lunes, 19 de mayo de 2025

Antxustegi toponimoa

Antxustegi da Aretxabaletako baserria, badu toponimo eratorri bat, Antxustegisolo izeneko soroa. Eskoriatzan ere Antxustegi baserria dago. Izendegi ofizialean Aretxabaletako baserriaren XIX. mendeko lekuko bat dago, Anchústegui (1857). Eskoriatzakoaren zaharrena XX. mende bukaerakoa da, Antxustegi (1992).
Toponimoa deitura ere izan zen eta lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekukoak daude:

Beraz, toponimoa oso aspaldikoa da eta aldaketarik gabe iraun du ia bostehun urte, gutxienez. Aztertzeko izen bakarra dago, Antxustegi. Toponimoak bi elementu izan ditzake, azkena -tegi atzizkia, oso arrunta etxe izenetan eta oinarriko antxus- zailxeagoa da, nabaria da Santxoren aldaeretako bat izan daitekeela, baina bukaera ezohikoa da. Beharbada hasieran *Santxiz zen, Santxoren patronimikoetako bat eta orduan *Santxistegi sortu zen. Ondoren txistukari disimiliazioa gertatuko zen eta *Antxistegi sortuko zen. azken urrats bat geratzen da, bokal disimilazioak eragin eta i-i > u-i gertatu zen, ondorioz Antxustegi agertu zen eta hala geratu da azken mendeetan, aldatu gabe. Jandustegi toponimoan bilakabide bera gertatu zen, baina honetan aurreko egoeraren lekukoak daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario