2022(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Luberaburu toponimoa

Luberaburu da Errenteriako baserri bat.
Lekuko zaharrena 1846. urteko Luberaburu da, baina badago oso toponimo antzekoa, Luberacogaña, 1791. urtekoa. Toponimoa gure egunetara arte heldu da aldatu gabe eta, beraz, Luberaburu izenarekin hasi behar da analisia.
Toponimoak bi elementu lituzke, lubera- eta buru. Azken hau ez da zaila aurkitzea toponimian, horrela, Salburua toponimoa. Ziurrenik mugako leku bat edo gorago zegoena adieraz lezake. Hasierakoa ilunagoa da, lubera- ezezaguna. Ez dago, esaterako, Orotariko Euskal Hiztegian, baina bai lur beratu hitz elkartua:

LUR BERATU ((VocBN Dv y A)).
"Terre labourable" Dv. Cf. Ht VocGr 434: "La terre trempée, lurra beratua".
Elkartu honetan lur izena eta beratu aditza batu dira, baina lubera- ezberdina da, lur ez dago osorik, azkeneko kontsonantea galdu duelako, baina hori normala da hitz elkarketan, horrela, Lunarrutua toponimoan hasierakoa ere lu- 'lur' izan daiteke.
Beste elementua, bera 'bigun' izenondoa izan liteke, beratu aditzaren oinarria. Azken batean, kontzeptu bera esateko, egun lur beratu hitz elkartua dago eta garai batean *lubera hitza izan zitekeen, Luberaburu toponimoari esker ezaguna.

Lopezabaloaga toponimoa

 Toponimo hau behin baino ez da agertzen, lekuko bakarra bada ere, nahiko zaharra da eta toponimoaren elementuak nahiko argiak dira. Ez da aldaketarik gertatu eta, beharbada, zailtasun bakarra litzateke erdiko elementua, Zabalo izengoitia.
Aipatutako lekukoa Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuan dago, 225. agirian, 1514. urtean:

E luego, yncontinente, yendo los dichos partidores onbres vuenos en vno con las dichas partes, pusyeron desde la orilla de Leyave, donde se parte lo de la dicha villa e las dichas anteyglesias con los caseros de la dicha anteyglesia de Yspaster, hasta donde se parte el monte de la dicha villa e de las dichas anteyglesias e Açiro fasta el alto del enzino que esta en Lopeçabaloaga, e dende a vna aya, e el dicho ençino queda para anvas partes, e desde la dicha aya fasta donde esta vn monton de piedras, donde esta el mojon de entre los de Açiro e Lequetio que esta sennalado con vna crus...
Toponimoa, lehenago adierazi bezala, hiru elementuz osatutakoa da, Lope antroponimoa, Zabalo izengoitia eta -aga atzizkia, normalean ugaritasun adiera duena baina hau bezalako toponimoetan lekuzko adiera du, lekua edo lur eremua.
Zabalo arrain mota bat da, baina toponimo honetan izengoitia da zabal izenondotik sortua eta -o atzizkiarekin gizonezkoentzat erabilia. Zabalo izengoitiaz informazio gehiago Zabaloenea eta Zabalonea toponimoen sarreran dago. Horiek ez dira izengoiti horrekin sortutako toponimo bakarrak, Zabalotegi toponimoen oinarrian ere bada.

2022(e)ko urriaren 5(a), asteazkena

Ortilopitza toponimoa

 Ortilopitza da Sarako etxe baten izena. Toponimo honen lekuko zaharrenak XIX. mendekoak dira, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik eskuratuak:

Ortholopitzbeherea (1839)
Ortholopitzgaina (1839)
Ortolopitz-beheria (1962)
Ortolopitzgaina (1962)
ortilopitza (-a) (2006)
ortilopitza (-a) (2008)
ortolopitz (2005)
Lekuko guztiak jarri dira bilakaera erakusteko. Horrela, bi mendetan toponimoa Ort(h)opitz izan zen baina XXI. mendean Ortilopitza agertu da eta hori da izen arautua.
Egungo aldaera arautua soilik ezagutuko balitz analisi erraza izango luke, Orti PI + Lopitz patronimikoa eta -a artikulua. Baina lekuko zaharrek hipotesi hori deusezten dute.
Hemen aurkeztuko den etimologiak aldaketa batzuk beharrezkoak ditu, baina horrela izena osorik azalduta gertatuko da. Hasteko, aldatu behar den elementu bakarra hasierakoa da, antroponimoa. Orti izan beharrean Bertol(o) izango zen, Bartolome ezagunaren aldaera laburtua, Bartolo ere bada, eta bere hipokoristiko batzuk toponimo sortzaile izan dira, Bartolotxonea eta Bartolotxuena toponimoak bezala.
A. Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan Erdi Aroko lekuko ugari eman zituen, Bartolomerenak eta bere eratorrienak:
1.27. BARTHOLOMEO (Leiç.), BARTHOLOME, BARTOLO (euskaldunen artean zahar arrunt laburtua)
[..]
Ikus XIV menderako BERTHOLOMEO, BERTOLOMEY (dobletea), BARTOLO, eta MARTHOLO, BERTOLO, BERTOLOT, BERTOLOTA, BERTHOLOMEA, azkenengo biak emakume-izenak, BERTOLON / BERTULON / BARTULON, BERTOL, Nafarroan: Bertholomeo Johan, (1366, PN-XIV, F.Est., 604 orr.); Bertolomey, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 329 orr.), Sartaguda-n; Bartolo Ordina, (1330, PN-XIV, F.Est., 291 orr.), Artaxona-n; Martholo d’Arruaçu, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 608 orr.), Esteilla-n (48); Bertolo Cualet; Bertolo Somberria, (1330, PN-XIV, F.-Est., 294-295 orr.), Artaxona-n; Bertolot, fijo de Bertolomeo, (1330, PN-XIV, F.Est., 259 orr.), Sant Adrian-en; Bertolota, fija de Gil Pardo, (1330, PN-XIV, F.Est., 240 orr.), Beruinçana-n; dona Bertholomea de Calchetas, con sus fillos, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Bertolon, yermo de Sancho Surra, (1330, PN-XIV, F.Est., 299 orr.), Artaxona-n; Bertulon, su cuynado; Bartulon, su yermo, (1330, PN-XIV, F.Est., 298 orr.), Artaxona-n; Bertol, fi de Pero Martiniz, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 328 orr.), Sesma-n; Berthol [sic], (1366, PN-XIV, F.Est., 599 orr.), Azedo-n.
Proposatutakoa zuzena bada, aldaketa batzuk gertatuko ziren toponimoa papereratu baino lehenago. Toponimo zaharrena Bertol(o) + Lopitz bazen, *Bertolopitz bezala sortuko zen, haplologia gertatuko zen antroponimoaren azken silaba eta patronimikoaren lehenengoa elkartzean. Ondoren bokal asimilazioa izango zen, *Bortolopitz, e-o > o-o, asimilazio honen hainbat ale ezagunak dira Pirinioz iparraldeko euskaran, hogoi '20', esaterako. Azkenik hasierako kontsonantzea galduko zen, batzuetan gertatu ohi da bo- hasierako hitzekin. Horrela, Ort(h)olopitz agertuko zen, eta izen horrek gerora aldaketa bat ere ezagutuko zuen, herri etimologiaz beharbada.

Artzanburu toponimoa

 Artzanburu da Legazpi eta Oñatiren arteko haitz baten izena. Lekuko zaharrik ez dago, baina toponimoa, aldaketarik jaso ez badu, azaltzeko erraza da. Toponimoak bi elementu lituzke, artzan- 'artzain' eta buru. Ez dago argi buru hitzaren esanahia, izan liteke leku garai izateagatik izena jasotzea, baina beharbada haitzak artzain baten burua irudika lezake.
Toponimoa zaharra izan daiteke, lehenengo elementua artzan- delako eta ez artzai(n). Ziurrenik egun eratorpen aldaera modu hau ahozko euskaran galdurik dago.

2022(e)ko urriaren 3(a), astelehena

Zarikete toponimoa

 Zarikete da Bizkaiko Turtzioz herriko haitz muturra.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVII. eta XVIII. mendeetan lekuko batzuk daude:

Baina Zariketi aldaera ere bada eta aipatutako web-gunean aurreko mendetako lekuko batzuk daude:

Datak kontuan hartuz, Zariketi zaharragoa da, baina ez urte askorengatik. Zariketeren lekukoak ere ugariak dira, baina Zariketirenak gehiago dira. Bide batez, Zariketaren lekuko bat dago, XVII. mende bukaerakoa:

Hiru aldaera daude, baina azkena bakarra denez, jatorrizkoaren lehian bi izen ditugu, Zarikete eta Zariketi. Dirudienez, lekukoen jatorria bilatuz, Zariketi Zallako aldaera da eta Zarikete, Sopuertakoa. Kontuak eginez, Zariketi gehiagotan agertzen da eta zaharragoa da, baina ez bestea baino askoz zaharragoa. Beraz, lehentasuna Zariketik izan beharko luke eta egungo izena azaltzeko, -i > -e erdararen joera aipatu beharko litzateke. Baina izenak euskararen antza du eta horrek azalpen luzea eskatzen du.
Toponimoaren oinarrian zarika hitza egon daiteke, zuhaitz baten izena. Ondoren -eta atzizkia izango zen eta sortutako toponimoa Zariketa izango zen. Baina toponimoak aldaketa batzuk jasan zituen, aldaketa ezohikoak. Batetik bukaerako bokala aldatu zen, aldaketa bera Zubiete toponimoan ere gertatu zen, beharbada beste toponimo batzuetan aldaketa hori gertatu zenean, Zariketari ere gertatu zitzaion, eta Zarikete sortu zen. Ondoren, lehenago adierazia izan da -i > -e joera dagoela gaztelaniaz, horrela, euskal toponimo batzuk aldatu dira, beharbada ezagunena Oñati da, erdaraz Oñate dena. Beraz, Zarikete bazen eta gerta likete hiztunek jakitea toponimo batzuetan aipatutako aldaketa gertatzen zela eta orduan, jatorrizko zena berreskuratu nahi zuten, lehenago ez zen Zariketi sortuz. Horri hiperzuzenketa deitzen zaio.
Aipatu gabe geratu da zarika hitzaren eremua ez dela sartaldea, aitzitik, zarika ezaguna da sortaldean eta erdialdean. Hala ere, litekeena da hitza behin euskararen eremu osokoa zena baina gero sartaldean galdu zela, baina egoera zaharraren erakusle, bakarbada bakarra, Zarikete toponimoa da.

Eguneraketa (2025-06-13):
Sarreran proposatu genuen jatorrizko izena Zariketa zela eta horren lekuko bat dago Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 10. agirian, 1415. urtean:

... y por la era de Sagarminaga fasta el arroyo que viene de Gallarega, arroyo fasta el camino que baja de Minaur al sel de Zaoqueta, en la qual instancia de camino e arroyo dijeron que pusieron mojon Juan Lopez de Maruri, alcalde de Salzedo, vezino de Zalla, y Sancho de Gue es, procurador del concejo de Gue es, e Juan de Llano y Fortun Yva ez de Solarrate, vezinos de Oquendo; y dende en adelante en el dicho camino que pusieron mojon en Lucobieta estos sobredichos monbrados, y otro mojon y dende adelante el camino siguiente que pusieron otro mojon sobre el sel de Zariqueta e que llega este termino a una piedra vlanca que aze entre Caneta y Ercudui, y de Ercudui al arroyo de Araneta que llega a la agua mayor al canpo de Lararrieta, mas abajo de Sodupe.
Testu berean, Zariketaz gain, Zaoketa aipatzen dute, beharbada toponimo bera. Hala balitz, kakografia gertatuko zen. Agirian aipatzen diren toponimoak inguru horretakoak dira eta horregatik sinestekoa da egungo Zarikete ere aipatua dela. Hala izan bazen, toponimoaren lehen data ia 250 urte aurreratuko litzateke eta gainera, proposatu den etimologiarekin bat egingo luke.

Ergezabal toponimoa

 Ergezabal izeneko etxe bat dago Mungian, Bizkaian.
Toponimoa ez da berria, XVII. mendean bazegoen Ergezabal deitura, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan agertzen den bezala:

Erguezabal [N, NO]
Ergueçaual (Hortuno de), Muxica, a.1641, FogVizcayaMs.
Ergueçaual (Juan de), Muxica, a.1641, FogVizcayaMs.

Toponimoa azaltzeko aldaketa bat beharrezkoa da, disimilazio bat, atzeranzko urratsa eginez, toponimoaren elementuak argi geratuko dira. Beraz, Ergezabal < *Elgezabal bilakaeran bi elementuak elge eta zabal litzateke. Elge izenaz informazio zabala Erkuden toponimoaren sarreran. Bide batez, toponimo honetako albokoa ere dardarkari bihurtu zen, baina asimilazioagatik izan zen.

