lunes, 30 de diciembre de 2024

Munioeta toponimoa

 Munioeta da Orioko bazter-auzo bat. Hiru toponimo eratorri daude, Munioetaberri eta Munioetazar baserriak eta Munioetaburu tontorra. Toponimo hauen lekukoek antzinatasun gutxikoak dira eta askotan Muniota aldaera agertzen da. XX. mendearen bigarren erdiko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

MUNIOTA (2 viv.) (prop.)
MUNIOTA ZAR (prop.)
Lekuko zaharragoak beharrezkoak lirateke ziurtasun handiagoz lan egiteko baina dagoena da oso lekukotza berria eta bi aldaera, Munioeta eta Muniota. Normalean bilakaerek laburragoak egiten dituzte hitzak, baita toponimoak ere, ezagunak dira Atxalta (Aretxabaleta) edo Mostrun (Monasterioguren). Orioko toponimoetan berdin gertatu bada Munioeta > Muniota gertatu da. Gainera, ondorengo aipuan azaltzen da XIX. mendeko Munioeta.
Etimologiari dagokionez, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan toponimo honetaz hausnarketa laburra dago:
457. —Munio n. pr.: Muniain (Monein, Muñiain) (Caro Baroja, Mat, 74-75). Quizá sea el primer componente de Munita (Bunita); hay top. Bunieta en 1141, que puede ser el actual Muniota (Orio Guip.), en el siglo XIX Munioeta. De Munioeta podría muy bien proceder, por pérdida de -n-, Miota, ap. de Mondragón en el siglo XVII; un Nunnuto Miotaco, aparece en doc. del año 1053. Pero acaso Miota, que es el nombre de un barrio de Elorrio (Vizc.), no podrá separarse de Biota, ayuntamiento de la prov, de Zaragoza: la m- vasca podría ser secundaria, como tantas otras veces. Todo lo anterior es inconsistente.
Azken esaldia liburuaren eranskina da, liburua argitaratu eta hamarkada batzuetara. Zaila litzateke Bunieta > Muniota azaltzea, XIX. mendeko Munioeta ahaztu gabe. Dena den, Munio antroponimoa izan daiteke toponimo honen oinarria, Muniosoro toponimoa bezala. Bukaerako elementua -eta atzizkia litzateke, beharbada leku esanahia duena, Antxoeta toponimoan ere egitura bera genuke, PI + -eta.

viernes, 27 de diciembre de 2024

Gabitegi toponimoa

 Gabitegi da Berrobiko baserri bat. Toponimoaren lekuko zaharrik ez da eskuratu eta, beraz, analisia hasiko da ezagutzen den izen bakarrarekin. Toponimoak bi elementu lituzke, azkena -tegi atzizkia, oso ohikoa etxe izenetan eta oinarrian gabi izena genuke. Gabi hitzarekin eginiko hitz elkartu bat agertzen da Gabiardatza toponimoan, gabi-ardatz, zehatzago.

Lapikarigan toponimoa

 Lapikarigan da Arabako Zuia udalerriko mendi bat. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian informazioa dago toponimo horri buruz, lekuko zaharrenak XVII.-XVIII. mende artekoak dira:

lapicari (1652-1779)
lapicarigana (1652-1779)
lapicarioste (1652-1779)

lapicarigan (1986-2003)
Egun Lapikarigan bada ere, mende hauetan Lapikari aldaera askotan agertzen da, gan izanik gain hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Beraz, Lapikari geratzen da analizatzeko eta hasierakoak oso antz handia du lapiko hitzarekin, hau ere sartaldekoa, batez ere Bizkaikoa. Hala ere, bukaerako zatia geratzen da, -ari, eta hau izan daiteke atzizki ezaguna lanbide izenak eta sortzeko oso erabilia: pilota : pilotari, sukalde : sukaldari... Lapiko : *lapikari? Hitza ez dago Orotariko Euskal Hiztegian baina izan zitekeen eta jaso gabe geratu. Lapikogin hitza bazen eta *lapikariren sinonimoa izan zitekeen:
lapikogin.
(Vc ap. A; Lar, Dv, H).
Ollero. "Lapiko-gina, [...] ollero" Ast Apol 88 ( Dv).
Zuzenduko ditu burdiñazko zigorragaz eta izango dira ausijak lapikogiñaren ontzija legez. Ur (V)Apoc 2, 27. Gero yabeak salduten / deutso lapiko-ginari. Zav Fab RIEV 1907, 530. Lapikoginak ekarri dau alkate, ari bere ausi deutso buruxe. (V). A EY IV 318.
Lapikarigan toponimotik ez urrun, Ollerieta dago, Legution. Gaztelaniaz Ollerías da, ollero lanbide izenetik sortutako hitza. Beharbada inguru horretan inoiz *lapikari hitza izan zen.
Nahiz eta aurrekoa izan etimologia egiantzekoena, beste analisi mota bat aipatu beharrekoa da, oinarria berbera izango zen, lapiko, baina buruan -iri atzizkia izango zen, hau hurbiltasun adierazlea da. Beraz, lapika- 'lapiko' + -iri > *Lapikairi > Lapikari. Esanahia izan zitekeen "lapikoak hurbil dauden lekua", aldaketa bakarra beharrezkoa da, diptongoaren soilketa, baina hau ez da oztopo handia.

lunes, 23 de diciembre de 2024

Nagiola toponimoa

 Nagiola da Asteasuko baserri bat. Lekuko zaharrena XIV. mendekoa da, Naguiola (1349), egun bezalakoa. Toponimoak bi elementu izango zituen, ola bukaeran eta nagi oinarrian. Hitz bera beste bi toponimotan dago, blog honetan aztertuak, Nagiibarra, Arabakoa, eta Nagiorbe, Gipuzkoakoa.
Asteasuko toponimoaren lekuko zaharrena ia 250 urtez aurreratu litzateke Orotariko Euskal Hiztegian dagoena, Garibairen esaera zaharren bildumakoari:

Gizon beti nagia, etsa galzaigarria. RG B, 3.

Zabarte toponimoa

 Zabarte da Bergarako baserri bat, toponimo eratorri bat dago, Zabartekoetxetxo, hau ere baserria.
Lekuko zaharrena, Bergarako baserriak web-gunearen arabera XV. mendearen erdialdekoa da, Zabarte sarreran:

1448. En el mencionado estudio toponomastico de San Martin sobre Elgeta, se cita a Juan de Zabarte.
Toponimoa berdina izan da azken 550 urteetan, gutxienez. Zabarte izenak egonkortasun handia izan du eta dituen elementuak ere aski argiak dira, baina interpretazioa ez da hainbeste argia. Toponimoak bi elementu lituzke, zabar izenondoa eta arte, leku postposizioa. Ondoren, haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdin edo oso antzeko elkarren ondoan jarriz gero, bat geratzen dela: Zabar + arte > *Zabarrarte > Zabarte.
Zabar hitza izengoitia izan zitekeen eta, horrela, toponimoaren egitura PI + arte izan zitekeen, Magdalenoarte toponimoa bezala. Honetan Magdaleno antroponimoa izango zen oinarrian, eta Zabarte izenean, zabar. Hitz honen adierak egokiak dira izengoiti bihurtzeko:
1. Descuidado, negligente, dejado, despreocupado; perezoso.
2. Descarriado.
3. Depravado, inmoral.
Bigarren elementuari buruz, ez dago argi nola azaldu arte toponimo hauetan, baina Zabarte egitura horretakoa bada, Galindarte eta Amunartia toponimoekin batera sar liteke Zabarte bera.
Zabar gehiago dago euskal onomastikan, Zabardillo antroponimoan, oinarrian zabardo izenondoa izango zen eta bukaera aldean -illo atzizkia, hipokoristikoa egiteko. Zabardo beraren egitura zabar + -do da.
Hau guztia egiantzekoena izan daiteke, baina bada beste aukera bat, aipatu gabe ezin utz daitekeena, zabor hitzaren aldaeren artean zabar dago. Beraz, zabar 'zabor' + arte > *Zabarrarte > Zabarte.

miércoles, 18 de diciembre de 2024

Garalde toponimoa

 Garalde da Bermeoko aurkintza eta baserri baten izena. Garalde aurkintzaren lekuko zaharrenak XVI. mende erdialdekoak dira:

1542    Garalde, viñas en    VEKA   S.V. C1628-1
1643    Garalde, tierra en    BFA. Bust   180/24
1646    Garalde, terreno en    BFA. Bust   201/210   199
Garalde baserriaren lekukotza ere urte beretsukoa da:
1578    Garalde, casa de    VEKA   R.R. Ejec. C2497   18
1623    Garalde, casa de    BEHA   A-741/48-2   27b
1629    Garalde, casa de    VEKA   S.V. C1086   157b-165
1629     Garalde, cas.    BUA   928. Mojonera. 1749   144
Azkenik Garaldegane izena, oso lekukotza berankorra eta urrikoa:
1980    Garalde gane, heredad    GJE   fk:10581   L113;120
Azken honen bigarren elementua gane, gain orokorraren sartaldeko aldaera, lehenik gan eta ondoren /e/ paragogikoa jaso zuen. Hasierakoa da interes gehien duena, Garalde. Bi analisi egin daitezke, orain artekoan, garai + alde edo *gara + alde proposa liteke, lehenengoan tarteko *garaialde izango zen eta ondoren /j/ galduko zen eta bi bokal berdinak batuko ziren. Bestean azken urratsa soilik gertatuko zen. Horrek behartzen du inoiz *Garaialde eta/edo *Garaalde izatea, baina XVI. menderako ez litzateke harrigarria urrats horiek bukatuak izatea.
Hemen beste hurbilpen etimologiko bat aurkeztuko dugu, Garbe eta Garbea toponimoetarako gain hitzaren alomorfo bat proposatu genuen, gar-, jaun : jaur- gertatzen den bezala, cf. jauregi. Beraz, gar- 'gain' + alde > Garalde. Gainera, Garaldegane toponimoak erakusten digu hubil gain bat zegoela. Hala ere, hori ere egokia da gorago erakutsitako etimologiekin. Beraz, Garate toponimoan bezala, hiru aukera daude Garalde azaltzeko eta aurkeztu den azkenak baditu beste toponimo batzuk, bilakaera gehiagotan gertatuko zelako eta toponimo batzuetarako, Garbe eta Garbea zehatzago, garai edo *gara ez dira egokiak.

Imiritxipi toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, XX. mende erdialdekotzat har dezakeguna, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

IMIRICHIPI, término montuoso de Eguileta.
Lekuko bakarra denez, izen bakarra dago analizatzeko, Imiritxipi, eta bigarren elementua agerikoa da, txipi, egun euskararen eremu gehienetan txiki erabiltzen denaren sinonimoa. Larretxipitxiki toponimoan bi hitzak daude, txipi zaharra eta txiki berriagoa. Beste elementua, *Imiri antroponimoa izan daiteke eta Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan badago aipu labur bat antroponimo honi buruz:
599. — *zaldu, zaltu. La última var. en ronc. «arboleda donde sestea el ganado»: Zaldo, Zaldu, Zaldua, Zaldualde, Zalduegui, Zalduendo (top. Zalduhondo en Al., 1025); final en Imirizaldu, quizá con un antropónimo (Aimery, Emery).
Beraz, *Imiri + txipi > Imiritxipi, inolako aldaketaten beharrik gabe. Nahiz eta bi elementuak ongi zehazturik dauden, ez dago argi txipiren esanahia toponimoan, Imiri Txipi izen zitekeen gizon baten izena, edo inoiz izan zen *Imiri toponimo bat eta bere zati bati txipi izenondoa erantsi zioten? Hala bazen, ez da ustezko toponimo nagusiaren lekukorik heldu.

lunes, 16 de diciembre de 2024

Otsandola toponimoa

 Otsandola da Villabonako baserri bat. Lekuko zaharrena Olzandola (1857) da, kakografia da, ziurrenik <Otzandola> idatzi nahi izan zutelako. Aipagarria da batzuetan Otzandola idatzi dela, 1992. eta 2007. urteetan. Bitxia da Luis de Eleizalderen Olzandola, XX. mendearen lehen hamarkadetakoa. Beste lekukoak kontuan hartuz, 1857. lekukoa kopiatzearen aztarrena?
XX. mendearen bigarren erdian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan ere agertzen da:

OTZONDOLA (col.), Amasa ballara
Dirudienez, bokal asimilazioa gertatuko zen, Izendegi ofizialeko lekukoetan Otxondola ere dagoelako, 2007. urtean. Egun Otsandola ofiziala bada ere, Otzandolaren lekukoak (eta izen horretatik sortuak) nahikoa dira azalpen bat bilatzeko.
Toponimoaren etimologia ez da bilatzeko oso zaila, Villabonako toponimoaren ia berdina dago ez urrunera, Oiartzunen Otsandola toponimoa dagoelako. Etimologia berdina izan dezake, Otsando PI + ola. Interesgarriena, dena den, da Otzandola grafia, toponimoa sartaldean balitz, txistukari neutralizioak azal dezake, afrikatuen neutralizazioak batu ziren egun <tz> idazten denaren alde. Baina Villabona urrun dago eremu horretatik eta beste azalbide bat beharrezkoa da. Aukera bat da pentsatzea herri etimologia izan dela, otzan hitzaren antzagatik toponimoa aldatu zen. Horretarako erraztasuna izan zuen Otsando antroponimoaren galerak, Erdi Aroan eta, ondoko mendeetan hiztunek bazuten toponimo ilun bat eta aldaketa txiki batekin ulermena handitu zuten.

Landarregi, Landerregi toponimoak

 Landarregi da Idiazabalgo baserri bat. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

LANDARREGI (prop.) Mendigorria ballara, Idiazabal
Landarregitxiki da Segurako etxe bat. Landerregi deitura izan zen herri horretan eta XVI. mendean bi lekuko bildu dira Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak:

Landerregi da Mutiloako baserri bat. Aipatutako Iñaki Linazasororen liburuan izena apur bat ezberdina da:
LANDARREGI (desh.)
Blog honetan aztertutako Landarregia toponimoa ia berdina da, artikulua gorabehera. Baina ezberdintasun nabarmena dago aztergai diren Gipuzkoako toponimoekin, hauek guztiak etxe izenak dira eta Landarregia aurkintza bat zen. Azken honetarako lander eta hegi hitzak zeudela proposatu genuen, baina honetarako azalbide apur bat ezberdina izango da, bigarren elementua hegi izan beharrean -tegi litzateke edo, zehatzagoa izanik, -egi aldaera. Beraz, lander + -egi > Landerregi, jauregi hitzean bezala. Beharbada izen hori arkaismoa da, -tegi aldaera egungoa erabili ez delako.

jueves, 12 de diciembre de 2024

Ugunaga toponimoa

 Ugunaga da Areatza eta Zeanuriko toponimoa. Areatzan auzoa eta baserria da eta Zeanurin basoa eta erreka, toponimoa eratorri bat dago, Ugunagagana baserria. Izendegian bildutako lekuko zaharrenak baserriei dagozkie, Areatzako Ugunaga baserria zen Uegonagaburu, 1576. urtekoa. Ondorengoak dira Huegonaga (1639) eta Uegunaga (1655). Zeanuriko Ugunagaganaren lekuko zaharrena da Huegunaga, 1589. urtean.
Areatzako etxearen XVIII. mendeko lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Hueguna [N, TO]
Hueguna (la casa torre de) [Varrena (calle)], Villaro, a.1745, FogVizcayaMs.

Huegunaga [N, TO]
Huegunaga (el molino de), Villaro 18.1796, FogVizcayaMs.
Huegunaga (la torre de), Villaro 18.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVI. mendeko lau lekuko aurkitu dira:

Toponimoek aldaera batzuk izan dituzte baina jatorrizkoa Uegonaga litzateke, gerora aldatua. Izen horrek gogorarazten du blog honetan aztertutako Uegun toponimoa, Aiakoa, Gipuzkoan. Honetarako emandako azalpenean ur-egon hitz elkartua zegoen:
UR EGON. "(V-ger), el agua estancada en charcos, pantanos" A.
Aztergai diren Bizkaiko toponimoetarako ere egokia izan liteke hiz hori, areago jakinik Zeanurin erreka bat izendatzeko erabiltzen dela. Ur-egon hitz elkartuaz gain, -aga atzizkia ere bada eta Ugunagagana toponimoan gan, gain-en aldaera eta artikulua. Toponimoek aldaketa batzuk izan dituzte, hasierako bokal bilketa soildu zen eta on > un bilakaera gertatu zen, beharbada aurreko silabaren bokalaren eraginez.
Azkenik, etimologia zuzena bada ur-egon hitz elkartuaren agerpena XVI. menderaino eramango litzateke, Uegonagaren lekuko zaharrena 1561. urtekoa delako.

