miércoles, 12 de febrero de 2025

Baltasar antroponimotik sorturiko toponimoak

Baltasar antroponimo ezaguna da, Errege Magoetako baten izena delako. Hortik kanpo, ponte izen moduan erabili izan da, nahiz eta neurri txikian izan. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko lekuko ugari jaso dira:

Ziurrenik gerora gehiagotan erabilia izan da, eta horren ondorioz, hainbat toponimo sortu ziren. Sarrera honetan bildutako batzuk zerrendatuko dira, Baltasar izenak utzitako ondarea erakusteko.

1. Baldasar
Donostiako toponimia izeneko lanetik hartua, lekuko bakarra, XIX. mendearen erdikoa:
Baldasar (1860, D.U.A.-D-7-1-P.).

2. Baltasar
Aurreko toponimoa bezala, Donostiako toponimia izeneko lanetik hartua, lekuko bakarra, XIX. mendearen erdikoa:
Baltasar (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1).
Baldasar eta Baltasar toponimo bera da? Ezberdintasun bakarra horzkarian dago, baina gertaera hori ohikoa da albokoa eta gero, cf. beheragoko Donbaltasarrenea.

3. Baltasarena
Plentziako etxe honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mende bukaerakoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan jasoa:
Baltasarena [N, TO]
Baltasarena (la casa de) [La_Plaza], Plencia, a.1796, FogVizcayaMs.

4. Baldasarrena
Mendatako etxe baten izena, lekuko bakarra eta gorago aipatutako liburutik hartua:
Baldazarrena [N, TO]
Baldasarrena (la casa de), Mendata, a.1796, FogVizcayaMs.
Aipagarria da horzkaria ahostundu dela, albokoaren ondoren zegoelako. Fenomeno hau ohikoa da, baina antroponimo honekin gutxitan gertatu da.

5. Baltasarrenea
Baltasarrenea, Errenteriako toponimoa, lekuko bakarra, XIX. mende hasierakoa, Baltasarrenea (1819).

6. Baltazar
Hondarribiko toponimia liburuan dago, 170. or.:
Baltazar
Kontzeptua: Arroka
Iturriak: 1992: Baltazar Elo.
Ebakera: 1992: Baldazar Mauricio Arozena
1993: Baltasar arri Maximo Sagarzazu
Kokagunea: 41.42.2
Oharrak: Atalaerreka jaisten den lekuan, F. Iridoik emana, Elo. Maximo Sagarzazuren ustez Atalaerreka ondoren (Itsasargitik gatozela), gero Arrixabal omen dago.

7. Donbaltasarrenea
Donostiako toponimia lanean dago, lekuko ez gutxi, XIX. mendearen erdialdetik hasita:
*DONBALTASARRENEA: Don Baltasarenea (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), D. Baldaserrene (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Don Baltaserréne (10) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1); Don Baltaserrene (1989, D.U.T.B.). 64-5-7, M. F-3.
Toponimoak ez dira asko, gehienak etxe izenak. Antroponimoa Baltasar da:
Baltasar
Asiriar jatorria du (Belshazzar 'Baal jainkoak babes beza erregea') latinez Baltasar bihurtu zen. Tradizioaren arabera, Baltasar Jesus jaio berria gurtzera Belemera joan zen erregeetako bat izan zen. Lehen aldiz IX. mendeko Liber Pontificalis delakoan ageri da. Aldaera: Baldasar (Deun-ixendegi euzkotarra).

No hay comentarios:

Publicar un comentario