2022(e)ko irailaren 30(a), ostirala

Arexita toponimoa

 Arexita da Elorrioko baserri bat. Badu toponimo eratorri bat, Arexitaerreka. Markina-Etxebarrian badira hiru toponimo Arexita dutenak: Arexitagaina, Arexitazpikoa eta Arexitazuri, hirurak baserriak. Toponimo hauen informazioa Bizkaiko diputazioko web-gunetik eskuratu da, toponimoen bilaketa sailean:

XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:
Arejita [N, TO]
Aregita (la casa de) [Miota (cofradia de)], Echabarri (San_Agustin de), a.1704, FogVizcayaMs.
Aregitta (la caseria de) [San_Bartolome_de_Miota (cofradia de)], Elorrio, a.1796, FogVizcayaMs.
Arejita (la caseria de) [Miota (cofradia de)], Elorrio, a.1745, FogVizcayaMs.
Aregita_Azpicoa (la casa de) [Unamunsaga (bereda de)], Echevarria (San_Andres), a.1796, FogVizcayaMs.
Arejita_Aspicoa (la caseria de), an_Andres de Echevarria, a.1745, FogVizcayaMs.
Arejitta_de_Susso (la cassa de), Marquina_Echauarria, a.1704, FogVizcayaMs.
Areguitta_de_Yusso (la cassa de), Marquina_Echauarria, a.1704, FogVizcayaMs.
Arejitta_de_Yusso (la cassa de), Marquina_Echauarria, a.1704, FogVizcayaMs.
Arejita_Echechua (la casa de) [Unamunsaga (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796, FogVizcayaMs.
Arejita_Echechua (la caseria de), an_Andres de Echevarria, a.1745, FogVizcayaMs.
Aregita_Echezuria (la casa de) [Unamunsaga (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796, FogVizcayaMs.
Aregitta_Echezuria (la casa nueba de), Echauarria (San_Andres de) 18.1799, FogVizcayaMs.
Aregita_Gañecoa (la casa de) [Unamunsaga (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796, FogVizcayaMs.
Arejita_Goicoa (la caseria de), an_Andres de Echevarria, a.1745, FogVizcayaMs.
Espainiako nazio estatistika institutuaren web-gunean ageri da Arejita deitura, lekuko gutxi dituena, batik bat Bizkaian:

Bada, gainera, Arigita deitura, lekuko askoz gehiago dituena eta bere agerpena batez ere Nafarroan gertatzen dena, nahiz eta Bizkaian lekuko gutxi dauden:

Bi deituretan ezberdintasun bakarra dago, bigarren bokalari dagokiona, <j> eta <g>, testuinguru horretan berdin ahosatzen direlako. Bokalen kontu hori asimilazioaz azal daiteke arazorik gabe, e-i > i-i. Nabarmena da aipatutako liburuan Arigita bakarra dagoela, Arijita (Joseph de) [Arejita (la caseria de)] [Miota (cofradia de)], Elorrio, a.1745, FogVizcayaMs.
Interesgarria da Nafarroako Arigitaren agerpena, litekeena da Bizkaiko toponimoan jatorria izatea.
Jatorrena Arexita bada, toponimoa aztertzeko banaketa egin beharra dago, eta bi elementu lituzke, arex- eta -ita. Azken hau -eta atzizkiaren aldaera litzateke toponimian gutxi batzuetan dagoena. Blog honetan toponimo gutxi batzuetan agertu da, Aldapita, Apoita eta Labaita toponimoetan. Leku izen hauetan aldaera hori bokal disimilazioaz azal daiteke, baina Arexita toponimoan ez da hori gertatzen. Beharbada txistukariaren eraginez sortua da aldaera hau.
Hasierako arex- hori haritz zuhaitz izena litzateke, sartaldeko eremuan aretx aldaera duena. Bitxia da txistukariaren aldaketa, gutxitan gertatzen da baina toponimian ale batzuk badira, aldaketa hori jasan dutenak, hala nola Ajapurtia eta Tximijo toponimoak.
Laburbilduz, aretx 'haritz' + -eta > *Aretxeta > Arexita.