Andrandegieta Segurako hiru baserriren izenetan agertzen da: Andrandegieta, Andrandegietaberri eta Andrandegietazar.
XX. mendeko bigarren erdialdeko hiru baserri horien lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:
ANDRAUNDIETA BEKOA (pr.)Toponimoetan bi aldaera daude, Andrandegieta eta Andraundieta. Bietan laburketak gertatuko ziren, Linazasororen lekukoetan bokalarteko /g/ galduko zen eta ondoren, ei > i bokal fusioa izango zen. Egungo toponimoan hori gertatu gabe dago, beharbada aldaera zaharrago bat berreskuratu delako. Bestelakoa da au diptongoa, zaharra izan liteke eta, beraz, *Andraundegieta osoago bat izango genuke. Diptongo hori zaharra izan daiteke, baina hori ez da ziurra, ezaguna da zenbaitetan diptongoa sortzen dela, horrela haundi < handi. Hala ere, *Andraundegieta aldaera berreraikia lagungarria izango da toponimoaren etimologia aurkitzeko. Honek, azkenik, beste aldaketa bat beharko luke jatorrizko izena aurkitzeko, on > un bilakaera, Gipuzkoako toponimian batzuetan gertatu zena, esaterako, Hondarribiko lehenengo lekukoen artean Undarribia dago. Bilakaera hori kontuan hartzen bagenu aldaera zaharrago bat eskuratuko genuke, *Andraondegieta.
ANDRAUNDIETA ERDIKOA (p.)
ANDRAUNDIETA GOIKOA (pr.)
Horrela, azterketa etimologikoa has liteke. Toponimoak hiru elementu lituzke, Andraon antroponimo hipokoristikoa, -tegi atzizkia eta, azken aldean, -eta atzizkia. Aldaketa ohiko bat litzateke, sudurkari atzean horzkaria ahostuntzea: t > d. Andraon euskal izena da, andra- 'andre' eta on izenondoa baturik. Toponimian ale batzuk utzi ditu, hala nola Andraonaena, Andreonaga eta Androndegi toponimoa, Azkoitikoa. Azken hau oso antzekoa da aztergai den Andrandegieta toponimoarekin, baina bilakaera ezberdina izan da.
Andrandegieta, beraz, Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago litzateke.