viernes, 25 de febrero de 2022

Eskusadua toponimoa

Bizkaiko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendekoa, Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya y Epítome de las Encartaciones liburuan jasoa, 1775. urte inguruan idatzia, 8. or.:

Desde San Miguel de Arrázola a la mojonera del valle de Aramayona que está en el monte Escusadua, media legua corta, e igual distancia a la mojonera de Andasto.
Toponimoak lekuko bakarra badu ere, izena nahiko erraz ulertzen da, izan ere euskaraz bada eskusatu aditza, baina ez da erraz ulertzen nola bihur zitekeen horrelako hitz bat toponimo. Gaztelaniazko excusado hitzaren definizioan argiago geratzen da egokia izan daitekeen esanahia:
1. adj. exento (|| libre). Una persona excusada de tributos.
Zergak aipaturik, lotura hobeto ikusten da, izan ere, Orotariko Euskal Hiztegian azpiadiera batean dago zehaztapen horrekin bat egiten duena:
Dispensar(se), librar(se) de una obligación.
Senharra eta emaztia ere eskusatzen dira baruretik ezkonziaren kargiak ezin egarten badira. Tt Arima 73 (v. tbn. 65s). Nor dago eskusaturik ez barutzeko? El 64.
Normalean toponimoetan ezaugarri fisikoak aipatzen dira, edo jabearen izenak agerzen dira, baina gutxi batzuetan izendapenaren arrrazioak bestelakoak dira, tartean mundu juridikoarekin loturiko izenak agertzen dira, hala nola Ostraidua toponimoa edo Emandasoro toponimoa, azken honetan oinarriko hitza demanda izango zen.

Txilibitubaso toponimoa

 Arrasateko toponimo honen lekukoek mende bat hartzen dute, XIX. mendearen erdialdetik XX. mende erdiraino. Lekuko guztiak Arrasateko toponimia liburutik jaso dira, 325. or.:

 Toponimoak ez du zailtasunik, lekuko guztietan aldaera bera dago, 1945.urteko Txilibitobaso izan ezik.
Toponimoak bi elementu zituen, txilibitu eta baso, biak hitz arruntak. Bide batez, txilibito aldaera ere bada. Elementuak argiak badira ere, toponimoaren izendapena iluna da, beharbada inguru horretakoek jakin zezaketen arrazoia, baina toponimoaren lekuko gehiagorik ez da jaso, beharbada galdua delako. Hala bada, paperen batean jasorik ez badago, izendapen horren arrazoia ere galdua da.

miércoles, 23 de febrero de 2022

Santsongoa toponimoa

 Santsongoa izena gutxienez Gipuzkoako bi herritan agertzen da, Arrasaten eta Elgoibarren. Lekuko zaharrenak dituena Arrasatekoa da, XVIII. mendetik hasita. Toponimo honi buruzko informazio guztia Arrasateko toponimia liburutik jaso da, 160. or.:

 Elgoibarko Santsongoa da baserri baten izena. Badago toponimo eratorri bat, Santsongoetxeberri baserria. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:
*SANSONGOA (2 viv.) (prop.)
SANSONGOA (BIGARRENA) (2 viv.) (prop.)
SANSON ETXEBERRI (prop.)
Arrasateko toponimoaren lekuko zahar eta berrietan ia ez dago aldaerarik, Sansongua erraz azaltzen da oa > ua bokal disimilazioagatik, fenomeno automatikoa lurralde askotan.
Toponimoak nahiko gardenak dira eta etxe izen askotan ohikoa den PI + -ko + -a dago. Oinarriko izena Sanson antroponimoa da, judu jatorrikoa eta eliza kristauaren eraginez hedatu zena. Izan ere, badago Bibliaren istorioetan bat Sanson izen ospetsu egin zuena.
Aipagarria da -ko atzizkia agertzea eta ez ohikoa den -(r)en, baina hori ere ez da salbuespena, horrela, Martokoa toponimoa, hau ere Arrasatekoa.

