sábado, 27 de febrero de 2021

Xanto toponimoa

 Baztango toponimo honen informazio osoa Nafarroako Toponimia Ofiziala web-gunetik hartu zen, egun eskuragarri ez omen dena. Hala ere, hartutako irudi batek lekukoak eta datak eskaintzen ditu:

Toponimoa antroponimo bat baino ez litzateke izango, *Xanto. Hipokoristiko honen aldaera Txanto litzateke, eta hori badago, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuko 204. orrialdean:
Txanto (*Txoanto-tik?, Anto-tik?): Chanto Chipia (Les., 1366, LPN, 567). Elizondon Chanttorena etxea zegoen 1727an.
Bilakaera osoa hauxe litzateke: Joan > Txoan + -to > *Txoanto > Txanto. Hasierako frikariaren paralelo bat Xapalonea toponimoan aurki genezake.
Beraz, Txanto hipokoristikoaren lekuko gutxiei beste bat eranstekoa litzateke, Baztango Xanto toponimoa.

viernes, 26 de febrero de 2021

Beretxaga toponimoa

 Beretxaga Ugaoko baserria da.
Lekuko zaharrak badira, batzuk Erdi Arokoak, baina izena nahiko aldaturik dago.
Colección Documental del Archivo Histórico Municipal de Bilbao (1300-1473) liburuan bi lekuko daude, lehenengoa 36. agirian, 1385. urteko Martin habad de Beraxarichaga, Arrigorriagako monasteriokoa. Azkena, 40. agirian, 1389. urtean, Garçi Ortiz de Berasarechaga.
XVIII. mendeko lekuko ugari daude, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan bilduak:

Berasachaga [N, TO]
Berasachaga (la casa en) [Arrigorriaga (la casas abecindadas a)], Miraballes, a.1704,
FogVizcayaMs.
Berasachaga (uarrio de), Arrigorriaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Uerasaychaga (barrio de), Arrigorriaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Verasachaga (la caseria de) [Verasachaga (varrio de)], Arrigorriaga, a.1745, FogVizcayaMs. -/Miraballes, a.1745, FogVizcayaMs.
Verasachaga (varrio de), Arrigorriaga, a.1745, FogVizcayaMs. -/Miraballes, a.1745, FogVizcayaMs.

Beracha [N, TO]
Beracha (la casa de), Arrigorriaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Beracha (la casa en el paraje de), Arrigorriaga, a.1798, FogVizcayaMs.
Beracha (uarrio de), Arrigorriaga, a.1796, FogVizcayaMs.

Berecha [N, TO]
Verecha (la caseria de) [Verasachaga (varrio de)], Arrigorriaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Beretxaga egungo aldaera normalizatua da, baina badaude beste aldaera batzuk: Beraxaritxaga, Berasaretxaga, Berasatxaga, Beratxa eta Beretxa. Erdi Arokoetatik kanpo, guztietan laburketak izan dira, batean -re- silaba galdu da, ziurrenik lehenago dardarkaria eta ondoren bokala. Beratxa aldaeran ere silaba bat galdu da, azkena, lehenik bokalarteko /g/ galdu eta gero, bi bokal berdinak batuko ziren. Beretxa izenenan e-a > e-e bokal asimilazioa izango zen. Jatorrizkoa aurkitzeko, Erdi Aroko aldaerak funtsezkoak dira, hauetan toponimoaren elementuak erraz ikusten direlako, Beraxa antroponimoa, (h)aretx 'haritz' izena eta -aga atzizkia. Antroponimo bera Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoetan dago eta sarrera horretan informazio gehiago dago, Mitxelenaren eskutik.
Toponimoa Erdi Aroan sortuko zen eta horrexagatik garai hartako lekukoak jatorrizko toponimotik hurbilen daude. Gero, mendeak igaro eta toponimoa laburtzen hasi zen, izenaren luzeak lagundua.

martes, 23 de febrero de 2021

Belakotegi toponimoa

 Belakotegi da Gipuzkoako Soraluze herriko erreka.
Toponimoaren hiru lekuko zahar ezagunak dira, Erdi Arokoak, Archivo Municipal de Deba. I. (1181-1520) liburuan aurkituak. Lehenengo bi lekukoak 8. agirian, 1345. urtean daude:

Primeramente començando de Ançuriça en arriba fasta la puente de Ospas e dende commo va el agua por el valle de Lassalde en arriba fasta el sel de Leyçarrola e dende por el somo de la piedra blanca como va al somo de Orendayn e dende a Velacotegui e de Velacotegui a la piedra de Velaurybeyaga e dende al somo de Soderus e dende al somo de Hegaurrieta e dende al sel de Oleraso e dende a la casa e casseria de Echaue e dende a las nuebe fuentes.
Azken lekukoa, mende bat beranduagokoa da, 43. agirian, 1449. urtean:
[...] de Avnçuriça en arriba fasta la puente de Ospas e dende como va el agua por Lasalde fasta el sel de Leyçarrola e dende como va por el somo de piedra blanca como va al somo de Orendayn e dende a Velacotegui e dende e la piedra de Velaor e de Beuiasque e dende al somo de Soderus e dende al somo de Esnaurreta e dende al sel de Oleroso e dende a la casa e caseria de Echaue e dende a las nueue fuentes.
Toponimoak bi elementu lituzke, Belako antroponimoa eta -tegi atzizkia. Badira antroponimo honekin eratorritako toponimo batzuk, esaterako, blog honetan aztertutako Belakarro, Belakorta eta Belakostegi toponimoak.
Beste aukera bat dago, oinarrian *Belakot(e) izatea; Txomingotegi toponimoan bezala, antroponimoaren azkena -tegi atzizkiaren hasierako silabarekin batuko zen, aztarrenik utzi gabe. Hala ere, ez dago *Belakot(e) izenaren lekukorik, beraz, aukera bezala geratzen da, baina besterik ez.
Laburtuz, Belakotegi toponimoan, Belako + -tegi elementuak daude eta Belako antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat da.

sábado, 20 de febrero de 2021

Eskaregi toponimoa

Eibarko toponimoa da Eskaregi, baserri bat eta errota bat.
Toponimoaren aldaera zaharrago bat Ezkaraegi izan liteke, Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburuko 22. agirian, 1430. urtean jasoa:

Iohan Sanches de Ezcaraegui
Gogoratu beharra dago Eibar eta Elgeta herri mugakideak direla, beraz, antzekotasunaz gain, eremu geografiko hurbilekoa da aspaldiko lekuko hau.
Bi izenak loturik badaude, bilakaera gertatu da, bi fonematan eragina izan dena, lehenengoa, txistukaria aldatu da, beharbada sartaldeko euskaran gertatutako neutralizazio prozesuagatik. Azkena, ae > e bokal fusioa izan da.
Toponimoak hiru elementu lituzke: haitz + garai + hegi. Hauek batzerakoan, aldaketa gutxi batzuk gertatu ziren, ai > e, tz + g > zk eta ViV > VV. Lehenengoa ohikoa da haitz izenaren eratorri toponimikoetan, esaterako, Errioxako Ezcaray mendia, haitz + garai dena. Toponimo honek ere erakusten du bigarren aldaketa, hau ere normala dena. Azken aldaketa ez da hain ohikoa baina ez da zaila toponimoetan antzematea, horrela, blog honetako Askoena eta Doneakue toponimoetan gertatu da.

viernes, 19 de febrero de 2021

Saitua toponimoa

 Saitua Bermeoko hiri-auzoa da. Toponimo honen lekuko zaharrenek 400 urte baino gehiago dituzte, Bermeoko Toponimia webgunearen agertzen den bezala, Saitu izenpean bildurik:

1591    Saytua, término de    BEHA   A-62/44-2   231b
1610    Saitua, viña en    BEHA   A-62/44-2   269-269b
1618    Saytua    BUA   1161/6. Cancel. de censos   96
1659    Zaytua    BFA. K.   127/7   40
[...]
Toponimoa, laburra izanik, aldaera gutxikoa da, batetik artikulua, lekuko guztietan dagoena. Bestetik, txistukaria inoiz <z> bezala jasorik dago. Dena den, lekuko gehienetan <s> dago, zaharrenetik hasita.
Toponimoaren etimologia aurkitzeko, aldaketa baten beharra dago, bokal disimilazio bat, lehen *sautua izango zelako, beraz, u-u > i-u aldaketa gertatuko zen, toponimoa idatzi baino lehenago. Antzeko dismilazio bat Bizkaiko beste toponimo batean gertatuko zen, Jandustegi toponimoan, baina honetan i-i > u-i izan zen. Sautu zen soto hedatuagoaren sartaldeko aldaera, Mitxelenak Apellidos vascos liburuan azaltzen duen bezala:
151. Los apellidos occidentales Sauto, Sautu, Sautua, Sautuola atestiguan la forma intermedia entre el lat. saltus y rom. soto, souto [...]
Bi azalbide daude Saitua toponimorako, inoiz *saitu 'soto' aldaera izan da, baina testuetara ez zen inoiz igaro. Bestela, Toponimoan bertan aldaketa gertatu zen, *Sautua bezala jaioko zen eta ondoren Saitua bihurtu. Bietan sautu izena izango genuke, Sautu, Sautua eta Sautuola toponimoen oinarria izan zena.

Aiastia toponimoa

 Aiastia Elgoibarko toponimoa da, baserria eta biztanle-entitatea. Bi toponimo eratorri badira, herri berean, Aiastierreka eta Aiastitxiki baserria.
Toponimoak ez du lekuko zaharrik eskura baina, dagoen bezala, analizatu daiteke. Hiru elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe. Oinarrian aiher hitza, ondoren -tza eta -di atzizkiak izango lirateke, baina biak batu dira eta ondorioz, toponimoaren azken zatia ilundurik geratu da. Bilakaera berdintsua Intxausti toponimo ezagunagoak izan zuen: intxaur + -tza + -di > Intxausti. Batetik -tza atzizkiak bokala galduko zuen, horrek elkartuko zituen txistukaria eta herskari ahostuna: z-d > z-t. Ondoren rz > s gertatuko zen, bilakaera berdina hainbat hitzetan dago: uso/urzo, bost/bortz. Ziurrenik lehenago /e/ bokala aldatuko zen, /a/ bihurtuz. Beharbada bokal asimilazioaz: a-i-e > a-i-a, edo aiher hitzaren aldaera bat *aihar izan zen, ezezaguna baina izan zitekeena, eR > aR bilakaeragatik, ohikoa sartaldeko hainbat hitzetan: garri 'gerri', txarri 'txerri', e. a.
Dirudienez, garai batean aiher 'leku aldapatsu' bezala uler zitekeen, nahiz eta euskal testuetan esanahi hori ez izan.

martes, 16 de febrero de 2021

Auriategi toponimoa

 Auriategi izeneko baserria dago Gernika-Lumoko Ajangiz herrian.
XVII. eta XVIII. mendeko lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Auriategui [N, TO]
Auriategui (la caseria de), Ajanguiz 17.1641, FogVizcayaMs.
Auriategui (la cassa de), Ajanguiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Auriategui_Beascoa (la cassa de), Ajanguiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Auriategui_Veazcoa (la caseria de), Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Auriategui_Uecoa (la casa de), Ajanguiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Auriategui_Goicoa (la casa de), Ajanguiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Auriategui_Gojeazcoa (la caseria de), Ajanguiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Auriategui_Goxeascoa (la caseria de), Ajanguiz 17.1641, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu baditu, Auria antroponimoa eta -tegi atzizki ezaguna.
Erdi Aroko emakumezko izenen artean Auria bada:
Auria
Erdi Aroan ohiko izena zen hau Europan. Euskal Herrian 1068an Zabaltzan (Nafarroa) ageri da, 1085ean Lizasoainen (Nafarroa) eta 1390ean Arrasaten (Gipuzkoa). Latineko aurea 'urrezkoa' hitzetik datorke. Auria izeneko hiru santa ditugu, bat Parisen (Frantzia), bestea Kordoban (Espainia) eta, azkena, Ostian (Italia). Jaieguna uztailaren 19an da (Kordobakoa). Aldaera: Oria. Baliokideak: Aurea (es) eta Aure (fr).
Toponimoak ez du aldaketarik jaso eta ziurrenik, lekukotuak diren 400 urte baino gehiago baditu.

Janduri toponimoa

 Janduri toponimoa Maruri-Jatabe eta Mungiako herrien arteko tontorra da.
Lekuko zaharrik ez dago baina, aldaketa larririk gertatu ez bada, dagoen bezala analizatu ahal da.
Toponimoak bi elementu lituzke, Jaunti antroponimoa eta huri izena. Elementu hauek batzerakoan aldaketa batzuk gertatu ziren, antroponimoaren diptongoa soildu zen, hau oso ohikoa da Jaunti antroponimoaren eratorri toponimikoekin, esaterako, Jandustegi eta Jandolamendi toponimoetan, blog honetan aztertuak. Antroponimoaren azken bokala ere galdu zen, eta erakutsitako toponimo hauetan ere ez dago jatorrizko bokalaren aztarrenik.
Sartaldeko euskararen ezaugarri toponimiko bat da PI + huri egitura, Bizkaitik hasi, Araban igaro eta Errioxan ere ondarea utzi duena, Enekuri, Obekuri bezalako toponimoetan. Janduri egun tontor baten izena da, baina sarrera honetan eman den etimologia zuzena bada, inguruan etxe bat edo etxe multzo bat izan zen, nahiz eta egun tontorrak hartu izen hori.

sábado, 13 de febrero de 2021

Betroitzaga toponimoa

 Azkoitiko etxeen artean badago Betroitzaga izenekoa, Urrategiko auzoan. XX. mendeko lekuko bat dago, Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan:

BETROIZAGA (desh.), Ormaola mendi ballara
Toponimoak bi elementu lituzke, bukaera aldean -aga atzizkia eta hasieran, *Betroitz patronimikoa. Oso ezaguna da Petro antroponimoa, honi -itz atzizkia gehitu eta *Petroitz izango genuke eta ondoren hasierako herskaria ahostunduko zen *Betroitz sortuz. Dena den, bada beste azalbide bat, aurrekoari oso loturik, Petro izenetik *Betro aldaera sortu eta ondoren -itz atzizkia erantsiz *Betroitz patronimikoa genuke. Bietarako aukera dago, gainera, *Betro izatea ez litzateke ezohikoa izango, jakinik Betrokolo toponimoaren oinarrian *Betro ere egon litekeela.

viernes, 12 de febrero de 2021

Beraskola toponimoa

 Beraskola Gordexolako toponimoa da, auzo baten izena eta mendi izena, Okondo eta Gordexolako herrien artean.
XVIII. mendeko lekuko bat bada Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Berascola [N, NO]
Uerascola uiuda (Maria de) [Zubieta (cuadrilla de)], Gordejuela, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu baditu, Berasko antroponimoa eta ola izen ezaguna. Hala izango balitz, bi elementuen batuketak ez zuen aldaketarik sortaraziko. Baina badago beste aukera bat, antroponimoa Belasko izatea, euskal egokitzapena jaso gabea. Bigarren aukera honetan tarteko urrats bat izango zen, *Belaskola, ondoren disimilazioz aldatua. Hala ere, ez dago tarteko urrats honen aztarrenik, baina aukera bada, nahiz eta oinarrian Berasko antroponimoa agertzea normalena izan.
Berasko/Belasko antroponimoek jatorri bera dute, baina euskarara egokitzerakoan bokalarteko aldaketa gertatu da: l > r, euskal mailegu askotan gertatutako bera.

Enekotegi toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Elgeta ingurukoa izango zen. Lekuko bakar hori Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburuan agertzen da, 29. agirian, 1451. urtean:

Pedro de Enecotegui
Toponimoak bi elementu lituzke, Eneko antroponimoa eta -tegi atzizkia. Biak oso ezagunak, baina bada beste aukera bat, oinarriko antroponimoa Enekot hipokoristikoa izatea, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 175-176. orrialdeetan agertzen dena:
Enekot (Eneko): Enechot (1211, Iratxe, 256, 274. or.), Ennecot (Larraga, 1330, LPN, 236), Enecot d’Imarcoain (Iru., 1350, Ur., 1952: 92), Enecot (Suh., 1353, Goih., 1966: 163), Enecot Carpentero (Gurbizar, 1366, LPN, 468), «Enecot, fijo de Garcia Yeneguiz» (Biotzari, ibid., 473. or.), Enecot (Gares, ibid., 552. or.), Enecot (Leizpartze-Lizaratzu, 1368, Goih., 1966: 189), Enequot de Orbaycieta (1413, Castro, XXX, 35, 23. or. Hau Eneco de Orbaiceta moduan ere ageri da), Enecot de Urdaniz (1414, ibid., XXXI, 476, 262. or.), Enequot de Qualbategui (Dg., 1422, Doc.Gasc.II, 329), Enecot de Gurpide (1423, Zier. & Ram., 2001, 32, 92. or.). Orpustanek (2000: 219) Joana Albretekoaren idazkari izan zen Enecot de Sponde edo Ezponda aipatzen du.
Enekoten oinarria Eneko da eta atzizkia, -ot(e). Beraz, bi antroponimoak izan litezke, Enekot + -tegi > *Enekotegi izango zelako. Gertaera antzekoa dugu Txomingotegi toponimoan, oinarriak *Txomingo edo *Txomingot(e) izan litezke, baina kasu honetan ez dago antroponimo hauen lekuko zuzenik.
Aukera gehiago daude oinarrian Eneko izateko, izena oso hedatua izan zelako, baina Enekot ez da ezinezkoa, nahiz eta Salaberrik ematen dituen lekukoak Nafarrak edo Ipar Euskal Herrikoak izan. Beharbada irizpide honi loturik, oinarria Eneko izango zen, beste aukerari atea erabat itxi gabe.

martes, 9 de febrero de 2021

Aizkoegi toponimoa

 Aizkoegi toponimoa Gipuzkoako bi herritan dago, Bergarako baserria da eta Ataungo bizkarra, hegia.
Bergarako toponimoaz, Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara webgunean informazio ugari eskuragarri dago. Lehenengo lekukoa 1541. urteko Ayzcoegui litzateke, mende horretan lekuko gehiago daude baina izenak ez du aldaerarik erakutsi. Hurrengo mendeetan, aldiz, aldaerak badaude, esaterako, Azcoy (1871), Aizcoi (1875) eta azken aldaera hori nagusi da XX. mendean.
Toponimoa analizatzeko Aizkoegi aukeratua da, aldaera zaharrena da eta laburketarik jaso gabea. Bi elementu lituzke, (h)aizko eta hegi. Lehenengoa da haitz izenaren txikigarria, -ko atzizkia duena, beraz, "haitz txikiaren hegia, aldapa" litzateke toponimoaren esanahia.

Altzania toponimoa

 Altzania izeneko toponimoak bi leku nagusi izendatzen ditu, Gipuzkoaren eta Nafarroa Garaiaren arteko mendilerroa eta, izen bereko mendilerroan jaiota, urak Arakil ibaian isurtzen dituen ibaia.
Lekuko zaharrenak Erdi Aroan badira, Archivo Municipal de Salvatierra-Agurain. Tomo III. (1451-1500) liburuko 98. agirian, 1495. urtean:

...por aver fecho e faser la dicha tala en los dichos montes de Alçania para faser carbon, e mandaron a la dicha universidad e valle de Legaspy e vesinos de ella que agora nin de aqui adelante non pudiesen cortar nin talar los dichos montes de Alçania para faser carbon...
[...]
... los dichos montes de Alçania segund e por la vya e forma que fasta aqui lo abyan acostunbrado. Iten que çerca de las penas que fasta aqui avyan yncurrido los vesinos e moradores de la dicha universidad e valle de Legaspy por aver cortado e cortar en los dichos montes de Alçania hayas e robles e otros arboles para faser carbon...
Agiri berean aipu gehiago badira, baina ez dute informazio osagarririk ematen.
Liburu beran badago beste aipu bat, 108. agirian, 1500. urtean:
... e dende pasado el rio mayor a la otra parte como rodea el rio que desciende de Arbaran otro mojon e dende hazia arriba hazia la dicha penna de Alzania en la enderezena a la pieza de Sancho Lopez de Ziorduia...
Garai beretsukoa da, beste liburu batean dagoen aipua, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipio de San Millán-Donemiliaga (1214-1520) liburuko 58. agirian, 1495. urtean:
... que podian valer a justa y comunal estimaçion doçe mill marauedis de los montes de Alçania y Huberagu, que son devajo de Sant Adrian...
Toponimo honen ikerketaz gehien arduratu da Mikel Belasko eta ibaiari buruzko informazioa bildu eta etimologia eman zituen bere Diccionario de los nombres de montes y rios de Navarra liburuan:
ALTZANIA. Burunda. Río Arakil.
Significado. Dudoso.
Comentario. Se podría pensar en un primitivo *Altzadanea ‘Donde está el Aliso’, del vasco haltza ‘aliso’ y la forma verbal danean ‘donde está’. Sin embargo el nombre aparece transcrito ya Alzania en 1795, hecho que parece contradecir la hipótesis sugerida. Compárese, de todas las maneras, con el término de Urdiain que en 1802 se escribe Alzandiadana ‘Donde está el Aliso Grande’ y en 1825 Alzaniadana. Esta regata recibe el nombre de los montes en los que nace.
Barandiarán recoge la denominación Altzanierreka en relación con un término, al parecer de Ataun, llamado Moamendi. Según tradición recogida en Ataun en Altzanierreka (que sitúa en las cercanías de Alsasua) el señor de Lazkau derrotó a los moros que vivían en las cercanías de este río y que hacían frecuentes incursiones por tierras guipuzcoanas causando graves daños a los cristianos de esa provincia.
No cabe duda de que esos «moros» son los navarros, y que se está haciendo referencia a alguna de los numerosos enfrentamientos que en la Edad Media se dieron entre la Guipuzcoa conquistada por Castilla y la Navarra libre.
Documentación histórica. Alzania, Montes de (1713, NTYC). Alzanias, Termino llamado (1758, Carasatorre). Alzania, Rio mayor de (1790, PS LG.31 n. 6). Alzanias, Las (1841, Carasatorre).
Denominación local. Altzania. Alzania.
Bi izenak, mendilerroa eta ibaia, jatorri berekoak dira eta Altzania izena, gutxienez XV. mendetik ez da aldatu, beraz, zahartasuna badu. Oinarrian haltz zuhaitz izena badago eta azken zatirako aldaketa baten beharra dago.
Euskarazko toponimoetan bokalarteko sudurkari bat aurkitzea ez da ohikoa, askotan gertatzen da erdal aldaeran sudurkaria dela eta hori galdua dago euskarazko izenean: Galdácano/Galdakao, Lemona/Lemoa, Lazcano/Lazkao... Euskal toponimoetako ezaugarri nabarmena da, hizkuntzen arteko ezberdintasunen artean. Baina Altzania bestelakoa da, sudurkariaren zahartasuna agerikoa da eta azalpena behar du. Toponimian ez da oso fenomeno arrunta, baina aleak badira nd > n bilakaeraz, Lana herria, adibidez, landa hitzetik azaldua izan da. Blog honetan ere ale bat ere aztertu da, Aldaneta toponimoa bezala, *Aldandieta zaharragotik eratorriz.
Eta Altzania izenerako azalbide bera erabiliz, *Altzandia berreskuratuko genuke, eta zatiketa horrela izan liteke: haltz + -tza + handi + -a. Agertzen den -tza atzizkia ez da beharrezkoa, baina handitasuna, zuhaitz bati baino, baso bati egokituko zitzazion. Beraz, haltz baso handi bat izango zen aipatutako mendilerroan eta, hedapenez, ibaiak ere izen hori hartuko zuen.

