martes, 12 de marzo de 2019

Akendibar toponimoa

Akendibar Galdamesko (B) toponimoa da. Bi ikertzaile aritu dira toponimo honen azterketan, A. Irigoien eta Fernando Palacios. Azken honen tesian informazio ugaria bada toponimo honen gainean. Baina lehenago Irigoienen analisia, bere “Las lenguas de los vizcainos: Antroponimia y toponimia medievales” laneko iruzkina:
"51. "Akendibar barrio y peñascos de Galdames", pop. Kandibar con segundo elemento ibar ‘vega, valle’, seguramente aplicado a un antiguo antropónimo".
Fernando Palaciosen tesian iruzkin etimologikoez gain, lekuko zahar batzuk ere badaude, tesiaren izenburua Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana):
"41. Akendibar (Galdames)
«Barrio y peñascos» (Sasía, 1966).
«Entre el vulgo se oye la forma Kandibar» (Sasía, 1966: 90a). En documento de 1489 se nombra a Pedro de Aquendeybar, vecino de Sopuerta (Documentos Castro, 1996: 69). En Iturriza, 2: 596, un escrito con fecha de 29 de abril de 1874 nombra el barrio de Aquendibar.
Irigoyen, «Vizc. Ed. Med.», 1986: 224a ve un segundo elemento ibar «vega, valle», «seguramente aplicado a un antiguo antropónimo».
Antes de conocer el documento del siglo XV pensaba yo que fuera posible que en la primera parte nos halláramos ante aken «garrapata mayor» (Retana, que lo da como voz vizcaína; no aparece en Orotariko, 2), con lo que traduciríamos «vega de las garrapatas», algo que por otra parte no dejaba de resultar desconcertante cuado menos, pero después de conocer la forma Aquendeybar no me quedan dudas acerca del bilingüismo presente en el NL, con el esp. Aquende apocopado y el vasc. ibar, significando “vega de este lado”, con la sintaxis propia del eusquera. Aquende, de aquén de < *accu hinc, sustituyó a la preposición latina citra “en esta parte de, a este lado” (Penny: 221)."
Nahiz eta F. Palaciosek proposatzen duen etimologiarako inolako aldaketaren beharrik ez izan, toponimoa bitxia litzateke, gehiago garai hartarako. Hori dela eta azalpen zailago baten alde egin behar, Irigoienek proposatu zuen bezala. Berak antroponimorik eman ez bazuen ere, badirudi egokiena Lakendi izango zela. Beraz, Lakendi + ibar > *Lakendibar sortuko zen eta gero, herri etimologiaren bitartez, toponimoa aldatu zen hasierako zatia berrinterpretatuz, gaztelaniazko aquende buruan zutela. Gogoratu behar da toponimoa Bizkaiko Enkartazioetan zegoela, eta han erdara bazen aspalditik, hizkuntza muga han zegoelako. Horrela, toponimoa euskaraz sortua izango zen eta gerora, erdararen eraginez aldatua. Fenomeno hori behin baino gehiagotan gertatu da, euskal toponimoak aldatzen zirela erdarak nagusitasuna lortzen zuenean.
Lakendi antroponimoaren jatorria latinean bilatu beharra dago, Placentius izenetik hain zuzen, hala adierazi zuen Mitxelenak, behin baino gehiagotan. Blog honetan bada toponimo bat, Lakindi, Lakendi antroponimotik sortua, inolako elementu gehigarririk gabe.
Hau guztia hipotetikoa da, bi azalpenak posibleak direlako eta soilik lekuko askoz zaharrago batek erantzuna eman zezakeen, baina horrelakorik ez dagoen bitartean, Lakendi + ibar egitura izateko aukera bada. Oztopoak ez liratzeke gaindiezinak.

sábado, 9 de marzo de 2019

Blog berri bat, Onomástica vasca

Duela gutxi beste blog bat hasi dut, Onomástica vasca izenburua duena, blog honetako mezuak gaztelaniara itzuliak.

Andre antroponimoaz, laburpena

Azken aste hauetan Andre antroponimokoaz aritu gara eta mezu honetan laburpena izango da, ez dira dauden guztiak, baina daudenak badira.
Bi multzo nagusi egin ditzakegu, Andre eta atzizki edo izenlagun batekin agertzen diren antroponimoak eta Andre eta beste antroponimo bat elkarturik diren antroponimoak. Lehenengo multzokoak dira Andrekina izenarekin sortutako Andrakina toponimoa. On izenlagunarekin sortutako Andraon edo Andreon hainbat toponimotan agertzen da: Andraonaena, Andreonaga eta Androndegi toponimoetan. Bestelakoa litzateke Andraso antroponimoa, -so atzizkiaz osatutakoa baita. Eta multzo honen azkena, Txandre antroponimoa, hipokoristikoa egiteko hasieran tx- ezarria.
Azken multzokoak dira, Andre + PI egitura dutenak. Lehenengoa Andran(t)sa litzateke, Antsa antroponimoa elkartua: Andransakorta, Andransamendi eta Andransolo toponimoetan. Auria-rekin Andrauriakorta toponimoa. Bita izenarekin Andrenita ustezko antroponimoa aztertu genuen *Andrebitalarraina toponimoa utzi ziguna. Andra(g)ota antroponimoarekin, bigarren elementua Gota, Andraotoleta toponimoa. Legundia izenarekin Andrelendia antroponimoa aztertu genuen. Lopa izenarekin, Andralopa toponimoa. Mantzia-rekin Andremaintza toponimoa. Milia izenarekin,
Andramiliamadura toponimoa. Nafarra izenarekin, Andranafarrasagasti toponimoa. Oneka izenarekin, Androneka toponimoa. Eta, azkenik, Zuri-rekin, Andrazuri toponimoa.
Bestelakoak dira Andramortu toponimoa, ondoan mortu izena duena, elementu ez ohikoa toponimoetan, eta bukatzeko, Aundiara toponimoa, anderauren izen eratorriarekin sorturiko toponimoa.