Larruzea toponimoa

 Larruzea toponimoa Bizkaiko bi herritan dago. Ajangizen Larruzea eta Larruzeaurre baserriak daude eta Urduñan Larruzea izeneko belardia dago.
Toponimo honen XVII. eta XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Larrucea [N, TO]
Larruzea_Atzecoa+ (la casa de), Ajanguiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Larruzea_Azecoa+ (la caseria de), Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Larrucea_Aurrecoa (Joseph de) [Larrucea_Aurrecoa (la caseria de)], Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Larrucea_Aurrecoa+ (la caseria de), Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Larruzea_Aurrecoa+ (la casa de), Ajanguiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Larruzia_de_Suso+ (la cassa de), Ajanguiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Larruzia_de_Yuso+ (la cassa de), Ajanguiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Lar(r)uçia+ (la caseria de), Ajanguiz, a.1641, FogVizcayaMs.


Larrucia [N, NO]
Lar(r)uçia (Bar(tolo)me de), Ajanguiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Lar(r)uçia (Dom(ing)o de), Ajanguiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Lar(r)uçia (Pedro de), Ajanguiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Lar(r)uçia (Santuru de), Ajanguiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Lar(r)uçia soltero (M(a)r(t)in de), Arraçua, a.1641, FogVizcayaMs.
Larrusia (ynquilino) (Pedro de) [Barrencalle (calle de)], Guerricaiz, a.1799,
FogVizcayaMs.
Larruçia (P(edr)o de), Arraçua, a.1641, FogVizcayaMs.
Larruçia (S(eba)s(ti)an de), Arraçua, a.1641, FogVizcayaMs.
Laruçia (Mig(ue)l de), Ajanguiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Lekuko hauek ikusi eta ematen du izen zaharrena Larruzia dela, gerora Larruzea bihurtu dena. Hau hiperzuzenketaz uler daiteke, ea > ia aldaketa oso hedatua dagoenez, hiztunek ulertuko zuten toponimo horretan jatorrena ea zela eta aldaketa ustezkoa "zuzendu" zuten, lehenago ez zen Larruzea asmatuz.
Hipotesi hori konfirmatzeko, bilaketa bikoitza egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez Larruzea eta Larruzia bilatuak izan dira:


Larruzearen lekukoak XVI. mendearen erdialdean agertzen hasten dira eta bildu diren lekukoak ugariak dira, 336 jaiotza, 103 ezkontza eta 77 heriotza. Larruzia, aldiz, askoz kopuru apalagoetan agertzen da, eta beranduago, lehenengo lekukoa 1682. urtekoa da eta horrela banatzen dira: 20 jaiotza, 10 ezkontza eta 5 heriotza.
Bi irizpideak baturik, eta hauetan lehentasuna kronologiak izan ohi du, nabarmena da Larruzea zaharragotzat hartu behar dela.
Larruzea toponimoa ikusi eta larru hitzarekin antza ikusgarria da, baina arazo semantiko bat dago, nekez lotu daitezke lurra eta larrua. Azken hau, oro har, animalien azala da. Irtenbide bat izan liteke toponimoa aldatua zela papereratu baino lehenago. Blog honetan behin baino gehiagotan aztertu dira rr > rl disimilazioaren ondorioaz sortutako toponimoak, hala nola Behorlegi edo Gorliz, Bizkaiko herria. Baina Larruzea bestelakoa litzateke, rl > rr asimilazioa jasan duena. Beraz, atzeranzko bidea egin eta *Larluzea izan zitekeen aldaera jatorrizkoa. Toponimoak bi elementu lituzke, lahar eta luze, artikulua zenbatu gabe. Badago izen bat bilakaera hori jasan duena, Zarlarruki izenak Zarraluki eman zuen bezala, P. Salaberriren Euskal deituren jatorria eta etxe izengoitiak lanean:
Bukatzeko, adinarekin zerikusia dutenak ditugu, aski ugariak ezizenetan, baina ez deituratako finkatuetan. Egia erran, Zarlarruki-tik (< zahar + larru, eramaileak pertsona zahar baten larrua zuelako, irudi duenez, zuen adinerako larrua aski andeatua zuelako edo) atera den Zarraluki Zaraitzuko deitura besterik ez zaigu gogotaratzen, eta hau itxura fisikoa adierazten dutenen artean ere sailka daiteke, 1.3.3.1. puntuan sartu ditugunekin alegia.
Toponimo honetarako bilakaera berdintsua gertatuko zen: lahar + luze + -a > *Larluzea > Larruzea > Larruzia, nahiz eta azken urrats hau ez nagusitu.

lunes, 21 de febrero de 2022

Ikaztola toponimoa

Ikaztola da Azkoitiko bizkarra, hegia eta erreka. Lekuko zaharrik ez dago, baina aldaketarik gertatu ez bada, izena nahiko gardena da. Ikastola hitzarekin duen antzekotasuna azalekoa da, azken hau neologismoa da, S. Aranak lehen aldiz erabilia.
Ikaztola izenak bi elementu lituzke, ikatz eta ola. Biak hitz oso ezagunak, azkena batik bat toponimian, antzinan zituen esanahietarako, batetik etxola, txabola hitzak erabiltzen dira, bestetik burdinola, hau burdin- + ola dena.
Ikaztola izango zen ikatza egiteko erabili ohi zuten etxola, bizilekua, mendi aldean zegoena.

Urtisagasti toponimoa

Arrasateko toponimo honen lekukoek hiru mende iraun zuten, XVI. mendetik XIX. mendera. Aurkitutako lekukoak Arrasateko toponimia liburuan daude, 326. eta 327. orrialdeetan:

Toponimoak aldaera ugari izan zituen, hasierako Hurtisagasti (1565) laster aldatu zen, Ortu sagasti (1611), Urtusagasti (1649), Ortiz sagasti (1847)... Hala ere, Urtisagasti berandu arte agertzen da, aldaera honen azken lekukoa 1790. urtekoa delako.
Toponimoak bi elementu ditu, Urti antroponimoa, Orti hedatuagoaren aldaera eta sagasti izen arrunta, egun ere ezaguna. Orti izenaren jatorria latineko Fortunius antroponimoan dago eta Urti aldaera, ziurrenik, bokal asimilazioaren eraginez sortuko zen, o-i > u-i. Urti aldaerak lekuko gutxi utzi ditu, baina ematen du erabilera eremua sartaldekoa zela. Beraz, bat egiten dute Urti aldaeraren eremua eta toponimoaren kokapena.

viernes, 18 de febrero de 2022

Okaranduia toponimoa

 Okaranduia toponimoa, egun, Arabako bi herritan dago, biak aurkintzak izendatzeko, Bernedon eta Gasteizen.
XVIII. mendeko toponimoaren lekukoak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

OCARANDUYA, términos labrantíos: 1715, de Ullíbarri de los Olleros. 1775, de Arlucea.
Azkenik, lekuko zaharrena, Erdi Arokoa, Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan dago, E08 izeneko agirian, 1462. urtean:
Otrossi, por quanto en el termino que dizen Ocaranduya la pieça que se tiene a la agua, que es propia del dicho conçejo e vezinos de Çuaçu...
Toponimoan hitz zahar bat genuke, *okarandui, eta artikulua. Hitz hori eratorria da, oinarrian okaran eta -dui atzizkiaz osatua. Atzizki hori -di atzizkiaren aldaera da eta euskararen bazter eremuetan izan ohi da, Araban, adibidez.
Toponimo hau litzateke okaran izenaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena Landucciren hiztegikoa da, 1562. urtekoa. Beraz, mende bat aurreratuko litzateke hitz honen lekukotza, eta gainera okarandui hitz eratorria ere badago.