jueves, 4 de febrero de 2021

Elikatura toponimoa

 Elikatura Zizurkilgo aurkintza baten izena da. Lekuko zaharrik ez dago eta horrek ziurtasuna kentzen dio edozein analisiri. Hala ere, toponimoa euskal hitz ez oso ezagun baten homofonoa da, elikatura izenarena:

elikatura.
1. (V-arc, G, AN, L, R ap. A; Lar Sup H), elikadura (PMuj), alikatura.
Alimento; alimento(s), comestible(s). "Mantenimiento" Lar Sup.
Tr. Documentado en la tradición vizcaína, siempre con -t-. En DFrec hay 9 ejs. de elikadura y 5 de elikatura.
Ogiagaz ura, oragaz eroen elikatura. "Mantenimiento de loco y mastín". RS 246. Banabil burua ezin sinisturik, erasuna elikaturatzat arturik. Ib. 76. Umeak gurasoakan da atso-aguraak seme-alabakan eukiten dabez, ez bakarrik elikatura edo ian-edana, baita [...]. A BGuzur 113. Erosketako enparantzan etxerako bear diran elikaturak (comestibles) erosita. Ag Kr 129. [...]
2. "Scaturigo; borbollón; bouillon formé par l'eau" Sb-Urq. Cf. elikatu (3).
Toponimian ez dira batere ohikoak horrelako izenak. Hala ere, lekuaren ezaugarria nabarmena izango zen, ona belarra egiteko edo beste janari mota bat, hainbestekoa lekuari izena emateko.

Belakortu toponimoa

 Belakortu Berrizko baserria da. Belakortuzarra izeneko toponimo eratorria ere bada, hau ere Berrizko baserria. Erdi Aroko lekuko bat dago Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuko 4. agirian, 1487. urtean: Rodrigo de Belacortu.
XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Belacortua [N, TO]
Belacorttu (la hauitacion del molino de), Mañaria, a.1796, FogVizcayaMs.
Belacortu (el molino nombrado) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Belacortu (la caseria titulada) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Velacortua (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.

Belacortua [N, NO]
Belacorttu (Juan de) [Lavarrondo (la caseria de)], Mañaria, a.1796, FogVizcayaMs.
Belacortu segundo fiel (don) (M(a)r(ti)n de), Mañaria, a.1796, FogVizcayaMs.
Belacortu uiuda (Manuela de) [Goytia (la casa de)], Nabarniz, a.1704, FogVizcayaMs.
Uelacortu (Juan de) [Labarrondo (el molino de) (pr.n.res)], Mañaria 18.1799,
FogVizcayaMs.
Uelacortu (Juan de) [Labarrondo (la casa de)], Mañaria 18.1799, FogVizcayaMs.
Uelacortu (Martin de), Nabarniz, a.1704, FogVizcayaMs.
Uelacortu (Martin de) [Marcue_Becoa (la casa de)], Mañaria 18.1799 [Fogvizc/-]
Uelacortu (Pedro de) [Mañari_Ueazcoa (la casa de)], Mañaria 18.1799 [Fogvizc/-]
Uelacortu uiuda (Maria_Antonia de) [de Esteban de Sagasta] [Solaguren_de_la_Calle (la
casa de)], Nabarniz, a.1704, FogVizcayaMs.
Velacortu (Juan de) [Velarrondo (la caseria de)], Mañaria, a.1745, FogVizcayaMs.
Velacortu (M(a)r(ti)n de), Mañaria, a.1796, FogVizcayaMs.
Velacortu (Matheo de) [Rementaricoa (la caseria de)], Mañaria, a.1745, FogVizcayaMs.
Velacortu (ynquilino) (Pedro de), Mañaria, a.1745, FogVizcayaMs.
Lekukoetako aldaera bakarra Belakortua da, -a artikulua gehitu duena lekuko bakarrean. Horrelako lekukotzak erakusten du toponimo egonkorra izan dela mende ugaritan. Toponimoa, dagoen bezala, analisi errazekoa da, jakinik Belako antroponimoa izan zela Erdi Aroan. Alfonso Irigoienen Las lenguas de los vizcainos lanean izen hori aipatu zuen eta hainbat toponimo erakutsi:
29. Entre otras estelas de esta segunda época Gómez-Moreno señala una hincada en la iglesia parroquial de la Magdalena de Arrigorriaga, llevada allí hacia 1865 desde la ermita de San Martín, donde se puede leer Belaco filivs, con características mozárabes en cuanto a la letra, que en el leonés se da en el s. X y alcanza también hasta fines del XI. Recuérdese Belaco, término de Munguía, procedente sin duda del antropónimo, así como también Belácolá, caserío de Amoroto, de Belako + ola ‘sel de Belaco’. Téngase también en cuenta Jaun Velaco y Don Belaco en relación con el conde don Vela, Señor de Ayala, véase § 4, más arriba.
Belakorta toponimoarekin duen antzekotasuna nabarmena da, biek oinarri bera dute, baina batean korta dagoen bezala, Belakortu toponimoan ortu izango zen azken elementua. Bi elementuak batzerakoan gertatu zen aldaketa bakarra izan zen bi bokal berdinen fusioa.
Belakortu toponimoa Bizkaian dago, Belakorta bezala, eta horrek adierazten du Belako antroponimoak lurralde honetan izan zuela hedapen gehiena.

