viernes, 28 de junio de 2024

Ugarketa toponimoa

 Ugarketa da Gabiriako baserria, Gipuzkoan. Lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Ugarqueta (1857). Askotan Uarketa aldaera agertzen da eta oso gutxitan osoagoa den Ugarketa. Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -eta atzizkia eta oinarrian uharka izena, hau elkartua, u(h)- 'ur' eta arka. Uarkalde eta Uarkape toponimoetan hitz elkartu bera dago. Nabarmentzekoa da hasperen zaharra galdu zenean belare ahostun batek ordezkatu zuela, bilakaera hau oso ohikoa da, Ugalde, Ugarte toponimoek erakusten duten bezala. Hala ere, ez zen beti horrela gertatu goian aipatutako uharka hitzaz sortutako bi toponimoek agerrarazten dutenez.

Ostaribekoa eta Ostarigoikoa toponimoak

  Ostaribekoa eta Ostarigoikoa dira Ataungo bi toponimo. Lekuko zaharrik ez dago eta, beraz, bilketa dataren garaikideak dira, XX. mendekoak. Toponimoen sarreran azaltzen dira bi toponimoak, Ostari beekoa: (= el hojeral de yuso o del término inferior) eta Ostari goikoa: (= el hojeral del término superior). Interesgarriena da oinarrietako hiza, bertan ere azaldua:

Ostari u hojeral según Domingo de Iturriotz se ha solido llamar al ceperal en el después del corte de árboles han brotado de sus raíces abundantes retoños o plantas cuya hoja se utiliza para manutención del ganado. También llaman al bosque de árboles mochos que se utilizan para dar su hoja al ganado.
Hitza ere aurki daiteke Orotariko Euskal Hiztegian, hostadi aldaeran:
hostadi.
(o- Lar, H (V, G)), ostodi (H), ostradui (V-gip ap. Iz ArOñ).
"Frondosidad" Lar. "Amas, grande abondance de feuilles d'arbre" H. "Emen dao ostraduixa, follaje" Iz ArOñ.
Hitzaren azterketa erraza da, oinarrian hosto izena, hosta- eratorpen aldaeran eta ondoren -di atzizkia, oso arrunta toponimian eta landareen multzoak, izendatzeko, harizti, lizardi... Ataungo toponimoetan ostari aldaera erabili zuten, bokalarteko d > r bilakaera eginez.

miércoles, 26 de junio de 2024

Oroldiozelaieta toponimoa

 Oroldiozelaieta zen Ataungo toponimo bat. Lekuko zaharrena Erdi Arokoa da, sel de Oroldio çelaya (1404). Hurrengo mendean toponimo apur bat aldatu zen, Oroldyo çelayeta (1523), llano de Goroldio zelayrata (1655) eta sel de Bedamburu zabal Beisaroy por otro nombre Goroldio Celayeta (1721). Toponimoaren aldaerak gora behera, dauden elementuak nahiko argiak dira, bukaeran -eta atzizkia, zelai izen arrunta, baina oinarrikoa interesgarriena da, gehienetan oroldio bezala agertzen da eta azken lekukoan goroldio aldaera. Azken hau da orokortu dena baina lekuko zaharrenetan oso arrunta zen bokalez hasten zen aldaera, lekuko zaharrena bezala, "Remediaban los agujeros de dicha parte con ariesta y oroldios" (1542), euskal testuetakoa 1596. urtean argitaratutako Refranes y sentencias liburukoa litzateke:

Arri ebiloiak oroldirik ez. RS 5
Ataungo toponimoaren lekukoak mende bat baino gehiago aurreratuko luke hitz honen agerpen zaharrena, XV. menderaino eramanez.

Semerola toponimoa

 Semerola da Aiako baserri baten izena. Toponimoaren lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Semerola (1857). Azken hamarkadetako ahozko aldaera Semeola da, bokalarteko /r/ galdu dela. Hau fenomeno arrunta da, batez ere ahozko hizketan, beharbada aldaketa hau erraztu da herri etimologiagatik, horrela, dauden bi elementuak oso argiak dira, seme eta ola 'etxola; burdinola', oso arrunta toponimian.
Lekuko zaharrenetan Semerola denez, hau da hobesteko aldaera eta hortik abiatu behar da analisi etimologikoa. Toponimoak bi elementu izan ditzake, azkena ola, baina oinarrikoa ez litzateke seme izen arrunta izango, nahiz eta lotura izan. Erdi Aroan izan zen antroponimo bat, Semero, lekukotza zaharra duena:

semero berascoiz (1000-1100 [1881])
jaun semero de gorriz (1109 [1881])
azari et sanso semeroiz (1111 kop. [1968, 1990])
Antroponimo honen jatorriari dagokionez, bi dira proposatutako jatorriak, Mitxelenaren arabera, Semeno antroponimotik sortua izango zen, bere Fonética histórica vasca tesian azaldu zuen bezala:
[...]
En arima 'alma', de anima, acaso por intermedio de *alima, hay disimilación de nasalidad, como en med. Semero, patr. S[e]meroyz, frecuente en Navarra, de Semeno, Semeno(n)is
[...]
Irigoenen arabera, -ro atzizkia erabiliz sortua izango zen, De re philologica linguae vasconicae IV, 228. or. (5. oin oharra):
[...]
Aioro formak Aio pertsona-izena duke oinarrian, geroago -ro berrekailua itsatsi zaiola, Seme / Xeme euskal jatorrikoak -no eta bere aldagarriak dituen bezala, eta femeninorako -na, eta inoiz -ro ere bai, Semero eginik, eta femeninorako Semera
[...]

