Basabitxi da Zuiako aurkintza bat eta baso bat. Nahiz eta antzinatasun handikoak ez izan, lekukoek aldaera ugari dute: Basotxi (1993), Basabitxi (2006), aurkitzarenak. Basoarenak, Basubichi (1992), Basobitxi (1992), Basachi, Basatxi, Basoguchi, Basochi, Basoguchi... Azken hauek data gabe.
Toponimo antzeko bat dago Arabako bi herritan, Basabutxi, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:
BASABUCHI, término de Ascarza. Labrantío de Oquina.Askartza Trebiñuko herria da eta Okia herria Trebiñutik iparrera dago, Zuiatik urrun. Beraz, lau toponimo dira, bi Zuian, atergai direnak.
Basabitxi toponimoak lekukotza zaharra izanez gero, Landabitxia toponimoarekin erka liteke, bigarren elementua bitxi dela. Baina aldaera horiek etimologia zailtzen dute, Basabutxi toponimorako, bigarren elementua gutxi izan daiteke, asimilazioa jasan duena: b-g > b-b. Bestela, *Basabitxi > Basabutxi bilakaera ere azal daiteke baina aldaketa hori ez da ohikoa.
Basabitxiren hasierako elementua basa- da, baso izenaren eratorpen aldaera, Basabutxi toponimoan bezala, baina bukaerako elementua ilunagoa da. Bitxi izan liteke, baina dituen aldaerak kontuan hartuta, badirudi beste zerbait dagoela, gutxi beharbada. Horrela, aldaera batzuk azal daitezke, Basotxi < *Basautxi < *Basagutxi. Basatxi era berean azal daiteke, baina au > o gertatu beharrean au > a diptongoaren soilketa gertatu da. Basabitxi aldaeran bokal asimilazioa gertatuko zen: u-i > i-i. Beharbada aldaera hauek guztiak azaltzeko hobe da *Basagutxitik abiatzea. Dena den, onena litzateke lekuko zaharrago bat aurkitzea, toponimoaren izen jatorrizkoa aurkitzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario