Kokalekua: Urresumendi
    Erreferentzia: 04. karp. 308. zk. 1838 erreg.

Erasolatzako txabala
Esolazako txabala: (= la anchura de Erasolaza). 1821 “Erasolaco chavala”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Urresumendi
    Erreferentzia: 04. karp. 275. zk. 1800 erreg.
Lehenengoaren sarreran Eraso-ola-za zatiketa egiten dute, badirudi eraso hitza buruan zutela. Hipotesi horrek ez luke oztoporik, nahiz eta alde semantikotik ohikoa ez izan. Beste aukera bat dago, dirudienez Erdi Aroan izan zen *Beraso antroponimoa, Beraxa antroponimoaren aldaera, beharbada bukaeran nabarmendu nahi zuten izena zuena gizonezkoa zela, gaztelaniaz bezala. Aipatutako *Beraso horrek isla izango zuen toponimian, Beraso toponimoan antroponimoa baino besterik ez zen izango. Horren aldaera bat Eraso toponimoetan ager daiteke, hitz hasierako herskarietan errazagoa da galera gertatzea. Beraz, *Beraso + ola + -tza izan litezke toponimo honen elementuak. Nabarmentzeko aldaketa bakarra, herskari ezpainkariaren galera hitz hasieran.
Beste aukera litzateke zuzenean Beraxa antroponimoa izatea, baina lekuko zaharrenen ez dago /ao/ bokal bilkurarik, horrek ez du nahi ta nahi ez etimologia hori deusezten, baina zailagotzen du.

jueves, 2 de enero de 2025

Justubaso toponimoa

Justubaso da Bilboko baso baten izena. Lekuko zaharrik ez du eta, beraz, dagoen lekuko bakarrarekin, oraingoarekin, lan egin beharra dago. Toponimoa argia da, bi elementuz osaturik da, bukaeran baso izen arrunta eta oinarrian Justu antroponimoa, honen gaineko informazioa dago Alfonso Irigoienen Pertsona-izenak euskaraz nola eman liburuan, 76. or.:

Euskaraz Justu ere erabili zen, Bermeoko Justu baserria adibidez, nahiz eta hau lehenago hagionimoa izan, Justo eta Pastor baseliza zelako ondoren baserri bihurtu zena.
Antroponimoen bilaketa egiten bada Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan Justo baino ez da eskuratzen. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Justoren lekukoak zaharrak dira, baina eremu erromantzekoak dira eta, beraz, normala da Justo izena agertzea:

Paternarana toponimoa

 Paternarana da Artatzako aurkintza bat, Nafarroan. Toponimo ez da aldatu azken 300 urtetan, lekuko zaharrenak erakusten duen bezala, XVII. mende bukaerakoa dela:

patternarana (1693)
patternarana (1764)
paternarana (1994)
Web orrian ere informazio etimologikoa dago, Paternain toponimoarekin lotuz. Bigarren elementua haran litzateke, artikulua zenbatu gabe. Antroponimoa ez litzateke Paternus, Paternain toponimoan izan daitekeena, Paterna baizik, bere emakumezko aldaera, Valdepaderna toponimoan dagoen bera, baina erromantzeko aldaera dena, bokalarteko /d/ herskariak erakusten duen bezala. Gainera, azken hau izan daiteke Paternaranaren erdal itzulpena, hasierako val- hori valle da, euskaraz haran dena.