Maestruzubi toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Arokoa, Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan dago, B02 izeneko agirian, 1410. urtean:

E pusieron cabo la dicha puente un mojon fasta la puente de Loyate, que le dizen Maestruçubi, fasta el mojon que hende pusieron.
Toponimoak ez du zalantzarik ematen, lekuko bakarra bada ere, argia ere bada: bi elementu ditu, azkena zubi da eta hasierakoa maistru izena, aldaera ugari dituena:
1. (V-ger-ple-gip, AN, L-sar, B, Ae, R; Arch VocGr ), maistro (V-gip, Ae), maistre (H), maixtru (V-ger), maixtre (H), maestru, maestro (H), maiestru, maiestro, majistru, mestru (G-nav). Ref.: A; EI 99; Elexp Berg (maistro).
Maestro. v. maisu.
Jangoikoaren apostru maestru jaun. (Oración popular navarra, s. XIV). TAV 2.2.15
[...]
Ikus daitekeenez, lehenengo lekukoa XIV. mendekoa da, beraz, toponimoa baino lehenagokoa, eta aldaera bera dago, maestru. Horixe erabiliko zuten Arabako inguru horretan duela milurte t'erdi. Eta, nahiz eta lehena ez izan, maistru hitzaren lehenengo lekukoen artean dago.

miércoles, 16 de febrero de 2022

Kararrieta toponimoa

Kararrieta da Oria ibaiaren erreka bat. Toponimoa, beraz, Gipuzkoan dago. Lekuko zaharrik ez dagoen arren, izena nahiko gardena da, aldaketarik gertatu ez bada, behintzat.
Toponimoak bi elementu lituzke, kare-harri hitz elkartua eta, bukaera aldean, -eta atzizkia.
Kare-harri hitzaren erabilera eremua hegoaldekoa da, Orotariko Euskal Hiztegiaren datuetan oinarrituta:

KARE-HARRI (V, G, AN-gip; karearri H; kara-harri V-gip; kararri G-goi; Lar, H). Ref.: A; AEF 1927, 42; J. Etxeberria EEs 1931, 38; Iz UrrAnz (káraarrixa); Etxba Eib; Ond Bac; Elexp Berg. Piedra caliza. "Lastur aldia, dana karearrixa da" Elexp Berg. v. KAREZKO HARRI, karaitz.
Urnietan ere badute kara-arri bikañenekotik. Izt C 52. Zeña atera ta landu egiten dan kare arria baino errazago. Ib. 59 (v. tbn. 53 y 66 kare-arri). Hernaniko mugape guztia da karearri piñakin ondo janzia. Ib. 52. Lur guztiak berenez / badute bustiña / kararriaren autsa / eta ondar fiña. It Jolas 113. Zamatzen dute barru guztia kare arriz. Ag G 22. Kare-arria duten mendietako uren antzekoa. Goñi 67. Askotariko kare-arriak dagoz. GJaur Kimia 153. Urbia, Aizkorri ta oietan [...] kare-arria baizik ezta ikusten. Vill (in And AUzta 29). Kare-arriko Euskal-/ leien sari aundi. Gand Elorri 59. Kare-arrizko mendiak. Ib. 38 (v. tbn. 54).
v. tbn. EEs 1915, 89. Etxde Egan 1961 (1-3), 82. Ibiñ Virgil 73. Insausti 32.

Kararrieta toponimoan kararri aldaera agertzen da, hau ere testuetan ezaguna.

Ipurtieta toponimoa

 Ipurtieta da Deba ibaiaren erreka bat. Lekuko zaharrik ez dagoen arren, izena nahiko gardena da, baina aldaketa baten beharra bada, asimilazio bat.
Toponimoak bi elementu lituzke, ipurdi izena lehenengoa eta, bukaerakoa, -eta atzizkia. Ipurdi ez da ohikoa toponimian baina aleren bat bada, agian sakonunea adierazteko, Eperdia toponimoa bezala, blog honetan aztertua.
Lehenago adierazi bezala, aldaketa bat gertatuko zen, herskari asimilazio bat. Toponimoa hasieran *Ipurdieta izango zen, baina asimilazoa gertatu eta herskari guztiak ahoskabe geratu ziren: p-d-t > p-t-t.