lunes, 24 de junio de 2024

Erremiritegi toponimoa

 Dirudienez, Erremiritegi toponimoa izan zen aspaldian Oñati inguruan. Bi lekuko zahar ezagutzen zaizkio, Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuan daude, 34. agirian, 1489. urtean:

Catalina de Herremiritegui, syete maravedis.
[...]
Churdin de Herremiritegui, syete maravedis.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -tegi atzizkia eta oinarrian *Erremiri antroponimoa. Dirudienez, Remiri zaharraren euskararen egokitzapena jaso du, eta dardarkari hasiera zuenez, protesi bokalikoa erantsi diote, ohi den bezala, *Erremiri sortuz. Antroponimo honetaz informazioa dago Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan, 248. or.:

Paskasionea toponimoa

Paskasionea da Errenteriako aurkinza bat. Toponimoaren lekuko zaharrik ez da jaso, baina badago bere ahozko aldaera, Paskasiona. Etxe izen askotan ohikoa da -(r)en + -a bukaeran izatea, ez hainbeste bestelako lekuetan, beraz, gerta liteke leku horretan etxe bat izatea edo etxola bat, beharbada lekuak etxearen izena jaso zuen eta gero etxea desagertu zen, baina hau uste bat baino ez da. Argia da bukaerako elementuak aipatutakoak direla eta aurrean antroponimo bat dago, Paskasio. Egun ez da batere ezaguna baina nabarmena da lehenagoko egoera ezberdina zela. Beste ponte izen asko bezala, elizaren eraginez hedatu eta erabili zen Europan eta lurralde honetara ere heldu zen latin jatorrizko antroponimo hau.
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Paskasioren lekukoak XVII. mendearen hasieratik daude:

Hurrengo mendeetan ugariak dira Paskasioren lekukoak baina izen elkartu bezala, gehienetan Pedro Paskasio erabiliz, baina ez hori bakarrik:
Paskasio antroponimo ezaguna Erdi Aroan erabilia izan da eta XIII. mendeko lekuko bat dago Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan, 168. or.:

viernes, 21 de junio de 2024

Gurbiola toponimoa

 Gurbiola da Markina-Xemeingo baserri bat, Gurbiolaerreka toponimo eratorri dago, herri berean. Izendegi Geografiko Ofizialeko lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Gurbióla (Amallóa) (1860).
Toponimoak bi elementu izan ditzake, gurbi izena, gurbitz hedatuagoaren aldaera eta ola 'etxola; burdinola', oso ohikoa toponimian. Baina gurbi oso erabilera urrikoa da eta herri berean Gurbiztigana toponimoa dago, gurbitz aldaera hedatuagoa erabiliz. Beraz, gerta liteke toponimoan gurbi hitza ez izatea eta badago beste bat, hobeto egoki dakiokeena, *burgi 'herri haserritua' izan zena aspaldian eta toponimo batzuetan aurkitzen da, dela *burgi aldaeran, dela *murgi aldaeran. Hala izan bazen, aldaketa bat gertatu zen, herskarien metatesi bat, b-g > g-b. Aldaketa bera aztertutako beste bi toponimotan gerta zitekeen, hemen aurkeztutako Gurbindo eta Gurbizar toponimoetan. Markina-Xemeingo toponimoan, beharbada, aldaketa erraztuko zen aipatutako Gurbiztiganaren eraginez, behin *burgi hitzaren ezagutza galdu ondoren, baina hori ere ez zen beharrezkoa aldaketa gertatzeko.

Goiru toponimoa

 Goiru da Arrasateko bi toponimoren oinarria, Goiruazpi eta Goirugain, lehenengoa desagertua. Toponimoen lekuko ugari daude Arrasateko toponimia liburuan, 383. or.:



Lekuko zaharrena XV. mendekoa da, Goyri, gerokoetan, gehienetan, Goiru agertzen da. Bilakaera urrats bakarrekoa da, Goiri > Goiru. Bokal disimilazio bat gertatu da, i-i > i-u, Jandustegi toponimoan bezala. Goiri zaharra bi elementuz osaturik izan daiteke, goi eta -iri 'hurbil'. Azken elementuak badu homofono bat, hiri, baina Arrasaten huri aldaera erabili zen.

miércoles, 19 de junio de 2024

Manrique toponimoa

 Manrique da Gasteizko bi aurkintzaren izena. XX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

MANRIQUE, fuente y término de Crispijana-Zuazo de Vitoria. Término de Corro. Labrantío de Eribe.
Toponimoan antroponimo huts bat dago, Manrique, germaniar jatorrikoa. Euskal lurraldean ez du erabilera handirik, toponimoek erakusten duten arabera. Antroponimoaz azalpen bat dago J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval tesian, 438-439. or.:

Erdi Aroaren ondorengo lekukoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta guztira bi pertsona izen bildu dira:

Aipagarria da biak emakumeak direla eta ez gaztelaniaz erabili den bezala, gizonak. Dena den, oso lekuko gutxi dira eta horrek erakusten du euskal lurraldeetan erabilera urrikoa izan zela.

Aizarotz toponimoa

 Aizarotz da Basaburuko toki bat, Nafarroan. Lekuko zaharrenak XIII. mende bukaerakoak dira eta geroztik behin eta berriz agertu izan da testuetan. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Aizarotz toponimoaren lekukoak, zaharrak eta berriak, agertzen dira:

aiçaraz (1280)
aiçaroz (1280)
ayçaroz (1350)
Lekuko askoz gehiago daude baina ez dute toponimoaren ahoskeran ezberdintasunik adierazten, baten bat kakografia argia da, ayzarrotz (1911-1925) bezala, beste behin agertzen ez dena. Geratzen da lehenengo lekukoa, azken bokal hori ez da berriro agertzen eta berriro, pentsa liteke akatsa baino ez dela.
Toponimo honetaz hainbat ikertzaile arduratu dira, M. Belasko esaterako, bere Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburukoa:
[...]
Probablemente 'lugar propiedad de una persona llamada *Aizar-'. De *Aizar-+-otz, siendo el primer elemento un nombre de persona no identificado y el segundo un sufijo que indica propiedad. Ver en apéndice -oz
Comentario lingüístico: Arturo Campión (29) lo relaciona con vasco (h)aitz 'peña'. Nótese, sin embargo, que se pronuncia aiz-, no aitz-.
[...]
Toponimoa aipatzen duenetako bat P. Salaberri da, bere Origen y significado de la toponimia en Navarra lanean:
Nombres con sufijo acabado en sibilante (...) b) Nombres que presentan el sufijo -(o)tz, -(o)ze. En otro lugar (Salaberri, 2003: 90) nos preguntábamos si la terminación temprana -osse (Nabaskoze) y el sufijo-o(t)z (Imotz, Iraizotz, Uztárroz / Uztarroze) tienen el mismo origen o no. Independientemente de esto, los topónimos que tienen este final se pueden clasificar en varios grupos, dependiendo de la consonante que precede al sufijo. En realidad se puede pensar que en algún caso el sufijo no es -otz sino -rotz (Azpirotz, Galdurotz...), por ejemplo, y en otros que la vocal -o forma parte del tema (Ilurdotz). Son los siguientes: (...) b.2.- Aizarotz, Azpirotz, Esquíroz / Ezkirotz, Ezcároz / Ezkaroze (pero en el s. XI. Se documenta con -l-: Escaloçe, Eschaloçe, Escaloz, Eschaloz), Galdurotz, Irurozki, Lekaroz (cf. Lekaun), Urdirotz, Urotz (cf. Uritz y Urrotz). (...) Decía Mitxelena (1991: 32) que este sufijo era más antiguo que -ain, dado que los radicales a los que acompaña son más oscuros. También opinaba el lingüista guipuzcoano que los topónimos con los finales que estamos examinando aparecen sólo en Navarra y en el Este de Vasconia, y en otro trabajo (1968: 481), y siguiendo la teoría de Rohlfs (1952), afirmaba que los nombres de población en -oze, -otz son del mismo origen sin duda que los aragoneses en -ués y los gascones en -os (-osse), es decir, hay que pensar que también en opinión del lingüista de Errenteria eran de origen antroponímico. Bastantes años antes también Gavel (in Gavel & Lacombe, 1934: 493) era de la opinión de que nombres como --cita su forma francesa «qui d'ordinaire n'est en réalité que la forme gasconne»-- Alos (Aloze), Bardos (Bardotze), Garris (Garruze), Ossas (Ozaze), Tardets (Atharratze)... Etc. Son nombres cuya significación es completamente oscura y que «par suite, on peut supposer très anciens» (ibid.).
Toponimoan, irakur daitekeenez, bi elementu ikusi ohi dira, oinarrian antroponimo zehaztu gabe bat eta bukaeran -o(t)z atzizkia. Hemen ere iritzi bera izango da, baina honetan, antroponimo bat aurkeztuko dugu, Erdi Aroko onomastikan ezaguna dena, Azeari. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian badago honi buruzko azalpen labur bat, Azeari sarreran:
Azeari
Erdi Aroko euskal izena. 1167an egindako Aralarri buruzko agiri ezagun batean Azeari Umea azaltzen da, eta geroztik ohikoa da dokumentazioan. Latineko asinarius-etik dator, Aznar antroponimoa eta azeri (ikus Luki) izen arrunta bezala. Artaxoan (Nafarroa) XII. mendean Azari aldaera agertzen da; Arturo Campionek idatzitako Don García Almoravid eleberriaren pertsonaietako bat ere bada.
Zalantza izan daiteke sortu zenaren garaiari buruz, izan liteke Erromatar Aroan edo, beharbada, beranduago, Erdi Aroan. Edonola ere, aldaketa batzuk jaso ditu, sortu zen garaitik idatziz jaso zenera arte.
Toponimoaren sorrera datak eragina izango zuen gertatutako aldaketetan, gero eta zaharragoa bada, aldaketa gehiago gertatu zaizkio. Erdi Aroan Azeari bezalako zerbait izan zitekeen oinarri, baina lehenago izan balitz, Asinari(us) izango zen. Aldaketa nabarmen bat sudurkariarena da, latin antroponimoan zegoena, baina ez Erdi Aroko antroponimoan ezta Aizarotz toponimoan ere. Aldaketa hau araua da mailegu zaharrenetan. Badira aldaketa gehiagoren beharra, antroponimoaren azken bokala galduko zen, agian /io/ bokal bilkura soiltzeko, *Aizariotz > Aizarotz. Azken aldaketa da lehenengo silabaren bokalekoa, antroponimoan ez zegoen /i/ bat tartekatua delako. Badira bi azalbide, batean bokal metatesi bat gertatu da, *Aziarotz > Aizarotz, eta horrela /ia/ bokal elkarketa desagertuko zen. Beste azalbidea luzeagoa da, tarteko urrats batean lehenengo txistukaria palatalizatu zelako eta ondoren despalatalizatu: *Aziarotz > *Axarotz > Aizarotz. Azken urratsaren adibide bat aitzakia hitza izan daiteke, gaztelaniazko achaque hitzetik mailegatua delako. Fenomeno hau euskal lurraldean eremu batzuetan gertatua da, batez ere sortaldekoetan.
Antroponimoaren aldaera palatalizatua ez da ezezaguna, bada axearico (1366 [1973, 1995]), A. Irigoienen De re philologica linguae vasconicae V, 87. orrialdean, lekukoa emateaz gain, azalpena ere badu:
Axearico, en Orbayceta, forma hipocorística con suf. -ko y palatalización expresiva (1366, PoblNavarra 474)
Antroponimo honen despalatalizazioa Oñatira heldu zen, XIX. mendearen erdialdean bazen etxe bat fenomeno horren ispilua zitekeena, Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuan, 746. or.:
Aisaricóa
Toponimoaren elementuak aski argiak badira ere, hauek batzerakoan gertatuko ziren aldaketak eta horien hurrenkera zehaztea zailagoa da. Antroponimoaren aldaera batzuk badira, Azeari, *Axeari, Azari... Hauetan egokitasun bat edo beste gertatu beharko zen antroponimoa eta atzizkia batu ondoren Aizarotz bezala geratzeko.