martes, 5 de marzo de 2019

Aundiara toponimoa

Aundiara, Baztango toponimoa da. Hiru lekukoren bitartez ezaguna da, zaharrena, 1726. urtekoa Anderauena. Ondoren, 1884. urtekoa da Aineira. Azkenik, Aundiera, 1994. urtekoa.
Analisi etimologikorako egokiena, ohi bezala, zaharrena litzateke, Anderauena. Oinarrian, antza, anderauren izena izango genuke, eta bukaera aldean, -(r)en + -a, ohikoa etxe izenetan, jabegoa adierazteko.
Anderauren izenaren bi esanahiak, OEHaren arabera: "1. Joven dama; dama, señora (principal).
2. Camarera, doncella".
Nahiz eta antroponimoa ez izan, anderauren hitz zaharra andre izenaren eratorria bada, andera- 'and(e)re' + guren.
Toponimoari dagokionez, anderauren + -(r)en + -a > *Anderaurenena > Anderauena bilakaera haplologiaren ondorioa da, silaba berdinak edo oso antzekoak batuak gertatzen direlako.

Txandre antroponimoa

Oiartzungo testu zaharren artean badira Txandre izeneko emakume alargun baten aipuak. Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuaren 1. agirian, 1499. urtean agertzen dira lekukoak, beti Chandre idatzia, 130. or. bi aldiz, 140. eta 141. or. behin.
Antroponimo hau hipokoristikoa izango zen, eta txikitasuna erakusteko baliabideen artean bada /tx/ fonema erabiltzea. Horrela, blog honetan aztertutako *Txendoa izena, Txendoa eta Txendonea toponimoak azaltzeko erabilia, sendo hitzetik sortua: sendo > *txendo > *Txendo.
Txandre izenean ez dago s- > tx- bilakaerarik, hipokoristikoa egiteko hutsetik ezarri ziotelako tx- hasiera, *Txalaman antroponimoari bezala, oinarria Alaman antroponimoa zelako. Txalamanenea toponimoaren sortzailea izateagatik sortua, beste inon agertzen ez delako.
Beraz, oinarria Andre izango zen, eta afrikatuz jarri ondoren Txandre sortu zen, Erdi Aroaren bukaeran Oiartzunen bizi izan zen hipokoristikoa.

domingo, 3 de marzo de 2019

Androndegi toponimoa

Azkoitiko baserrien artean bazen Androndegi izenekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aipatua, Etxaosta mendi ballarako baserrien artean.
Lekuko zaharrik gabekoa, baina egitura nahiko gardena du, Andraon + -tegi. Ugariak dira -tegi duten toponimoak eta ez dira gutxi oinarrian antroponimo bat dutenak. Oraingoan Andraon izango litzateke, hainbat toponimoren sortzailea, adibidez, hemen aztertutako Andraonaena toponimoa bezala.
Bi aldaketa fonetiko gertatu dira, batetik ao > o bokal fusioa da, eta bestea t > d horzkariaren ahostuntzea, aurrean sudurkari bat zuelako. Ez du askoz gehiago erakusteko, baina bada Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago.

Andranafarrasagasti toponimoa

Toponimo hau hiru lekukoren bitartez ezaguna da. Lekuko horiek bi liburutan agertzen dira, Erdi Aroko agiriak biltzen dituztenak. Lehenengoa Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburua da eta han dagoen lekukoa Juan Sanches de Andranafarrasagasti, 94. agiria, 1402. urtekoa da. Beste liburua da Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520), honetan bi lekuko daude: Miguell de Andranafarrasagasti eta Pedro de Andranafarrasagasti, 43. agirian, 1516. urtean.
Andranafarrasagasti toponimoa Idiazabalgoa izango zen, hangoak direlako aipatzen diren hiru gizonak. Dirudienez ez dago lekuko gehiagorik eta, beraz, ez da gure egunetara heldu.
Analisia egiteko ohiko banaketa egin eta andra-nafarra-sagasti eskuratuko genuke, ziurrenik *Andranafarra antroponimoa eta sagasti izena. Azken hau ezaguna da euskal toponimia eta baita egungo hizkeran ere, baina antroponimoa, antza, ez da bildu orain arte. Nafarra gentilizioa izan daiteke, Nafarroakoa, baina antroponimoa ere izan zen, beste etnonimo asko bezala. Horrela, Libro Padrón de la Hacendera Raíz de la villa de Lequeitio (1510-1556), 1510-1566. urteen arteko Lekeitioko testu luze bat biltzen duen horretan, Nafarra de Amezketa izeneko emakumea agertzen da hiru aldiz: Nafarra de Amezqueta; Nafarra de Amezquetta, biuda eta Nafarra de Amezqueta, hija de Martin de Amezqueta. Eta beste batean Nafarra izeneko beste emakume bat ere aipaturik dago: "Yten, la meytad de las casas de Çareca que obo por la legitima de Nafarra, su muger". Beraz, argi geratzen da Erdi Aroaren bukaeran bazela Nafarra emakume izena.
Blog honetako beste antroponimo batzuk bezala, Andramilia, Andralopa, edo Andra(g)ota, izen elkartua zen, lehenengo elementua Andre litzateke (edo Andra, sartaldeko euskaraz) eta bigarrena antroponimo bat. Kasu honetan nafar etnonimoan oinarritutakoa.