lunes, 14 de febrero de 2022

Maloerreka toponimoa

 Maloerreka da Andoaingo erreka baten izena. Toponimaren lekuko zaharrik ez badago ere, izena nahiko gardena da, aldaketa ezezagunik gertatu ezbazaio. Bi elementu ditu, Malo antroponimikoa eta erreka, izen arrunta. Maloren erabilera antroponimikoaz P. Salaberrik bi lekuko ematen ditu bere Euskal deiturategia. Patronimia liburuan:

Malo (cf. Garcia Ioroz Malo, 1136-1150, Art., 91; Sancha Maloa Aqueza, Artaxoa, 1330, LPN, 294. or.).
Malo, lekuko gutxitan agertu bada ere, behin baino gehiagotan aurkitu daiteke bere aztarrena toponimian, horrela, badago blog honetan aztertutako Malotegi toponimoa, Donostiakoa. Beharbada eremu horretan izengoiti horrek izan zuen hedapen handiena.

Lopesantxesobia toponimoa

 Arrasateko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XV. mendekoa, Arrasateko toponimia liburutik jasoa, 234. or.:


 Toponimoak hiru elementu ditu, azkena hobia da, hitz ezaguna eta toponimian ezaguna dena. Arrasaten bertan Jaunperobia toponimoa dago, oinarrian antroponimo bat duena. Aztergai den toponimoan hasierako zatian antroponimo bat dago, Lope, eta patronimiko bat, Santxes, Santxo izenetik sortua.

sábado, 12 de febrero de 2022

Eperdia toponimoa

 Ziortza inguruko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XV. mendekoa, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuan dago, 12. agirian, 1398. urtean:

El qual dicho monte há por linderos de una parte el camino que vá de Mendiola de Pagaorbe, é por la otra parte el camino que vá del monte de Uriona por Urquizalarra arriba al camino de Axcana é dende por el camino arriba otra vez a la peña de Pagaorbe, é por dende yuso el monte de Othaola, que llaman "Eperdia".
Toponimoak ez du zailtasunik, jakinik eperdi dela ipurdi ezagunaren aldaera, Orotariko Euskal Hiztegian adierazten duten bezala:
ipurdi.
tradizioa
Tr. Documentado en todos los dialectos menos en suletino y roncalés. En textos vizcaínos la forma casi gral. es eperdi. Hay ipirdi en Lazarraga y RS, y epurdi en algunos guipuzcoanos (Iturriaga, Udarregi, Orixe).
Toponimoaren interpretazioa zuzena bada, hauxe litzateke ipurdi izenaren lehenengo lekukoa, OEHkoa Landucci delako, 1562. urtekoa. Beraz, 164 urtez aurreratuko litzateke. Gainera, eperdi aldaeraren lehenengo lekukoa Larramendiren hiztegikoa da, 1745. urtekoa eta orduan aurrerapena 347 urtekoa litzateke.

Uratsondo toponimoa

 Uratsondo da Arrasateko baso baten izena. Lekukotza oso urrikoa du, egungoaz gain beste bi lekuko baino ez zaizkio ezagutzen, Arrasateko toponimia liburutik jasoak, 99. or:

Lekuko zaharrenaren bitartez jakin dezakegu hasieran iturri batzuen izena zela eta horrela bat egiten zuten izena eta izana. Toponimoaren egitura gardena da, urats izen elkatua eta ondo. Hitz hori lehenago agertu izan da blog honetan, Uratsa toponimoan, hain zuzen. Sarrera horretan urats izenari buruzko informazio gehiago.

miércoles, 9 de febrero de 2022

Obikorta toponimoa

Galdakaoko toponimo zahar honen lekuko bakarra ezagutzen da, XVII. mende hasierakoa, Relación toponímica general de Galdácano lanean dagoena:

Obicorta: 1607, agurbide entre Altamira y Elejalde.
Toponimoak bi hitz ezagun ditu, lehenengo aldiz begiratua, hobi eta korta, biak hitz ezagunak. Beharbada hala da eta dirudiena bada. Baina hemen beste hurbilpen etimologiko bat aurkeztua izango da, eta bi aldaketaren beharra ere bada. Korta hitza ziurra bada ere, hasierakoa ez da eta proposatuko den bezala, oinarriko elementua antroponimo bat litzateke, Hobeko, Erdi Aroan lekuko gutxi batzuk utzia eta Obekuri bezalako toponimoetan aztarrena utzi duena. Beraz Hobeko + korta > *Hobekokorta > *Obekorta > Obikorta. Bi aldaketa gertatuko ziren, bata haplologia izenekoa da, bi silaba berdintsu direnak batzen direnean bakarra geratzen da. Bestean, bokal disimilazioa gertatuko zen, o-e-o > o-i-o. Beharbada aldaketa hau herri etimologiari dagokio, *Obekorta ilunskoari Obikorta gardena kontrajarriz. Aldaketa bera beste toponimo batean dago, Galdakaokotik ez urrun, Laudioko Obikola toponimoan ere gertatuko zen, gainera, toponimo honetan nabarmenagoa da bokal aldaketa izan zela, "hobiko ola" izan balitz, *Obiola sortuko zelako, ohi den bezala.

lunes, 7 de febrero de 2022

Lukiola toponimoa

 Bizkaiko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuko 11. agirian, 1398. urtean:

Hoc est capitulo. Seles de Volibar hoc est notitia indicitur Alviz, segunda Astheguieta, tercera Luquiola, quarta Arguchiaveitia quinta Elorgorta, sexta Guissaxa, septima Olazabarrutia...
Toponimoak bi elementu ditu, alde horretatik gardena da, luki 'azeri' eta ola. Azkena oso ezaguna den bitartean, bestea ez da batere ezaguna, Bizkaitik kanpo, eta Erdi Aroko lekuko batek luki izenaren data erraz aurrera lezake. Izan ere, Orotariko Euskal Hiztegian bildutako lehenengoa 1596. urtekoa da: Lukiari trankart egiteko goxtu bearko. RS 437. Beraz, ia bi mende lehenagokoa litzateke Bolibar aldeko saroiaren izena.
Bukatzeko, gogoratu behar da luki hitzari emandako etimologiaren arabera, latineko Lucius antroponimotik sortua dela. Alde horretatik begiraturik, toponimoaren oinarrian antroponimoa ere izan zitekeen, baina erabilera horren lekukoak oso zaharrak dira, Lukin toponimoa bezala, Nafarroan, beharbada Erromatar Aroan sortua. Geroko lekuko antroponimiko ziurrik ez da ezagutzen, ezta Erdi Aroan ere. Horregatik, Lukiola toponimoaren oinarrian izen arrunta dagoelako iritzia ia ziurra da.

Marto antroponimoaz, laburpena

 Egun Marto ez da antroponimo ezaguna baina Erdi Aroaren bukaeran Euskal Herrian lekuko batzuk daude, antroponimikoak eta toponimikoak. Egun ere gelditzen dira toponimo batzuk. Antroponimo honekin sortutako toponimoak izan dira aztergai blog honetan, ondoren ordena alfabetikoan:

1. Marto eta Martogana toponimoak, Arrietakoak. Batean antroponimo hutsa, eta bestean gan 'gain' erantsia.

2. Martoena eta Martorena toponimoak, lehenengoa Nabarnizkoa eta Aramaiokoa, bestea, Arrasatekoa. Bietan egitura bera, -ren + -a erantsia.

3. Martogaztañeta toponimoa, Zeanurikoa. Antroponimoaren ondoren gaztain eta, azken lekuan, -eta atzizkia.

4. Martokoa toponimoa, Arrasatekoa. Antroponimoaz gain, -ko atzizkia.

5. Martosagasti toponimoa, Arrasatekoa. Marto antroponimoa eta sagasti izen arrunta.

sábado, 5 de febrero de 2022

Txaparro, Txaparrobaso eta Txaparroena toponimoak

 Gutxienez hiru dira Txaparro hitzaz sortutako toponimoak, Txaparro, Txaparrobaso eta Txaparroena.
Txaparro izeneko iturria dago Arabako Harana herrian. Txaparrobaso izeneko basoa Arrasaten dago, Gipuzkoan. Azkenik, Txaparroena izeneko etxea, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz herrietakoa da, Bizkaian.
Arrasateko toponimia izenburuko liburuan badira herri honetarako bi toponimo, Txaparro 435. orrialdean eta Txaparrobaso 325. orrialdean:


Toponimo hauen oinarrian txaparro hitza dago:
1 txaparro.
I. (Sust).
1. (Sal ap. A).
"Chaparro, mata de encina o roble" A. v. 1 txapar.
2. "(AN-larr), espantajo" A.
3. "(G-to), bola que queda corta a falta de suficiente impulsión. En G-to llaman así a la bola que se sale fuera de la cancha" A.
II. (Adj.).
"(Sal), (hombre) rechoncho" A. v. zaparrote. n Arto-sopea izan da an mai txaparroan erdi-erdian ipini dabena. Erkiag BatB 114.
Lehenengo adiera oso ongi egokituko litzaioke Arrasateko Txaparrobaso toponimoari, baina Azkueren arabera, hitz horren erabil-eremua Zaraitzu aldean izango zen, Arrasateko lurretik urrunsko.
Horrexegatik, eta kontuan izanik toponimo hauen kokapena eta izendatutakoa, egokiagoa litzateke izenondo esanahia, 'gizon lodikote' dena. Izengoiti bihurtuz gero, normala litzateke etxe izenetan eta agertzea. Gainera, erabilera horren Erdi Aroko lekuko zaharrak badira, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan:
3.89. CHAPARRO: Sancho, fijo de Chaparro, (1350, PN-XIV, L. Mon.Est., 339 orr.), (Lagoardia con sus aldeas); Johan Sanchiz Chaparro, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 345 orr.), Leza-n. Txapar hitza euskaraz ‘pertsona tipia’ adierazteko erabiltzen da, -a artikuluarekin txaparra, eta txaparro forma jatorriz -o artikulu gradu hurbilekoa duela sortu zatekeen, gero erdarara ere iragan zela maskulinozko lekua harturik, cfr. honezaz diodana neure liburu En torno a la Toponimia vasca y circumpirenaica, titulupekoan, Bilbao 1986, “Cuestiones de Toponimia circumpirenaica”, §44, 210 orr.
Ziurrenik txaparro hitza eta txapar loturik daude, baina Irigoienen interpretazioaz gain, badago beste bat, -o artikulua izan baino, erdaratik hartutako generoaren atzizkia litzateke, gizonezkoa dela adieraztekoa.

jueves, 3 de febrero de 2022

Lunarrutua toponimoa

 Arabako toponimo hau Erdi Aroko bi lekuko zaharren bitartez ezaguna da, Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuko I02 izeneko agirian agertzen dira aipatutako lekukoak, 1405. urtekoan:

...y dende ai yusso a otro mojon que esta en el dicho Vassovarria, y dende ai yusso a otro mojon que esta so el cerro de Vassovarria, en Lunarrutua, y dende a yuso a un mojon que esta en la pieça que dizen de Garçi Pascoal...
[...]
... y dende al çerro de Gorrazo, y dende adelante por los lugares y mojones suso nombrados fasta el mojon que esta so el çerro de Vassovarria en Lunarrutua, y dende ai yusso por la senda que vienen desde el dicho mojon, ay yusso al arroyo, y dende al dicho mojon que esta en Ossamendi...
Uribarri-Jauregi inguruko toponimo honek bi zatitan bana daiteke, lu- eta narrutu, ahaztu gabe -a artikulua. Narrutu partizipioa larrutu ezagunagoaren sartaldeko aldaera da:
larrutu.
tradizioa
Tr. Más frecuente al Norte. En DFrec hay 3 ejs.
1. (G, AN, L, B, BN, S, R; SP, Ht VocGr, Lar, VocBN, Dv, H), larrotu, narrutu (V-gip; Lar). Ref.: Bon-Ond 157; A; Asp Leiz; Iz ArOñ (nárru); Izeta BHizt; Elexp Berg (narrutu); Gte Erd 32, 304.
Desollar, despellejar; desgarrar(se) la piel.
[...]
2. (AN-gip-5vill, BN-lab; Urt, Dv, H), larrotu (BN-ad-lab). Ref.: A; EI 108 .
Despojar de vegetación; talar. "Amygdalus si rodatur amarescit, arbendolondóa larrutzen baldinbada haunditzen da" Urt II 11. "Abereek larrea, alorra larrutu dute, xoriek mahastia, les bestiaux ont dévoré la lande, le champ, les oiseaux la vigne" H. "(AN-gip), talar un bosque" A.
Ezta [...] uholderik lurra hala larrutzen eta arrobatzen duenik. Ax 423
[...]
Arrasar. "Etsaiak larrutu ditu bazterrak, l'ennemi a ruiné les campagnes" Dv.
Xehakatuak izan ziren, eta moabitarren herriak larrutuak. Lg I 369. Mahomet oinetarik buru harmatua nahi zen, bere ona zuen erresuma larrutzen. Hb Egia 85. . Zerb Gerlan . Eskualde guti ikusi dugu gerlak larrutuagorik orduan ikusi ginuena baino. Zerb Gerlan 51. Sarraskira yo ta iria larrutu zuten. Ol Gen 34, 27 (Urt pillatu, Ur ondatu, Dv xahutu, Ker y BiblE hustu, Bibl lapurtu).
Larruturen lehenego adiera ez da egokia baina bai bigarrena, lur eremu baterako, eta baita ere jarritako azpiadiera, suntsitu aditzaren berdintsua. Ongi ulertzen da bilakaera semantikoa, "larrua kendu" adiera nagusitik. Narrutu aldaera sartaldekoa da eta, beraz, bat dator toponimoaren kokapenarekin.
Azaltzeko geratzen da hasierako zatia lu-, eta ziurrenik lur hitzaren eratorpen aldaera da, lubizi, lubaki bezalako hitzetan dagoen aldaera bera. Bizkaondo toponimoan bilakaera berdina gertatu  zen, baina oinarriko hitza bizkar izango zen: bizkar > bizka- + ondo > Bizkaondo.
Gainera, toponimo honetarako etimologia zuzena bada, larrutu aditzaren lehenengo lekukoa 200 urte baino gehiago aurreratu litzateke, eta narrutu aldaeraren 500 urte baino gehiago.
Laburbilduz, lu- 'lur' + narrutu + -a > Lunarrutua, aldaketa gehiagoren beharrik gabe.

Parraia toponimoa

 Parraia Arrasateko toponimoa da, baserri bat eta baso bat izendatzeko.
Toponimo honek lekuko nahiko zaharrak ditu, XV. mendetik hasita. Arrasateko toponimia liburutik jasoak dira lekuko horiek, zahar eta berriak, 201-202. or.:

 Gainera, toponimo eratorri batzuk daude, Parraiabarrena eta Parraiabide, liburu beraren 202. or.:

Aztertzeko izena, zalantzarik gabe Parraia da eta aldaketa txiki batekin erraz igartzen ahal da bere jatorria. Sartaldeko euskararen ezaugarrien artean bada bat eR > aR bilakaera, hitz zahar batzuetan ikusten dena: barri - berri, txarri - txerri... Parraia toponimoan ere aldaketa bera gertatuko zen eta orduan, atzeranzko urratsa eginez, *Perraia eskuratu genuke. Toponimoak hitz zahar eta galdu bat izango zuen, perra, perraia aldaeran, orduan *parraia bihurtua. Arabako toponimian perraia ez da ezezaguna, Belaskoperraia toponimoan esaterako. Perra hitzari buruko informazio gehiago Otxandaperra toponimoaren sarreran.