lunes, 17 de junio de 2024

Arantzasti toponimoa

 Aranzasti da Gipuzkoako hainbat herritan dagoen toponimoa. Adunan eta Gaztelun aurkintza bat da, Bergaran tontorra, Amezketan Aranzasti zubia dago eta eraikinei dagokienez, Gaztelun etxea da eta Leaburun Aranzasti izeneko baserria dago.
Lekuko zaharrenak XVI. mende erdialdekoak dira, deitura bihurtu zen eta Dokuklik web-gunean lekukoak daude, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta, antza denez, Amezketan deitura izan zen luzaroan:

Toponimoak 500 urte inguru iraun du aldaketarik gabe, ikusi diren ezberdintasunak txistukariei dagozkie, horzkari aurrean gehienetan <s> dago baina batzuetan <z> jarri zuten.
Toponimoaren hasierak arantza izena gogorarazten du, baina aran + -tza hitz elkartua izan daiteke. Bukaeran -di atzizkia izan daiteke, txistukari ondoren egoteagatik horzkaria ahoskabetu dela, baina azken txistukaria azaltzea geratzen da, bestela arantzadi hitza eta toponimoa izango genuke. Txistukari horrek erakutsiko luke etimologia konplexuagoa dela eta hori azaltzeko Okarizti toponimoak argia eman lezake. Azken honetan okaran + -tza + -di izango genuke, lehenengo bi elementuak baterakoan Okarantza sortuko zen eta -di atzizkia eranstean, Okarantzaren azken bokala galdu zen, hiru silaba edo gehiagoko hitzetan gertatzen den bezala, itsasgizon izenean itsas- dugu elkartzeko aldaera, itsaso osoa ez da erabili. Arantzasti toponimoaren egitura arantza + -tza + -di izan daiteke eta elkarketa egitean -tza atzizkiaren azken bokala galdu zen eta horrela toponimoa sortu zen, hasieran Arantzazti izango zen eta gero Arantzasti orokortu zen eta hala finkaturik geratu zen, gaur egunera arte.

Palaeta toponimoa

 Palaeta zen Ataungo hiru toponimoren oinarria, Palaetatxiki, Palaetatxikizearra eta Palaetaundi:

Palaetatxiki
Palaata txiki o Elormendi muño garakoa: (= pequeña Fragadi ola-eta, la fraga). (=el termino superior del altozano del monte espinal). 1796 “cerrar un herbal en la partida de Fraiolata chiquia”.

Palaetatxikizearra
Palaata txiki zearra: (= la ladera de la pequeña Palaeta, la fraga). 1797 “Fraidolata chiqui cearra”.

Palaetaundi
Palaata aundi: (= grande Praga-di-ola-eta, el sitio de la fraga). 1516 se hicieron 200 cargas de carbón “en Fraidolata”. 1568 “montes de Fraydolaeta”. 1764, monte hayal desde “la regata de Oñaga arte a Fraidolata andia como corta dha regata”.
Dirudienez, Palaeta berriagoa Praga-di-ola-eta zaharragotik eratorri zuen, hasierako elementua fraga gaztelaniazko izenarekin berdinduz. Lekuko zaharrek bestelakoa erakusten dute, Fraydolaeta (1568), Fraidolata (1764), bezalakoek eta emaniko etimologia aldarazten dute. XVI. mendeko lekukoan toponimoa azaldu zen ia aldatu gabe, fraide + ola + -eta izango zelako.

viernes, 14 de junio de 2024

Trikuegi toponimoa

 Trikuegi da Ataungo toponimo bat, informazio guztia Euskaltzaindiaren Ataungo toponimia saileko sarreratik eskuratu da:

Trikuegi
Trikuegi: (= loma de Triku). 1744, terreno “llamado Tricuegui que es en la montaña llamada Sarasamendia”. 1792 declaran testigos que hubo sel “en Tricuegui”.

Trikuegiko iturria
Trikuegiko iturrie: (= la fuente de la loma de Triku). Agua sulfurosa y buena.

Trikuegiko mailoa
Trikuegiko malloa: (= la peña de Trikuegi). En dicho sitio hay cantera de piedra arenisca.

Trikuegiko muntegia
Trikuegiko muntegie: (= el vivero de Trikuegi). Fue plantado por la Casa de Lazkano hacia el año 1845.
Toponimoak bi elementu lituzke, triku izena eta hegi. Triku eta trikuharri hitzen sarreran Ataungo agiri zahar batzuetako triku izengoitia eta Trikuarria toponimoak aztertuak izan ziren. Hori kontuan harturik, gerta liteke Trikuegi toponimoan animalia izena izatea edo norbaiten izengoiti bat.

Garaur toponimoa

 Garaur da Aulestiko auzo bat, toponimo eratorri bat du, Garauredikoa baserria, lekuko zaharretan Garaur erdikoa. XVIII. mendeko lekuko gutxi batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Garaur [N, TO]
Garaur_Barrenengoa (la casa de) [Solaguren (cofradia de)], Murelaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Garaur_Erdicoa (la casa de) [Solaguren (cofradia de)], Murelaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Garaur_Goenengoa (la casa de) [Solaguren (cofradia de)], Murelaga, a.1796, FogVizcayaMs.

Garbe eta Garbea toponimoen sarreran gain > gar- bilakaera aurkeztu genuen eta Garaur toponimorako ere egokia izan daiteke: gar- 'gain' + aur > Garaur. Azalpen hau ongi egokituko litzaioke toponimoari, kilometro batera Illuntzar tontorra dagelako, 727 metro duela.
Garbe toponimoak ez bezala, Garaur izenak beste azalbide bat izan zezakeen, garai + aur > *Garaiaur > Garaur. Bilakaera hori ezaguna da, Ibaeta toponimoan bezala.

miércoles, 12 de junio de 2024

Zabaldo toponimoa

 Zabaldo da Gipuzkoako toponimoa, probintziaren lau herritan dagoena. Aia herrian ordokia da, Bergarako herrian Zabaldo baserria dago. Bi toponimo eratorri ere badira, Zabaldoaldea aurkintza Azkoitian eta Zabaldoerreketa basoa eta erreka Antzuolan.
Bergarako toponimoaren XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ZABALDO (2 viv.) (prop.) San Prudenzio auzoa
Herri bereko beste lekuko bat dago, zaharragoa, XVIII. mendeko Gipuzkoa en el siglo XVIII a la luz de la obra de Tomás López izeneko lanean, 277v.:
La Villa [Bergara] está en un Valle que se abre algun tanto hacia el Mediodia, y tambien hacia el Nordueste, situada entre altas montañas; la que tiene al Oriente se llama Zavaldo, que empieza á elevarse desde la misma Poblacion...
Zabaldo izen zaharra bada, bi bide dago azterketa egiteko, lehenagoko izen bat aldatu zen eta Zabaldo sortu zen edo, toponimoaren sorreratik Zabaldo izena izan da. Azken aukera landuko dugu sarrera honetan. Hala bada, toponimoak bi elementu lituzke, zabal izenondoa eta bukaeran -do atzizkia. Kontuan izanik aurrean albokoa dagoela, -to ere izan zitekeen, baina ezin ziurtasunik izan, bi atzizkiak ezagunak direlako baina egun lehena hila da eta bestea ez da ohikoa. Gorordo toponimoan -do atzizkia dago eta beharbada, Zabaldo toponimoan dagoen atzizki bera izan daiteke. Edonoloa ere, gerta liteke hipokoristiko bat izatea, pertsona batek zuena eta jasotako izen hori lurrari ematea, azken batean hori gertatzen da antroponimoetatik sortutako toponimoekin. Batzuetan antroponimoaz gain beste elementuren bat dago, Pertsebelerreka eta Urtsulategi toponimoetan bezala edo, besterik gabe, antroponimo huts bat dago, Matxiku eta Munita toponimoetan bezala. Hau ere gerta liteke Bergarako toponimoarekin edo, beharbada, lur eremu horrek izen hori jaso zuen zabala zelako. Hau izan bazen, lurrak berak jasoko zuen izen hori zuzenean. Zabaloenea eta Zabalonea toponimoak oso antzekoak dira baina kasu hauetan badakigu Zabalo izengoitia izan zela, lekuko idatziak daudelako. Zabaldo, aldiz, ez da beste inongo lekutan ageri.

Trintxinea toponimoa

Trintxinea da Behaskane-Laphizketako etxe bat, Nafarroa Beherean. Toponimoaren lekukotza oso goiz hasten da, XIV. mendean, baina hurrengoa XIX. mendekoa da:

trinchay (1350 [2000])
trinchin (1826)
trinchinia (1970)
Ahozko aldaera azken lekukoaren berdintsua da:
trintxinia (2005) [IP.TOP.IKER]
trintxineko (2005) [IP.TOP.IKER]
Lehenengo lekukoa besteetatik urruntzen da bukaeratik, ez dauka sudurkaririk. Kontuan izanik azken lekukoak, toponimoa *Trintxain izan liteke eta lekuko zaharrenean bukaerako sudurkaria jarri gabe geratu zen. Beste bilakaerak dira, batetik ai > i diptongoaren soiltzea eta, azkenik, toponimoak -e paragogiko bat jaso zuen, sortaldeko toponimo asko bezala (cf. Parise, Paris + -(e)n > Parisen > Parise + -(e)n). Azkenik, bukaeran -a artikulua ere gehitu zaio. Toponimoak, beraz, bilakaera luzea izan du: *Trinxain > *Trinxaine + -a > *Trinxainia > Trinxinia.
*Trinxain zaharrena azaltzeko, bukaerak salatzen du -ain atzizkia bazela eta hala bazen, oinarrian antroponimo bat izan zitekeen, beharbada Terentius latina eta hori kontuan izanik *Terentiani moduko izen bat izango zen jatorrian. Bilakaera honetan ere zenbait aldaketa gertatu dira; hasteko, sinkopa izan da lehenengo bi silabetan, eta -e- > -i- bokal igoera izan da, beharbada hurrengo silabakoaren asimilazioaz (cf. Derandain toponimoaren ahozko aldaera, Diandin). Gainera -tia- > -xa- palatalizazioa dago, latin jatorriko toponimo zaharretan ugari den bilakaera, cf. Lutxana (Bizkaia).
Trintxinea toponimorako proposatutako etimologia zuzena balitz, Nafarroako Gerendiain toponimoa jatorri berekoa izango litzateke eta oso nabari da biak oso ezberdinak direla, Nafarroa Behereko toponimoaren bilakaera bestea baino askoz luzeagoa izan delako.

lunes, 10 de junio de 2024

Erenuzketa toponimoa

 Erenuzketa da Arrasateko baserri baten izena. Toponimo eratorri bat du, Erenuzketaldekoa, hau ere baserria. Toponimoaren lekuko ugariak eta batzuk oso zaharrak daude Arrasateko toponimia liburuan, 185. eta 186. orrialdeetan:

Toponimoa XIV. mendetik ezaguna da, egungo izen bera duela. Gero aldaera batzuk agertzen dira, batzuetan txistukariari dagokionak, baina funtsean, toponimoa aldatu gabea da. Horrek izen bakarra uzten du azterketarako, Erenuzketa. Toponimoa iluna da, baina ez da interpretaezina. Analisia atzetik hasi eta -keta bukaera dago, hau da -eta atzizki ezagunaren aldaera bat, txistukari ondoren izan ohi dena, cf. Amezketa, ametz + -eta dena. Beraz, erenuz- geratzen da analizatzeko. Oso elementu iluna da, baina aldaketa ezohiko batek bide zuzenera eraman gaitzake; gutxi batzuetan sartaldeko euskaran i orokorraren ordez, u izan ohi da: ule : ile, uzen : izen. Toponimian argiagoa da, i > u bilakaera agerikoa delako, Umerez toponimoan bezala. Hori Arrasateko toponimoari gertatu bazitzaion, *Ereniz zaharragoaren ondorengoa izan liteke. Hau ere iluna da, baina euskal toponimian hain zabalduak duten -i(t)z toponimoen multzo berekoa izan daiteke. Hala bada, oinarrian antroponimo bat genuke eta egokiena Terentius izan liteke baina horrek esan nahi du aldaketa batzuk gertatu zirela jatorrizkotik oso urrunera eraman dutenak. Bi dira gertatutako aldaketak, horzkarien disimilazioa eta ondorioz, lehenengoaren galera eta nd > n bilakaera. Bi aldaketa hauek ez dira arruntak baina ez dira ezezagunak, azkenaren lekukoa izan daiteke Altzania toponimoa, bere sarreran informazio gehiago dago eskuragarri. Bestea askoz urriagoa da, baina badira batzuk, Umaran toponimoan sudurkaria disimilatuko zen. Txistukarietan askoz ohikoagoa izan da, Antsauri toponimoaren antroponimoan.
Terentius antroponimoak lekuko batzuk utzi ditu euskal toponimian, Derandain eta Mosterente esaterako.

Txurdina toponimoak

 Txurdina da Araban eta Bizkaian dagoen toponimoa. Arabako Berantevillan gaina da eta Bizkaiko Abadiñon basoa. Izendegi Geografiko Ofizialeko lekukoak ez dira zaharrak, XX. mendekoak direlako. Arabako toponimoaren lekukoak dira, La Churdina (1992), Alto de las Churdinas (1992), Monte La Churdina (1993)... Beste lekukoak berdintsuak dira. Bizkaiko toponimoak lekuko gutxiago ditu, Churdina (1956), txurdiña (2002). Egun toponimoak berdinak dira, antza, baina lekukoek beste zerbait adierazten dute. Ezberdintasuna nabaria da, Arabako toponimoa ingurune erdaldunean dago eta gaztelaniazko artikulua jaso du. Susmatzekoa da gehiketa hori ez dela ezerezetik sortu; beharbada, tontorra izanik, haitz izena jasoko zuen: atx 'haitz' + urdin + -a > *Atxurdina > La Churdina. Azken urratsa toponimoaren berrinterpretazio bat izan zen, baina lekukorik ez dago azkenaurreko izenaz eta hemen adierazia hipotetikoa da, lekuko zaharragoak aurkitzen ez diren bitartean.
Bizkaiko toponimoaren azalbidea, aldiz, bestelakoa da. Beharbada Txurdin hipokoristikoa dago eta artikulua. Txurdin hori urdin izenondotik sortua da, hasierako tx- hori Txandre antroponimoan dagoen bera da, txikigarritasuna emateko. Horrela agertzen da Alfonso Irigoienen De re philologica linguae uasconicae V liburuko Formacion de hipocoristicos en la onomástica medieval de área vascónica lanean:

IB-22 Churdincho yerno de Johango a.1423 JiménezAberasturi PV160-161 (25) 393, frente a Churdin, forma hipocorística de Urdin, cfr. Urdin MichelenaApellidos (26) 586 “(Azcoitia, 1484)”, de urdin ‘cano, gris, azul’, véase también Urdinso en (+ -so), y Urdingo en (+ -ko).
————
25 Juan Carlos Jiménez Aberasturi Corta, “Aproximación a la historia de la comarca del Bidasoa”. “Apéndice: Ordenanzas de la villa de Lesaca”, PV 160-161 (1980), pp. 263-410.
26 Luis Michelena, Apellidos vascos, San Sebastián l973 [1953].
Beraz, egun toponimoak berdinak badira ere, litekeena da garai batean aski ezberdinak izatea, nahiz eta biek barruan urdin hitza izatea.

viernes, 7 de junio de 2024

Saegi toponimoa

 Saegi da Bidania-Goiatz udalerriko baserri bat. Lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Saegui (1857). XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

SAEGI (desh.), Elbarren ballara
Beraz, hiru mendetako hiru lekuko daude eta guztiak berdinak dira. Toponimo oso laburra da baina argi dago euskal toponimo bat dirudiela, nahiz eta azalpena iluna izan. Hala ere, etimologia bat proposa daiteke, baina aldaketa txiki baten beharra du, beste toponimo batzuekin gertatua, bokalarteko /i/ fonemaren galera, Eskaregi toponimoan gertatuko zena, jatorriz *Eskaraiegi izan bazen, Ezkaraegi bazen XV. mendean. Horrelakoa gertatu bazen aztergai den toponimoan, lehenago *Saiegi izango zen eta orduan argi geratzen dira bi elementuak, sai hegazti izena eta hegi 'aldapa' edo 'lekua'.

Patxillenea toponimoa

 Patxillenea zen Errenteriako baserri bat, toponimo eratorri bat zuen, Patxilleneko zokoa aurkintza.
Toponimoa iluna da, nabarmena da bukaeran -(r)en + -a ezagunak dituela, ohikoak etxe izenetan baina oinarrikoa iluna da. Hala ere, lekuko zaharrek argia ematen dute:

1794     Pachillerenea (Partido de Zamalvide)
1808     Bachillerenea
1819     Bachillaenea
[...]
1945     Pachilla-aldía
1945     Pachilenea
1945     Pachilene
Zerrendatutako XX. mendeko lekuko horiek azkenak dira, antza, baserria desagertu zen eta ez da jaso ahozko lekukorik.
Toponimoaren oinarrian batxiler hitza dago, lekuko berriagoetan laburtua eta aldatua, batetik azkenaurreko silabak laburtu ziren, haplologiagatik, Batxillerenea > Patxillenea, azken hau da lekuko gehien dituen aldaera. Azkenik, hasierako kontsonantea aldatu zen, beharbada hurrengo silabaren eraginez, b- > p-.
Batxiler izena oso ezaguna izan bazen aurreko mendeetan, ez du toponimian aztarren askorik utzi eta Errenteriako toponimo hau litzateke bakarretako bat.

miércoles, 5 de junio de 2024

Arrigorrista toponimoa

 Arrigorrista da Aguraingo tontor baten izena eta mendia. Izendegi Geografiko Ofizialeko lekuko zaharrena joan den mendekoa da, Arrigorrista (1950). Ez da aldaerarik jaso ondorengo lekuko ugaritan eta, beraz, hori da aztertzeko izen bakarra.
Toponimoaren etimologiak ez du arazo handirik, aldaketarik gertatu ez bada, bi elementuz osaturik dago, hasieran harri izena eta bukaeran gorrixta izenondoa, gorrista aldaera erabiliz. Hitz honen lekukotza ez da oso handia, batez ere sartaldean erabilia da eta lekuko zaharrena XIX. mende hasierakoa da. Hitzak bi elementu ditu barruan, gorri izenondoa eta -xta atzizki txikigarria, aztergai den toponimoan -sta aldaera erabili da.

*Amiti antroponimoaren lekuko toponimikoak

 *Amiti antroponimoak ez du lekuko antroponimikorik utzi Euskal Herrian baina arabiar jatorriko antroponimo honek hainbat toponimoren oinarria da. Zerrenda honetan daude aurkitutakoak:

Amitesarobe toponimoa, Urnietako baserria. Sarrera horretan toponimo honetako antroponimoa erakutsi dugu eta informazio apurra eman, jakinik euskal lurretan lekuko antroponimikorik utzi gabea dela.

Amitar toponimoa, Elorriokoa. Dirudienez, *Amiti antroponimoaz gain ihar adjektiboa du, Lasiar toponimoan bezala.

Imitarte toponimoa, Azkoitia aldeko deitura, izen bereko toponimo batetik sortua. Aldaketa nabarmena, hasierako bokalaren aldaketa, gainera, bukaeran arte du, beste toponimo berezi batzuekin dagoena, oinarrian ere antroponimo bat dutenak.

Imitizabal toponimoa, Olatzagutian. Hasierako bokala aldatua, asimilazioagatik.

Imitola toponimoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoena. Aurreko toponimoak bezala, bokal asimilazioa jasan du.

Mitarte
toponimoa, Aretxabaletakoa. Aferesia gertatu da, hots, hasierako fonema, bokala, galdu da.

Mitizar toponimoa, Idiazabalgoa. Antroponimoaren hasierako bokala galdu da.

Mutitegi toponimoa, Tolosakoa. Mititegi > Mutitegi bilakaera gertatu zen eta aldaketa horrek eta aferesiak oso ilundu zuten *Amiti antroponimoarekin lotura egitea.

lunes, 3 de junio de 2024

Perubeltz toponimoa

 Perubeltz zen Errenteriako aurkintza bat. Lekuko bakarra ezagutzen da, XVI. mende erdiko Perubelç (1551). Lekukoa oso argia da eta bi elementuz osaturiko toponimoa da, oinarrian Peru antroponimoa, Petriren aldaera bat erromantzetik jasoa eta ondoren beltz adjektiboa, zirrenik aipatutako Peruren izengoitia. Gizon horrek Peru beltz bezala ezaguna izango zen eta izen hori jaso zuen aurkintza berea izango zen garai batean. Peru antroponimoak bizitza luzea izan du euskal lurraldean eta hipokoristiko sortzailea ere izan zen, Peruzki toponimoan dago Peruren beste hipokoristiko bat eta, Perubeltz bezala, toponimiara jauzi egin zuena.

Perkazenea toponimoa

 Perkazenea zen Errenteriako etxe baten izena. Lekuko gehienak XVIII. mendekoak dira eta beste bi, azkenak, hurrengo mendekoak dira:

1765     Percacene
1765     Percacenea
1765     Percasenea
1765     Percasenecoa
1794     Percasenea (Barrio del Hospital)
1832     Percachanea
1832     Percachanea
Etxe izen askotan bezala, bukaeran -(r)en + -a daude eta oinarrian adjektibo bat, izengoitia izan zitekeena, perkax, Bizkaian zein Gipuzkoan ezaguna. Orotariko Euskal Hiztegian dauden lekukoak XX. mendekoak direnez, Errenteriako etxe izena izan daiteke hitz honen lekuko zaharrena, 150 urte inguru lehenagokoa.