lunes, 9 de diciembre de 2024

Larraka toponimoa

 Larraka da Lezoko baserri baten izena. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XX. mende bukaerakoak dira, Larraka (1992, 1993), baina Larroka ere bada urte horietan, Larroka (1993). Lekuko zaharrena hamarkada gutxi batzuk lehenagokoa da, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan dagoena:

LARRAKA (prop.)
Beraz, eskura dauden datuak kontuan hartuz, Larraka izena jatorragotzat har daiteke, Larroka izan daiteke arroka izenarekin nahastutako aldaera, Larroca deitura ere badela ahaztu gabe.
Larraka erraz azter daiteke jakinik -ka atzizki txikigarria izan dela, -ko atzizkiaren aldaeratzat har daitekeena; Kortaka toponimoan ere izango zen aztertutako atzizkia, sarrera horretan azalpen luzeagoa dago. Oinarrian larre izena dago, larra- eratorpen aldaera erabiliz. Hala ere, larraka hitza ere bada:
larraka.
larraka (AN-larr) . "Montón largo de helecho o hierba" Asp ANaf. "Fila. Belar-larraka. Arto-lerraka" Asp Gehi. Cf. Inza NaEsZarr 1341: San Juan larraka, urte guziko marraka (AN-ulz), que explica 'San Juan larraka esaten da san Juanetan eguraldi txarra dagonean, illun, otz samar, ez euri ta ez ateri, gari asko oraindik burutu gabe, kanpoko guzia oso atzeratua'. v. lerroka (2) .
Atzizkia -ka litzateke, baina oinarria lerro izena litzateke, Orotarikoaren sarreran adierazten duten bezala. Hitz hori eta Lezoko toponimoa homofonoak badira ere, oinarrian larre izatea lehenestekoa da.
Ezin aipatu gabe utzi Larrako toponimoa, Mungiakoa. Egin diren analisiak zuzenak badira bi atzizki ditugu ia berdinak eta oinarri berarekin loturik ager daitezke.

jueves, 5 de diciembre de 2024

Kapitate toponimoa

 Kapitate da Haranako aurkintza bat. Lekuko zaharrenak XX. mende bukaerakoak dira:

capitate (1989)
kapitate haitza (1993/03/29)
kapitate (2006/06/13)
Toponimo honetatik ez urrun, beste Kapitate bat dago, Entziako iturburua dena. Bere lekukoak aski berriak dira:
capitate, barranco (1984)
kapitate iturria (1993/04/28)
kapitate (1996)
Entzian bertan, hiru toponimo eratorri daude: Raso de Kapitate aurkintza, Kapitateko edanlekua iturria eta Kapitateko erreka-zuloa sakonunea. Toponimo hauen guztien lekukotza oso berria da, antzinatasun gabeak eta horrek analisia zailtzen du; gainera, aldaerarik ez dago eta horrek izen bakarra uzten du analizatzeko, Kapitate. Toponimo honen bukaerak gogorarazten du atzizki ezagun bat, latin jatorrikoa eta euskaraz hainbat hitz utzi dituena, borondate, karitate eta unibertsitate bezalakoak. Kapitate toponimoak oso antz handia du gaztelaniazko cavidad izenarekin:
Del lat. cavitas, -atis.

1. f. Espacio hueco dentro de un cuerpo cualquiera.
Adiera hori erraz egokitu dakioke toponimiari, Entziako lekuko zaharrena barranco esaten diote gaztelaniaz, ahaztu gabe Kapitateko erreka-zuloa, sakonunea dena. Antzekoak lirateke Gongeta, Gongeda toponimoak, sakonunea edo adierazteko.
Kontuan izanik borondate bezalako hitzak, beharbada inoiz izan zen *kapitate izena euskaraz, baina ikusirik oso hitz bakana dela, agian latinetik zuzenetik jaso zen, leku bat izendatzeko. Hala izan bazen, hitza euskaraz erabili ez bazen, toponimoa oso zaharra izango zen, latina erabiltzen zeneko mendeetakoa.
Aldaketa bakarra geratzen da azaltzeko, bigarren silabako herskaria, *Kabitate sortuko bazen, aipatutako herskaria ahoskabetuko zen asimilazioz, beste silaba guztietako herskariak ahoskabeak direlako.