martes, 2 de febrero de 2021

Juandalaperi toponimoa

 Baranbio toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XX. mendearen bukaerakoa. Federico de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala liburuan agertua:

JUANDALAPERI
JUANDALAPERI. —Cerca y al NF. de Pozueta, junto al mismo San Pedro. Baranbio.
Toponimoaren beraren azalpenean badago bere etimologia, agerikoa dena, Juandalaperi = San Pedro. Hiru elementu lituzke, Jaun + done + Peri, baina aldaketa batzuk jasoko zituen sortuko zen garaitik. Hasierako diptongoan metatesia izan da: au > ua. Gainera, done hitzaren hiru fonematan aldaketa izan da, aldatu ez den bakarra /d/ herskaria izan da. Bokaletan, ziurrenik asimilazioak eragina izan du: a-o-e > a-a-a, beharbada tarteko urrats baten beharra izan da. Azkenik, sudurkaria ere aldatu da, eta honetan disimilazioa izan da aldatzeko indarra: n-n > n-l, bilakaera bera gertatuko zitzaion Muliate toponimoari.
Bizkaian badago toponimo bat elementu berberak dituena eta ahozko aldaeran ere hainbat aldaketa jaso zituena, Jandoneperi (Jalanpi) toponimoa, Arrigorriagakoa eta kilometro askotara ez dago. Honetan ere sudurkarien dismilazioa izan da, baina aldaketa lehenengo sudurkariari gertatu zaio: n-n > l-n. Bokaletan ere asimilazioa izan da, ahaztu gabe lehenengo silabaren diptongoa desagertu dela. Bietan aldaketa nabarmenak gertatu dira eta neurri batean, berdintsuak izan dira.

Arditetxe toponimoa

 Donostiako toponimo honen lekuko zaharrenak XIX. mende erdialdekoak dira. Donostiako toponimia izenburuko lanekoak dira lekuko hauek:

ARDITETXE: Ardit eche (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Arditeche (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Ardit-éche (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Ardit-eche (1864, Casa de labor, N.P.G. 64 orr.), Adit-eche (1880, cantera, D.U.A.-A-10-II-70-2), Arditeche (1880, canteras, D.U.A.-D-9-V-1964-11); Arditetxe (1989, D.U.T.B.). 64-13-1, m. E-3.
Toponimoaren lehenego lekukoan nabarmena da hiztunak jakitunak zirela toponimoaren elementuez, horregatik Ardit eche (1841) edo Ardit-eche (1864) bezalako lekukoak. Elementuak bi dira, azkena etxe ezaguna da eta oinarrian ardit izena dago, txanpon mota bat, gaztelaniaz ardite izena duena. Izenaren arrazoia ezezaguna da da, izan ere, horrelako izenak ez dira batere ohikoak toponimian. Ezinezkoak ere ez, Arditetxe toponimoak erakusten duen bezala.