viernes, 25 de octubre de 2024

Karkizao toponimoa

 Karkizao da Elgoibarko baserri baten izena, gaztelaniaz Carquizano da. Izendegi Geografiko Ofizialeko lekuko zaharrenak XV. mendearen erdialdekoak dira, Carquizano (1451, 1452, 1462...). Sudurkari gabeko aldaera XX. mende hasieran jasoa da, Karkizao. Toponimoaren aldaera horrek erakusten du oso zaharra dela, beharbada Erromatar Arokoa, -ano atzizkia duelako, Urdiano toponimoa bezala. Toponimo hauek askotan herri izenak dira, baina beste askotan jatorrian ziren bezalatsu geratu dira, baserri bat edo antzinako villa bat izendatzeko erabiliak.
Analisi etimologikoari dagokionez, atzizkia zein den ikusi ondoren aurreko elementuaren txanda da, antroponimo bat izan ohi dena baina toponimoak berezitasun batzuk baditu, txistukaria izan daiteke latineko sudurkari baten euskal ondorengoa edo latinaren barruko bilakaerarena. Ezaguna da aldaketa batzuk izan zirela, tartean ti > z, latinaren barruan gertatua. Beste berezitasuna herskariei dagokie, berdinak direlako eta horrek batzuetan salatzen du asimilazio bat gertatu dela. Hala izan bazen garai batean bi herskari ezberdin zeuden eta batak bestea asimilatu zuen. Aukera bat da bigarrenak lehenari eragitea eta ondoren biak berdintzea. Balizko bi aldaketak kontuan izanik, antroponimo bat bilatu da eta egokia izan daitekeen izen bat Tarquitius izan daiteke. Hispania Epigraphica web-gunean bilaketa eginez, Tarquitius antroponimoaren lekuko bat aurkitu da, Katalunian:

T(itus) Fisevius T(iti) l(ibertus) / Pamphilus / T(itus) Fisevius T(iti) l(ibertus) Eros / Iuventia |(mulieris) l(iberta) Prima / C(aius) Tarquitius (...)
Hala izan bazen hasierako toponimoak ibilera luzea egingo zuen gaur egunera arte, nahiz eta toponimoa, antza, aspaldi finkatua zen: Tarquitius + -ano > *Tarquitiano > *Tarkizano > Karkizano > Karkizao.

No hay comentarios:

Publicar un comentario