Imizkotz toponimoa

 Imizkotz da Artzibar ibarreko kontzeju bat, Nafarroan. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian badago Imizkotz toponimoaren informazioa. Honen arabera, lekukoak XIII. mendean hasten dira:

ymizcotz (1268)
ymizcoz (1274)
imizcoz (1275)
Ikus daitekenez bezala, toponimoa ez da aldatu mende luzeetan eta horrek izen bakarra uzten du analizatzeko, Imizkotz. Toponimoa aztergai izan dutenen artean, hiru aipu jasoko dira, lehena M. Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburukoa:
[...]
Probablemente 'lugar propiedad de una persona llamada *Imizc-'. De *Imizc- + -oz, siendo el primer elemento un nombre de persona no identificado y el segundo un sufijo que indica propiedad. Ver en apéndice -oz.
Ondoren P. Salaberriren Origen y significado de la toponimia en Navarra lanekoa:
[...]
Nombres con sufijo acabado en sibilante (...) b) Nombres que presentan el sufijo -(o)tz, -(o)ze. En otro lugar (Salaberri, 2003: 90) nos preguntábamos si la terminación temprana -osse (Nabaskoze) y el sufijo-o(t)z (Imotz, Iraizotz, Uztárroz / Uztarroze) tienen el mismo origen o no. Independientemente de esto, los topónimos que tienen este final se pueden clasificar en varios grupos, dependiendo de la consonante que precede al sufijo. En realidad se puede pensar que en algún caso el sufijo no es -otz sino -rotz (Azpirotz, Galdurotz...), por ejemplo, y en otros que la vocal -o forma parte del tema (Ilurdotz). Son los siguientes: (...) b.3.- Alkotz, Imizkotz, Nabaskoze / Navascués), Olkotz, Oskotz (doc. también Ozcoz). [...]
Azkena da egile beraren De toponimia vasco-pirenaica: sobre el sufijo -otz, -oz(e):
(...]
En otros topónimos como Artazkotz (Artázcoz, N), Imizkotz (N) y Nabaskoze (Navascués, N), Larrangotz (N) y Ongotz (N) podríamos tener los antropónimos *Artazko, *Imizko - *Ibizko y *Nabasko, *Larrango, *Ongo en los que –ko (-go tras nasal) sería sufijo. El primer topónimo se documenta en alguna ocasión como Artazcoiz, lo que aumenta mis sospechas de que estemos ante una base antroponímica desconocida
[...]
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaera -otz atzizkia, oso hedatua Pirinioko bi hegaletan eta oinarrian antroponimo bat, zehaztu gabea. Sarrera honetan antroponimo berreraiki bat ere eskainiko da, baina honen oinarri antroponimo ezagun bat da. Cardeñako Becerro gótico agiri bilduman antroponimo bat dago, Meme, Mime, Mimi aldaerak dituena, eta bere patronimikoa, Memiz. Lekukoak X. eta X. mendekoak dira. Lehenengoa, XXVIII. agirian, 915. urtean:
[...] et de tercia pars, terra de Mimi et dc Juliano, et quarta parte terras de Fanni et de Sempronio [...]
Bigarrena, CXLIV. agirian, 951. urtean:
Stefano testis.— Paterno testis.—Meme hic.—Obeco hic.—Juliano hic.—Munnio hic.—Trasmondo hic.
Hirugarrena, CXLVI. agirian, 976. urtean:
Bellite testis.—Quintla testis.—Meme testis.—Didaco testis.—Flagino rovoravit et notuit.
Laugarrena, CCV. agirian, 984. urte inguruan:
In Dei nomine.—Ego Mime una cum uxor mea Eilo et filios nostros Roderico et Juste, placuit nobis et vendimus ad tibi Felicis abbati vel ad omnibus fratribus de Sancti Petri de Karadigna nostro agro proprio, que abuimus in loco predicto Ballunkera,
Bosgarrena eta seigarrena, LXXVIII. agirian, 1064. urtean:
Sub Christi nomine.—Ego Mimi, propria et spontanea mici accessit volumptas ut venderem:vobis Sisebuto, abba de Caradigna, sicuti et vendo, uno agro in locum in vestra defesa iusta Mattabellosa; et dedistis mici in precio, id est, VII. solidos de argento, et dc ipso
precio non remansit debitum pro dare.
[...]
Ego Mimi, qui hec scedula feci et legente audivi, manu mea sygnum feci + coram testibus.
Hemen jarriko dugu zazpigarrena, eta azkena, LXX. agirian, 1080. urtean:
Agenar Gundissalbiz rb.—Gundissalbo Sarraginiz rb.—Munnio Memiz rb.— Alfonso Lopiz rb.—Dominico rb.
Beraz, Euskal Herriko lurretatik hurbil antroponimo bat zegoen, Meme, Mime, Mimi aldaerak zituena. Jakinik toponimoaren oinarria *Imizk(o)- dela, -sko atzizki txikigarria proposa liteke. Beraz, Mimi + -sko > *Mimisko antroponimo hipokoristikoa inoiz izan zen euskal lurraldean, Nafarroan zehatzago. Elkarketa eginez gero, bi aldaketa aurkitzen digutu: *Mimisko + -otz > *Mimiskotz > Imikotz. Nabarmenena da hasierako kontsonantearen galera, disimilazioz gertatua, m-m > 0-m. Txistukariekin askotan gertatzen da, baina batzuetan beste kontsonante batzuekin ere gertatu zen, horrela, Umaran toponimoaren oinarrian Uma antroponimoa dago, *Muma zaharrago baten ondorengoa. Azken aldaketa txistukariei dagokie, hau asimilazioz gertatuko zen, atzizkiaren txistukariak bestea asimilatuko zuelako: s-z > z-z.

miércoles, 4 de diciembre de 2024

Trintingain eta Trintinzulo toponimoak

 Trintingain da Uitziko aurkintza bat, lekukotzak ez du mendea ere bete:

trintin-go gaina (1935)
trintin-malkorra (1935)
trintingain (1997)
Trintingain (2019)
Trintinzulo da Uitziko beste aurkintza bat, lekukotzak ez du mende erdia ere bete:
trintinzulo (1997)
Trintinzulo (2019)
Nabarmena da herri berekoak izanik, Trintin toponimo galduaren eratorriak direla, batek gain jaso du eta besteak zulo. Toponimo zaharrenean nabaritzen da oraindik bazela beste toponimo batekin lotua, eratorria: trintin-go gaina (1935).
Trintin toponimoak izan dezake kide bat, nahiko antzekoa, Bizkaian, Derandain toponimoa aztertua izan delako blog honetan. Aldaketa larriak jasan zituen, batez ere laburketak, hau normala da jakinik oso berandu arte ez zela idatzi. Hasteko hasierako bokalaren sinkopa gertatu zen, azentuaren indarraren eraginez, honetan berdina da Trintxinea toponimoa, baita ere azken silabako diptongoaren galerarekin.
Aipatutako bi toponimoen jatorria latinean izan daiteke, Terentius antroponimotik sortuz, *Terentiani latinetik hasi, bilakaera handiak izan zituen euskaran egokituz eta gero mendeen joanak beste zenbait aldaketa eragin zituen Trintin sortu arte.

Txomenkoba toponimoa

 Txomenkoba da Oñatiko aurkintza bat. Lekuko zaharrena XX. mende bukaerakoa da, Txomen Koba Erdikua (1995). Geroagoko lekukoetan berdin agertzen da, aldaketarik gabe.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran koba izena eta oinarrian txomen- ezezaguna. Hurbilen den hitza Txomin antroponimo hipokoristikoa da, Domingotik sortua. Txomin eta Txominlarrena toponimoetan Txomin dago, baina inoiz ez da lekukotu *Txomen aldaera. Domeka antroponimo emakumezkoa dago, Domingo eta Txomin antroponimoekin lotua. Beharbada Domekaren hipokoristiko bat dago Oñatiko toponimoan? Lekuko zaharragoak beharrezkoak lirateke galderari erantzuna emateko, baina ia ziurra da aipatutako antroponimo hauetatik sortua da Txomenkobaren oinarria.

lunes, 2 de diciembre de 2024

Txertudi toponimoak

 Txertudi da Arrietako baserri baten izena, Bizkaian. Gipuzkoako Debako herrian ere hitz hori bada, toponimo eratorri batzuen bitartez: Txertudiko Gabarlekua eta Txertudikantera aurkintzak eta Txertudibekoa eta Txertudierdikoa baserriak.
Arrietako lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira, 1796. urtean lau lekukotan Chertudi agertzen delako. Bi urte geroagokoa da Chertuduy (1798), berriro agertzen ez dena. Geroko lekuko ia guztietan aldaketarik gabe dago, Txertudi.
Gipuzkoakoetan Txertudibekoaren zaharrena da Chertudi-azpicoa (1857). Geroagokoetan gehienetan Txertudi dago, inoiz Txartudi edo Txarturi agertzen bada ere. Txertudierdikoaren lekukoak berriagoak dira eta aurrekoak dituen aldaerak ere agertzen dira honekin.
Txarturi ohikoa zen XX. mendearen bigarren erdian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan agertzen den bezala:

TXARTURI AZPIKOA (prop.)
TXARTURI ERDIKOA (col.)
TXARTURI GOIKOA (prop.)
Bi aldaketa gertatu dira, lehenengo silaban eR > aR bilakaera gertatu da, fenomeno hau gertatzen da sartaldeko euskaran. Beste aldaketa azkeneko silabari dagokio, d > r gertatu da, beharbada aurreko dardarkariaren eraginez, asimilazioz, Bestela, gipuzkeran ezaguna da bilakaera hori eta horrek eragina izan zezakeen.
Toponimoek bi elementu dituzte, bukaeran -di atzizkia eta oinarrian txerto hitza, txertu aldaera erabiliz. Bi toponimoak ikusita, gerta liteke inoiz *txertudi hitza izatea, txertoen eremu landatua izendatzeko.

Txomiño toponimoak

Txomiño da Ataungo bost toponimoren oinarria:

Ipentzatxikia
Txomiñonea o Ipenza txikia: (= la mansión de Domingo). (= la pequeña Ipenza). 1690 “Ipenza chiquia”.
    Izaera: etxea
    Kokalekua: Elbarren
    Erreferentzia: 06. karp. 107. zk. 2428 erreg.

Txomiñonea
Txomiñonea o Ipenza txikia: (= la mansión de Domingo). (= la pequeña Ipenza). 1690 “Ipenza chiquia”.
    Izaera: etxea
    Kokalekua: Elbarren
    Erreferentzia: 06. karp. 107. zk. 2427 erreg.

Txomiñoneko oilategi berria
Txomiñoneko ollatei berrie: (= el nuevo gallinero de Txomiñonea). Fue construido en 1936.
    Izaera: oilategia
    Kokalekua: Elbarren
    Erreferentzia: 06. karp. 500. zk. 2856 erreg.

Txomiñoneko oilategia

Txomiñoneko ollateie: (= el gallinero de Txomiñonea). Fue construido en 1930
    Izaera: oilategia
    Kokalekua: Elbarren
    Erreferentzia: 06. karp. 019. zk. 2325 erreg.

Txomiñoneko oilategizar-oroia
Txomiñoneko ollatei zaar oroia: (= el solar del antiguo gallinero de Txomiñonea), construido en 1933 duró hasta 1936.
    Izaera: orubea
    Kokalekua: Elbarren
    Erreferentzia: 06. karp. 501. zk. 2857 erreg.
Egileak adierazten duen bezala, Txomiño zen Domingo antroponimoren hipokoristikoa. Interesgarria da aldaera hau, normalean Txomin delako, oraintsu arte oso zabaldua eta hainbat toponimoren oinarria dena, Txomin eta Txominlarrena  toponimoak bezala. Izen txikigarri hori ez dago P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan.
Txomiño erraz azaltzen da jakinik Txomin badela. Ezberdintasun bakarra da bukaerako bokalarena, beharbada gizonezkoa zela adierazteko. Sudurkariaren aldaketa ere erraza da, palatalizazio automatikoa jaso duelako, euskararen eremu askotan gertatzen dena.